Joakina Txapaltegi
Ipuina
Joannes Esterenzubi
Hemen duzuena, Joakina Txapaltegiren "Txirla Frantsesa" nobelaren zati bat da. Pentsatu geure poza orijinal ezezagun hau irakurtzeko parada izan genuenean. Hori dela eta zatitxo bat eskeini behar genuela otu zitzaigun, laster kalean izango duzuen nobelaren aintzindari. Hizkerari gagozkiolarik, bere hartan uztea deliberatu dugu, Joakinaren idaztankeraren testigantza fidagarria izan dezazuen. Ederra benetan.
Nobelaren haria hauxe litzakete gutxi gora behera:
"Josepa, alargun baten semerik zaharrena, umezurtz gelditzen da bost urte dituelarik. Bere herriko famili aberats eta kristau batek hartzen du alaba besoetakotzat. Hasieran denek maite dute, Josepa neskato eder lirain eta dotorea, grazia paregabekoa delako. Baina hemeretzi urte betetzen ditu eta herriko mutilik petral eta ganberroenekin hasten da harremanetan. Guraso ordekoek gaitzesten dute jokabide hau, eskena gogorrak suertatzen direlarik ama ordeko eta alabaren artean. Gainera ama ordekoaren egoneza eta sumindura goren pontura heltzen da horietako mutil aldrebes batek, Piarres-ek, haurdun utzi duela jakitean... Hona hemen laugarren kapituluaren hasiera:
"Aspaldi etzan etxe orrtan lengo parkea ezagutu. Nekez ezagutzen zuan Paula doakabeak garai bateko Joseparen onginaia eta alaitasuna. Bere usterako Josepa galbidean zegoan eta lizunkeriaren maldan beiti labain egiten, plazer eta zeregin likitsetara emana zuan urratsa. Etzegoan etxe arrtan lengo parre algarak, etzuan Paulak Joxeparekin alkarrizketa atseginik, Josepa pilotariarekin gustatua zanetik.
Eguzkiak gorritzen zituan erriak kabia egiten zuan gañeko mendiak, ozta-ozta artzaiak eltzen diren tokia, neguan elurrak edertua, udaberrian pago-ostroen berdeak ornitua. Joxepak etzuan, len bezala, gabaz eta egunez, arreta andiz begiratzen odeitarteko arranoaren ibillera apaña. Mutillen praka-tartekoa atseginago zitzaion, nonbait. Paulak berekiko itz auek zerabilela, etorri zan Joxepa etxeko sukaldera kantua aoan, irriño gozoa ezpaiñetan, baina lizunkeria biotzean, edo ala erizten zion Paula amaordekoak beintzat.
Berandu abil, Joxepa esan zion etorri orduko. Joxepa etzan kantuan ixildu ama ordekoaren itzak zirala-ta.
Non ibilli aiz, pekataria!? ama ordekoak berriz.
Ez naiz ni pekataria, ama. izan zen Joxeparen erantzuna.
Amari gorritu zitzaion aurpegia Joxeparen ausardia zala kausa, sutan jarritako burni gori-goria bezala.
I aiz pekataria, i! Zikin alena! Ez ote aiz da ibili Piarres Bazterretxekoarekin? Au ustel usaia dagoena zeuen artean! Zertan zaudete beti izkutuan? Loikeri danetan trebatzen! Txerriak bezala gizentzen zarete! Ori ere baden lana, arrak jaki geiago izan dezaten! Etzeon toki txarrean zuzenbiderik! A ze nolakoak zuek, doilor galduak! Ba zekiñat nik zer aziko zenduketen zuek; zimaurra! Piarres orrekin, gainera! Ameriketan izana, Bilbon, Bartzelonan ta Madrilen pelotari egona, bapatean etzekiñat nola aberastua, eraberean goizetik gabera diru guztia zorretan uztera behartua! Ederki sakatu din orrek!
Aski izan zuan onenbestez Joxepak negar zotinka asteko.
Ama, ez duzu eskubiderik onela esateko, arren! Ez al da ba Piarres Jaungoikoaren semea, zerorrek erakutsi didazun moduan! Ez al da ba Jaungoikoa danetan maitakor eta barkazioari emana!
Ago isilik, lotsagabea!
Baña Joxepa onetatik aterata zegoan, eta etzegoan ala lurrean nola zeruan bere aotsa isilduko zuan indarrik.
Zuk zerorrek erakutsita da "kilika egiten dizun gizonari ez esan ezetzik". Piarres gixajoa! Berak izango balu errua, gainera!
Azkeneko au ao bete ortz utzi zuan amaordeko gixajoa:
Ez al dun ba Piarres izan!
Nik zer dakit, ama! Batek daki Piarres izan den, edo Gartxot, edo Joannes arakina, edo Pettiri, edo Eukeni, edo Mañuel, edo Iñaxio, edo...
Aski dun, aski dun! oju egin zuan orduan ama-ordeak, izuturik esaidan biñipin On Txomin apaiza ez dela izan!
Joxepa orduan bere ama ordekoaren oinetara erori zan, negarrez itota:
Ez, ama, ori ez. Zu ere ederki aski dakizu erretoreari aspaldin etzaiola sei t'erdietatik mugitzen. Berak esana dit zuk ederki zenekiela. Eta orain, nahi baduzu, eta zuri men ez egiteagatik pekatutan nagoela uste balin baduzu, joango naiz Ameriketara Pasai Donibanetik ateratzen den lenbiziko itsasontzia artuta.
Orduan ere ama negarrez asi zen, bere alaba Joxepa oso doakabea zela ikusirik.
Eta orduan zeru lainotsutik, kuriketan zebilen eguzkia atera zan, indartsu, bazterrak argituz, pentze eta soroak edertuz. Eta amak, gupidaturik, honela esan zion:
Niok barkatzen aut, Joxepa, ez uela minik egin nahi orain garbiro utzi dualako. Baina zin egidan ez dionala aita ordekoari ezer esango. Eta Joxepak baietz esanda, biak alkartu ziran, maitasunez, egundañoko besarkadan...
|