L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-5 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Iparreuropako Klasizismoa
1910 - 1930

 

M. Endara

 

        Aintzinako herrien ispilu harroa izan den Arkitektura, gizarte guztien perfekzio eta haunditasunaren neurria, gaur egun ur nahasi eta lohitsuetan hondoratua dago. Edozein hiritan nabarmena den nahastea, bertze konfliktoen adierazlea izateaz gain, putzuaren sakontasunaren testigu da. Ez da, egia erran, Arkitektura nondik nora jo jakin gabe dagoen bakarra, krisisa zabalagoa baita, bainan hori ez daiteke kontsolamendu eta aitzakitzat hartu, komeni delako oroitaraztea margolan txarrak eta izkribu kaxkarrak erraz bota daitezkeela paperontzietara konstrukzioek zutik dirauten bitartean geure eguneroko ingurua itxuratuz. Beharrezkoa da jalotea, aldi berean, eztabaida zabal batek zeharkatzen duela Arkitekturaren alorra eta, gure arteko zenbait sektorerengan behinipein, eragin haundia izan duela azken urte hauetan.

        Mendearen hasierako hamarkadetan sortu eta bigarren gerlaren inguruko urteetan mundu osora hedatu zen Modernismoak ordurarte egiten zenarekin izugarrizko haustura suposatu zuen eta behin betiko alternatiba orokorra eman zuela uste izan arren, gisa horretako mugimendu guztiek uste duten bezala bertzalde, bere mugak erakutsi zituen laster. Modernismoak ideki zuen ataka zela bide inoiz baino eraiketa gehiago altxatu zen gainera eta ondorioz emaitza exkaxen ugaltzeak izar galduaren arrastoa berraurkitzeko ibilaldi ezberdinak eta kontrajarriak bulkatu ditu. Hari aunitzek izan nahi du laberintoaren sekretoa argitzeko urratsen gidari, Modernismo beraren garapen berriak proposatuz batzuetan, Klasizismoaren iturrietara itzuliz bertzetan, tarteko nola aparteko saioak eginez ere.

        Egoera honetan, iaz Madrilen zabaldu zen erakusketaz baliatuz, "Iparreuropako Klasizismoa. 1.910-1930" izenburua daraman liburua argitaratu da Eskandinaviako zenbait erakunderi esker. Hamarkada horietan loratu zen mugimendu klasizista berezia deskribitzen da liburuan, arkitekto bakoitzaren emaitzak eta ibilbideak zehaztuz, Estatu bakoitzean izan zen prozesuaren azterketa eta deskribapen xumea egiten den bitartean. Momentuan eragin haundia izan zuten bi artikulu eta urte horietako Iparreuropa eta Europa osoko Arkitekturaren ikuspegi globala eskeintzen duten bertze bi dira liburua osatzen dutenak, fotografia eta marrazki ugari tartean daudela noski.

        Liburuak ez dakar Arkitekturaren arauak finkatzeko edo bere oinarriak zehazteko hitzaldi luzerik, Iparreuropan hogei urtez eraiki zenaren berri soila baizik, erakusketa bera balitz bezala. Horrexegatik hain zuzen interesgarria deritzat, baliagarria gertatzen delako gaur egungo egoera begi zabalez ikusteko eta arestian aipaturiko debateari buruzko zenbait burutapen borobiltzeko. Gerla guztiak akabatzeko egin zen gerla deitu zitzaion bere garaian lehen gerla mundialari, etorkizun ezberdin eta hobe baten egunsentia izanen zelakoan. Alde batera utzi behar ziren, beraz, aintzineko urteetan urratu ziren bideak, mundu berriak bere oinarriak finka zitzan, eta Arkitekturan, erran bezala, egin zen. Orduz geroztik Arkitektura modernoaren gain hitz egin denean, bere historia idazterakoan, haustutaren ondorioz sorturikoa da hogeigarren mendeari dagokion Arkitekturatzat hartua izan den bakarra. Lurralde zabaletan bertze Arkitektura bat egin ez ordea, eta hori da liburuak hurbiltzen diona gerla gehiago sufritu ondorengo mundu zaharkitu honi.

        Danimarkatik Finlandiarra eta Norvegian barna Suediaraino hogei urtez altxatu ziren etxe gehienak jantzi zituen eta liburua da bere hedaduraren testigu. Marrazki eta argazkiek berriz eraiketak gonbaratzeko aukera ematen digute elkarren arteko eragin nabarmena argituz, hausnarketa berdintsuen ondorio baitziren. Agertzen den arkitekto eta emaitzen kopurua haundia izan amen, zuhaitz bakarraren adarrak eta hostoak direla, baten bat deigarriagoa, aitortu behar da, eta osotasunean datza bere garrantzia.

        Klasizismo hitza izenburuan erabiltzeak aintzinan egiten zenaren jarraitzailea zela adierazten du, aspaldanik konposatuak dauden arauak onartzen zituela. Aipagarria da gainera leku eta garaiaren bereizitasunetara lortu zuen moldaera egokia, Klasizismoaren gain ditugun klitxe monumentalen orden gaurkotasuna eta egunerokotasuna nagusi eginez liburuan zehar. Erran behar da horretaz erduko bizimodua egokitzeko altxatu ziren etxebizitzek osatzen dituztela gehienbatean eskeintzen zaizkigun lanak. Eta, aldi berean, bertako Arkitektura herritarraren elementuak eta sentsibilitatea gorpuztuak izan zirela proiektu konstrukzioetan.

        Bainan horren gainetik Klasizismoa bera dago eztabaidan, estilorik gabeko Klasizismoa deitu baitzaio Europako iparraldean eraiki zenari, horrela estilo bat bertzerik ez dela dioen ikuspegia ezeztatuz. Estiloa baino pentsaera klasikoa izanen litzateke, zenbaitek bataiatu duten bezala, historian zehar garatu dena, eta horretan kokatu beharko genuke Iparreurokapoa, hari nagusiaren ezaugarriak ederki erabili baitzituen.

        Partenon ateniarratik Basoko Kanposantuko Kapera suediarraraino luzatu den pentsaeraren arauak eta ezaugarriak aipatzeak Arkitektura berarenak ote diren galdetzera eramanen gintuzke, gaurko debatearen erdira.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.