Lau poeta
Patxi Perurena
Poema ukatua
Demagun elurra egin duela
Eta mundua, dena zuriz estali dela.
Elurra maindire zuria litzateke
Eta mundua aintzinako ohantze zaharra.
Demagun edozein urtetako hilbeltza dela
Eta eguna urratzen ari duela,
Eta eguzkia azaldu dela ortzemugan
Eternidadea baino haruntzagotik datorrena.
Ohetik jeiki berri den anderea litzateke
Eguzkia, ohe zuria berdintzen ari dena,
Bere esku beroz maindire zuria laztanduaz.
Maindire zuriko zimurdura ilunak
Gauez haizeak egin dituenak dira,
Eta eguzkiak, bere balaku amoltsuz
Plantxa bero batek bezala desegiten ditu,
Elur zuritan geratu diren zikatrizak.
Ohe gainean haize zakar bihurria baizik
Ez da iragan gau iluneko ekaitzaldian,
Eta bide infinito zuriak utzi ditu seinalatuak.
Baina, gizonak ez du erreparatu nahi
Alde orotarako bide infinito zurietan,
Haizeak gauez utzi dituen zauri horietan.
Gizonak, ukatu egin du ene poema ederra
Ukatu, haizeak elurretan utzi duen zauri zaharra.
Horregatik itzultzen diot ene poema gauari
Haizeak berriro elurretan izkiria dezan.
Beti iraunen du I
Egunak, bere argi zaharra
Erakusteko beste lekurik aurki dezan artean
Aideak, bere sabelean
Perfume guzien armonia gorde dezan artean
Urak, bere bizkar gainean
Odola eta malko isilak jaso ditzan artean
Lurrak, bere oinazea
Bere larruan sofri dezan artean
Haizeak, bere esku leunaz
Enigma ezkutu guziak laztan ditzan artean
Suak, bere arima izuaz
Misteriozko hari urdinak sor ditzan artean
Gauak, bere tristura zaharra
Gordetzeko beste lekurik bila dezan artean
Iraunen du poesiak, iraun.
Beti iraunen du II
Egunak, bere argi zaharra
Erakusteko beste lekurik aurki dezan artean
Tximistak, bere haserreaz
Espazioa hari gorriz jos dezan artean
Euriak, bere malenkoniaz
Sendimenduen larrua heza dezan artean
Kazkabarrak, bere kolpez
Sofrimenaren azala hauts dezan artean
Elurrak, bere zuritasunez
Lurraren oinazea disimula dezan artean
Gauak, bere tristura zaharra
Gordetzeko beste lekurik aurki dezan artean
Iraunen du poesiak, iraun.
|