L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-6 (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kunderak hiru pertsonaietan Europaren barrenak azaltzen

 

Mikel Azurmendi

 

        LUDVIK

        «Optimismoa gizartearen opioa da. Buru-zuhurrak ergelkeri usaia besterik ez». Eta, hitz horien atzetik bere neskari idatzitako postalean izenpetu egin zuen: «Ludvik». Ludvik hau, unibertsitateko ikasle arpajole alai bat zen, koadrila guztietan sarkasmo umore probokatzailea erabiltzen duen horietakoa. Baina postal hartaz geroztik, Partidoak eratutako udalekutik neskak ez zion gehiago erantzuten.

        Txekoslobakia 1950. Uda bukatu ahala, Ludvik-ek Gaztedi Komunistaren bulegotan interrogatorioa:

        —Zer dakik, ba, hik optimismoaz? Heure burua ez al duk optimistatzat, ala?

        —Noski baietz, izatez ni optimista nauzue, zera... Ba dakizue, bromatan aritzea oso atsegin dudala, ezta?

        —Zinikoa ere optimista izan zitekek... Aizak hi, optimismorik gabe sozialismoa erakar ote dezakeagu?

        —Ez, bistan da ezetz.

        Baina alper alperrik izan zen ezetz esan eta protesta egitea. Logikaren legeek zanpa zanpa uzten zuten bere edozein zaputz; silogismoak ez du bromarik ametitzen eta, gainera, gainera zer esan behar zuen langileriak optimismo sozialista izeka zerabilkiotela ikusirik? Leku txarrera zetorren Ludvik fandangora; umorea komunismoaren kontrakoa bait da eta etsai bat sarkasmoa. Zergaitik? Zeren eta munduaren trasformaketa eta ekintzaren efikazia pipiak jota uzten bait ditu. Ez ote dauka komunistak etorkizunarekin tratu bat egina, ala?

        Ludvik lanetara, behartua izan zen, eta lau-bost bat urtetako meatzetara eramana, han heziko zen, han erredukatuko, alajaina! Bere erruaz oroitu beharko zen, horixe baietz, eta akatsak pagatu beharko, koanto! Baina ez bat eta ez bestea: Ludvik-ek dena ahaztu zuen eta ezer ez ordaindu. Langileri klasearen aro optimista hartan ez bait zuen sinesten; ez zuen bere burua etorkizunaren menpean ezarri nahi; gero litzatekeenaren amets-antsiak ez zion berari bizi arazten-eta. Berarentzat etorkizuna unez une iragaiten ari den eguneroko hortan zegoen, eta kito. Ingurunean ba zituen, bai, sinesten jarraitzen zuten zigortuak; gerla zibila etorri eta bere kontra, disparatuko zutela esaten zioten zigortu fededunak ba zeuden. Ludvik eguneroko berean: gogotik bizi eta ahal zuen neurrian larrua jo, elkarte kolektibista zigortu hartan buru bakarrena egin zuen: «Le socialisme va délivrer les gens du joug de la solitude. Ils vivront dans une communauté nouvelle. Unis par un même intérêt commun. Leur vie privée fera corps avec la vie publique». Hori zen erredukatzearen leit motiv nagusia, baina meatzetan horrelakorik gertatzen zenik ikusten ez berak.

        Handik irtetzerakoan, Ludvik-ek dena ahantzia zeukan, ezerengatik gaztigatua egin zenik ere ez zuen uste, ez zuen ezer eta inor gorrotatu behar zuenik uste. Iraultza egin behar zenik ere berak ikusten ez, ezeta misioren bat ba zuenik ere. Bere artean inork ez zuen inolako misiorik, berak bere burua guztiz libre zegoela somatzen zuen. Postaleko broma, hartakoan bezalatsu, alegia.

        Eta ikusten denez, broma asko gertatu zen Txekoslobakian jendea bere burua misiorik gabe eta libre sentitzen hasia bait zegoen, leihotik kanpora begiratzen hasia, nonbait. Bakoitza bere gelako leihoan zer egin nora joan nola bizi asmatzen jarrita. Etorkizunaren eran kartzaileak beraiek ere dudagiten hasiak omen ziren; beren semeez eta gaztedi osoaz hara zer esaten zuten jada nik: «ils aiment leur corps; nous l'avions négligé. Ils aiment les aventures; nous avons perdu notre temps en réunions. Ils aiment le jazz; nous avons sans succés copié le folklore. Ils s'occupent d'eux mêmes; nous voulions sauver le monde, nous avons failli avec notre messianisme de le detruire. Peut-être qu'avec leur égoisme, eux le sauveront» (1).

 

        JAROMIL

        Duda-mudetan hasiberri iraultzaileok nolakoak izan ziren? Maniatiko hutsak, jende zitala, kriminalak akaso? Kia. «Les régimes n'ont pas été façonnés par des criminels, mais par des enthusiastes convaincus d'avoir découvert l'unique voie du paradis». Paradisura nondik nora ongi dakitela uste izan duten jende gartsu eta bihotzberoak izan dira Errejimen totalitarioak eraiki dituztenak. Jaromil, gure poeta, bezalako jende sentikor antzekoak ere bai. «Aquella época no fue sólo de terror sino de lirismo. La gobernaban mano a mano el verdugo y el poeta. Los muros tras los que se hallaban prisioneros los hombres, estaban construidos de versos y a lo largo de aquellos muros se bailaba. Y no, no era ninguna danza macabra. Brillaba la inocencia de su sonrisa ensangrentada...»

        Jaromil izeneko gazte edipianoa poesia alorrean dabil jo-ta-ke bere misioaren bila, eta egiten dituen poemetako edozein bertso zati egia bihurtzen zaiola uste du, bertsoa bere izatearen indar guztiz joa izan den neurrian behintzat. Eta hortan saiatzen da buru-belarri: hitzak bizi eta sentitzen. Idazteko lumaz hustu nahiko luke bere burua, mundu berri eta eder bat ekoiztu nahiko luke. Amarengandik dabil nola ihesiko, Rimbaud eta Lermontov lirikoen antzera; baina Jaromil-en garaian ez dago gerlarik, húsar-uniformerik jazteko okasiorik ere ez. Soldadu izatea dekorazio hutsa da orain, eta luma ezin utzi pistolaren truke: gaurgero politika da soldaduska eta militantzia. «Jaromil trabajaba en la organización universitaria de la Unión de la Juventud y formaba parte de los tribunales examinadores. Después informaba al Comité Politico de la escuela sobre la forma en que el profesor examinaba, sobre las preguntas que hacía y sobre las opiniones que mantenía, de modo que el examinado era más bien el profesor que el alumno». Eta idei zaharrekin ezin ba etorkizuna erakarri; izatez gerotan, etorkizunak berri berria izan beharko zuen. Ludvik-en broma hura gaitzetsi zuten epaileen artean egon zitekeen Jaromil, baina beste hau hurrengo nobelaren pertsonai nagusia da (2). Honen nobelan andregai salatu eta zigorarazten du Jaromil-ek. Amodioa ala eginkizuna, maiteñoa ala iraultza ote zauden aukeran? Ezetzean zegoen Jaromil, inolako, dilemarik ez bait zuen berak ikusten. Alderantziz. Munduan beste inor baino gehiago maite zuen harek andregaia, eta gehien maite zuelako hain zuzen ere, salatu zuen polizira: gehien maite dena eskeintzen jakin behar bait du iraultzaileak etorkizunaren alde. Jaromil-en garaiko trajedia bakarra huraxe zen eta hartan irakin beharko zuen bere bihotza. A ze poema-gai huraxe, gero! Eta andregaia salatu zuen gauean mahaian eseri eta idatzi egin zuen berriro; «fue una noche fascinante, mucho más que todas las noches de amor que era capaz de imaginar; fue una noche alucinante pese a que la pasó en su pequeña habitación infantil...»

        Maitasunaren burua moztu zuen lekuan eginkizun burutuaren ohorea loretzen hasi zitzaion, la gloria del deber cumplido. Poetak bete zuen berea, eta bere andregaia inoiz baino gehiago izan omen zen bere berea gau hartan. Borreroa eta biktima ezerk ez zituen etentzen iadanik, hura izan zen poemaren lirismo trajiko totala, bere bizitza eta bihotza biak guztiz bat, su batek joak biak. Ez zen Stokolmoko sindromea, ez; Schopenhauer-en sintomatologia baizik: «Bat dira torturatzailea eta torturatua —zioen filosofoak—. Torturatzailea oso oker dabil, ez bait du berak ere sofrimenduan parte hartzen duela ikusten; torturatuak ere huts egiten du, berak erruan parte ba duenik uste ez duelako». Jaromil gazteak bere burua bizitzarekin bat egin zuen; eginkizun iraultzailea beteaz, bere hitza etorkizunean barneratzen zuela uste izan zuen.

        Poetarenak egin du, ibilian ibilian hil egin da gazterik asko, baina bizitza beste nonbait zegoen: «La vie est ailleurs» zioen Sorbonne-ko gure anfiteatroko 68.ko graffiti harek: bizitza ez datza geroago datorkigukeen horretan, eguneroko bizitzara ez dakargun beste hamaikatxo posibilidade berri eta desohitu horietan baizik. Harrizko barrikaden azpian dagoke bizitza: «sous les pavés, la plage» akaso. Alperrik galtzen ari garen orain ugaritxo horietan datza bizitza agian.

 

        TOMAS

        Ongi daki horixe Tomasek, Jaromilen lur-jotzea eta Ludviken sarkasmo alaia gelditzen diren puntuar hasten bait da bere bizitza. Bizitza berri hau Txekoslobakian hasten da, Dublin, Buenos Aires edota Bilbon has zitekeen antzera: Tomasek ez du aberririk. Ez dakigu nolakoa den, zer aurpegi daukan ere ez.

        Horregatixe Tomasen bizitzak amodioaren joan-etorri bat behar du izan, amodioa bakarrik omen da-eta gure askatasuna. Hala behar du izan, Beethoven-en azken quatuor-ean gertatzen zen gisa: «der schwer gefasste Entschluss», kontu handiz pixatutako erabakia, alegia. Hala idatzi zuen musikariak quatuor haren azken mugimenduan, eta amaieran berak erantzuten: «muss es sein? Es muss sein»; hala behar ote du? Hala behar du, bai.

        Beethovenen heroeak bizkargainean darama berak izatearen patua eta. halabeharra, horregatixe da haundi gizakumea. Quatuor haren azken pentagramak ezpainetan zituela, pasa zuen Tomasek Txekoslobakiako muga erbesterako halabeharra aukeratuz, Beethoven zarpail eta tximadun batek fanfarre bateko ttirri ttarra zalapartatsuaz bide berri bat idekiko balio bezala. Ihes egindako Tereza maite zuen eta harengana zihoan Tomas bere hospitaleko mendiku-lana baztertuz.

        Maitasuna ez da amodia egiteko desioan azaltzen, ez da bereziki larrua jotzeko behar bat; behar honek emakume askorengana, garamatza-eta. Maitasuna loa erdibanatzeko desio eta beharra da, eta hau emakume bakar bati dagokio. Tomasen ustetan. Honek badu Suizan beste larru-lagun erbesteratua ere, Sabine, eta gainera egunero letorkiokeen ezohizkoari ongietorria emateko prest dago beti emakumea. Baina lo-ahatzean Tereza behar du; Tereza hau ordea jeloskorra izan... eta jakin gabe zergatik, hor doakigu berriz Tomas bere Terezaren atzetik herrirantza, herrirako itzulbidea hartu dio-eta bere neskak.

        Tomasek eguneroko bizitza zoriz eta halabeharrez egokitua dagoela dakus, «bombardée de hasards». Jende eta egoera desohituek elkar jo eta koinzidituaz doazen eran, sartzen du burua gertakariaren magalean: «ce qui donne un sens à notre conduite nous est totalement inconnu» diotsa. Darraigun bidea guztiz estalia dugu, baina zein den jakin gabe ere, bideak berak damaio bizitzari zentzua. Bidea zer ote da izatearen arintasun sofriezina baizik? zer ote da historiaren progresoari eta optimismoari uko egitea baizik? La insostenible liviandad del ser. Neska gazte batek gizona nahiko luke, baina gizon izatea zer ote da? Mutil gazte bat ohoreari lotu nahi zaio, baina ohorea zer ote da? Izatearen arintasun sofriezin hori ote da bidea? Gauzen iheskortasun huts hori ote? Beti-berritze honen ondotik daramagun ibilbideak zoriona uxatzen digu, «l'homme ne peut être heureux parce que le bonheur est désir de répétition».

        Tomas sartu zaigu Txekoslobakian, baina ez da reinsertatu, ez du inolako damu-paperik firmatu nahi izan. Medikutza galerazita dauka iadanik; kristalak garbitzen hasten da, eta bizitza berriaren arintasunak liluratu egiten du. Larrutan nahi hainbat egin dezake, baina Terezarekin behar du azkenean. Andra-gizon horien izate arina poliziak akabatu egiten du, bernagusitu den etorkizunaren indarrean. Arin izatea nork bere burua onartu eta maitatzea da, norberatasuna sofri eta eraman ahal izatea. Izatez ez gara arin geure buruaz beste egiten dugunean, karitate eginaz nahiz misiolari izanaz. Posmodernidadeak zabalik ditu ateak Europan.

 

        (1) La Plaisanterie (hemen orain argitara eman da, La Broma izenez) 1965.n zeukan amaiturik Kunderak, eta 1967.n argitara zen Pragan. Hemen, Euskal Herrian ETAko V. Asanblada egiten ari ginen bitartean, handik jadanik hori esaten, alajaina.

        (2) La vida está en otra parte nobelakoa da Jaromil. Berau 1969.n idatzi zuen Kunderak, tanke eta soldadu sobietarrek Txekoslobakian etorkizuna berriz ere lekutu ondoren idatzi ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.