L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Kandela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Kandela-10 (1984-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal literatur aldizkarigintzaz
Pott eta Susaren inguruan

 

Manu Lopez

 

        Jenerala hil baino hilabete eskas batzu lehenago, gerrea osteko euskal literaturaren iparrorratza gorderik zeukan gizonak, Gabriel Arestik, utzi gintuen. Berari bizkarreratu zitzaion lana ez zen batere erreza baina halaz ere aurrera eramaten ari zen poesia sozialaren hildotik, egoera oso konkretu batetan kokaturik.

         Arestiren heriotzari, denbora gutxiren buruan gertaturiko baldintza politikoen aldaketa gaineratzen badiogu, euskal literaturan hutsunea ezezik, nahastea sortu zela argi ikus dezakegu. Aldaketa gehiago izan ziren, haien artean garrantzizkoa izan zen bat, hots, momentu honetan argitaletxeek indarra hartzen dute eta enpresa erara hasten dira funtzionatzen. Honek inportantzia handia dauka euskal liburugintzaren normalkuntza kapitalistaren aldetik.

        Desorientatze ideologikoa batetik, figura aglutinakorren eza bestetik, Arestiren mitoa birpizteko saialdiak... Egoera ilun honetan POTT taldea eratzen da Bilbon, 1977.an POTT literatur aldizkariaren lehenengo zenbakia kaleratuz. Taldearen hasierako planteamenduak argi ikusten ez badira ere, ez dutela proposatzen, Euskal Herriaren proiektuari buruzko daturik ez direla zuzenki ematen esan dezakegu, eta nabaria da, ordea, espresakera libreagoak bilatzeko duten joera, hizkera arruntetik hurbil.

        Taldearen bigarren ezaugarria, literatura ohizko balore moraleen hizkeraren eten edo transgresiotzat hartzea da. Helburu hau betetzeko euskara batua onartu behar izan dute, araurik gabe etenik ez dagoelako.

        Hirugarren ezaugarri bezala, Arestiren azken urteetako jarrera kritikoari, Euskaltzaindiari dagokionean, jarraipena ematen diote.

        «...kritikak beti gauza berberak errepikatzen ditu behin eta berriro, no nos moveran, no nos moveran, junto a Euskaltzaindia en la Erribera, bai euskarari, biba Villasante...» (POTT bandaren BRAGA, 5. o.)

        Nabaria denez, osagai lehergarriegiak berehalako erantzunik ez jasotzeko. Ezpata altxatzen duenetako bat Xabier Kintana da «Nazioarteko Ipuinak» bere liburuaren hitzaurrean:

        «...Zenbait idazlek, gainera, hori gazteen usarioa dela eta, lexiko barbaro eta joskera aberranteenak beregana eta liburuetaratu dituzte haiei literatur onespen eta kontsakrazioa emanik nolabait (...) gure Herria hain dependentzi egoera umiliagarrira ekarri duen politika genozida bera ere ontzat ematen dute inkontzienteki. (...) Tamala da, bai, oso tamala, oraindik eskribatzen ere ikasi ez duten batzu idaztera nola ausartzen diren ikustea. (...) Gure literaturak oraindik funtziorik baldin badu (...) hori gure jendeagan, obraren mami-azalen interesagatik euskaraz irakurtzeko ohitura bultzatu eta zaletasuna sendotzea da. (...) Alferrik ditugu estilozko abanguardismo guztiak helburu horretatik urruntzen gaituztenean, literatur korronte berrienetan erabat murgildurik badaude ere, hori, zoritxarrez oraino gure mundua ez baita.» (X. KINTANA. «Nazioarteko ipuinak». 7, 8, 9, oo.)

        Erabat berritzen ari den literatur kontzepzio horretan, argot hiritar baten beharra ikusten da, besteak beste:

        «...Euskarak ez du presentzia handirik literaturan, eta ondorioz, ez dago apenas tradiziorik alor horretan, esan nahi da, hizkuntza «birjin» bat dela, zeina idazleak ia asmatu egin beharra duen lanean jartzen den bakoitzean...» (POTT bandaren BRAGA, 6. o.)

        Maila honetan ematen den berrikuntza izugarria da artikuluetan nahiz aldizkarian ateratzen duten hiztegitxoan. Bernardo Atxagak adierazi duenez, honi dagokionean ez da zaila berritzea, oztopo bakarra gizarte presioa erakunde ofizialetan haragiztuta dugularik. Zailagoa da, ordea, komunikaziorako behar diren hainbat eta hainbat erregistro sortzearen lana. Horretarako inguruko erderetara jotzen dute behar duten adierazkortasun maila lortzeko:

        «Buon natale per tuti»

        «Luigi Anselmi: figlio di un cane»

        Hauexek dira aurki daitezkeen izenburuetako batzu. Halaber, gaztelaniazko artikuluak ere onartzen eta idazten dituzte aidizkarian, beharbada Kintanak aipatzen zuen egoeragatik edo agian honegatik:

        «Entzun dugunez espainolista hutsak dira, eta hori dela eta ia euskara hutsean iharduko omen dute.» (POTT bandaren BRAGA, 2.o.)

        Gaiei dagokienean, gabezia nabaria ikusten dute bandakoek: 1975. urte arte ez zegoen «intertextualidaderik» euskal literaturan. Hau dela eta gaiek Euskal Herritik alde egiten dute beste tradizio literarioen aberastasunaren bila. Honela, bandakoengan ingelesen eta erteuroparren eraginak agertzen dira.

        Jenero desberdinez aritzen dira: ipuina, poesia, kritika eta itzulpena, azken honi nahiko garrantzia ematen diotelarik.

        POTT bandakoek sei zenbaki kaleratu zituzten 1977 eta 1980 bitartean: «POTT bandaren berriemalea», «POTT bandaren blaga», «POTT bandaren braga», «POTT bandaren praka», «POTT bandaren plaga» eta «POTT tropikala».

        Kritikaren erantzuna harridura eta ustegabekoa izan zen: POTT klasifikaezina zen.

        Ez dut uste guzti hori pertsona bakar baten eskutik posible zatekeenik. Ez ditut ia izenik aipatu arrazoi bategatik: lan guzti horren buru ageririk ez baita izan. Bitartekoak mezua baldintzatzen duenez gero, meritua POTT aldizkariarena izan da. Meritu literarioa, inola ez ekonomikoa, dena esan behar.

        POTT desagertu eta SUSAren «boom»ak eman zion jarraipena, neurri batetan, bandakoen lanari. Oraingoan Donostian, letren fakultateko zenbait jendek aterata eta bultzatuta. Fakultatearekiko lokarria ahulduz doa eta bigarren zenbakirako apurtu da.

        Egoera askoz ere definituagoa da: politikaren arloan, Autonomi Estatutoa eman zaio Euskal Herriko hiru probintziari; euskal kulturaren arloan literatur sariketak ugarituz eta sendotuz doaz, Euskal Herriko Unibertsitatea errealitate bat da (nahiz eta tristea), eta liburugintza dexente handitu da, argitaletxeak honen merkaturatzearen jaun eta jabe direlarik.

        SUSA, literaturari dagokionean ortodoxoagoa da POTT baino: egituraketa finkoak agertzen dira (elkarrizketak, ipuin sarituak). Ortodoxia hori zortzigarren zenbakian apurtzen da nolabait «SUSAberotikoa»rekin eta 10-11.ean.

        SUSAren literatur moldeak hizkuntzaren lantze sakon batetik ibiltzen badira ere (ipuin borobilduak, itzulpen landuak, e.a.) ezaugarri nagusia da literatura hori sistiman sartuta egotea.

        Testuinguru honetan SUSA zirkuito komertzialetan murgiltzeko plataforma bezala agertzen zaigu:

        «Aspergarria da askotan, baina, inguruko jende mordo bat idaztera, edota, beren gauzak argitaratzera bultza dugunean, pozik sentitzen gara SUSA kalean ikusirik». (SUSA 6, 2. o.)

        Susakideek beren arteko bilerak egitea zaila delako kezka behin eta berriro azaltzen digute. Aldizkariaren nukleoa bileretan datzala dirudi, eztabaidarik gabe ez dagoela-fruiturik, dialektikarik gabe ez dagoela aurrerapenik:

        «Presaka eta korrika; bildu nahi eta ezin (...) Ezin patxaran eseri eta, hi, nik hau irakurri diat eta zera iruditu zaidak, esan.» (SUSA 6, 2. o.)

        Hamaika ale kaleratu dituzte Susakoek; izenbururik gabe, zenbaturik besterik gabe. Bertan POTTek eragindako kutsu formalen bat aurki daiteke:

        POTTa seme, POTTencia, POTTero

        SUSAraz, SUSAl Herria, SUSAna

        POTTekoek artikuluak sinatzen ez bazituzten ere, SUSAn ia danak agertzen dira sinadurarekin. Anonimatoa desagertzen da eta aldizkaria helburu bat baino gehiago bitartekoa da:

        «Gero eta indartsuagoak gara; gero eta trebeagoak... Laster nobelak idazteko gai izango gara. Eta ez nobelak bakarrik, baita poesia eta antzerkia ere. Azpiliteratura, ezliteratura, sasiliteratura, eta plastiliteratura ere gure eskuetan eta eskuetako hatzpuntetan irakin daude.» (SUSA 7, 3. o.)

        Ez dirudi SUSAkoentzat egoera soziala salagarria denik: bere baitan ez dago eritzi artikulurik. Haien usteak ezagutzeko daukagun bide bakarra «sarrera» izaten da. Hauetako batean haien nahi eta ezina azaltzen da. Behartuta ikusten dituzte beren buruak «eskritore» berriak plazaratzera. Badirudi horixe dela oraingo helburua.

        Ipuinak dira nagusi SUSAn: ipuin fantastikoak. Zentzu honetan euskal literaturaren gaurko egoeraren islada garbia dugu: poesiaren sasoia joan da eta nobelarantzako pausoa ematen ari da. (7. SUSA ipuin sarituei dedikatua dago).

        Elkarrizketak ere agertzen dira SUSAn: Krutwig-ekin 1.an, K. Izagirre-rekin 2.ean, J.A. Arrieta-rekin 3ean, J. Azurmendi-rekin 4.ean, B. Atxaga-rekin 5.ean, P. Sastre-rekin 9.ean eta J. Kortazar-ekin 10-11.ean.

        Itzulpenak badu bere lekua. Oso itzulpen landuak eta originalak aurki daitezke.

        Literatur kritika artikuluak ere badaude, batez ere hasierako zenbakietan.

        Inportantea da 7. SUSAn iragartzen den pausoa eta 9.ean burututzat ematen dena:

        «Serioa da SUSAk orain eman duen pausoa, SUSA liburu saila argitaratzea alegia. Hau bai dela serioa. Liburugintzan fenizioak eta judioak nagusi diren herrian poesia eta antzeko bitxikeriak trafikatzea.» (SUSA 9, 3. o.)

        Orain ez dugu dudarik SUSAren jokabideaz: argitaletxeen monopolioa apurtu nahiean, abenturarantz abiatu dira: dagoeneko 5 liburu argitaratu dituzte SUSA liburu sailean; beraz SUSAk bide alternatiboa izan nahi du honen aldetik.

        Aldizkariak bere betebeharra burutu baldin badu, SUSA aldizkariaren hilzoriaren aurrean gaude. Hala ere, badaude 10-11.ean SUSA aldizkaria mantenduko delako ezaugarriak. Honetan eta gehiegi sakondu gabe sail berriak dira aipatzekoak (komikia, literatoen hiztegia - POTT antzera), eta batez ere agertzen diren egoera kulturalaren kritika zorrotzak.

        Gainbegirada honen ondorioz zera esan dezakegu euskal literatur aldizkarigintzaz: talde lanak aurrerapauso izugarria suposatzen duela literaturaren historian. Literaturaren teoriez eta arazoez aritzeak mota bateko koherentzia ematen dio taldeari, berritzeko ahalmena. Erromantizismotik arrastaka datorkigun literaturaren kontzepzio indibiduaiista ez dela behar-beharrezkoa erakusten digu talde literarioak. Honetaz, J. Landak «EGIN» egunkarian zera dio:

        «...horrezaz gain, iruditzen zait ez dela beste munduko obserbazio-ahalmen izugarri euki behar konturatzeko azken aldi honetan liburuak eragingarri edota erakusgarri izateko ahalmen ia guztia galdu duela (nahiz eta lehen baino irakurle gehiago egon), eta azken bizpahiru urteetan hutsune hori nork beteko zuen auzi kritikoena izan bada ere, oraingoan badirudi panorama berri bat ikustatu ahal dela errebista literarioen eskutik.» (EGIN, 83/12/17.an)

        Baina Landak ongi esandakoa ez da bakarrik azken bizpahiru urteetan gertatu, askozere lehenago baizik.

        Jarraipenik izango duela, dudarik ez dago. Literatur aldizkarien zeregina autonomikoki planteiatzea jende askoren eskura dago.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.