|  
              
               
 
 
Sortu da goizaldea
 
 
 
Joakin Balenzia
 
 
 
Baina eguzkia irteten ahaztu omen da 
 
lurralde honetan. 
 
Lainoa da jaun eta jabe. 
 
Mendia dago berak poseditua 
 
gaua laburregi egin zaion 
 
maitale batentzat antzeko.
 
 
 
         Besarkatzen ari dira behiak, 
 
zaldiak, akerrak, bildotsak 
 
mendiaren magalean, 
 
eta nik ez dakit non nagoen 
 
mordoilo horretan. 
 
Bikaina dela, baietz. Natura 
 
helezin eta gertua, estrainioa funtsean.
 
 
 
         Ez dut oroimen luzerik; 
 
zorionez ene nazka hasten da egunero 
 
mendiarekiko estaldura lainoak 
 
utzi behar izan ohi duelarik 
 
eta abereak ikusten dira belarra jaten. 
 
Bihotza okertzen da eguzkia desiratzen.
 
 
 
         Azkenik hodeiek mantentzen dute 
 
lurralde honetako liluratasun goibela 
 
eta euriak, erregina ugalkorra, 
 
indarren oreka zaila inposatzen. 
 
Nik ez dakit non nagoen 
 
gatazka honetan, 
 
baina ez dut gainditzen.
 
 
 
         Hemen belarraren gizakizko usainaz 
 
ohartu naiz beroaren hezetasunean zehar. 
 
Sartzen dizu ibiltzerakoan, 
 
lurrin ezti eta samina batera, 
 
emearena antzeko. 
 
Belardietako lamia, Natura, 
 
erakarkor eta beldurgarria.
 
 
 
              
              |