Olasagarre Sanferminetan
Xabema
Azken urteko Sanferminetan Olasagarre Iruñera etorri zen, edo behintzat handik agertu zen. Badakizue nola egiten den urtero egun batetan feria eguna. Beno ba, joan den urtean ere egin zen. Olasagarre feria lekutik suertatu zen nolabait, ez dakit nahita edo halabeharrez izango ote zen. Burua, seguraski, berotsua hotza baino gehiago eta hala ere moldatu zen asto txiki bat erosteko. Hantxe ikusi ahal izan genuen Olasagarre jauna bere astakumearekin.
Baina nonbait azken eguneko marka, (Irurtzungoa alegia), hausteko intentzioarekin etorriko zen eta, orain jakingo dituzue Nafarroako hiriburuan egin zittuen komeriak.
Lehendabizi kaleetatik ibiltzera mugatu zen, asto eta guzti, baina beranduxeago, geltokiren batetan hiribus bat ikusi zuen eta barrera igo behar zuela sartu zitzaion buruan:
Bi txartel, mesedez! Erosi zittuen bileteak birentzako. Kostatu zitzaion nahiko astoa barruan sartzea baina, pentsa dezakezuenez, berak astoz ere izango zuen frango eta.
Jendearen artean batzu baziren begi onekin begiratzen zituztenak eta beste batzu txarrekin. Denetarik dago beti eta...
Gidariari grazi haundirik ez ziola egin suposatzen dut baina, azken finean, Sanferminetan zeuden ezkero... Egun horietan dena da zilegi.
Astotxoa nola joan zen hiribusean ez dakigu, zutik, eserita ala etzanda. Ez ta ere hizketan ala panorama begiztatzen... hau beste ezezagunen bat dugu.
Dena den, billabesan ibiltzeaz nekatu zirenean noiz edo noiz, jeitsi ziren nonbait. Non izan zen, ez galdetu...
Hala ba, segittu zuten ibiltzen ta ibiltzen Alde Zaharretik, zezen plaza inguruetatik, litxarreriak dauden kaleetatik, zaldikoetatik, eta abar luze batetik. Goxoki denda batera sartu ziren eta astoak zer egin behar zuen ba hezketarik ez zuenak?, salmahaiko goxoki eta pastel guztiak jan zittuen.
Ilunabar aldean, bat batean, Tres Reyes Hotel aurrean topatu zuen bere burua Olasagarre argiak eta zer egin behar ba barrura sartu baizik, asto erosi berriarekin beti, jakina.
Ni, Sanferminetan ere egun haietan, jende guztia bezala eta, logale ta nekez aurkitzen nintzen normala den bezala. Horregatik, oraindikan ez dakidana da nola sartu zen barrura, baina egia nabaria da sartu zela, nola edo hala barruraino; benetan zaila deritzot baina...
Sartu eta ez zuen gelditu behar horretantxe, edo atera besterik gabe, ez noski! Hurbildu ziren "bi" astotxoak mostradore batetaraino eta bihankadunak eskatu zuen:
Lau garagardo faborez! berehalaxe serbitu zieten eta.
Oan pozale bat ekarri mesedez!
Pertza eskuratu eta, asmatzen al duzue egin zutena? Ba, Olasagarrek edan zuen garagardo bat eta beste hirurak pozalera bota ondoren astoak irentsi zittuen.
Ez zuen esan gustatu ote zitzaion ala ez, baina nik esango nuke baietz edan zuen modu laisterrarengatik. Eta edan ondoren, jakina, pixarreka nonbait bota behar eta horretarako kaleratu ziren berriro gure parrandalariak.
Harresien aldean bota zuten zegokien pixarreka eta Antoniutti plazan dantzan leher egin ondoren Gazteluko Birara noratu ziren llollo egiteko. Beti soka batez eramaten zuen jabeak bere astakumea. Han zuhaitz eder baten azpia aukeratu eta lotan etzan ziren. Lotan gizona, noski; Astoak, bere nagusia lo somatu zuelarik, ihesari ekin zion eta inork ere ez du ezertxo jakin bere bukaeraz orain arte; bere burua aske ikusita, hanka! Hasieran eskuaz eusten zion Olasagarrek lokarriari baina loak hartu ondoren, zerekin? Ametsekin apika...
Goizean, esnatu zenean, lo majo egin ondoren, han ez zegoen astoaren aztarnarik ere ...Eta ez zekien zihurtasunez gertatutakoa egiazkoa zen ala Sanferminetan alkoholak eragindako amets nahasi bat.
OHARRA: Textu honek, beste batzuekin batera osatzen zuen aurtengo Xalbador Sarian bigarren postua jaso duen KATTU ZAHARRA izeneko lana.
|