Irakurleekin mintzo
Pentsatuta genuen sail honen tituloa. Bigarren zenbakia arte behintzat erabiltzea ez genuen espero, baino. Hala ere guttun hau heldu eta ongi iruditu zaigu argitaratzea. Hona hemen, beraz.
Euskaldun zahar-berririk ez
Euskaldun gazte bat
Aukera gutxi izaten du euskaldunak pentsatzen duena esateko. Horregatik eskutitz honek argia ikus zezakeela jakin dudanean ekin diot idazteari ene eritziak interesgarriak izaten ahal direla pentsatuz. Eta interesgarriak ez badira, berdin da, ixilik ezin baitut gelditu.
Ni Iruñekoa naiz, bertan bizi ez banaiz ere, beraz "euskaldun berri" naiz. Orain Eusko Ikaskuntzak eratu duen "Gramatika Sakonketa" izeneko ikastarora joaten naiz. Edo behintzat lehenbiziko egunean joan nintzen. Hor ikusi nituen jarrerak, entzun nituen komentarioak etabar soportatzeko zailak izan zitzaizkidan.
Hor zegoen, alde batetik, Txillardegi hitanoari buruz hitzegiten, eta beste aldean Nafar bazter guztietako "euskaldun zahar" zenbait "euskaldun berri"rekin batera. Momentu batean, "euskaldun zahar"en eritziak ez zetozen bat Txillardegik esaten zituenekin. Eta hasi zen betiko eztabaida etengabea; bat altxatu eta "nere herrian aita etorri dukela esaten da" esaten zuen. Beste batek "nere herrian, dekela". Beste batek "nere herrian zitxian eta ez zuan, zian edo huen". Eta horrela jo eta ke geratu gabe.
Nik ulertzen dut euskaldun zaharrei euskara "berri batua" pittin bat arrotza gerta dakien. Baina "euskaldun zahar" batek (eman dezagun Ultzamako, Baztango edo zer esanik ez Saraitzukoa) "hau hola esaten da" dioenean, nik honako galdera hauek egingo nizkioke: Zure herrian hori esaten da? bai? Zenbat jendek? Zenbat aldiz egun batean, esaterako? Zeri buruz hitzegiten? Zer egin du Nafarroak Nafarroa euskaldunaz ari naiz euskararekin? Galdu, besterik ez. Eta salbuespen ohoragarri bezain gutxi batzu kenduz, hau egia da "en todo el territorio foral".
"Bai esango didate baino Frankoren garaian badakizu". Berdin zait, hau ez da Frankoren garaia eta orain baztandarrek ez dute euskara eskolan sartu nahi, "euskaldun berri"ok "bitxo arraro"tzat hartzen gaituzte toki askotan, etabar etabar etabar. Beraz, Frankorenak ez du balio.
Nik zera hau esango nuke: ez dudala "euskaldun zahar" eta "berri"en arteko zatiketa onartzen eta bi hitz berri proposatzen ditut: "euskaldun zaharra" berrogei urte baino gehiago duenarentzako, eta "euskaldun gazte" adin hori baino gutxiago duenarentzako.
|