Ez nian uste bizitza horren petrala zenik
Axular buruan, ibili munduan
La Señorita Francis
"Gizona delarik ordenatua, emaztearen iaun eta nabusi izaiteko, guztiarekin ere, amorio itsuak, haragiaren aphetitu desordenatuak..."
"Bale, love, hasi gaituk. Lehendabiziko orria hartu eta gogoa eskapo egiten zaik. Noiz azkatuko gaituk moral eta apaizkeri guzti hauen lotzakitik, noiz hautsi lokarri astun hauek..." pentsatzen zuen irakurleak. Liburuak segitzen zuen bere diskurtsoa, bakarrik hitzak izan dezaken mugiezintasun guztiahaldunaz:
"Entzun zuenean errege hark Semiramis haxen edertasunaren fama, kilikatu zen, gutiziatu zen: erakharri zuen: ikhusi zuen eta ikhusi zuen bezain fite, atzeman zen, sua piztu zen eta amorio bero itsu batez onhetsi zuen."
"Errege tonto gixajoa! Ez ote zuen, bada, makina bat amorante ohe ondoan izango?"
"Eta noiz, eta amorio hura bait zegoen goren pontuan, eta graduan, iduriturik ezen orduan zela okhasinorik eta paradarik hoberena nahi zuenaren egiteko, egin zioen emazte gaixtoak othoitz erregeri arren denbora apur batez, bortz egunez, eman ziazola bere zuen eskua, eta botherea, bitartean utz zezala erresuman manatzera..."
"Zer nolako astakeria! Emakumea, goxotasun guztien gordelekua, malko eta pena oroen kontrako babesa azeri maltzur baten gisa aurkezturik. Apaizen kontua, noski, horiek, emakumeari mendetako beldur aitorgaitza izan diotenak, emakumearengan beraien akats eta oker guztiak izpilaturik ikusi uste izan dutenak? A, zer nolako astakeria!"
"...eta are, berak, erregek, lehenik agur egin zioen: eta manatu zuen, biziaren penan, hurreneko bortz egunetan Semiramis hark manatzen zuen guztia egin zedila. Eta hain aitzina iragan zen egitekoa, non ikhusi zuenean emazte gaixtoak, nola zen obeditua, manatu baitzuen errege berari burua edeki ziazotela..."
"Baiapordios! Asike azkenean emakumeari ez zaio inolako kasurik egin behar munduko izakirik aluena baita. Baiapordios! Apaiz txerrikume horiek. Horiek bai urdeak, horiek!"
"Eta nik eztakit nola hartu zuen erregek egitekoa baiña berehala manua konplitu zen, eta trufan burlan, burua edeki zioten"
Consumatun est. Emakume maltzurrak akabatu du errege inozo, usakume gixajoa. No te jode!
"Eta gelditu zen Semiramis errege eta erregiña: eta errege itsua bere erresuma eta bizia galdurik desohorezki finatua. Ikusazu zer egiten duen emazteak, eta emaztetako amorio desordenatuak, nola gizona itsutzen duen"
Pffff. Panfleto elizkoiez arras aseturik, irakurleak uzten dio irakurtzeari. "Mende eta mendeak pasa dira, eta jantzi beltzezko jaun hauek etengabe bonbardeatu gaituzte, pulpitotik, periodikoetatik, konfesionarioetatik, hezi gaituzte, gure gurasoak eta gu, bihurtu digute bizitza aldapa amaigabe". Gisa hontako pentsakizunak bururatuz, gure irakurlea irteten da kalera. Euria ari du eta poliki doa Estafeta behera. Kaleko adokinek izpilatzen dute farolen argia. Giro hotza. Negua gogorra ari da izaten eta udaberria ez da oraindik susmatzen. Gure irakurleak hestutzen ditu hortzak eta bira pare bat ematen dio lepoko bufanda gorriari. Oraindikan ari da pentsatzen irakurri duenari buruz. Ahopeka irainak dizkio apaizgo guztiaren kontra. Emakumeari buruz irakurritako guztiak mina sentierazi dio, hura berau iraindutako emakume bat bailitzan. "Izaki bizikor, guztien artean maitagarriena haiz, oh emakume! pentsatzen du tabernaren atea bultzatzen duenean Nik maite zaituztet, oi emakumeak!".
Barruan zenbait jende mahaietan eserita dago. Tabernak ez du argi askorik, musikak hots egiten du, ez oso altua, "Blues" bero eta sentikor bat espazio hutsean galtzen da, arroitu handirik egin gabe, intimoki. Hitz egiteko leku aproposa. Gure irakurlea zuzen doa mahai batera. Hor beste bi mutil eta neska bat daude. Bere lagunak dira. Mutil betaurrekodun bat, bestea biboteduna. Neska adats kizkur eta luzea. Hiruek serio ematen dute. Gainera irakurlea iristerakoan isildu egin dira. Penaz edo begiratzen diote, agian. Baina gure irakurlea ez da konturatzen. Bere barruko gogoetek ez diote beste gainerako guztia ikusten uzten.. Bala baten abiaduraz eseritzen da, kentzen du txamarra. Eskuz keinu bat eginez edaria eskatzen du. Eta lehenbiziko momenturik hitz egiten du etengabe.
Arratsalde osoa eman dut Axular aztertzen. Egia diot, sines iezaidazue, liburu honek esaten duenaren kontrakoa gidaritzat hartuz bilatuko duzue bizitzan zehar ibiltzeko argia. Eta ez duk hori txarrena. Txarrena herri honetan milaka eta milaka urtez apaizei men egin dugula da.
Lagun betaurrekodunak ixil erazi nahi du, eta horren kariaz hitz egitera doa.
Hombre, ez duk hainbesterako izango. Gainera...
Baina irakurleak ez du kontrako abururik ametitzen.
Ez dela hainbesterako? Hik badakik zer egin zian Sarako literatur eskola edo tertulia horrek Pierre de Lancre laburtar jendea erretzera joan zenean? Ezer ez! Ixildu! Pentsa, bi mila foliotako liburua idatzi moralari buruz, entenditzen, moralari buruz, eta ez hitz bat esan Pierre de Lancre erahiltzaile itsusi horren kontra. Badakik zer izen duen halako jarrera, eh? Hipokresia, H-I-P-O-K-R-E-S-I-A! Eta hori huen gure literato fenomeno hura, ez besterik. Hipokrita hutsa.
Lagunek ulertu dute ez dela posible gure irakurle ixil eraztea. Gure irakurlea, bestalde baditu bere ahalmen eta sentsu guztiak paratuak esaten dituen hitzetan. Besteen ixiltasunak, gainera, bere hitzen egokitasuna, indarra eta komenigarritasuna adierazten ditu. Edo hala uste du berak. Horregatik orain, zerbeza erdia eranda, teatro ari da egiten.
Pentsa ezazue. Laburdin, orain dela hirurehun urte. Euskaldun baserritar ezjakin eta inkulto alde batetik. Bostpasei listillo, Axular buru delarik, beste aldetik. Guztiak apaizak, jakina. Ta hasten duk sekulako buru-jamada; Jaungoikoa hemen, Jaungoikoa han, Jaungoikoa hor, dana boteredunei artalde ongi domestikatua emate arren. Listillo horiek etxe eder batean tertulia egiten eta herria zuloetan betiko ohiturei eutsiz. Ez omen da aski listillo hauen lana ta ekartzen dute hiltzaile bat, Pierre de Landre. Ta 300 tipo sutan erreta, aizak. Ta geuk gainera omendu egiten diagu alu hori.
Irakurleak mugitzen ditu eskuak airean, eskubitara eta eskerratara, gora ta behera. Bere hitz jarioak ez omen du bukaerarik.
Bai, bai, bai, esango didazue, baina oso idazle ona huen. Eta zer? Idazle ona izateak hainbesterako inportantzia al dik? Idazle ona izateak justifikatzen al dik erokeri izugarri horren lekuko izatea eskurik ere mugitu gabe? Idazle ona! Eta zenbat kalte egin diate apaiz horiek? Euskararen salbatzaileak direla ta, hondatu egin diate euskara, ez besterik. Haiei esker euskarak ez dik balio gaurregungo eztabaidetan aritzeko. Euskarak ez dik balio sexu harremanetarako, ez mende hontan edozein pertsona normalak nahi ta nahiez egin behar duen edozein rollo arruntetarako. Eta badakizue zeinek diren errudun? Apaizak! Axular lehena. Urteak eta urteak entzuten gorde egin dutela euskara. Eta zertarako? Utzi dute gure hizkuntza bakarrikan sermoiak botatzeko balio duelarik. Hauxe eskertzekoa!
Irakurlearen lagunak urduri daude. Neska hasi da ipurdia mugitzen, jo ta ke, alde batetik bestera. Ez du gure irakurle-hizlari zuzen zuzen begiratu nahi, zapaira zuzentzen du begirada. Biboteduna ez da mugitzen eta ezkozko aurpegiaz so egiten dio aurreko ormari. Betaurrekoduna saiatzen da gure protagonista baretzen, baina alferrik.
Gure irakurleak, ordea, interpretatzen ditu gaizki keinu horiek. Uste du bere hitzen zuzentasunak sor erazi duela bere lagunengan nabaritzen den urduritasuna eta indarrez beteta sentitzen da, gauza bakoitza bere lekuan, puntu bakoitza behar den "I" gainean ezartzen duen justizieroaren antzera, "El guerrero del antifaz", "Superman", "Oppalong Cassydy", guztiak batera ditu beregan. Orduan azkeneko parrafada hasten du. Jendea entera dadin. Lagunek elkarri begiratzen diote. Tipo horrek ez du erremediorik.
Eta gero emakumea. Trapuzahar hutsa. Inpotente horiek bai, inpotente, apaiz horiei ez bait zaie orratza sei t'erdietatik inoiz mugitzen sartu digute emakumearekiko beldurra, izu sakona, seina gainditzeko litroka ta litroka pattarra edan behar bait dugu, gibela erabat hondatuz. Eta dana haien ezgaitasuna dela kausa, haien baldarkeria emakumeen instintoak epaitzerakoan, ezen neska baten edozein burutapenean lizunkeria, maltzurkeria eta azpijokoa ez baidute besterik kausitzen, okerra, problema, arazoa beraien garunetan dagoela konprenitu ezinik.
Gure irakurle sutsua, hau esanda, pentsakor gelditzen da bi segunduz. Badirudi baretu egin dela apur bat eta beste gogoeta batzu datozkiola burura. Mattalen, berarekin bizi den neskaz gogoratu da. Zita bat zuten eta iadanik hor egon behar zuen.
Por zierto esaten du zer dela eta ez duk oraindikan Mattalen agertu?
Falta zaiguna! Tipo hau erabat tonto duk, gero! esaten du ondoko neskak, bihotzetik ateratzen zaion garraxia ohiukatuz.
Bibotedunak mugitzen du burua esker-eskubitara, aurpegi gorrituaz. Betaurrekoduna zurbil zurbil dago, eta harexek hitz egiten du, abotsa dardarka:
Baino posible ote duk? Baina posible ote duk? Ez al dakik ezer? Ez al duk ezta susmorik ere? Baina ez al dakik gaur arratsaldean utzi zaituela, Marruekosera joan dela bizitzera azkeneko astesantuan ezagutu zian moru horrekin? Baina posible ote duk?
Gure irakurlea hori entzun eta erotu egin da, ezer entzuten, ikusten edo sentitzen ez duelarik. Mazo eskerga batez eramandako mailukada itzelak ez luke horrenbesterako minduko. Altxatu egin da, deus ere esan gabe ezin izango baitzuen, bestalde momentu horretan ez eta fitsik ere esan eta zialdokan, mozkorra bailitzan esker-eskubitara kordoka ibiliz, tabernatik atera da.
Lagunak oraindikan izuturik daude. Albiste txarra eman duena, betaurrekoak ile gainean eta begiak eskutartean duelarik "Joxe gixajoa, Joxe gixajoa" esaten du zurrumurrua bihurtu den abots goibelduaz.
Neskak, ordea, gogorki esan du:
Niri ez zaidak gaizki iruditzen Mattalenek egindakoa. Tipo hau pelma ikaragarria besterik ez zen.
|