L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-5 (1987-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

José Auxtin Arrieta eta «Manu militari»

testuaz bestaldetik, literatura

 

J.M. Lasagabaster

 

        Ia eguneroko gauza dugu gaur egun euskal nobela berri bat sortzea. Ez da, berriz, hain egunerokoa ia bostehun orriko bat sortzea, euskal nobela gehienak, bizpahiru izan ezik, nobela laburrak direlarik, bai orri kopuruari dagokionez, bai eta testu narratiboaren bitartez sortzen diren munduen hedadurari eta adieraz-indarrari bagagozkio ere.

        Ez dugu esan nahi horrekin inola ere orri-kopurua denik nobela baten garrantzi narratiboa eta ahalmen semantikoak finkatzen dituena.

        Hala eta guztiz, aztarna daiteke testu-kantitatea, zeinu funtsean, nobela baten hedadura narratiboa eta garrantzia adierazi ditzakeena, testua sorrerazi duen arnas epiko sortzailearen sakontasuna eta kemena marratzen dituena nolabait.

        Horrexegatik, Arrieta-ren azken nobela jasotzean, zerbait «diferenteren» aurrean egongo ote garen pentsatu behar izan dugu, konbentzituta bait geunden bostehun orriko liburutzar bat idatzi baldin badu Joxe Austin-ek, bostehun orritan esatekoa zela nobela horretan esan nahi ziguna izan omen da.

        Ezagutu ezagutzen genuen lehenagotik Joxe Austin-en euskararen nagusitza eta aparteko aberastasuna; ezaguna ere zitzaigun beraren kultura literarioa, narratiboa eta behar bada filologikoa. Ze demontre, beraz, esan nahiko ote zigun bainbeste orri irakurtzera behartzean?

        Eta gogora zetorkidan duela pare bat urte geuk esandakoa: nola esan ongi badakite ere gaur egungo euskal nobelariek, zer esan ez omen dakite, behin baino gebiagotan... Bestalde, ez izango ote zen gehiegi larehun eta piko orri, «nolako» horren jabetza eta maixutasuna frogatzeko?

        Burutapen honetaz sartu gara Manu militari nobela irakurtzearen abenturan, nola irten eta, behar bada, irterarik bazegon ere jakin gabe.

        Nobela modernoari buruz Jean Ricardou-k emandako definizioa parafraseatzen, abentura baten idazkeraren abentura da funtsean Manu militari nobela, kontutan izanik, gure ustez, askoz liluragarriagoa dela idaztearen beraren abentura gertakariena baino, testua bera edo, hobeto esan, intertestua bait da nobelaren benetako protagonista, lieratura funtsean, eta metaliteratura.

        Behin baino gehiagotan ernaten zaigu testuan zehar literaturari buruzko definizioren bat.

        Esate baterako:

        «Literatura tren pendular artikulatua duk. Historia baten subhistorien intrahistoriak. Kontatzeko ahalegin zoroa duk gure ofizioa».

        Literatura da

        «Ontogenia bat, inexistentziatik existentziarako iragaite neketsu bat; konbentzionalkiago esanda: kontzientzi hartze bat».

        Hauxe gertatzen da hain zuzen eta betebetean Joxe Austin-en nobelan: Badago historia bat, Iñaki Arretxea eta Izaskun Etxeberriaren arteko gutunen bitartez kontatzen dena. Baina historia honen kontatzeak sorrerazten ditu beste subhistoriak, zeinen intrahistoria, hots, idazkera bera testuak berak kontatua gertatzen da azken finean.

        Tren pendular artikulatua dugu Manu militari nobelaren testua: ontogenia bitxi eta eder baten bitartez, testu asko bat datoz eta biltzen dira nobela-testu jatorrian: lehenik, kapitulu bakoitzaren atarian aipatzen direnak (marra dezagun, bada ezpada ere). Gross-en, Eco-ren edo literatura eta inkontzientearen arteko harremanak aztertzen dituzten liburu pare baten aparteko garrantzia); bigarrenik, eta erabatekoago dena, historia nagusitik abiatuz, testu nagusi hau bereganatuz eta asimilatuz doan kanpoko testu desberdinak, testu anitza edo intertestua osatu arte: zinema, nobela gotikoa, polizi nobela, telesaila e.a.

        Testu-joku edo intertestu-sistema honen barnean, abiapuntutzat hartzen den historia, guztiz arrunta bada ere, alegia, soldaduzkaren kronika, lehertu egin eta alde guztietara zabaltzen da: Goruntz: historia indibiduala hasi zena, orokortu, sozializatu egiten da, belaunaldi baten historia bilakatzen zaigularik; barneruntz: kontzientzi hartze hori —historia eta, batez ere, narrazio mailan— gero eta sakonagoa, argiagoa egiten da, barneko demonio guztiek, sorketa literarioarenak ez ezik, testu-itxura hartzen dutelarik.

        Autoreak, errealitateak, kanpoko testuek eta idazteak berak topo egiteko lekua dugu, beraz, testua, hots, sortze poetikoaren magiaz sortzen den intertestua: hemendik ateratzen den emaitzari «nobela» izena aplikatzen diogu (Juaristi jaunaren baimenaz, noski).

        Dena dela, testu aberatsa, Joxe Austin-ena ia mugagabekoa; ez bostehun orri dituelako, baizik eta, nobelaren edo narratzearen sorreran datzan kontzeptzioan: prestidigitazio-jokuetan bezala edozein gauza atera daiteke sonbrerotik, hots, historia arrunt batetatik. Hortan dago, gure ustez, testu honen alderdirik modernoena eta aberatsena. Berriena ere bai, euskal nobelagintzari dagokionez behintzat.

        Arrieta-ren lehen nobelaren —Abuztuaren amabosteko bazkalondoa— ardatz bakarra zena, alegia, autobiografismoa, gordetzen bada ere bigarrenean, autobiografia eta testua lotzen duen zilbor-estea moztu egiten da, eta testua bere izate nobeleskoaren posibilitate eta hildo berrien bila aurreratuz doa, literaturaren, intertestualitatearen eskuz.

        Joxe Agustin-ekin egin omen zuen soldaduzka Iñaki Arretxeak. Nobelan sartzean, Oscar Mazerath, El tambor de hojalata-ren protagonista, Fillini (ala Fullini?) zinemagilea, Harrelson detektibea eta El nombre de la rosa nobelaren mundu ilun horretatik dabiltzan fraideak izango dira, hemendik aurrera, bere ahaikideak eta laguntaldea. Horiek bezalako txontxongilo bat bihurtu zaigu Iñaki Arretxea zoritxarreko hori: Irentsi egin du —horra hor literatura den paradoxa ederra!— berak erdi erazizuen testuak. Testuaz bestaldetik agertzen zaigun errealitatea, literatura dira.

        Baina, nor ausartuko litzateke errealitate eta literaturaren arteko mugarria ezartzera?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.