Joakina Txapaltegi
Sarrera gisan
KORROK aldizkariaren korrokeroek ez dugu, beste askok pentsa lezaketen bezala, bakazio hauetan denbora alferrik galdu. Gure indar eta ahalmen guztiak eskeini ditugu, gogo onez, gure ustetan izugarri garrantzitsua gertatuko den aurkikuntza harrigarri hau ikertzen eta aztertzen.
Zenbaki honen azala irakurria duzuenez, jakinen duzue, aurkikuntza hau hezuraragizkoa dela (edo zen), emakumea, idazlea eta euskalduna. Honelako kasuetan gertatu ohi den bezala, guk ere ez genekien abuztuko arratsalde hartan Gallipienzo herria ezagutzera abiatu ginenean patuak guretzako gorderik zeukana. Eta horrela gertatu zen, ustegabean. Gallipienzo herrian, abuztuko arratsalde sargoritsu hartan, bertako emakume batek kontatu zigun bere izeba zenak, aspaldian hila, euskaraz gauza asko idatzi omen zituela eta bere etxean zenbait orri eta liburuska utzi zituela, hil baino lehen.
Etxe hartan aurkitu genuena eta emakume honek kontatu zigunari esker JOAKINA TXAPALTEGI EXPOSITO idazle ezezagunaren bizitza eta lanak ezagutzeko aukera izan genuen. Modu honetan, bere lanak irakurriz eta bere ilobak emandako bere bizitzaren zenbait pasadizu entzunez, geroz eta ezagunako bihurtu zitzaigun Joakina Txapaltegi. Horregatik, gure erantzunkizuna haundia zela ikusirik, ikerketa mardul eta sakon honen ondorioak hemen argitaratzea erabaki genuen. Beraz, hona hemen Joakina Txapaltegi Exposito idazlearen bizitza (datu gutxi badira ere) eta lana (Gallipienzo herriko emakume honen etxean aurkitu denaren zenbait zati). Ustegabeko aurkikuntza honek, kulturaren altxor izkutatu honek, agian, orain arteko Euskal literaturari buruzko ikuspuntu historikoa alda dezake, baina, dudarik gabe eztabaida luzeak sortuko ditu.
Sarrera hau bukatzeko, gure eskerrik beroenak, Joakina Txapaltegi zenaren ilobari (ez digu hemen bere izena jartzen utzi), berarekin egon gabe, behar bada ez zen inoiz ezagutuko gure idazle hau. Baita ere, gure eskerrik beroenak laguntza eman diguten Gallipienzo herriko guztioi.
|