L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-10 (1994-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hizkuntzalaritisak jota:

Rocka, ortografia eta borregoak

 

Ierri Garziarena

 

Lehengunean, ilunkaran, zirrikitu bat aurkitu nuen euskal telebistan (futbol partiduaren atsedenaldian harrapatuko nuen, nonbait) eta Balinda izeneko ezdakit-nola-esan eskizofrenia hapenning ala gogo-ihardun soziolinguistikoa ikusi nuen. Ziur naiz, ikusi genuen euskaldun guztiok gozatuko ginen, apur bat hehinik behin: "halakoxeak gara, gu eta gutarrak" (aipu honek jatorrizkoan honela dio: "Así somos, yo y mi gente"; kontu egin euskal bertsio nere uste apalean ezinbestekoari: halakoxeak dira —igarriezinak— hizkuntzaren eta eskizofreniaren matrakak). Gogaera, gogo-giro berezia jarri zidan programak, ezin ukatu.

        Gero, (ordurako partiduaren laburpena bukatuta, nonbait, beste kirikaleku bat topatu nuen kate(a) berean: Iparra izenekoa, "kultur berri frexkue, irekixe eta bertakue". Musika-berririk ere bazen ordukoan: Negu Gorriak-en bira bukatu berria. Dena esan behar bada, kantuen hitzak ez ziren larregi entzun, eta azken bideoaren ataltxo bat eman zuten, bai, baina Euskaldunon Egunkaria-ren irudirik ez, noski (azkentxo hau Balinda-n ikasitakoa, portzierto).

        Eta orduan gogora etorri zitzaidan haiek lehen Kortatu zutela izena; ene jesus-maria eta joxe, abangoardia eta purismoa eskutik helduta. Eta gero Hertzainak ekarri nituen gogora: ikusi egin behar mutilak, taldearen izeneko anakronismo ortografiko nabarmenaren jatorria azaltzen; hain aurrerakoi, hain aurrerakoi, Euskaltzaindiaren azken erabakia berandu heldu.

        Enfin, hizkuntzalaritisak jota denok. Baina, onena, onena, ETBkoek Negu Gorriak-en bideo bati jarri zioten titulua: "Borregoak (sic) baditu milaka aurpegi" (bene-benetan ari naiz, por estas!). Delako berba sorta hori Garziarena baten testuren batetik hartua da, beste Garziarena batek kantatua gainera, eta jatorrizkoak, jakina, "BorreRoak baditu milaka aurpegi" zioen (dio). Baina arrazoia zuek ere, teleboligrafoaren artisau trebeak: bestearen tamainako egia unibertsala baita, halaber, borregoak ere milaka aurpegi dituela. Zeinek jakin: litekeena da telebistan ere bat edo bat galduta ibiltzea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.