|  
              
               
 
 
Luzia Goñi: hamalau ofizio, hamabost mixeri
 
 
 
La Boina
 
 
 
        Arratsaldeko bostak izango ziren, Tirapu herrira hurbildu ginenean. Iruñatik 20 km.tara dagoen herri honetako tabernaren atarian utzi genuen kotxea. Haur batzu besterik ez ziren kalean ikusten. Tabernan sartu eta Luziarengatik galdetu genuenean, neskatxa batek (gero jakin genuen bere iloba zela) honen etxera eraman gintuen. Kotxea garbitzeari utzi ta irrifartsu etorri zitzaigun emakumea noizbait bertso kantari ikusi bagenuen ere, ez genuen elkar ezagutzen. Berehala sukaldera pasa eta oztoporik gabe hiru orduko solasaldari hasiera eman genion.
 
        Mahai gainea berak idatziriko bertsoaz beterik zegoen, ez zekien bertsoetatik aparte bere bizitzaz zenbait gauza jakin nahi genuela. Honela bere hitz jatorria magnetofoiaz jaso genuen.
 
         Aizarotzen jaio nintzen baina sei urte nituelarik Gartzaronera joan behar izan genuen, bizi ginen etxetik bidaldu gintuztelakoz. Aizarotzen historiaz bertso batzu idatzi nituen, hementxe dituzue:
 
 
 
                Aizarotz nere herri maiteari
 
 
 
                Basaburuak dauke erri bat 
 
                Ballean den txikiena 
 
                An jaio nitzan eta nai nuke 
 
                Goratu bere izena 
 
                Arrarasko eliz santuan 
 
                Artu nuen bataioa 
 
                Zazpi urtekin atera giñan 
 
                An dik famili osoa 
 
                Ango ixtoria esplikatzeko 
 
                Egingodut egiñ ala 
 
                Egia latza denak dakigu 
 
                Ez pentsa gezurra dala 
 
                Irua aberatsek erosi zuten 
 
                Ain maite giñun erria 
 
                Orduan ere dirua nausi 
 
                Agur pobre dan guzia 
 
                Olitxeako Silbestra izantzan 
 
                Lenbiziko juan zana 
 
                Gero Krixtobal eta Martinak 
 
                Errota uzteko pena
 
                Gure aitari saldu zioten
 
                Gartzaungoak lurra 
 
                Altzun bezala etxea egin 
 
                Antxe jatsotzun burua 
 
                Berrogeitalau urte dira 
 
                Egiña zen etxe dena 
 
                Gerra denboran jarri zioten 
 
                Judasen benta izena 
 
                Ara juan eta gu senideak 
 
                Ametsa etxe berrira 
 
                Bi nexka mutilbat giñan 
 
                LUIS, LORENTXA ETA LUXIA 
 
                Aita giñuen ferratzaila 
 
                Bai arotz jakintsua 
 
                BENITO GOÑ1 bere anaia 
 
                URA zen albaiteroa 
 
                ETXALEKUN AMA JAIO ZEN 
 
                Yabengo bentan azia 
 
                Irugeita amabos urtekin 
 
                Galdu bai gendun gaixoa 
 
                Aizaotzeri emandiot gaur 
 
                Oroittuaz asiera 
 
                Beste egun batez emango diot 
 
                Merezi dun akabera
 
         Konta zaiguzu nolakoa izan den zure gaztaroa. Gipuzkoan urte asko eman dituzula Iruñara etorri baino lehen jakin baitugu.
 
         Bai, Gipuzkoako leku askotan ibili nintzen neskame. Donostian, Errenderin, Eibarren eskondu nintzen arte. Nere eskontzaren pasadizoa kontatuko dizuet nahiko xelebrea izan baitzen: Errenderin nengoela banuen nobiotzat arrantzale bat eta eskontzeko geundela etxera etorri nintzen gauzak prestatzera. Ni nahiko triste nenbilen gezurretan harrapatu nuen nobio hura eta mesfidantza sortu zitzaidan. Nere aita zanak esan zidan behin: "hi ez haiz trankil, edo pekatuaren bat gordetzen dun edo ez hago konforme eskontzarekin. Neri egia esan didan orain, gero ez dakan erremediorik eta". Hala, gertatzen zitzaidana kontatu nion eta mutil hari kasorik ez egiteko aholku zidan gaztea nintzela oraindik gehituz. Beraz Eibarrera joan nintzen ondoren, berehala beste gizon bat ezagutu nuen eta arrantzalearekin ezkondu behar nuen egunean ezkondu nintzen honekin. Nere senarrari nirearen pareko historia bat gertatu zitzaion: ezkontzeko zegoela andreak sei urteko alaba bat zuela jakin zuen. Badakizue garai hartan gauza hauek zer izaten ziren.
 
         Ezkonduta Eibarren gelditu zineten?
 
         Ez, han hilabete bat egin nuen bakarrik. Nere gizonak bazuen taberna bat Elgoibarren eta hara joan ginen, baina ez dakit gogoratuko dituzuen 50ean gertaturiko uholdeak, ba, danak eraman zituen; gu eskonberriak oraindik, ezer gabe gelditu ginen. Horregatik senarra Plazentziara joan zen lanen bila kañoi fabrika batetara, nik, berriz, tornillo fabrika batean. Mutil zahar batekin jarri ginen bizitzen. Gero beste pisu batetara aldatu ginen. Sei urte barru izan nuen lehendabiziko alaba, handik hiru urtetara izan nuen bestea.
 
         Esaten duzunarengatik zure bizitza osoan, handik eta hemendik lanean aritu zaren horietako bat zara?
 
         Bai; hamalau ofizio, hamabost mixeri. Gero ere, gizonak aurkituko zuen bere ofizio lana Plazentziako koperatiban, panaderoa zen bera, eta ni Bergarako telak, retalak kiloka erosi eta plazetan saltzen hasi nintzen. Gizona ere hasi zen hortan eta bion artean diru pixkat egin genuen, deuda bat jarri ere, elektrodomestikos horietakoa.
 
         Badirudi ekonomiko lasaialdia lortu ondoren toki batetan fijo bizitzen jarriko zinela, baina ez zen horrela gertatu?
 
         Ez, ni Nafarrora itzultzeko gogoa nuen, nere gizonak bronkiotatik sufritzen hasi zen eta medikuak beste toki batetan bizi behar zuela esan zion, baina bera Gipuzkoa ez uzteko teman zegoen eta tela denda bat jarri zuen Azpeitin, nik ere alabarekin Iruiñako S. Lorenzo kalean restaurante bat jarri nuen. Gizona gaizkitu egin zitzaidan, atake bat emanda etorri zitzaidan etxera, nora joango zen ba?
 
         Restaurante horretara estudiante euskaldun asko joaten omen zitzaizkizun?
 
         Bai, Martintxo eta beste asko ere. Hasieran pisu bat erosi nuen eta segituan 50 pertsonantzako jatetxea egokitu, hontarako lehen genituenak saldu behar izan genuen. Azkenerako jende asko zorretan bazkaltzen zuen eta utzi egin nuen.
 
         Baita ere jakin dugu, sikiatrikora jeisteko ohitura duzula. Senideren bat ikustera joaten al zara?
 
         Ez, ez daukat seniderik han sarturik baina Iruinara etorri nintzenetik bi hilabetetik joaten naiz, denbora badut noiznahi. Tabako eta beste zeozer eramaten diet. Denak ezagutzen naute. Nere adineko mutil zahar bat Orokietakoa ikustera joaten hasi nintzen. Mutil honen historia halakoa izan zen eta. Lehen ume bat hiltzen zelarik beste bat "inklusatik" eramaten zuten, amak ttitia ez galtzearren, mutil honen kasuan neska bat eraman zuten. Handik pixkatera amak neska hura, bera baino gehiago maitatzen zuela mutila konturatu zen eta honela denboraz mozkortzen hasi zen. Egun batez mozkorturik zegoela ama eta arreba jo egin nahi zituela ta zoroetxean sartu zuten baina ez zoro zegoelako. Inor ez zitzaion bizitatzera joaten. Hantxe gustora egoten naiz guztiekin, ez dakizue ze kariño falta duten. Han zoroak daudela baina, gu baino argiagok badira. Behin batek neri begira, begira zegoela hala esan zidan: "Usted ha venido o le han traido" algaraz hasten zaigu Luzia.
 
         Euskal herrian emakume gutxi ezagutzen dira bertsotan aritzen direnak, noiztik datorkizu zaletasun hori?
 
         Gizona hil zitzaidanean hasi nintzen. Orain dela 9 urte "Prinzipe de Viana"-ko aldizkarian eta "Diario de Navarra"-ko orrialdean argitaratu nituen batzu.
 
        Nik nere modura idazten ditut, puntuak kontutan hartu gabe. Tirapun bizi naizenetik alfertu egin naiz, bi besterik ez dut idatzi.
 
         Bapatekoak egiten dituzu hala bertso paperak?
 
         Nik beti idatziak, hala ere Ansoainen "Korrika" egunean baita Bilbon eta Labriten kantatu izan ditut. Hemen duzue "nere bildurra" izeneko hau Ansoainen abestutakoa.
 
 
 
                Nere bildurra
 
 
 
                Rusian ta Amerikan 
 
                Asarre dabiltza 
 
                Beren bonba zarroiek 
 
                Dute eke beltza 
 
                Elkar ezin ikusiz 
 
                Ongi ezin mintza 
 
                Beran tartean dago 
 
                Munduaren giltza 
 
 
 
                Nola ilko gizonak 
 
                Aidira asmatzen 
 
                Mixillak aimendira
 
                Ixillikan jartzen 
 
                Jainkoa baño geigo 
 
                Dirala pensatzen 
 
                Gure izardiakin 
 
                Dittute erosten 
 
                Jaio eskero beti 
 
                Aigara sufritzen 
 
                Orain desafiua 
 
                Aigara entzuten 
 
                Botatzen badigute 
 
                Ezgara eskapatzen 
 
                Okei kontra egitteko 
 
                Elkartugitezen
 
 
 
        Irigaray zenak asko leitu behar nuela eta segidan aterako zitzaizkidala esaten zidan, baina ez naiz behin ere jarri.
 
         Bertso txapelketak jarraitzen al dituzu?
 
         Aurten bakarrik egon naiz nere alabak animatuta. Gehien gustatzen zaizkidanak Xalbador eta bere semea dira.
 
         Zure bizitzarekin jarraituz, orain Union Carbiden sukaldari bezala aritzen zara lanean. Restaurantea utzi ta berehala aurkitu zenuen lan hau?
 
         Ez, hura utzi ondoren, klinika S. Ferminen sukaldari hasi nintzen, alaba garbiketarako eraman nuelarik. Baina monja txerri haiekin ezin aguantatu nuen. Beraiek kopa eta txuleta ederrak jaten zituzten, abade gazteak hantxe afaltzera eta denetara joaten ziren baina neskei janaria emateko dena debekatua. Behin hola hasarretu, superioraren urtebetetzea zen, eta han utzi nituen guztiak, ezer kobratu gabe aldegin nuen. Ondoren beste taberna batetan lan egin nuen gustora baina ez nuen segurorik eta gizon aberats bati kaso egitera joan nintzen. Hura hiltzeko zegoela aurkitu nuen periodikoaren bidez oraingo lan hau.
 
         Korraliloetan ere aritzen zara sukaldari. Zuk egiten dituzun zezena eta marmitakoak oso preziatuak direlarik. Zenbat urte eginkizun honetan?
 
         Orain dela zortzi urte hasi nintzen. Hortxe pasten ditut sanferminetako zazpi egunak. Egunero larogei ta hamabost kilo zezen eta marmitakoa ipintzen ditut. Lagun arte ederra izaten dut han. Iruiña guztiko jendea agertzen da, gazte asko, hauek urtero aldatzen dira baina zaharrak beti berak izaten dira farre bat egin, da han ibiltzen naiz "de jefa". Alkatea ere agertzen da egunero, honek ez du zenena jaten marmitakoa baizik. Beti txantxetan gabiltza eta hala ari zitzaidala, euskeraz esan nion zerbait, berak noski ez zuen ulertu eta esan nion: Iruñako alkatea eta belarrimotza, galdetu zidan zer esan nahi zuen hitz horrek eta nik erantzun nion: euskal herrian bizi dena, euskaraz ez dakiena eta inporta ez zaiona. Berak orduan: Luzia zu beti umore onez. Aze parrak inguruan zeuden Gipuzkoano eta Leitzako batzu.
 
         Ziudadelan ospatu diren artesau erakusketetan taloa egiten ikusi zaitugu. Zer diozu hortaz?
 
         Bai orain dela urte batzu Lizarran ere bai, ehun kilo irina eraman genuen eta guztiak egin. Harek izan zuen estimazioa. Nahi dezuenean egingo dizuet. Neri gauza zaharrak ikastea eta konserbatzea gustatu izan zait beti.
 
        Zatozte nirekin etxean ditudan antigudadeak erakutsiko dizkizuet.
 
        Hala, sarrerako gelara joaten gara. Han, zeramika zaharreko plater zoragarri batzu ditu armario egoki batetan jarrita; han bertan frenteko horman eskegita txarrantxa bat, eta arto irinarako pasaera bat; beste gela batetan koadro antzeko zera batetan hogei bat erloju zahar, baita ere antigualeko neurriak: erroba, zelemina, almoela. Antropologi museo txiki bat dirudi. Batzuk Tirapuko etxe horretan omen zeuden besteak baserrietan erositakoak. Kafe Iruñako lehendabiziko jikara ere ba omen du gorderik. Han hemenka ibili den emakume sasoitsu honek badirudi Tirapuko herrian bere sustraiak azkenik bota dituela. Baino elkarrizketa hau bukatu baino lehen ezin dugu ahaztu Luziak duen beste abilidade bat aipatzea: amurraiak harrapatzea. Hortarako bere ansia bizi den Gartzaron aldera joaten omen da urtero bere saiotxoa egitera.
 
        Gai hontaz zerbait idatziko duela datorren numerorako prometatzen digu eta baita ere korrokeko guztiekin afari bat egitea. Horra hor Luziak egindako bertso hau "Napar-gaztoei" eskeinia, elkarizketa honi merezi duen agurra emateko izan dadin.
 
 
 
                Gu bai gera naparrak!
 
 
 
                Naparroan oraintxe 
 
                badaude potroak 
 
                batzuk pentsatzen dute 
 
                dirala Jainkoak 
 
                gure kontura dabiltz 
 
                oraindik gaixoak 
 
                berak uste bait zuten 
 
                giñala kontuak
 
 
 
                Egunero elizan 
 
                hortxe ikusten dira 
 
                belauneko jarrita 
 
                Jaunari begira 
 
                aberastuak dira 
 
                denaren kontura 
 
                tranpan erori-eta 
 
                oraindik aurrera
 
 
 
                Lehengo trapukeriak 
 
                ari dira agertzen 
 
                majiña bat holako 
 
                ari dira azaltzen 
 
                orain ez du balio 
 
                gezurra esateak 
 
                begietan makarrik 
 
                ez dute gaztiak
 
 
 
                Nafarroako lurrek 
 
                behar dira landu 
 
                lehengo belarran zañek 
 
                atera ta kendu 
 
                ongarrituta ongi 
 
                landare berriak 
 
                lana egin dezaten 
 
                aurrera gaztiak.
 
 
 
              
              |