Oestea
Felipe Juaristi
Oesteko nobelek, diotenez, ez dute Oesteko filmeek lortu duten garrantzia eta traszendentzia, zinemaren beraren historia ikusiz gero. The Great trains Robbery (Trenaren lapurketa izugarria) 1903.ean E.S. Porterren filmeak inauguratu zuen western bezala ezagutzen den jenero hori, ondoren benetako zinema bihurtuko dena, horretarako maisu handien aportazioek lagun egin badiote ere: Huston, John Ford, etab.
Horrelakorik diotenek ahaztu egiten dute Oesteko nobelak ez duela zer ikusirik western deitu horrekin, gaien aldetik semejantza ttipi batengatik ez bada eta noski pertsonaien aldetik: indioak, bakeroak, gaizkileak eta mengaizoa kostarik kosta aurrera eraman nahi dutenak. Hala ere zinemaren barruan ezinbesteko elemendua dena, nobelan aitzakia besterik ez da eta hori gertatzen ez denean azpi-jenero baten aurrean gaude, ez literatura eta ez zine ez dena, orrialde ezinago itsuski zirriborratuen multzo aurrean.
Zergatik diodan Oesteko nobeletan pertsonaiak eta lehenago aipatutako gaia aitzakia besterik ez direla? Garbi ikusi daiteke hor agertzen diren giro eta egoerak antzekoak direla beste edozein abentura-nobelatan agertzen direnekin, nahiz eta Oestekoak ez izan. Alda ezazue jantzia eta dekoratua eta ehiztaria bukanero bihurtuko zaigu, zorrotza baina zuzena; indioek inguratzen dituzten amerikar, ingeles edo frantsesek Robinsonen adinako jokutriak asmatu beharko dituzte bizirik atera ahal izateko; ehizean edo dueloan pertsonaia zenbaitek duten abilidadea Erdi Aroko zaldunek erakutsi zutenaren antzekoa da.
Azalpen bat hauxe: indio eta amerikarrei buruzko nobelak idatzi zituzten batzuek (Salgari, F. Cooper, Mayne Reid, G. Aimard) piratenak, edo gai historikoen nobelak idatzi zituzten. Abentura-nobelaren teknika nagusitzen da gaiaren gainetik beraz.
Honek ez du esan nahi idazle hauen artean antzekorik ez dagoenik, ezta Oesteko nobelen artean ere. Ikusi ditzagun batzuk.
Abentura nobelak folletinarekin dituen zorren artean azpimarragarriena intriga da, bahiketa-erreskateak osatzen duten dualidade horren ondorioz sortzen bait da. Dualidade hori garbi ikusten da Oesteko nobela gehienetan. Indioek heroina bahitzen dute eta datu honek aukera ematen dio idazleari bukaeraren suspentsearekin jokatzeko, behin ere ez bait da jakiten heroek libratuko duen ala ez, eta horrekin batera, idazleak bahitzaileen ohitura, bizi-modua eta sentimenduak deskribatzeko aitzakia hartzen du.
Beste azalpen bat: interesantea da nobela hauetan hauxe baieztatu beharra, protagonistek duten eragin psikologikoa aztertzeko saioa. Planteamendu manikeoak, abentura-nobelatan heroea gero eta atseginago eta anti-heroea gero eta gorrotagarriago egiten duena nolabaiteko kontzientzi txar batekin sartzen da kontraesanetan, europearrek indioekin burutu zuten genozidioa dela medio, Rousseau eta bere "salbaia on" delakoaren teoria ahazteke. Horregatik idazlanak gero eta konplexuagoak dira. Haserako kontraesana: europear ona-indio txarra, honetan biltzen da:
Europear ona-indio txarra; indio ona-europear txarra.
Badakizue soka batekoak beti elkartzen direla eta horrela on eta txarrak bildu egiten dira eta idazlanaren bukaera txarrak hil edo desagertzen direnean etortzen da. Horretaz aparte batak eta besteak oso ondo definituta daude. Europearrek indioei duten hondasun kulturala emango diete, eta azken hauek ehizean trebatzen laguntzen diete, Naturaleza hobeto ulertu dezaten. Horrela pareja ederra Winetou eta Old Shatoerhand-ek osatutakoa, Karl Mayren obra osoan.
Hirugarren azalpena: Naturalezarekiko sentimendua. Arraroa da abentura-nobela bat bertan itsaso, uharte, desertu, baso garbi eta inoiz ikutu gabe edo oasi zoragarriei buruzko deskripziorik agertzen ez bada. Baina Ipar-Amerika deitzen den horrek eskeintzen duen paisaia arras ezberdina da baina era berean liluragarria eta horri buruzko gogoetek orri pilo bat betetzen dute Oesteko nobelaren barnean.
Hitzegin dezagun orain protagonistei buruz.
Indioak
Espezialista da gizon zuria sarraskirik handienak burutu eta gero beroiek hitza edo idazketaren bidez justifikatu eta zuritzeko. Adibidez nola jokatu zuten, zein maltzurki, Amerikaren kasuan. Jatorrizko biztanleak, indioak edo azal gorrikoak, dira amerikarren izenaren jabe izan beharko luketenak, baina europearrak biztanle horiei lurra kenduta ondoren, bizitza ere bai kasu askotan, izan ere gutxi dira indioak, eta horrekin ez konforme izen gabe utzi ditu, atzerritartzat hartuaz haiek beren lurrean egonik.
Lurra landuz bizi ziren tribu asko eta asko handik hon ibiltzen hasi ziren zaldiengatik eta suzko armeengatik. Gizon zuriak ondoren indioek bizitzeko behar zituen animaliak akatu zituen eta horrela presto egon ziren errenditzeko ezezik ereserbatan kartzelan bezala egoteko ere. Prozesua horrela laburtu daiteke. Indioek ezin zuten lurra landu gerrak zirela medio eta kanpoko erasoek gero eta urrutirago joatera behartu zituztelako. Azkenean bereak ez ziren ohiturak eta bizimoldeak hartu zituzten. Azkenean bost miloi pertsonarengandik gugana iritsi direnak milaka batzuk besterik ez dira izan.
Historiagileek aski ondo frogatu dutenez, orain dela 15 edo 20 mila urte iritsi ziren Ameriketara lehendabiziko jendeak. Asiako Ipar-ekialdetik.
Amerikar Kontinentea horren handia izanik, lehendabiziko gizon-emakumeak bertatik zehar sakabanatu ziren eta galdu zuten haseran behintzat elkarrekin zuten lotura.
Hizkuntzari dagokionez, mila hizkuntza gutxi gora behera zeuden indarrean zuriak iritsi zirenean, nahiz eta lurralde batzutan hizkuntza bat nagusituz joan, hala Nahuad delakoaren kasua Mexikon. Konkistadoreek hautsi zuten jabego hori beren hizkuntza inposatuz.
Edward Sapir antropologoa izan da hizkuntzen sailkapena egiten ausartu den lehendabizikoenetakoa eta honek indioen hizkuntza bost talde edo familia nagusitan banatu zituen:
1. ELGOQUIAN-WAKASHAN familia. Hemen sartzen dira cheyenne, arapahoe eta beste batzuen hizkuntzak. Pacifico itsasoko Ipar-Mendebaldeko kostaldean bizi ziren.
2. ESKIMO-ALEUT familia. Aleutiana uhartetan eta Groenlandian hitzegiten zirenak.
3. HOKAN-SIOUAN familia. Herri ezberdinek hitzegiten zuten Californiatik Colombiara eta San Lorenzo ibaitik Floridaraino.
4. UT-AZTECA-TANOAN. Coloradon hasi eta Mexikoko Hego-ekialderaino zabaltzen ziren tribuek hitzegiten zutenak.
5. MAYA-ZOQUE familia. Oraindik irauten du, batez ere Yucatango penintsulan.
Nola bizi ziren bada indio hauek?
Naturalezarekiko harreman berezia zuten eta horren ondorioz lurraren jabegoari buruz esan genezake hori ere berezia zela.
Indioarentzat lurra merkantilizatzea, salerosketaren prozesuan sartzea, parregarria zen. Aireari, ibaiari edo gizonari berari jartzea modukoa. Kontzepzio panteista baten barrean indioarentzat gizonak adibidez hartzaren balioa du, laku gainean altxatzen den pinuarena, zelai zabalek baino gutxiago eta izarren argiarena baino are gutxiago. Europearrak demostratu zuen, tren-bagoietatik bisonteei tiratuz, beraren baloreak txit diferenteak zirela. Horrela erantzun zuen Seattle buruzagiak: "Lur honen zatirik txikiena ere baliogarria da nere jendearentzat. Pinuaren orratzik ttipiena ere, zur ilunetako lainoa, intzektuaren dardara santuak dira nire jendearen memorian... Badakigu gizon zuriak ez dituela gure arrazoiak ulertzen... Lurra ez da bere ahizpa, etsaia baizik eta konkistatzen duenean handik ihes egiten du".
Indioarentzat erokeria hutsa zen animali bat arrazoi edo justifikaziorik gibe akatzea, arbola bat beharrik gabe moztea bezala. Pablo Neruda poeta txiletarrak argi eta garbi, ia gardenki, azaltzen digu bere Canto General horretan europarrak etorri aurretik Amerikan bizi zen Naturaleza eta gizonaren arteko uztarketa. Wila Carther idazleak ere orri deliziosoak utzi dizkigu motibo horretxekin, adibidez, Death comes for the Archbishop nobelan.
Emakumearen papera ere berebizikoa zen indioen artean, eta europearrek gaitzetsi nahi izan duten. Europear askoren testimonioak baieztatzen duenez, indioek bahitutako hainbat eta hainbat emakumek uko egiten zioten beraien guraso edo senarrekin itzultzeari. Mayne Reiden Los cazadores de cabelleras horrelako testigantza dokumentatua ikusten dugu.
Voltairek bere Traite sur la tolerance liburuan esaten digunez, indioak oso toleranteak ziren erlijio-gaietan. Beste tribuen ohitura erlijiosoak onartzen zituzten eta norbait preso hartuz gero bere erlijioaren legeari jarrai ziezaion ez zioten oztoporik jartzen. Ikusi daiteke hori ere R. Jacobeb El espolio del indio americano liburuan.
Azkenik Oesteko zenbait nobela aipatuko dut zuen gogorako: Oceola, el gran jefe de los Seminolas, Mayne Reidena; La estrella de la Araucania, Emilio Salgarirena; El cazador de ciervos, Fenimore Cooperrena; La ley de Linch, Gustave Aymardena; El bosque en llamas, J. Oliver Curwoodena. Zane Grey, Karl May, Bret Harte edo H. Consciencerenak ahaztu gabe.
|