L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Lanerako zaletasuna gutitzeko pasadizua

 

Heinrich Boll

 

euskaratzailea:
Aingeru Epalza

 

        "Boll Tott" ohiukatu zuen azken uztailaren 17ko "Bild" egunkariak bere lehen orrialdean, ohizko izenburu haundi-maundiak erabiliz. Ezpairik gabe, poza zerion Mendebaldeko Alemaniako prentsa eskuindar eta sentzazionalistaren eredu nagusiak egun hartan bere etsairik amorratuenetariko bat hilik ikustean.

        Seguraski, Axel Springer, Alemaniako pentsaren enperatoreak lasaiago egin zuen hasperen egun hartan. Ez zitzaion beti ere luze joan bere lasaitasunean, irailaren 22an, bi hilabete geroago soilki, eman baitzuen harek ere azken hatsa. Ez dira bertze munduan leku berean izanen...

        Colonian sortua 1917an, 67 urte zuen beraz Heinrich Bollek zendu zelarik. II Gerla Mundialean parte hartu zuen armada Alemaniarrean soldadu, esperientzia lazkor honek eta gerla ondokoak ere, hil arte parekatsu joanen zitzaizkion idazlana eta gizatasuna betirako finkatuko zituelarik. Bere lehen izkribuak ez zuen 1949 arte argia ikusiko: "Trena garaiz ailegatu zen" nobela. Hemendik aitzina bertze hogei bat utziko zuen bakarrik heriotzak moztu ahal izan zuen idazle bidean. Lan gaitz honi ezagutza publikoa emanik, 1972an Nobel Saria eskuratu zuen.

        Gerla ondoan Alemaniak bizi zuen "mirari ekonomiko"aren lekuko izanik ere ez zen bere lanetan so egile soil gertatu. Aitzitik ere, urte horietan nagusituz doazen klerikalkeria, ejerzitoa, estatua eta erabat ez aienaturiko faszismoaren aurka jo zuen ausarki. Gizarte alemaniarrak erdietsi zuen aisetasun lotarazlea azpikoz goiti iraulkatzen saiatu zen behin eta berriz mirari horren ondorioz galdutako zuzentasun, oroimen, onginahi eta maitasun ezaren salatzaile bilakaturik.

        Bollek idatzitako liburu guziek, mamiz eta jitez elkarren artean desberdinak izanagatik, hondarreraino mantendu zituzten hildo nagusi hauek, literaturaz landara jarrera publiko eta ezagunetara maiz bultzatuko zutelarik.

        Bere idazlanak ugari badira ere —"Non zinen, Adan?", "Bederatzi t'erdietako bilarra", "Nagusirik gabeko etxea", "Talde eta emazteki irudia", "Katharine Blum-en ohore galdua" eta "Badaezpadako hertsidura" ezagunenak baizik ez aipatzearren— euskal itzulpenik ez da oraino gure artean. Labur gertatuko da haatik gure itxoinaldia, "Elkar" argitaletxearen eskutik, Jose Antonio Azpirozek itzulitako "Pailazo baten eritziak", Bollen lanik zabalduena, izanen baitugu sarri erosgai.

        Bizkitartean, bertze gehiagoren ezean hona "Schmec-engatik malkorik bat ere ez" izeneko ipuin liburutik ateratako "Lanerako zaletasuna gutitzeko pasadizua"ren euskal bertsioa. Bollen izkribu laburrak nobela luzeak baino ezezagunagoak diren arren, idazle haundi honen pentsakera humanistaren eredu apal delakoan.

 

Europako mendebaldean, itsasertzeko portu batean, lander antzean jantzitako gizon bat dago bere txalupan etzana, lo kuluxkan. Jantzi dotoretako turista bat kolorezko pelikula bat paratzen ari da bere argazki makinean ikuskari idiliko hau fotografiatu beharrez: ortzargia, uhin gailur zuri eta baketsuko itsaso berdea, ontzixka beltza, arrantzale buruko gorria. Klik. Bertze klik bat. Asots ozen, ia ia oldarkorrak erdi lo zegoen arrantzalea iratzarri du. Erdi lo altxatu da eta erdi lo bilatu zigarro kutxa. Baina bilatzen ari dena hatzeman aitzin, turista arduratiak sudurraren parean jarri dio iadanik berea. Ez dio, ez, zigarroa ahoan sartu, baizik eta eri artean jarri, laugarren klik batek, txiskeroarena oraingoan, gur lehiatsuari bukaera eman diolarik. Ozta-ozta neurt daitekeen, sekula ere froga ez daitekeen gehiegizko gizabide arin hura dela medio sortu den egoera nekegarria, turistak —bertako hizkuntzaren jakitun— salbatu nahi du orain solasaren bitartez.

        —Sarekada ederra eginen duzu egun.

        Arrantzaleak burua goiti eta beheiti.

        —Bada, eguraldia lagungarri gertatuko omen da.

        Arrantzaleak baietz buruari eraginka.

        —Ez zara, beraz, itsasoratuko?

        Arrantzalea inoka. Haundituz doa turistaren urduritasuna. Seguru, lander antzean jantzitako gizon horren ongitasuna ikaragarri interesatzen zaion. Seguru, arrantzalearen aukera galduak izugarri nahigabetu duen.

        —Oi! Ez zara zure aise senditzen?

        Azkenik, arrantzalea keinu hizkuntzatik hitzera pasatuko da.

        —Ederki nago —dio—. Ez nahiz behin ere honen ongi egon.

        Altxatu da, nagiak atera ditu bere konplexio atletikoa erakutsi nahi balu bezala.

        —Ederki nago.

        Turistaren betarteak gero eta harridura haundiagoa erakusten ez du iadanik bere barnea, nolabait errateko, lehertzeko menean eman dezakeen galdera atxikitzen ahal:

        —Baina, orduan, zergatik ez zara itsasoratuko?

        Erantzuna bat-batean ailegatuko da, motz.

        —Egun goizean itsasoratu naizelakotz iadaneko.

        —Eta sarekada ona egin duzu?

        —Berriz ere ez ateratzeko hainbatekoa. Lau otarrain erratzetan, bi dotzena berdela...

        Oraingoan arrantzaleak, erabat itzarria azkenik, bere joera ezkibela aldaturik, turistaren bizkarra leunki astindu du zaflada lasaikor batzuk emanez. Turistaren betarteak darion kezka neurriz gainekoa iruditzen bazaio ere, unkitu ez duenik ezin uka.

        —Aski dut biharkoz eta are etzikoz ere —dio turistaren gogoa arindu asmoz—. Nere zigarrorik nahi?

        —Bai, mila esker.

        Zigarroak ahora, bostgarren klik bat. Buruari eraginik, arrotza tzaluparen ertzean eseri da. Argazki makina bazter utzi du, erranen duenari indar emateko bi eskuak behar baititu.

        —Ez nuke zure aferetan ukondoa sartu nahi —dio— baina, pentsa ezazu egun bitan itsasoratzen zarela, hiru aldiz, lau apika, eta hiru dotzena berdela edo lau, hamar behar bada, harrapatzen duzula... atera kontuak.

        Arrantzaleak baietz, inoka.

        —Atera kontuak, ez egun soilik, baizik eta bihar, etzi, bai, eguraldi aproposeko egun guzietan itsasoratuko bazina, bitan, hiru edo lau aldiz apika... Badakizu zer gertatuko litzatekeen.

        Arrantzalea buruari eraginka.

        —Urte baten buruan beranduenez izanen zenuke motora bat erosteko hainbat, eta lau urte epe "Kuter" tiki bat behar bada. Ohi denez, bi txalupekin edo kuterrarekin berariz hagitzez gehiago aterako zenuke urpetik... Egun batez bi kuter izanen zenuke eta orduan —hitzik gabe gelditu da hain unkiturik baitago—, orduan biltegi frigorifiko tiki bat eraikiko zenuke, ketaztegi bat behar bada, kabana bat geroago, zuhaurren helikopterotik arrain baltsak aurkituko zenituzke eta zure kuterrei irratiz aginduak emanen. Izokinarekiko eskubideak ere zure egin zenitzake, itsas jatetxe bat zabaldu, bitartekorik gabe otarraina Parisa zuzenean esportatu eta gero... —Arrotza berriz ere hitzik gabe dago berotasunaren berotasunez. Burua goiti eta beheiti, biziki kezkatua, oporrek ekarritako alaitasuna antsu galdua, itsas-gora bareari so dago, harrapatu gabeko arrainen ihauzi jostakinei so—, eta orduan... —dio, baina urduritasunak mutu utzi du behin berriz. Eztarria koropilatu zaion haur bat bailitz, arrantzaleak leunkiro astindu dio bizkarra.

        —Orduan, zer? —galdegin dio ahopeka.

        —Orduan —berotasun baketsuz mintzo da arrotza— orduan lasaitasun osoz jar zintezke hemen, portuan, eguzkitan lo-kuluxkan egon... eta itsaso ederrari so egin.

        —Ez baitut, bada, horixe orain egiten! —dio arrantzaleak—. Ni lasai senditzen naiz portuan eta aise ematen naiz loxka, baina zure klik horiek aitzitik, honetan segitzea galerazi didate gaurkoan.

        Izan ere, pentsati alde egin zuen irakaskizun hau hartu zuen turistak, lehenago berak ere uste baitzuen lan egiten zuela egun batez lan gehiagorik ez egite arren. Ez zitzaion beraz urrikalik gelditu lander antzean jantzitako gizonarenganako, inbiria xume bat baizik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.