Lauaxetaren olerkiak liburua
Jon Kortazar
Ez dakit ni naizenez jadanik egokiena liburu honetaz mintzatzeko. Egitekotan ere sendiko batetaz ari naizela iruditzen zait aspaldi. Ez nuke ez idazle honetaz ez liburu honetaz gaizkirik esango. Adibidez, bertuteen artean aipatu beharko nuke, gizonari dagokionez, ardoa eta emakume ezpania era berean maite zuela, eta horrela agertu zuela bere poema baten eta bitan. Olerkigintzari buruz, zer esan? hainbat urte eman ditut Lauaxetaren lanak aztertzen eta jadanik gogo faltan ere ba nago ene buruari zerbait berririk esateko. Baina etxe onetakoa ornen da, adiskideen mesedei mesedez ordaintzea eta horretara nator.
Liburuari buruz hainbat gauzatxo esan dezaket, hala eta guztiz ere.
Egia esateko arrazoirik behinena Lauaxetaren errekuperazio lana da. Edizio hau egiteko sakon arakatu dira gerra aurreko aldizkari literario eta egunkari arruntak, beharbada geldituko ziren beste olerkiren batzuk aurkitu gabe, baina horrek ez dio lanari izpirik ere kentzen. Onaindiaren edizioa genuen osoena orain arte. Eta xifretan beti egia ez badago ere, aipatzekoa dugula uste dut konparaketa hau. Edizio hartan Lauaxetak bizitzan argitaratutako liburu biak gain, Bide Barrijak eta Arrats Beran gain, 22 olerki ezezagun agertzen ziren. Beste honetan ia 80 dira testu aurkituak, inoiz argitaratu ez ziren idazlearen inedito bi, aurkitu ditudan bakarrak beste alde, eskeintzen direlarik.
Lanak izan du aurre-edizio bat eredu pisa jarraitzeko, argitaletxe berdinaren zuzendaritzapean mamitua. Lizardiren Olerkiak lana hain zuzen. Horregatik jarraitu izan da lehendabiziko horretan emandako bideak.
Horrela edizio komentatu bat izan genuen helburu bezala lan honen edizioaz arduratu ginen biok. Olerkariaren lanari sarrera orokor bat jarri zaio irakurlearen lagungarri bezala, Lauaxetaren lanaren interpretazio berriak ematen saiatu garelarik. Beste alde olerki bakoitzaren ondoan irakurketaren mesedetan, guk uste, ohar interpretatibo bat eta hiztegi txikitxo bat jarri da, Lauaxetaren hizkera bildurgarri hori leuntzeko asmotan. Nola Lauaxetaren hiztegia ez den hain bildurgarria eta oharrak askotan oso eskolarrak direnez, izan bedi edizio arduradunen borondatearen erakusgarri. Eta inork pelmadatzat joko balu, ba hasieratik gure animorik beroenak.
Lanaren alderdi formalak izan ditezkeen arlo eta jokeraren ganetik, nik uste liburu honek badu beste zeresanahi esanguratsuagoa.
Duda gabe, Lauaxetaren irudia eta Lauaxetaren obra errekuperatu beharra zegoen. Eta errekuperatu alderdi oso desberdin bitatik. Alde batetik, Bizkaia aldean berataz egin den irudi klerikal eta atzerakoitik, duda gabe. Ez dakit baina susmatzeko bide dago Lauaxetaren izena oso sektore jakin batzuren eskuetan utzia izan dela, eta egia esan sektore horreri bere zorra ordaindu beharko diogu, hoiexek mantendu baitute Lauaxetaren izena bizirik. Badakit jakin, gauza batek ere bestea dakarrela. Baina bizkaierazko poesiaren baten eredu izan dela. Behar bada, erromantizismo eta posinbolismorik kutsatuena mantendu duten eskuetan. Baina hori ez da Lauaxetaren errua.
Bigarren sakukada ere jaso izan behar du Laukizko olerkariak. Bizkaieraz idazten zuela eta ulerkaitza delakoaren esana. Ulerkaitza bada, baina ez bizkaieraz idazten duelako soilik, hizkera poetiko oso bat eraikitzen duelako baino. Eta dudarik ez, hor lana egin behar da, gozatzen hasteko baino ez bada.
Ikuspegi desbideratuak direla biak uste dut. Gaur egunean beste bat hasia dela itsasertzean uste dudan legez. Hain zuzen, Lauaxeta modan dagoela errepikatzea, susmagarria da. Nik ordea, beste zerbait uste dut. Idazle bati buruzko interesak ez direla ezerezetik sortzen. Agian nireak, Lauaxeta aztertzen hasi nintzenean ziren bezala. Ez, Lauaxetaren lanaren irakurketaren ostean badago sensibilitate biren arteko lotura estua.
Lauaxeta dirudien baino olerkari konplexuagoa da. Alde batetik bere eklektizismoak alderdi baten eta bestean mogitzen uzten du idazlearen luma eta pentsakizuna. Horregatik ez dut zilegi ikusten Lauaxetaren dama aingeruzalea goraipatzea eta dama erotikoa isiltzea. Biak. Beste alde garaiko olerkiak normala zenez, agertzen dira bere olerkigintzan. Lizardirengan agertzen den bezala. Bestela irakurri, irakurri Uda arloan zein leun sartzen den Lizardi itzal neskatzaren barna. Poema erotikoa bihurtzeko Lizardiren testu horrek bakarrik behar du malizia piska bat irakurlearen aldetik.
Beste alde ez da zilegia bizkaiko txokoetan exiliatzea idazlea bere asmorik sendoenak Euskal Herria eta Europa lotzea zenean, kosmopolitismoa bere nahirik maitatuena izanik. Baina kritika bideak okerrak dira herri honetan eta okerrak danontzat.
Norbaitek esan lezake halaz eta guztiz ez dela olerkaririk galduena gure Herrian eta arrazoia emango nioke. Lizardik ez du oraindik tesi doktoralik bere lanaz idatzirik. Orixek ere izan du bere irudiari buruzko prismadura bat baino gehiago.
Eta tartean Lauaxetari gertatzen zaion gauzarik okerrena zera da: zaharren eskuetan ibilki ez duela euskal literaturan influentziarik, klerikaltzat jota dagoela, eta bere sinbolismoa parnasianismoarekin erratzen dela, aldizkari honetan bertan, orain gutti T. Irastorzak egiten duen bezala, ahazturik baina Aitzolek parnasiano Baudelaire eta konpainia guztiari deitzen diola.
Arazo honetaz behingoan kontrako eritziren bat emateko, Lauaxeta ez da parnasianoa, argi dirudienez, F. Juaristik proposatzen duenez, epitafio baten pean jarri behar izan ezkero, Lauaxeta posinbolismoaren epitafiopean jarriko nuke. Ahaztu gabe, halan eta guztiz ere 1935. urtean Nouvelle Revue Francaise neoklasiko izaten jartzen denean, neoklasiko bihurtzen dela. Europako literaturaren ezagueraz aberatsa izanik, azkenengoz uste dut liburuaren helbururik sendoena zera dela: Lauaxeta poeta gazteen eskuetara itzultzea. Eta Iñigo Aranbarri edo Omar Nabarro bezalako poetek Lauaxetaren lanarekin irrika jartzen direnean nire lana eginda dagoela uste dut. Eta poza sentizen dut Angel Amigo bezalako batek Lauaxetaren irakurketak muga ezinak direla konprobatu eta nik eta berak baino literatura gehiago dakiela ikusi zuela eta etxera etorri eta kontatzen didanean. Lauaxetak merezi zuen irakurketa berri bat, gaurko eguneko jenteak egina eta gaurko eguneko sensibilitateaz. Liburu honek lan hori egiten laguntzera etorria da. Burutuko duen geroak esango du.
|