L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-2 (1984) —Hurrengo artikulua




 

 

"Argia"ren faktura

 

Kapi

 

        Compañia kaleko Arturo Campionen denborak dakarzkit burutara Zeruko Argiaz oroitzeak. Mikel Bujandak arpidetza txartelak klasez klase eskaintzen zitueneko denborak. Ez "Anaitasuna" bezain dotore baina asterokoa izateak ematen zion frexkotasunaren abaintailaz, gustora eskuratzen genuen astero nonbaiteko zerutik zetorkigun hura. Inongo komunikabidetan aurkitzen ez genituen berriak hantxe genituen guretzat ezinustezko argitasun ta ausardiaz. Hori erratean trantsizio politikoaren garai aldebres hartako presoei buruzko informazioaz oroitzen naiz momentu honetan. Geroztik eta gaur arte makina bat astez enzerratu dute gure atariko buzonean aldizkari ausarta.

        Bainan guk ezagutu ordurako ba zan urte mordoxka Zeruko munduratuz geroztik. Gu Elkapitantruenorenak eta irakurtzen hasi baino lehenagotik, hortik atera kontuak! 1.919.eko urtarrilaren 1.a du abiapuntu, Iruñeko kaputzinoen aitago errekonozituari esker, oraindik San Pedroko konbentuan "gerra" ematen ari den Aita Damaso Intza zuzendari zelarik. Garai haietan hilabeterokoa zen eta erlijio gaiak arrotzen zituen gehien bat, idazleak ere kaputxinoak izanik. 1.936-an hasi zen gerrak ixildu zuen, bertze hainbertzerena bezalaxe, aldizkari-nafar honen ahotsa.

        Kosta zitzaion berriz ere martxan hastea, bainan bere pausoak segituz berraurkituko dugu. 1.954.tik 1.958 arte eta 1.959-1.960.etan itzali eta pizten diren izarren gisara bizi nahi eta ezinezko borroka latzean sumatzen dugu.

        Hiru urte beranduago ordea, 1.963.ean, plateamendu berriek lortzen dute behar hainako indarra biltzea, aldizkariari gaur egun arteko bulkada definitiboa emateko. Bi berrikuntza ezin inportanteago: Zeruko Argia astekari bihurtzen da, eta aldizkari irekia izanen da (nahiz eta orain dela gutti arte kaputxinoak jabe izaten jarraitu), idazle eta gai gehienak ez-erlijiosoak izanik.

        Azkeneko garai honetan ekipo aunitzek hartu du parte. Erreleboka, batzuk utzi eta bertzek hartu, hortxe iraun du bizirik. Bertan trebatu dira gure idazle arbilore gehienak. Gai zerrenda eta aldizkariaren enfoke nagusiak ez dira beti berberak izan. Bertzalde orain dela lau urte "Zeruko Argia" ARGIA bihurtzen da, eta kaputxinoen eskutatik langileen eskutara pasatzen da jabetza, Zeruko Argia deritzan kooperatiba berria sortuz.

        Historia datu hauek Urtarrilaren 15eko fetxarekin argitaraturiko 1000. aletik hartu ditut. Xehetasun gehiago jakin nahi lukeenak badaki, beraz, nora jo. Bertatik bertzeren artean, jakin ahal izan dugu euskaldun alfabetatuon 9-k jasotzen dugula aldizkaria ("Interviu", konparaziorako, alfabetatuen 0,042-k erosten dutelarik). Gipuzkoarrak direla gehien bat erosten dutenak, harpidedunen 59,3-k, nafarrak % 5,7 izanik, bainan hiztunen arauera Araba dela mediarik altuena ematen duena, mila hiztunetatik hemeretzi harpidedun, nafarroako lauen aldean. Eta antzeko gauza interesgarri gehiago.

        Azkeneko ekipo honek bere ekilibrioak deskribitzen dizkigu ale berean: Zeruko Argiaren zor garbiketa, kooperatiba bihurtzea, oraindik berdin dirauen militantismo eskergaitza, erakundeengandiko deskonfiantza, etabar luzea. Oro har astero hain majo ateratzen den aldizkariaren historio izkutu apasionatua, lige ta maitaleak, frakasoak, despedidak, "gero arte"ak... Urteekin eboluzionatu eta itxurmamialdatu dena. Bizi ahal izateko, begien biztan beti erakargarri izan ahal izateko, makillaje, kolonia, keinu sujerenteak eta batez ere sekulako ilusioa (eta morala) eduki behar izan duen aldizkari zahar balientea.

        Bukatzeko erran dezadan 1000. ale honetako stripteasean, neska politaren historio iluna kontatzen zaigunean, eta bizpahiru malko lodi izuri ondoren, bere egoeraren oraindiko kolokatasuna aipatzen zaigula. Eta horretara dator nere gaurko solas jario hau. Argia astekari euskaldun, nazional bakarra delako, bainan batez ere sinpatiko eta ezin temosoagoa delako, korrokero guziei eta zuen inguruko usai txarreko fauna kuttunari pasatzen dizuet, Argiaren izenean, hirutan hogeitalau urte eta mila eta hirurehun aletako Argiaren faktura.

        Harpide zaitez, ze- korrok!- arraio!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.