L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<gern2500>— Gernika. 25. zkia (1953-urria/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Gernika, gure aldizkaria

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

Gudu-ondoa, gure itxaropenen bategarri zitekelakoan, pozik geunden benetako euskaldunak. Gure ametsen zeru urdiña betikoz zabaltzera zioakigula uste genuen, amets ok, ordea, aldi gutxi barru, txakur-ames ikol gertatu zitzaizkigun. Or ikusi dugu, tantai gotorrenaren kemena ere igartzeko, aspalditik bere oinazpian bidegabe zanpatzen gaituan yaunskilaren almena geroago ta indartzenago erri-elkartu arroen opa maltzurrak bide dirala.

        Alere, gudu-ondo artan, —etorkizuna ikusteko geunden oraindik—, barne ta kanpoko euskotar guztiok, euskalduntasuna nolarebait xuspertu ta indartzeko premiña gere baitan sentitu genuen erri demokratikuen gurenda-otsera. Premiña orrek zirikatuta ain zuzen ere, Doniba-Lohitzu'n arkitzen ziran zenbeit euskotar, naikari oriek nolarebait mimitzeko bildu ziran. Bilkura artan, eztabai ta itz askoren ondoan, "Gernika Elkargoa" sortu zan, euskaldun oro humanismu zabal baten itzalpean elkartzeko.

        Bearrezkoa zan aipatu lagunartea gure iendeak oro euskotasuraren bideak barna oldar batean batzeko. Iakiña, batze ori, asmo zabalenaren gerizpean egin bear zan mota guztietako euskotarrak bere esi tartera ekartzeko. "Gernika" aldizkaria, zuzi ixio baten antzera, lagunarte artatik iaio zan, mundu zabalean barreatu euskotarrak kultur eta gogo lokarriz elkartzeko, beti ere politika-iokera guzien gainetik, erri-humanismu oso ta beteenean.

        Orain arte Euskalerrian sortu buruzagi ta otsemaile geienak, bide ertsienetatik barna eraman nai izan gaitute, bakoitzak bere burmuñetan erne gogoeta edo usteai soilik arnas emanik, ingurukoenak zakarki erdeñatuz. Ontan latin-erriei darien ertsikeri izurriz iota maizagi agertu izan gera euskotarrok. Euskotasunak garaituko ba'du —eta garaitu bear du— ertsikeriok aldebatera utzi bear genituen, sekulakoz astandu, sekulakoz irato. Eta ori nai izan digu "Gernika"k bere humanismu zabalarekin.

         "Humanismua"k, literaturan daukan esanguraz bertzalde, ba'du beste iraurriago bar ere, elerti-baratzean eman oi zaionaren kidekoa. Literatur —humanismuak giza— zentzu guztien eldutasun eta umotasuna berez darakar, ots, gizon-bete ta alde orotarik oso baten erapena. Antxiñako elendarrek iritxi zentzu-giroa duzute humanismuaren uztarik bikaiñena, zentzu-giro eta gogo-giro neurtu ta betea, armoni-oreka goxoenean azi gizagogo atsegiñarena.

        Barne giro zuur orrek ordea, barnetik landara bear du, giza-biotze-tik gizarttera. Ez dago zentzu-giro beterik ez eta arestian aipa armoni-girorik, bakartasun soilenean trikuaren gisa bilduta, baranokoetara itsu ta gor dagoen gogo-zakarraren baitan. Gizarte-humanismua besterik da. Zentzuadarrak erne ta biotz-ateak ere landakoetara zabal bear ditu, andik ialki giza-asmo ta ustekizunak iker eta azta ondoren onez atosteko.

        Humanismu orren eragiñera, ain zuzen, gure aldiskari au iaio zitzaigun. Bere zantzu-adarrak beti ere eduki ditu euskotarren artean zoritu adimen frutuak bere mandio aratza, argitsu ta egurastuan biltzeko. Iragan urteetan antxe ari izan gaituzu idazlerik asko gere asmoak irualtzen. Antxe, iñungo oztopo eta trabarik gabe, burulanari dagozkion sail ugari ukitu ditugu, eta "Gernika"k opa zitekean uztarik bikañena egin digu Iparagirre zanaren arako itz aipagarrien babesean: "eman ta zabal zazu munduan frutua".

        Sail ortan zabaltasunik eta zailutasunik aundiena ere erakutsi dizkigu, gure artean ain ditugun adimen zabaltasun eta zailutasuna. Ez noski aburu-bakarpean guztiak menperatuz, baizik eta bakoitzari bere buru eta gogoetaen askatasun edatuena emanik.

        Eta askatasun onek, buru-tximur aunitz mindu edo eskandalizatu omen ditu. Zer uste dute gogo-aketxok, beren bulkoak direla aintzat artzekoak soilik? ... Ez, enetxoak: zuen doktrina miragarri oriek, naiz eta miragarrienak izan, ez dira ikut-eziñak. Lurbira ontan ez dago ikut-eziñik; giza-burmuinak landara egotzi teori garaienak ere, azta, eztabaikatu eta iñarrostekoak dira. Beraz ...ez zaiteztela, buru-ertsiok, "Gernika"k egin digun lan ederraz eskandalizatu. Zuen buru neurriaren ariora ari izan balitz, aspaldi iro ta ustelduko zen, zuen argontziak itzala baizik ez baitario.

        Zabaltasunak soilik ekar ditzazke elkartasuna eta anaitasuna. Anaitasun ori beste ezer baño gurago izan du "Gernika"k: "Zearkarik gabe anaitasun garbi ta zintzotasunaren gibel ta zintzotasunaren gibel yoanen gara beti gure euskara orrela bizkortuko dugu-ta, eta gure Euskalarriaren izen goragarria aintzatuko" ("Gernika" 20-zenbakian).

        Etsai txikirik —eta ertsirik, esango nuke— ez omen. Aipatu gizontxoen propaganda zitala dala bide askatasun ederrenean erne anaitasun ori ondatu nai izan digute, eta beren xedea iristeko gure aldizkariaren eriotza ere bide makurrenez iritxi nai izan dute. Gure zuzendari maiteak zer esanik aski izango ditu, nunbait, gai oni buruz.

        Egia esan, penaz iakin dut "Gernika" urte onekin iltzera doala. Atsekabez, gure zuzi argiena akitzera dioakigula. Minez euskaldunok gere adimen-armak zorroztu ta erabiltzeko izan dugun gudu-zelai bikaiñena, ondatzer dagoela.

        Itzaltze onek beste Gernika dakartik gomutara. Ua gure etsaiek erre eta kixkali ziguten. Deitoragarria benetan, ala ere arerioen eskuz bete zan erailketa ura. Gure "Gernika" onen erioa are deitoragarriagoa deritzat, senide tarteko erailketa bar izaki. Etsaiek arrizko Gernika suntzi ziguten, eta anaiek gogozko "Gernika" au suntzi nai digute. Ez ote negargarria? Gure artean sortzen diran aldiskariekiko gorrotoak erretzen ez gaituenean, axolakabekeri ustelenak behintzat pitzatzen gaitu. Axolagabekeri au gure erriaren eritasunik larriena duzute izan ere. Kulturakiko axolagabe, izkerakiko axolagabe, labur esan, gure erriaren gogo-aurrerapenerako diran guztietan nagi eta alper. Nagikeri, gogo-alperkeri orrexek gure erriari lotsa ere galduaziko dio, auleriz irotuko du, eta erri lotsagalduak, auleriz iroak, betiko ondatu oi dira.

        Ez nuke nai "Gernika" iltzerik. Ez, bizitza luzeena opa diot. Gure gogoetan kultur-miña, euskal-miña beti ere bizi ta bizkor daramagunok bederik elkartu gaitezen, euskal lotsagabeak sortu basamortu elkor onen erdian gure "Gernika" eta Euskalerri osoa ere sekulako galdu ez ditezen.

 

Paris'en, 1953-VIII-25.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.