L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Adamen etxea paradisuan

 

M. Endara

 

        Hastean, Jainkoak zerua eta lurra kreatu (Jainkoari bakarrik dagokion hitza berau, diotenez) zituen... Eta Jainkoak kreatu zuen gizona bere iduriko, Jainkoaren iduriko kreatu zuen, ar eta eme kreatu zituen... Jainko jaunak baratze bat landatu zuen Edenen, iguzki aldean, eta han ezarri berak moldatu gizona...

        Horrela, esaldi horiekin eta antzekoekin, ezagutarazi zaigu munduaren hasiera eta bertan izan ziren lehen biztanleen sorrera, belar, zuhaitz, itsasoko arrain, zeruko txori eta lurrean herrestaka dabiltzan bizidunenarekin batera, eta beharrezkoak zituzten bizibideak deskribatu zaizkigu. Bainan, testoak ez zehaztu arren, Jainkoak kreatu zuen seguruaski etxe bat ere Adamentzat Edenen, edo hori uste du behinipein Inglaterran bizi den Joseph Rykwert arkitekto eta irakasle poloniarrak. Berak uste baino kondairan zehar arkitektoak eta Arkitekturaren gain idatzi dutenek uste izan dute, eztabaida luzeak korapilatu dituzte altxatutako Lehen Etxea gaitzat hartuz, bere xehetasun minimoen ezaugarriak arakatu dituzte, berreraikuntza kipotetikoen asmatzaile izan dira.

        Lehen Etxea maiz errepikatu den gaia izan da, Jainkoak eraiki izan balu errebelazioaren perfekzioa izanen zukeelako batzuentzat, aintzinako gizarteen emaitzek aurreiritzirik gabeko garbitasuna eta gizasemeei dagokien naturaltasuna zutelako bertzeentzat, jaiotzaren iturri freskoetan jakinminaren egarria ase beharra dugulako kasu guztietan, ezin baita ahantzi Paradisua oroipena haina itxaropena eta promesa dela.

 

        LEHEN ETXEA

        Horregatik eztabaida, burutapen eta berreraikuntzen atzetik abiatu zen orain dela urte batzuek Joseph Rykwert eta bere bidaiaren ondorioa "Adamen etxea Paradisuan" izeneko liburua izan da. Bertan biltzen da sorreraz urteetan zehar asmatu eta idatzi dena eta beraz, ezin zitekeen bertzerik espero, Arkitekturaren jatorriari buruzko teorizazioen historia da azken batean liburua. Historia normalak ordea aintzinako denboretan hasten dira eta mendeak gurutzatzen dituzte gaurko egunera ailegatu arte. Liburuak, gaiari dagokion bezala, kontrako bidea korritzen du, garai guztiak ikertzen ditu atzera begira jaiotzaren iluntasunean murgildu nahiean.

        Harrigarria bada ere, Arkitekturaz idatzi duten gehienak, denak ez errateagatik, Lehen Etxeaz arduratu dira noizbait. Arkitekturari buruzko idazlan zaharrenak ere, Vitrubio erromatarrarenak hain zuzen, Leen Etxea deskribatzen zuen, bere baitan arnasa hartu zuen hainbertze ondorengori ataka idekiz. Rykwerten liburuak, era berean, Vitrubioren testoa aurkeztu eta gero bere bilakuntza propioari ekiten dio, herri ezberdinen mitologietan agertzen diren pasadizoen interpretazioa egitera ausartuz horretarako. Horien artean, noski, juduenak toki berezia du, gure zibilizazioaren sinesmen nagusia izan baita. Bere eraikuntza famatuena gainera, Salomonek Jerusalemen altxatu zuen tenploa, eztabaidagai izan da urte luzez eta, iturri bitxienetara joz, berreraiki nahi izan du arkitekto aunitzek. Bide honetatik abiatuz gero interesgarria gertatuko da jakitea lehen arkitektoa Kain, anai hiltzailea, izan zela. Kain Eden iguzkialdeko Nod lurraldean bizi izan zen, eta honela kontatzen du Bibliak: Kainek bere emaztea ezagutu zuen; honek haur-beharretan gertaturik, Henok sortu zuen. Hiri bat eraiki zuen, eta hiria bere semearen izenaz deitu: Henok.

        Aintzinako herri gehienen mitologietan, sinesmen erlijiosoen artean, etxe teorikoak edo Jainkoaren errebelazioaren bidez altxatutakoak garrantzi haundia zuen, eta hori adierazten zuten errituek ere. Herri ezberdinen azterketak argitzen duenez, gainera, Lehen Etxeak zituen ezaugarriak berdinak ziren gehienetan. Eta berari gehitzen zitzaizkion bertuteak pentsalari modernoek asmatu dituztenekin erlazionaturik daude nolabait. Aunitzetan giza gorputzarekin identifikatzen zen etxea, edo gorputz sobrenaturalarekin, bainan bai bertze zenbait kontzepturekin ere, zerua, lurra eta herria bera, bere haunditasuna adierazten zuen zerbaitekin beti (nere aitaren etxea defendituko dut, aldarrikatzen zuen orain dela gutti Arestik zentzu berean). Urte berria eta koroapenak bezalako berriztapen jaietan Lehen Etxea eta bere irudiak elementu nabarmen eta beharrezkoak ziren, baita iniziazio eta ezkontza errituetan ere. Eta herri guztiek etorkizunaz zituzten ametsak Paradisu berpiztuak ziren heinean, bertan imajinatutako baratze eta landa zoragarrien bazter ederrenetan Lehen Etxea bera altxatzen zuten.

        Guttitan, halere, aztertu nahi izan dute arkitektoek aintzinatean gertatu zena arkeologoak bailiran, ez baita hori izan beren ardura, mende bakoitzeko desafioei erantzun egokia ematea baizik. Era batera edo bertzera ordea jatorriak burutapen ugari sortu ditu, Arkitektura beraren izaera eztabaidagai izan delako garai guztietan, pentsalariak atzera begiratzera behartuz sustraiaren bila. Momentuko eginbeharren aurrean aukera ezberdinak ikertu eta sakondu nahi izan direnean, Arkitekturaren muina zein den zehaztu da derrigorrez eta horrela moldatu diren eredu teorikoek hasiera ere definitu dute, behin betiko sistema osoak izan nahi dutelako eredu guztiek. Lehen etxearen asmaketak, ondorioz, deskribapen arin, xinple edo irrigarriak izan ordez gizarte bakoitzaren pentsamoldearen ispilu dira, urteetan zehar egin denaren testigu fidagarriak.

        Liburuaren egiturak agerrerazten du Rykwertek eztabaidaren osotasuna azpimarratu nahi izan duela. Bi hitz labur eta zehatzez baliatzen da, aldi berean, kapitulu bakoitzaren erranahia adierazteko. Horrela, "Beharra eta konbentzioa", edo "Positiboa eta arbitrarioa", baita "Arrazoia eta grazia" izenburuak eta antzekoak erabiliz bataiatu ditu liburuaren kapituluak, "Natura eta arrazoia" delarik hemezortzigarren mendeari dagokiona. Mende hau berritzaile izateaz gain aberatsa izan zen eta, hemeretzigarrenarekin batera, argigarria guretzat, gaurko Arkitekturak dituen ardurak, bere baitan egosten diren eztabaidak, azken bi mendeetan izan zirenetatik hurbil daudelako.

 

        NATURA ETA ARRAZOIA

        Hemezortzigarren mendean Rousseauren pentsaerak eragin haundia izan zuen arkitektoengan, hain ezaguna den gizaseme primitibo zoriontsuen teoriak liluratu baitzituen. Horren jarraitzaile bati, Laugier abateari, zor zaio Lehen Etxearen eraikuntzaren deskribapen hedatuena. Altxatu zuten gizakumeak zoriontsuak ziren, noski, kutsadurarik gabekoak, naturaren edertasunaz jantziak eta, errebelazioak hunkitu bailituen, jakintsuak. Oinarrizko elementuak bertzerik ez zituzten erabili, zutabeak, entablamentua eta frontoia, alde batera utziz ateak eta leihoak, arkuak eta oinak. Berak deskribaturiko etxea Arkitekturaren arau nagusitzat jotzen zuen.

        Laugier abateak ez zuen sinesterazi nahi izan kontatzen zuen pasadizoa, zenbait kontzeptu agerrerazteko erabili baino. Logikoa zela defendatzen zuen aldi berean, arrazoiaren bidez Arkitekturari buruzko ondorio berdinetara ailegatzen baitzen bere ustez. Horrela natura eta arrazoia, mendeak onartzen zituen balore nagusiak, batu zituen oinarri sendoetan finkaturiko teoria borobildu nahiean. Bide luzeak oinpetu ziren une haietan eta eztabaida garratzak piztu bi kontzeptu horien inguruan. Naturarekin batera gizasemeen gorputzak ere aztertu ziren, etxeen egile eta biztanle haina munduaren osotasunaren partaide direlako. Zurezko eta harrizko konstrukzioen ezaugarriak, eraikuntzaren oinarrizko teknikak direnez, ikertu ziren era berean.

        Bainan natura eta arrazoiaren arteko erlazioak argitu eta zehaztu behar zirela onartu zen laster eta horretarako imitazioaren ideia izan zen bide ibiliena. Lehen Etxearekin zerikusi nabarmena zuen kontzeptu honek garapen ezberdin aunitz izan zituen, Francesco Miliziak ordurarteko asmakuntza landuena burutu arte. Honela zioen gaur egun predikamentu haundia duen Miliziak: Arkitektura imitaziozko artea da, bertze gainekoak bezala. Azken hauek batzuetan beren imitaziozko sistema oinarritzeko eredu natural bat izatean datza diferentzia. Arkitekturak ez du eredu hori, bainan gizakumeen lan naturalak, bere lehen lojeamenduak egin zituenean, eskeini zion eredu alternatiboa. Edo bertze hitzetan, Arkitekturak Arkitektura bera imitatzen du, prozesu historikoa baita.

        Hemeretzigarren mendeak bi joera ezberdin ezagutu zituen. Batetik, hemezortzigarrenean ideki ziren bideak ibili zituztenak, zenbait gauza baztertu eta gero beren era propioan desarroilatu zituzten natura eta arrazoiaren arazoak. Gure artean aunitzek onartuko luke seguruaski nazionalismoaren sorrerarekin batera zenbaitek gehitu zuen berezitasuna, alegia, Arkitekturaren zuzentasuna natura eta izaera nazionalaren arteko erlaziotik sortzen zela. Bertzetik, imitazioaren aurkako joera hartu zutenak, Arkitektura imitaziozko artea zela ukatzen zuten, oinarri sendoagoak bilatu behar zirela proposatuz.

 

        IZAERA

        Gure mendearen ezaugarri nabariena Arkitekturaren identitatearen krisisa da. Bi gerla mundialen arteko hamarkadetan sortu zen mugimenduak, ernatzen ari zen mundu berriari zegokion aukera eraiki nahiean, ordurarteko prozesua hautsi zuen Arkitekturaren izaera propioa ukatuz. Aintzineko identitate bereziaren ordez Artearen ideia absolutua definitu zuen, teknika eta tresna materialetatik autonomoa, gizasemeen ahalmena zelako. Pertsonaren baitan sortzen zenez errealitate fisikotik kanpoko izaera zuen, ideia hutsa zen bere sorreran. Gero musika, poesia, eskultura edo arkitektura bere agerpenak bertzerik ez lirateke izanen.

        Identitate propiorik gabeko Arkitektura horren emaitza ugariak ikusirik ordea, bidea galdu egin zela aitortu behar da. Gaur egun ematen ari diren pausoak, berriz, mendearen hasieran hautsi zen prozesua jarraitzera garamatzate. Arte absolutuaren ideia baztertzen ari da Arkitekturaren identitatea errekuperatzeko, urteotako eztabaidaren erdian izaeraren arazoa ezarriz. Historian zehar eginiko lanetatik ikaskuntza baliagarriak datozkigu, egungo desafioen aurrean Arkitekturaren ezaugarriak zehazteko orduan erabil ditzagun. Joseph Rykwerten liburua, horrela, ukaezinezko gaurkotasunaz jantzia agertzen zaigu, Paradisuko Adamen etxea noizbait berreraiki nahi badugu behinipein.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.