Rincon Poetazale
Xabier Lete
Sinesten dut
egun batetan hilen naizela
hutsean eroria
ezerezean amildua
hauts bihurtuko naizela.
Sinesten dut
hartuko nauen lur hortatik
landare berriak,
sortuko direla,
landaretatik zuhaitzak
zuhaitzetatik loreak
loreetatik fruituak,
fruituetatik
gizonak eta abereak
bazkatuko direla.
Sinesten dut
izaki guzien aldakuntza
etengabea dela:
itxuraldatxe zakon batek berbihurtzen gaituela
eta izatetik izatera
atsedenik gabeko mugimenduak
garamatzila.
Edertasunaren neurri bakarrean
finkatua
bizi behar dugulako
sinesten dut
gainerako neurri guztiak
gezurrezko direla.
Sinesten dut
bai
egun batetan hilen naizela
hutsean eroria
ezerezean amildua
hauts bihurtuko naizela.
|