L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

Eguraldia, Reagan eta football

 

Iñaki Zabaleta Urkiola

 

        "Dena haundia, dena arranditsua da Amerikan", izan liteke slogan ezaguna Estatu Batuetaz, ba dakizu, "amerikano" hitza bereganatu eta ebatsi duen nazioaz ari naiz hitz egiten. Baina Estatu Batuetako negu kronika hau datuz eta egintzaz bete behar da eta, egia esateko, eskukada eta zakukada datu suertatzen da egunero.

        Negu hotza da aurtengoa eta teleberrietako berri garrantzitsu bat, beti izan den bezala, eguraldiarena da. Eguaraldi-gizonak artistak bezain ezagun eta famatuak dira eta, badirudi, eta telebista ikusleoi ere berdin iruditzen zaigu, kaleko hotza oraindik hotzagoa dela... eguraldi-gizonak entzun ondoren. Izan ere, hemengo graduak Fahrenheit baitira. Baina Estatu Batuetako (O, Amerika!) eguraldi berriak oso sofistikatuak dira eta, graduak-barometroa-hezetasuna-etabar xehetazunez gain, beste datu berezi bat ematen dute: "The wind chill factor". Itzulpena eginez, "haizearen hotz faktorea". Beraz, eguraldi gizonak 5° F dela kalean eta haizearen hotz faktorea -12° F dela dionean, joan den egunetan esan duen bezala, gauza serioak eta hotzak ari da esaten. Zehazkiago, 5° F, gutxi gorabehera, -15° izanen dira, eta haizearen hotz faktoreak adierazten duena zera da: zenbat gradutako hotz sentsazioa sentitzen duen gorputzak haizeak hotzen duenean. Eta -12° F haizearen hotz faktoreak -30° C inguru suposatuko du (Ez dut esku aurrean Fahrenheit/Celcius bihurketa egiteko taula). Atera kontuak zer hotzak; Euskal Herrikoak baino haundiagoak, eta zuek "wind chill factor-ik" gabe gainera.

        Reagan eta bere bandakoak ere ikaratu egin ziren "wind chill factor"-ez eta suspenditu egin zuten Presidente izendatze zeremonia. Hantxe geratu ziren mututurik ehunka musika banda, Estatu Batuetako batxiller eskola askotatik etorriak. Gizarajoak, himnoa jo gabe eta bandera haizetaratu gabe. Baina, kanpoan ez bazen barrenean, Ronald Reagan-ek beste lau urtetarako gobernaldirako zin egin zuen. Hain zuzen ere, New York Times egunkariak zekarren berria, Ronald Reagan-ek bisita bat eginen du Espainara maiatzaren 8.tik 10.era. Etxe Zuriko ofizial baten hitzetan: "Estatu Batuetako presidentearen bisitak bizkortu egingo ditu bi demokrazia hauek (Espainia eta Portugal)".

        Reagan-en izendatze ofizialaren zeremonia aipatu dut. Urtarrilaren 20-ean izan zen hori. Baina ez ezazue pentsa igande hartako gauzarik inportanteena hori zenik, ez. Estatu Batuetar gehienak footballeko azkenaz zeuden kezkaturik. Telebistaz eman zuten, noski, eta (entzun hau) Reagan-ek berak egin zuen "kara-y-kulo" Etxe Zuritik, txanpona airera botaz, estadioarekin telebistaz zuzenean komunikatuz, zein taldek sakea egin erabakitzeko. Taldeak San Francisco-ko "49'ers" eta Miami-ko "Dolphins" ziren.

        Euskal Herriko eta Espainiako etxeetan futbolarekin gertatzen den bezala, hemen ere senarrak partidua ikusten eta emazteak kexo. New York beti berezia denez, hemengo emazte batzuk party edo pesta bat antolatu zuten: jana, edana eta dantza ugari. Ni partidua ikusten egon nintzen lagun amerikano batzuren tabernan. Jadanik pixka bat entenditzen dut football-ez eta, San Francisco-n bizi izan nintzenez, "49'ers" taldearen alde nengoen. Erraz irabazi zuten. Montana, "quarterback" jokalaria, mundial aritu zen. Baina hau zuei ez zaizue axola. Ezta beharrik ere.

        Gaiaz aldatuz, azken hilabete hauetan estatu batuetarrak harroturik dabiltza Goetz, New York-eko metroko tirolariarekin. Lau gazte beltz hurbildu zitzaizkion mehatxuka diru eske eta, atera zuen pistola eta, tiroka ekin zien. Mutiletako bat hil erian dago. Gertakizun honek izugarrizko debatea eta hizketa sortu du Estatu Batuetan osoan. Beltz lider batzuk, Goetz zuria denez, razismoa aipatu dute, baina ez dirudi azpipuntua hori denik, hemengo krimen pila eta metroan ibiltzeko jendeak duen beldurra baizik. Guzti hori erants iezaiezu "media"k, hau da, komunikabideek, eman dien betedura eta orduan uler daiteke Goetz-en kasuak hartu duen garrantzia. Bide batez, ni neu ere egunero ibiltzen naiz metroan, Goetz-en metro berean ere, hiru ordu egunero, eta atakatua ere izan naiz. Erne ibili behar baita.

        Baina arrisku horiek txikiak dira eta eraman daitezke zeren, O! Amerika, beste lau urtetarako Reagan baitugu presidente eta San Francisco-ko "49'ers" football taldeak irabazi baitu txapelketa. Dena haundia, dena arranditsua baita Estatu Batuetan.

New York, 1985.go otsaila

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.