L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-10 (1994-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Umeak eta gurasoak

 

Xabier Garziarena

 

Pintura erakusketa batera gonbidatuta, Hondarribiara abiatu naiz aparteko jakinminik gabe, pintoreari, aspaldiko laguna, detaileak ilusioa egingo diolakoan. Lokalean, ohizkoa den bezala, mahai pare bat prestatu dute jendeak pintxoak har ditzan. Ezagun batzuk agurtu ondoren mahaira hurbildu naiz hain gogoko dudan patata tortila dastatzeko asmoz. Segituan, 8-10 urteko ume bati erreparatu diot. Ez dakit non lorturiko aulki batean eserita eta nere helburutik oso gertu. Pirinioetatik desagertzear dagoen hartz arrearen gisan, tortila osoa irensten ari da, atzaparka.

        Printzipioz farregarri eta guzti izan zitekeen eskenak ez dit, auskalo zergatik, batere graziarik egin, are eta gutxiago emakume bat, bere ama dudarik gabe, ondoko andrearekin mintzatu bitartean buru handia laztantzen ari zaiola ikusi dudanean.

        Tortila pintxoa gogoan eta pate pintxoa eskuan, koadroak begiratzen hasi naiz, nere lagunari lanaren gaineko zerbait komentatu ahal izateko. Laupabost koadro ikusi ondoan, inpakto handirik eragin gabe, danba!! pilotakada bat jaso dut lepondoan eta buelta ematean, zer ikusiko? eta bi ume pilotaren atzetik, korrika eta oihuka. Alboan gizon batek, lasai ederrean, kontuz jostatzeko esan die, segidan bere ezagunen zirkulura bueltatuz, axolagabe.

        Mahaira berriro begiratu eta harrituta ikusi ahal izan dut ume Fellinianoa zanpa-zanpa, azkeneko tortila papurrak irensten ari dela. Etsita, laguna agurtzera abiatu naiz, baina kazetari batek aurrea hartu eta elkarrizketan hasi da kasetta eskuan. Desesperatuta eta pilotakadei ixkin egin ezinik, konturatu naiz umeen oihuak elkarrizketa ezinezko bihurtzen ari direla. Aitak lasai ederrean darrai hizketan, eta nazkatuta, ezin gehiago aguantatuz, ohartarazi diot: "Aizu, aterako al zenituzke haurrak momentu batez? —eta laguna seinalatuz— Ezinean ari dira-eta elkarrizketan...". Duda egin, eta amore eman du azkenean, erdi marmarka.

        Lagunak, talaian, eskuz agurtu nau esker onez eta aukeraz baliatuta, beste keinu batez presaka nabilela adierazi eta ate aldera abiatu naiz. Irten aurretik, ume Felizianoa ikusi ahal izan dut, oraingo honetan kakahuete platera hustutzen. Kanpoan, pilotariak pilotakadak banatzen an dira nonnahi, builaka.

        Kotxean azkenik, piskat lasaitu, Chabela Vargasen kasettea jarri eta Zubieta aldera abiatu naiz, gelditua bainaiz hantxe beste lagun batzuekin mokau bat afaltzeko. Jatetxera iristean, lagunek —eserita eta karta eskuetan dagoeneko— oso modu goxoan agurtu naute. Ezin izan diet nik ordea agurra modu berean bueltatu, bi umeko jendetza handia antzeman baitut instant horretantxe ondoko mahaian. Gurasoengana hurbildu eta haien aurpegia lotsagabeki aztertu ondoren, lagunei beste puntako mahaira joateko eskatu diet, badaezpada, mesedez.

        Nere osasun mentalaz oso seguru ez bailiran jarraitu didate, bizkarra harrotuz, ulertu gabe. Oso denbora gutxi pasa behar izan du tamalez, proposatutako aldaketa guztiz zentzuzkoa zela konturatu diren arte.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.