Unibertsalen arazoa: nominalismoa
Esteban Antxustegi
Hona hemen Platonen argumentazioa: zientziak unibertsala izan behar duenez, errealitate unibertsal batzutan oinarritu beharra dauka; unibertsal hauek, beraz, badute nolabaiteko esistentzia.
Horrela, Platonentzat, hitz abstraku edo unibertsal horien edukia egiazkoa, erreala zen; ideien munduen kokatzen zen, gauza konkretuetatik kanpo.
Aquino-ko Tomas-en ustez ere, lehen ezagutzen genuena unibertsala zen. Kontzeptu bat unibertsalizatzen genuen ahala bere esentziaz jabetzen ginen eta, gero, indibiduazio-printzipioaren bidez, banakako bakoitzean zertzen genuen, materia konkretuari esker.
Horrela, Aristotele eta Tomas-en eritziz, unibertsalen esistentzia sentipenez izakiengan aurkitzen zen. Hau honela izanik, izaki bakoitzarengan bi ezaugarri ditugu: Batetik, izaki bakoitzak badu berea den eta besteengandik bereizten den zerbait eta, bestetik, bere taldekoei dagokiena eta bera ere talde horren partaide egiten duena. Ezaugarri hau esentzia izenaz ezagutzen dugu.
Teoria hauek aski ezagunak ditugu, eta are gehiago Erdi Aroko edozein eztabaidatan; batez ere aipaturiko autore grekoak kristautu ondoren. Hauxe izango da, beraz, Ockham-ek aurkituko duen garaia, eskolastika hain zuzen, eta bertan plazaratuko ditu ikuspegi berri honen argumentazioak.
Nominalismoak bere aintzindariak ere izan zituei, Compiègne-ko Roscelino eta bere jarraitzaileak batez ere, baina bere ezaugarri erradikalena Ockham-go Gilermorengan aurkituko dugu. Berarentzat, unibertsalak izenak besterik ez dira (latinez «nomen»), «flatus vocis»ak, inolako esistentziarik gabekoak, errealitatean ezer ez bait dago unibertsala denik. Kontzeptu unibertsalak ez dira gauzaren aurrekoak (ante rem) errealistek edo platonikoek zioten bezala; ezta gauza bertan egon ere (in re) aristotelikoek aditzera ematen zuten gisara. Ockham-entzat izaki partikularrak besterik ez dira errealak.
«Larrosaren izena» liburuaz ari garenez hona hemen 38. orrialdean honi buruz dagoen azalpena: «...Mementu hartan esan nezakeen oinatzeko singularra eta nere ezjakintasunaren arteko gatibu nintzela, ideia unibertsal nahiko argitsu baten forma hartuz. Urrunetik zerbait ikusten baduzu, zertaz ari garen jakin gabe, gorputz arrotza bailitzan tratatuko duzu. Hurbilago aurkitzerakoan animali gisara definituko duzu, asto edo zaldi batetaz ari garen ez dakizun arren. Gerturatu ahala zaldiaz ari zarela ohartuko zara, nahiz eta Brunello edo Favello-taz ari garen ez jakin. Azkenik, distantzia egokian aurkitzerakoan, Brunello dela ikusiko duzu (edo zaldi hau eta ez bestea, eman nahi diozun izena edukiz). Ezaugarritasun osoa hauxe besterik ez da izango, singularraren intuizioa...»
Modu honetaz eskolastikak defendatutako abstrakziozko ezagutza baztertuko du, joera antzua kontsideratu eta oinarri gabeko teoria dela aditzera emanez, ezin bait du inolaz ere errealitatetik kanpo dauden ideiak frogatu.
Ockham-ek proposatzen duena, aldiz, intuiziozko ezagutza dugu. Lehenbizi sentsuei dagokie objektuaz ohartzea, eta gero adimenak ezagutuko du. Begira nola dioen aipaturiko (38) orrialdeak: «...Dudarik ez, inpronta hark zaldiaz, verbum mentis-aren gisara, hitzegiten zidan, eta aurkitzen nuen edonon mintzatuko ere. Baina leku eta eguneko mementuaren inprontak zaldi posible guztietatik bat besterik ez zela pasatu azaltzen zidan. Beraz, zaldi kontzeptuaren aprehensioaz eta zaldi indibidualaren arteko ezagueraz aurkitzen nintzen... Horrela, duela ordu bete, zaldi guztietaz pentsatzeko gai nintzen, baina ez nire adimenaren zabaleragatik, intuizioaren estutasunagatik baizik. Eta nire adimenaren gosea fraileek zaldia zeramatela ikusterakoan asetu zen soilik. Orduan ohartu nintzen nire aurreko arrazonamenduak egiaren ondora eraman ninduela. Horrela ideiak, aurrez ikusi gabeko zaldi bat imajinatu ahal izateko erabili nituenak, zeinu garbiak ziren, elurraren gaineko zaldiaren oinatzak zaldi ideiaren zeinu ziren bezalatsu: gauzen jabe ez garenean zeinuak eta zeinuen zeinuak erabiltzen bait ditugu».
Ockham-entzat, bada, inolako antzik ez duten izaki indibidualek eratutako multzo mugagabearen adierazpena kontzeptu unibertsalei dagokie. Horrela, «larrosa» hitzak izaki indibidualez osaturiko barietate handi batetako hitz-zeinu bat besterik ez luke adieraziko. Nominalismo honen ustetan, beraz, izena eta gauzaren arteko hutsarte hau ezaguera sentsitiboaren bidez beteko litzateke, intuizioaz, berau subjetiboa ezezik adimen-lanaren emaitza ere izanik.
Benetako ezagutza lortzeko asmotan saiatzen den intuiziozko ezagutza honetatik aparte, gure adimenak badu judizio orokorrak burutzeko ahalmena, zeinu linguistikoa duten kontzeptuak sortzeko posibilitatea; beraz, gauzen zeinuen aurrean kontzeptuak sortu ahal izateko gaitasuna duen egitura linguistikoaren jabe dugula.
Modu honetaz, konturatu gabe, Ockham-en proposamenak arazo linguistikoetan barneratzen gaituzte, egun hain eztabaidatua den ezaguera linguistikoaren alorrean. Ideia hauen gaurkotasuna, beraz, pil-pilean agertzen zaigu.
|