Lau poeta
Inazio Mujika
Maindireak etxe atzean lehortzen dira
Arrats beheratik zintzilik
Haizearen jolasgarri urdin
Eszenario urrezkoan.
Ifarrak, alertzeetan behera amilduz,
Iratze jaso berriaren ametsa lapurtzen
Eta goizaldearen kamisoi hutsa
Belar ferdean obo da.
Neskaren bilustasuna maindire artean
Dantza eta dantza ilargiaren haiduru edo
Ilargiaren ohoretan.
Maindireak gorpuzñoa estaltzen alditan,
Alditan, bilusten gorpuzñoa maindireak.
Bularrak xuri, xuri maindirea,
Liho haragiaren baltsa belazean.
Uda hartan, txilar koloreko matrailez
mozorrotu zen ilargia, uda hartan.
Eta uranditako kresal orok ez zituen
bere ezpain harabartuak iharrosi.
Mozorrotu zen aidanean,
geltoki zahar desolatuetako erlujo geldituaz *
eta esfera beztuan herioaren aurpegia
ikus zitekeela hotsegiten zuen izuak hartua
maleta eramaile hordiak, uda hartan,
bigarren espaloieko banku berdean jarria.
Mozorrotu zen, finean,
eskaratze ttipiko zutikako kolgadorez
non bilustasun iluna eskegita ageri den goizaldero.
Eta liho fineko maindirez
eta lore laranjetako sobrekamaz
eta sapai bajuegiko igeltsoz eta...
Uda hartan jakin zuen ilargiak, neskaren berri.
* geltoki desolatuetan ezin ibili erlojurik.
Bekaiz zezakeen neskak
mendi muinoko urki bakartia ortzi mugan
zeina gauero xuriz jazten duen ilargiak
zirri ezkutuetara jolastu aurrean.
Bekaiz zezakeen eman dezagun,
teilatu ubelen soslai fina hiriko goiz txintan
bere mugetatik zehar ihes egiten bait du
amorante beteak lapur beltzen gisara
leun gozatu ondoren bere leiho irekia
Baina gehien bekaizten duena ausaz
ez dateke urkia, ez teilatua edo leiho irekia ezpada
egun argiz ibilitako bide ezkutu arraia.
|