L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-5 (1987-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Nikolas Flamel-en irakurketa

 

Jose Luis Zabala

 

        Jose Luis Zabalak ipuin honekin 1985.ean Errenteria hiria izeneko ipuin-lehiaketa irabazi zuen. Ipuin hau eskeintzeko aukera izan dugu, oraintxe arte argitaratu gabe bait zegoen.

 

«Mekaguen! Zer izan daiteke musker guruziltzatu hau? Eta zer esanahi ezkutu izan dezake errugabeen lepamoztearen irudi lazgarriak? Herodes, ahalguztidun erregea, goikaldean, sarraskia agintzen duelarik, hemen amak erregutuz, hil dauzan zazpi haurren alboan, eta azpikaldean soldaduek ume-odola husten dihardute eguzki eta ilargi bainatzen diren upelan. Eta zakilaren inguruan karabilkaturiko sugeek? Zer arraio adieraziko dute? Zoratzeko da, baina ezein esangura azaldu behar du honek guzti honek; ur zuria darion iturria, haitzuloak, haritz hutsa, urrezko orridun arrosak, Merkurio eta Saturno, dragoiak eta grifoak...»

        Izurrite gorriaren zigorradak Europa zaharra bortizki astintzean ireki zion zauria guztiz orbandu baino lehen, Frantziar armada burua makurtu beharrean aurkitu zen, Poitiers lautadan Printze Beltzaren soldaduek jasaneraziriko hondamena zela eta. Ehun urtetako gerrateak ez zuen hogei bete oraindik. Anartean, herri xeheari ileak zutitzen zizkioten ingeles, espainiar eta gaskoien talde hiltzaileak Galia osoan zabaltzen ziren, haien atzean kirasten zen su-odol-usaina ia Pariseko ateetaraino hedatzen zelatik.

        XIV. gizaldiko Paris honetan, Saint-Jacques de la Boucherie kaperatik hurbil, «Eskribauen karrika»ko etxe batetan, Nikolas Flamel-ek, ukondoak lanmahaian jarrita, buru belarri irakurtzen zuen, zerbait ulertu nahirik, munduko gauzetaz arduratzeke.

        Pareta lohien arrailak miresten uzten ez zuten liburuez gainezka zegoen langela. Liburuak nonnahi, eskuskriburik zaharrenetik berrieneraino, denak zeuden hor, apaletan, hauts eta armiarmasareen artean. Pergamino eta paperen itzalak luzatzen zituen eskubitatik dirdiratzen zuen ezkoargiak. Kandelaren gar urduriak —zirrikitutiko haizeak itzaliko ote?— liburua argitzen zuen, eta kolore bizizko marrazki sorgingarriak nabarmendu Nikolas-en betseinentzat bereziki.

        Bilo gorriaren kuskuila batez jolas egiten zuen ezker eskuaren eri erakusleak; kirimilatzen zuen, gero, erpuruaren laguntzaz, ezari ezarian luzatzen joateko, harik eta erien menpetik askatuz atseden egoerara itzultzen zeneino. Urrutitik hondarrera iritsiriko itsasolatuak gogorarazten zituen, eta antza areagotzen zen gorabehera bakoitzean jauzi egiten zuen zahiak aparra zirudielarik. Oharkabean aritzen zen honetan, burrukaren erdian aterpe bila korrika zebilen soldaduak, etsaiak ez bazekuskien ere, konturagabeki desarratzen zuen era berean. Ezker eskua aske zen, nahi zuena egiteko berjabea, garauna ez zen hartaz axolatzen, honek garrantzitsuagotan baitziharduen.

        Atorraren lepoko izurdura ukitzeraino jaisten zitzaion ilaia; atorra latza, atorra luzea, soinekoa ere esan zekiokeena belaunak ia estalzen baitzituen. Zuela hiru aste jantzitako alkandora urdina; hiru asteetan gorputzari itsatsirik, izerdiz busti eta lehorturik, koipe narrio zenbaitek apaindurik bularraldean.

        Liburutik zentimetro batzutara, kriseilu ezkoztatuaren parean hain zuzen ere, azpila zegoen, janari hondakinez beteta, maiz ibilia izan bailitzan garbitu gabe. Bi egun zen ezpainetara ahamenik hurbiltzeke; hamazazpi, azken aldiz bero jan zuenetik. Gose izaten zuen urdaila, baina, halaz ere, hartzen zituen atsedenaldi bakanetan bakarrik haizu zion bere buruari zer edo zer irenstea. Emazteak erregalatutako larru beltzezko gerrikoa estutu estutua zeukan sabelaren oihuminak irato nahiz; alabaina, errai hutsen mintso otoigilea oihartzutzen zen noiz behinka pareta ilunen arteko espazio astunean.

        Eskuin eskua, ezkerra ez bezala, irakurketaren manupean zegoen, orriak delikatuki pasatzea zuen betebehar. Ardura haundienaz altxatzen zuen goiko angelutik, haren azpitik hatzak sar ahal zitezen doi doi, ez gehixeago, ez gutxixeago. Gero, beherunzko higiduran abiatzen zen, orriaren ertza ahurrean zehar labanduz; erdira iristean eusten zuen eta lagundu aurrekoaren gainean etzan arte. Honetaz arazotzen ez zenean, eta folio bakoitzari so eginez orduak eta orduak ematen zituenez gero aise tarte ugariz gozatzen zelarik, aste pare batetako bizarra harraskatzen entretenitzen zen. Bizarra gorria, itsaslapur entzutetsuarena bezalakoa, baina laburra oraino, eta zorrotza; liburua ekarri zion atzerritarrarena emoten zuen, nahiz harena beltza izan. Hura bai gizon estrainoa, alajaina!.

        Zirpilak zintzilik zeramatzan tunika urratu batez estalirik azaldu zitzaion dendaren atean. Aspaldian galdutako edertasunaren seinalea gordetzen zuen oraindik tunika marroiak; urruneko kulto baten zeremonia-janzkia zirudien. Oin beltzaranetan sandalia zaharrak narraztatzen ziren. Eskaletzat hartu zuen hasieran, eta txanpon bat ateratzeko keinua ere hasi zen egiten, baina orduan urrezko eskumuturrekoaren dirdirak itsutu zuen. Miragarria zen!, eta bitziaren liluraduratik jarein aurretik besapeki liburuaz ohartu zen. Ez, hura ez zen nolanahiko eskalea.

        Agurtzeke sartu egin zen, karrikaren lohiaz zipristinduz zoluaren ohol eskobatu berriak.

        Hi al haiz Nikolas Flamel eskribaua? Kanpotar azentoak galdetu. Bai, nerau nauzu, ezertan lagun diezazuket? Erantzuna, gizon zaharrenganako begirunea adierazten zuena. Motel, motel, hi hintzela jakin gabe denbora luzez bilatu haut, orain dela lau egun izan diat hire berri zehatz eta egunetan hiri hau behin eta berriro korritu diat hire arrastoren atzetik; nazkatzen hasia ninduan, hai horixe!. Ohots kraskatu ia adiezinak hitz egin zion, lehen galderan hortz hori txantxartuen artetik indar guztiak itzuri bailiran. Zer nahi duzu nitaz? Kezkati, Nikolasek. Hi haiz, bada, banian dagoeneko hi ezagutzeko gogoa. Atzerritarrak. Baina, zer nahi duzu? Kezkatiago, Nikolasek. Liburu honen hartzailea erideteari ekin nioan duela hainbat urte; orain aurrean daukadanean ezinezkoa zieritzoat nire bilakuntza nekaezinari; horrenbeste pasadizo, horrenbeste hutsaldi, honekin sarituta, hi ikustearekin ordainduta; lasai hil niaitekek orain. Hitz gehienak ez bazizkion ulertzen ere, konprenitzen zituenetatik ero baten aurrean zegoela susmatu zuen eskribauak. Beha ezak, guztiz lanpeturik niagok eta ezin nauk ibili solasean astia ematen, beraz, edo agudo esaten didak esan beharko didaana, edo utikan! Harrituaren aurpegia marraztu zitzaion agure eguzkiak kiskailari, eta liburudendaren solairua zikintzen zuenetik agertzen zuen irribarrea ezabatu zen haren ahotik. Geldiro hurreratu zitzaion eta liburua eskuetan ipini. Zaharra zen oso, eta zabala, urre kolorezko azalak zaindurik.

        Aldez aurretik ikusia zuen, ametsetan menturaz, baina ikusia zuen. zihur! Eskuratzeko irrikia piztu zen haren baitan, begietan ere desira isladatzen bide zitzaion artean.

        Atsegin huke edukitzea, bazekiat; hiretzat ekarri diat; hiregatik jaso diat mila bidetako hautsa, hitaz itaundu zioat mila mendiri, eta ibairi; hire berri ezagutu nahien entzun diat mila pertsonaren hitza; hik ez jakinik ere, hire bila nenbilan, hire bila ibili nauk oroitzen ez dudan garai batetik.

        Lehen uneko sorpresari zalantzak, galderak, kezkak jarraitu zitzaizkion, gaineratu zitzaizkion, denak moltsotuak, gira bira zoroan, eta mututu zuten liburu-saltzailea.

        Bi zilarrezko lisloredun txanponen truke hirea duk; hiretzat ez duk dirurik, baina nik behar diat nire herrira bihur ahal izateko.

        Bi florin! Ez zen inozo hezur-pilo hura, ez. Arrazoiaz hauteman zuen judua behar zuela izan. Hala eta guztiz, eta garestitxo iruditu arren, liburua pausatuki hostokatzeko gogo sakonak, haren orrietan murgiltzeko nahi biziak berezko zuen errekardari-izaera azaltzea eragotzi zion; polsikotik ziskua atera eta eman egin zion eskatutakoa. Kanpotarra, txanponen pisua nabaritu bezain laister, etorri bezala joan zen, liburuaren jabe berriari erreakzionatzeko betarik uzten ez ziolarik.

        Hiru aste iragan zen ordutik, eta eserita jarraitzen zen mahaitik begiak goratzeke.

        Hiru etxalde zeharkatu eta gero aurki zitekeen zurgindegian eraikitako mahai sendoak, edergarririk gabekok (hanka biribilen eustazpiei so egiten ez bazitzaien behinik behin) sostengatzen zituen liburua, kriseilua, azpila eta ukondoak. Haritzezkoa zen, trinkoa, bipiak amesten zituzten horietarikoa; arras sinplea halaber, lau hanka eta oholtzar bat. Haren sendartasunaren ondorio, apaingarri bakarra nabarmentzen zen: edonola landutako elefante oin haundiak. Hauetako baten kontra kolpatzen zen beheko eskuin gorputzadarra, barne soinu baten erritmoa markatuz, antza, zeren kuskuila karakoilzearen abiadurarekiko zerikusia antzeman baitzekiokeen.

        Oinutsik zegoen; hala ere ez zuen hotzik sentitzen. Botak, gerrikoaren gai berberaz eginak, beltzak beraz, mahai azpian aurkitzen ziren, ahantziak; zuela bost edo sei ordu kendu zizkion bere buruari, oinak blaitzen zituen izerdia eguras zedin gelako aire estatikoan, geldituan.

        Orkatiletaraino iristen zitzaizkion artilezko galtzak; emazteak maitekiro eho zizkion, eraman ohi zuen arropa gehiena bezala. Emaztea sutondoan egongo zen, ondoko aretoan, zeta, liho, artile, orratz eta harien artean iruten edo josten ariko zelarik, goruaren zurezko laguntzarekin bakartatea hausteko ahaleginetan.

        Nikolas Gardul eskribauaren aurpegian, ile gorriz markoztaturiko aurpegi horretan, nekea eta lorik eza nabari ziren; zurbilduran betazpi ilunak gailentzen ziren; bizarra eta ezpainak eliku fits-mits lehorrek pikardatzen zituzten, belardi eta basoak udaberriko elur erdi urtuak makulatzen zituen antzera; biloak zegoeneko ez zuen orraziaren irudi zirriborrotsua besterik gogoratzen.

        Begiak, aldiz, inoiz baino biziagoak ziren; nagusi zen ahulezia orekatzeraino alai eta distiratsuak, basamortuko iturri, kanposantuaren erdian haur jostalari ziren. Konzentrazioa. Liburuaren marrazki eta lerroetan kokatu ziren eta gainerakoarentzat itsu bihurtu. Orri zurien eta garaunaren bitartekoa ziren, beste zereginik ez zuten liburua begiratzea baino.

        «Nola ulertu beharko da beste eskena hau? Errege gazte liraina kobazulora sartu da, hemen urrezko talarea erantzi eta Saturnori ematen dio berrogei egunez gorde diezaion, berehala gerrontzea ere kendu eta hau Jupiterri eskaintzen dio, gero eta biluzikago, gero eta makal eta zaharrago dagoelarik, eta koroa Martitzen eskutan jartzen duenean zahar kikil zimurtua da; zer izango da? Erregearen atributuak erregetasuna bera direla? gorputza deusik ez dela? Eta zer pintatzen dute jainkoek? Metalen pertsonifikazioa, akaso? Baina, orduan, zer ordezkatzen du erregeak?, eta zer janzkiak uzteak?...»

        So zorrotzen, so sarkorren begiak, ispiluaren irudira mandatari fidelak; aurpegi zikin eta argalean ur garbia, gorputz xehatuaren bizitza-gordailua, baina gatibu; ezin zezaketen gauzaz gauza hegaz egin, ez kolorez kolore, ez izakiz izaki; ezin ziezkeen haren ahalmen miragarriaz goza. Hizkien mezu ezkutuaren atzetik erratzera kondenaturik zeuden, zeinu misteriotsuak arakatzera betiko beharturik. Lerro zuzenean barrena nora ezean zebiltzan, arloterian. Maisu Canches-ek horrelakoak zeuzkan ere.

        Sasoi hartan ez zukeen Nikolas Flamel-ek ezagutu, bai, ordea, bi urte beranduago Santiago apostoluaren hilobitik itzultzen zelarik eri geratu zenean. Orduan, gau hotzean langelan betileak erretzen ari zen bitartean, ez zitzaion burutik pasa ere egun batetan etxetik irtengo zela, liburuaren gakoa argituko zionaren bilaketa desesperatuan.

        Aditzen didak? hobeki sentizen haiz? Xuxurlatu zion ahots leunak, lo sendagarria uxa ez zedin, baldin Morfeoren besoetan kulunkatzen jarraitzen bazen; alabaina, lokamuts irudigaitzetatik esnarazi zuen, azkenik. Non hago? Bekainen azpiko lanbroa xahutu ondoren, sabai berriaren azpian, esan zuen. Nire etxean hago, gogoa tinkatzen zian, sukarra sendatu diat; edan ezak hau orain; indartuko hau. Une honetantxe ikusi zizkion begiak, eta bizkarrezurrean behera eme emeki dardaratu zen hotzikara; era berean, geldi geldiro, loaren harrapakin bihurtu zen berriz.

        Eguzki errainuek berotu zuten logela iratzarri zenerako; ongi aurkitzen zen, denbora luzetik ez zuen atsedenik hartzen, eta jasandako gaixotasunarengatik ere pozik eta gogo berriz horniturik atera zituen nagiak. Etzalekua apain eta dotore zen, ohe biguna, maindire ikuzi berriak. Aulki batetan urritzezko makulua eta maskorrak, hain bide astunean zehar laguntzaile aldentezinak izanik, jabearen oinetan zetzan zakurra legez, itxoiten ari zitzaizkion.

        Egunon! Sartu zen maisu Canches. Ederra diagu egitan. Begirada haren anfitrioiaren itxuran finkatuz, itzuli zion agurra. Beraz, ederki diagok gure erromesa, ez?, eta gose ere izango duk oker ez banabil. Mintzatu zen, jakiz mukuruturiko erretilua zekarren neskame lodi osasuntsu bati sar zedin agintzen zion bitartean. Santiagotik hentorren, ezta? Frantziaren iparraldetik hona maskuilu asko ziztatu bide duk, ez da horrela? Mastekatzea uzteke, eta nola jakingo zuen tipo horrek frantziarra zela bere buruari galdezka, ihardetsi zion. Bai, Santiagora joan nauk, egin nuen promes bat zela eta, eta bidean maiz gelditu behar izan diat oin nekatuentzat pausu bila. Ahamen etengabean oztopoez aise libratzen zelarik, hitzegin zuen eskribau-ohiak. Sukarrez, eta Jeriko-ko akerrek bezala usin egiten huela topatu hindudan; akitua hintzen, baina ez zuan belar batzuez baliatuz konpondu ezin zen ezer; halere, eldarnioan eman huen asti aski, beti solasean, batzuetan ahopeka, oihu ikaragarrika besteetan, baina ixildu gabe; horregatik nekian Frantziakoa hintzela, hire azentoak ez dik engainatzen. Ostariaren entrama asegaitzak zirikatuta, urdaiazpiko zati bat ezpainetaratzerakoan esan zuen Nikolas Flamel-en ongileak. Eta zertaz aritzen nintzen? Galdetu zion, eritasunean beharbada gehiegi mintzatu zelakoan. Gauza askotaz, zure emazte joskinaz, liburuak kopiatzeaz, eta saltzeaz, dendaz..., baina batez ere «sekretuetan sekretuena» aipatzen huen, berri gehiagorik eskaintzeke. Adi-adi begiratu zuen erretilua hustear zeukanak. Gehiagorik ez? Guztiz sinistu gabe, begi barrenkorretatik soa kenduz. Ez, hori izan ezik, ez huen hitz gehiagorik atera.

        Gauaren hotza ihintzak hezatzen zuen moduan, leunkiro, isiltasunak estali zuen elkarrizketa. Noizik behingo korrokadek ez beste eten zuten aire garbia. Neskameak atea zeharkatu eta ibilkera barregarriaz eraman zituen janari hondar urriak.

        Sendagile haiz? Bere zalantzarik gabeko sendapenarengatik ere, ohizko petrikiloen itxura ez zuenez gero. Herri sendagile apala nauk, bai, eta ez diat sei legenak sendatzeko asmorik. Frantziarraren gorputza durduzadurak astindu zuen, eta bat batean maneratu zuen urduritasunaz zeharo askatu ezin zelarik, biziki hunkiturik, galde egin zion. Zer esan duk?, nik ezagutzen ditiat sei legenak, kobrea, beruna, eztainua... sendatzea zeharraldatzea duk, urre bihurtzea; alkimista haiz hi. Toteldu zuen, gero eransteko. Hona iristean ikusi nian hemen idoro behar hindudala, inguratzen gaituen dena urrezkoa baita; bukatu duk nere bilaketa. Pultsua menperatu ezinean, golkotik ate eta liburuaren kopia erakutsi egin zion; maisu Caches-en adieragabeko irribarrearen aurka jo zuen Nikolas Flamel-en alaitasun zoroak. Orain hasten duk heure zinezko bilakuntza, orain, orain. Eta jarraitu zen. Ez pentsa harri zuria edo gorria sortaraztea helburua denik, ez duk horrela; hori errazena duk, minerale guztietan urrearen ernamuina baitago; horiek oso aldapatsu den eskaileraren lehen mailak dituk, Lan Haundia ez duk hor gelditzen, Absoluturantza igan behar duk; urtu behar duk, gogo bilakatuz; ostondo kosmikoetan zehar beste kontzienzi-leku batzuekiko lotura lortu behar duk.

        Baina maisu Canches topatu arte loreek bi bider sortu eta usteldu behar izan zuten, bi bider hostoek bataiatu eta hobiratu.

        Bizkarralderik gabeko aulkiaren kontra ezker ipur-masaila inurritzen hasia zitzaion; baina garauna ez zen honetaz jabetzen ere. Leitzeak itsutzen zuen.

        Munduan, Frantzian, bere etxean bertan gerta zitekeeneik zeharo urrundurik, Nikolas Flamel, betazalak hertsiak, liburuaren marrazki miragarrietan sakonduz zihoan, galerazten zitzaion esanahia argitu nahiz, ezagutu nahiz, jabetu nahiz.

        «...kaduzeoa daramalarik Merkurio hegan dabil, Saturno, buruan hondar-erloju batekin, segaz armaturik Merkuriori oinak mozteko asmoz jaisten da odei artean; Saturnok beruna ordezkatzen du, eta Merkurio geldierazten du, hau da, zilar aldaezin bihurtzen du; Merkurio agente filosofala izango da. Baina bilakabidea nola zertzen den ez dator inon, beti puntu berberan bukatzen da. Baldin baneki! Liburu madarikatu honek ez bide dakar, orduan nola...»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.