L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-2 (1984) —Hurrengo artikulua




 

 

Sarrionaindia-ren xarma ezkutua

 

Kakabeltz

 

        Bere azken liburua duela gutxi kaleratu dela eta momentua hagitz ona zela idazle honi buruzko zenbait nota idazteko iruditu zaigu.

        Joseba Sarrionaindia Durangon jaio zen. Euskarazko irakaslea, euskal fioólogiako ikaslea Deuston, fonetika irakaslea Bergarako UNED-en eta Udako Euskal Unibertsitatean.

        Bere idazlanak, literaturari eta zineari buruzkoak batez ere, Zeruko Argian, Anaitasunan, Jakinen, Oh Euzkadin eta Eginen argitaratu dira. Pott eta Ibaizabal aldizkarien fundatzaileetarikoa da.

        1.980 urtean (gartzelan sartu zuten urtean) hiru literatur sari irabazi zituen: "IXgarren Ignacio Aldekoa", "I Ciudad de Bilbao" eta "VIgarren R.M. Azkue". Lehendabiziko biak "Maggi indazu kamamila" eta "Enperadore eroa" ipuinez eta hirugarrena "Izuen Gordelekuetan Barrena" olerki bildumaz.

        Lana itzela, dudarik ez dago, 25 urte besterik ez duela kontutan hartzen badugu.

        Bere azkeneko liburuak, "Narrazioak" hain zuzen ere, arrakasta handia izan omen du eta dexente saltzen ari da libreroek esaten dutena egia bada. Liburuak hamar ipuin motz dakartza; lehena, ariketa literario interesgarri bat, bigarrena zorigaiztoko patu baten seinalez beteta, hirugarrenak poesia eta edertasunaren egarriaz ase utzi gaitu, laugarrenak ustekabean harrapatu, bosgarrenak Faulkner gogora ekar erazi, seigarrenak goibeldu, zazpigarrenak aztoratu, zortzigarrenak egoera historiko baten aurrean ezarri, bederatzigarrenak "Bazterrekoak" burura ekarri eta hamargarrenak hunkitu gaitu.

        Aurreko parrafadak esan nahi du azken finean liburua gustagarria dela oso. Batzuk esan dute eta egia da estilo ezberdin asko ikusten dela ipuin hauen zehar, idazlea oraindikan saiatzen ari denaren erakusgarri, agian. Hau, beharbada heldutasuna faltaren marka izan liteke. Baino liburuak baditu gauza on asko. Adibidez, Josebak erakusten duen erreztasuna gauzak kontatzean. Eta, beste edozer baino gehiago, bere hitzei darien lirismoa, ipuinek sortzen duten giro geldo eta hunkigarri hura. Hori da ni neu betidanik gehien liluratu nauen gauza Josebaren narrazioan. Eta horregatik diot oraintxe bertan ditugun idazleen artean, Joseba dela gustu onaren idazlea, iradokizun edo sujerentziaren idazlea, erritmo astiroaren kontalaria, sorginkeriaren bideratzailea. Eta guzti hori zulo beltzetik atera gabe.

        Ez nuke artikulu hau bukatu nahi izango Argia astekarian publikatu zituen "Bazterrekoak" direlako hoiei buruz aipamen bat egin gabe. Horiek izan bait dira azken garaietan gustorago irakurri ditudan gauzak Aitorren hizkuntzan. Hor nahasten bait ziren, trebeki, umorea, ironia, gogoeta sakonak, jakinduria eta sentimendua kosmos berezi bezain atsegingarria osatuz.

        "Bazterrekoak" izeneko hoietan Sarrionaindiak lortu zuen maila ipuinak edo nobelak idaztean lor dezan egunean esaten ahal izango dugu, duda izpirik gabe, idazle handi baten aurrean gaudela.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.