L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 23. zkia (1953-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Esandi gotzai agurgarria zanaren izen onaren aldez

 

Lopez Mendizabal'dar Ixaka'k

 

Orain urte gutxi dala galdu genduen euskaltzale jakintsu eta maitagarri bat, Esandi gotzai jauna. Argentina'n jaioa izanarren, gure euskeraren alde maitasun aundi bat beti izan zuen. Eta Patagonia'ko lur lakats eta otzetan urte askoan bizi izan ba zan ere, bere biotz beti sutsu gure izkuntzaren alde ernai egon zan.

        "Berrogeitamar urtean euskeragaiak nere buruan beti erabilli ditu —bein batean esaten zidan— lagun bat gabe berarekin gai orretzaz itz egiteko. Argatik —jarraitzen zuen— orain euskaltzaleak nere ondoan ikustean nere biotza pozik arkitzen da gure euskeratzaz mintzatzeko".

        Ainbeste urtean bakarrik arkitu zan gotzai euskaltzale oneri burura etorri zitzaion gure euskerak eta etruskoen izkerak alkartasunen bat izan bera zutela, eta gure izkeraren bidez Itali aldeko izketa orri argitasun apur bat emango zitzaiola. Eta, bere ustez, ango arrietan agertzen ziran idazkiak argitu zitezkela.

        Esandi jauna ez zan ezjakin bat. Gerkera eta latera eta beste izkuntzak ongi ikasia zan Batez ere lateratzan egin zuen izti edo gramatika ongi ezaguna eta oso ona omen da. Argatik ezin esango zitekean itxu-itxuan eta illunpetan, ezer ez zekien gaietan, sartu zala. Ori ez. Argatik Cruzalegui jaunak beretzaz GERNIKA'n esan duena ez zaigu iruditzen bidezkoa danik. Beste jakintsu asko ere etrusgotarren idazki aek argitu naiaz alegindu dira, bañan oraindaño guzia alperrik izan da. Cruzalegui eta Imbelloni jaunak berak ere ez dute argi berririk gai ortan sortu, eta ez dute argitu, uste degunez, idazki bat bakarrik ere.

        Esandi jaunari, bizi zala, askotan nere zalantzak bere lanaz garbi esan nizkion, eta berak apalki bere ititzi garbi esan zidan. Eta ez uste beti nola-naikoa zanik. Latera gaietan oso jakintsua zenezkero ezin berari nola nai erantzun, eta gutxiago oraindik ere Imbelloni eta Cruzalegui jaunak erantzun dioten bezela. Bat da esatea Esandi jauna oker zegola, eta beste bat ori esateko ontzaz artu ezin ditezken itzak erabiltzea. Ezin esan diteke "arnoz orditu zala" berak arno itz orren bidez idazki asko garbitu nai izan zituelako. Batean esan nion jolasean, ea itz orrek ez ote zuen esan naiko ura eta ez arnoa, Etruria'ko ibai aundienak Arno izena zuelako, eta irriparrez erantzun zidan ori ere ba zitekela. Gai oetan oso illunpetan gabiltza, eta ezin degu guzia nolanai alde batera jaurti, ongi eta zuzen ikusi eta aztertu gabe.

        Cruzalegui jaunak uste du Esandi gotzaiak ez zuela gai oetan jakitun zanen bati bere lana erakutsi. Eta au ez da egia. Esandi berak emanda, Buenos Aires'en izkuntz zarretan jakintsu bezela jotzen zuten jaun bati neronek eraman nion, bere izenean, bere idaztia, irarri edo imprimitu baño len, ongi ikusi zezan guzien iritziak beti entzun nai zituen, eta Cruzalegui berak ere zerbait esan zitzaiokean bizi zan garaian, nik eta beste batzuek ere geren kezkak erakutsi giñizkion bezela.

        Ez zan, beraz, Esandi jauna ezjakin bat, eta "prehistórico" itza erabilli zuenean ez zuen okerrik egin, itz orrek esan nai duelako bakarrik "Edestiaurre edo edestilarien aurrekoen aldia", eta edestilarien aurreko guzia "prehistori" da. Eta edestilari talde aundiena Kristo'ren ingurukoa da, bat edo beste zerbait lenagokoa izanarren. Esandi jaunak ongi erabilli zuen, beraz "prehistoria" itza. Gaurko eguneko izkietan idatzita baldin ba daude ere, idazki oek "prehistoricoak" edestiaurrekoak dira, edestilari ezagunenak baño aurreragokoak diralako. Eta Cruzalegui jauna gai ortan oso oker dago.

        Itzen sorkuna arkitzea zalla da berak ere esaten digunean Karkar itzean kar itza bi aldiz dagola, oker dago. Aurretik dijoan asierako K ori erderaz "protética"¨deitzen dioten izkia izango da, eta itz orren jatorria arkar, argar, izango da. Arkarazo, Arkaute, Argarate, Argandola, Argañaraz eta beste askoren antzera. Beraz ez du, gure ustez, gai ontan asmatu, guk ere beste askotan asmatuko ez degun bezela.

        Eusko Jakintza Amerikar Batzar'ren lendakari bezela, Esandi jauna azke zan nai zuen eran bere iritziak aldezteko, eta arrek ezin zezakean besterik egin. Bakoitza bere buruaren jabe da, bañan ala ere, Esandi jaunaren itzak eta iritziak pozik entzuten ziran, beren artean gauz batzuek okertzat jotzen ba giñituen ere, beste batzuetan egi asko arkitzen ziralako. Gai oek oso zallak dira guzia erabat bazterrera jaurtitzeko. Eta Esandi bezelako euskaltzale zintzo eta sutsu bat arkitzean, bere izena eta bere gogo ona bear bezela jaso bear degu, eta ez berak esandako guzia okertzat artu.

        Samin zaigu esan ditugun itz batzuek esan bearra, bañan aitatu ditugun iru jaun oen adiskida izan eta geralako, adiskidetasun orrek berak eskubidea ematen digu idatzi degun guzia esateko, nere aldetik asmo gaiztorik izan ez dalako, eta bai bakarrik Esandi gotzai agurgarria zanaren izen ona ber zan tokian ipintzeko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.