Korrok: Literatura Light-aren eredua
Txantrearena
Halley kometaren etorria dela eta Apokalipsiaren sintomak ugaritu dira nonbait.
Lehenengo lehortea eta oraingo Nafar Gobernuak proposatu "antiproyecto de ley del euskera", Babiloniako piztiaren hasierako marrumak besterik ez dira. Hondamenaren hastapenetan bizi gara.
Teologiaren definizioz, haragiz eta arimaz osaturik omen gaude eta bi oinarrizko zutabe hauek goikoan aipatutakoa kontutan hartuz aldiberean desegiten ari zaizkigu: haragia, SIDAk jota eta arima/izpiritua, abortoa dela kausa, Nafarroako apezpikuak jaurtiriko exkomunioz zigortua.
"Territorio foral honetan" nortasuneza gutaz jabetzear dago eta antidotoaren bila aritzen garenetariko batzu euskal literaturari atxiki gatzaizkio.
Aintzinatik, Literatura bohemio eta pobre inozoen txertoa izan da. Hemen, literatura intelektual amateur-en brikolage merkea duzue, buruko footing terapeutikoa.
Euskal literaturaren hobbit-zaletasuna irtenbidetzat jo dugunok geroak ez gaitu gehiegi pozten. Gure mugak eta oztopoak izugarri ondo neurtuak ditugu. Horrexegatik KORROK aldizkarian lantzen den literatura, LIGHT izenez ezagutzen dugu, kaloria gutxikoa baita.
Gizarte azeleratua honetan bezperan "novissimo" zena, 24 ordutan zahartzen zaigu. Dena dala guri bost axola, zeren irakurlegoaren nekea eta nazka gainditzen duten idazlan inmortal hoiei zer etorkizuna espero ote zaie?
Ikus dezagun historiak erakutsi diguna:
Alejandriako liburutegi handiaren eskuizkribu guztiak, kalifa ortodoxo batek sutara bidali zituen, jauregiaren urak bero zitzaten. Horra hor Literaturaren baliotasun publikoa.
Pariseko "Biblioteque Nationale"an miloi bat liburu goratik kutxaturik daude, "paperezko kantzer" delakoak jota. Azalak eta orrialdeak usteltzen ari dira Reagan-en sudurrarekin batera.
Azken egunotan, egunkarian irakurria dugu, "brasildar" batek 8.000 liburu salgai jarri duela. Albisteak zioenez komuneko papera erreziklatzeko asmoz erosiak izan dira.
Hau irakurri ondoren, akabo urrezko literatura eta "paso libre" literatura lightaren defendatzailei.
KORROK ale berria, zortzigarrena, kaleratzean animaturik gaude, oso. Inkesta guztietan garaile irten ondoren, bipartidismo literarioa Literatur Gazeta eta Susa hausteko gauza gara. Aldizkarien hauteskundeetako "ranking"ean gorakada galanta gurea! Badakigu, jakin, betetzen dugun hutsunea zein den.
"Proyecto centrifugo eta fenomeno periferico" bultzaile porrokatuok garenez gero, hemen gaituzue berriz.
Euskaraz argitaratzen diren liburuen goraka geldiezina azaltzen duten estadistikei uko ez egiteko zuei gatozkizue.
Herri honetan, idaztea irakurtzea baino askoz ere gehiago maite dugula frogatzeko, Durangoko liburu azokarako plazaratzen gara.
Are gehiago, eguneroko estimuloek behartzen gaituzte irakurlegoarekin konpromezua betetzera. Hau da: udan kontatu zigutenez, gaueskolako irakasle batek bere ikasleekin KORROK artikuluxka bat erabili omen zuen.
Ekintza pedagogiko-didaktika honek homologatu gaitu behin betirako. Hemendik aurrera antologia guztietan agertuko. gara. Irakaskuntzaren testo bilakatu da KORROK eta hortikan hilezkortasunera EGA titulua besterik ez dago.
Beraz etorkizuna guregan datza. Agg!
Gure planeta, Halley kometak, suntsitua izan arte hiru hilabete bakarrik falta dira. Lastime! bestela...
|