Enzierroa "mon amour"
Eskypi Baik
Nafar ona izateko "hay que correr en el encierro" dio jota batek. Jota horren arabera ni ez nintzateke nafar ona izanen zeren eta ez baitut ene bizi guzian Iruñako entzierroan parte hartu. Bo, hobe errateko ia ene bizi guzian, orai bi urte partalier edo antzeko izan nintzelako. Nik ez dakit partaidetasun horrekin "nafar ona" izeneko mail horretara iritsi naizen hala eta guztiz ere ez zait axolarik. Halere proba egin genuen eta 1982ko Uztailaren hamabi hura benetan egun aipagarria eta gure efemerides pribatuan derrigorrez gorde eta oroitzekoa, hots, entzierroan korrika egin genuen. Gure lehen eta era berean gure azken entzierro zoragarria. Ez dakit nola, tirriak bultzaturik edo bortz minutu falta zirenean Santo Domingo kalean aurkitzen ginen lau lagun. Ez naiz oroitzen noiz hartu genuen erabakia, Antoniutti aldean edo alderdi politikoen barraketan izanen zen seguruaski. Balkoietako jendeari begiratzen nion, nik ere aldamenetik ikusten nituen entzierroak, emozionez beterik, bainan trankil eta lasai. Mozoek "a San Fermin pedimos" abestia kantatzeari ekiten diote eta denbora aurrera doanez Estafeta aldera goaz korrika egitera. Minutu bat bertzerik ez, ezin geldirik egon, bihotzak, danba-danba, bazirudien lehertu egin behar zuela. Urduritasunak ene barne guztia erasorik zuela PUM!, horra hor lehen kohetea, bigarrenak eztanda egin orduko hasiak ginen korrika egiten. Bainan bapatean beldurra deuseztu zen, urduritasuna desagertu eta hortxe goaz emeki eta poliki lehenengo Estafetatik gora. Lasai xamar goazelarik eta Estafeta erdia igaro ondoren lehen tiroia eta abiadura gero eta haundiagoa, hala ere ez zen zezenik ageri. Bainan Estafeta bukatzear dagoenean, baten batek "aizu, adar bat" oihu egin zuen, nik une horretan atzera begiratu baldin banuen ez dakit, bainan automatikoki eta zuzen zuzenez ahalik eta iauzi haundien eginez, buruz zur hesira bota ginen bi lagun eta hesia, ez dakit nondik, pastu ere egin genuen. Orduan, han zegoen udaltzain batek zera erran zigun "Mutikoak lasai, ezpaita oraindik zezenik etortzen". Zalantzarik gabe munizipal hori gure iauzi famatuaren testigu izan zen. Zutik jarri eta haren ondoan paratu ginen entzierroa ikusteko oraindik zurbil eta dardaraka. Zenbait segundutara zezenak igaro ziren. Mementu horretan ez nuela inoiz ene burua afera horietan sartuko zin egin nuen baina beharbada bertze probaren bat eginen dut, aurten ez, datorren urtean. Aurten, inoiz baino hobe erranda, zezenak aldamenetik ikusiko ditut pasatzen.
|