L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Etxeko sutea

 

Joakin Balentzia

 

Sua hasi da nire etxean ez dakit nola eta arratsaldeko bostetarako sute itzel bihurtu da. Azkartu naiz suhitzaileei dei egitera baina seiretan suhiltzaileak oraindik agertu gabe. Nik uste ez dutela izan nahi etorri sua itzaltzera, egiaz jauna. Lehenbizikoan telefonoz deitzerakoan zin egin dezaket aditu dudala irri maltzurraren hotsa nire etxearen datuak eman ondoren. Behin eta berriz dei egin diet baina kasurik ez. Nire fama ez da omen zintzoa hiriska honetan eta. Hondarrean, ikusi duzuenez, erabaki dut nire etxeko sutea kontenplatzea desesperatu gabe, nire patua onartuz gero. Horrela da historia hau, jauna, egiazko historia benetan.

        Orain dela bost hilabete hasi zen azkeneko atala. Joan den udan presentatu nintzen hiriskan lan eske, hogeitabost urte eta nire motxilarekin konpainia bakarra bezala. Hona heltzerakoan gogoratzen naiz inork ez zidala begiratzen eta hasi nintzela nigar egiten. Joan zen udaberrian nire txakurtxoa hil zitzaidan eta joan behar izan nuen nire gurasoen etxetik. Zergatik kontatzen dizut guzti hau? Zeuk nire jarrera ongi uler dezazun.

        Hura izan zen nire lehenbiziko akats inportatea, zera, nik beti pentsatu nuen aitamak joanen zirela etxetik ni baino hagitz lehenago. Baina hondarrean neu joan nintzen. Beno, ihes egin behar nuen. Aitak pozoindu egin zuela txakurra seguru nago.

        Txakurtxoa bait zen nire lagunik hoberena etxe hartan. Neuk zaintzen nuen beti eta inork ez zuen deus jakin nahi hartaz ostikadak jotzeko ezik. Baina egun batzutan harrapatu nuen aita txakurrari janaria botatzen. Ez nintzen kezkatu autopsia egiteaz baina seguru nago pozoindu zuela nire txakurtxoa. Gainera jakin behar duzu aita farmazilaria dela. Luperatu nuen animalia eta ihes egin nuen agudo etxetik.

        Zergatik kontatzen dizut hainbeste zehaztasun? Uler dezazun nire jarrera, jauna, errugabea bait naiz. Bai, nire aitamek behar zuten norbait ostikadak jotzeko eta txakurra hil baino lehen berak egiten zuen ostikadajasotzailearena. Lehenago izan zen nire aitaren aita baina zahartu zen sobera eta ez zuten nahi beste mundura bidali hain goiz. Horregatik erosi zuten txakurra, eta txakurra hil edo erhan ondoren nik banekien hasiko zirela nirekin.

        Izan ere joan behar nuen etxe hartatik. Hain haundia izanik ezin nuen jasan hain jarrera humiligarria. Hiriska honetara heltzerakoan ene penak ziren nigar egitekoak. Hogeitabost urte nituen eta inoiz ez nuen lan egin. Hura zen penagarria! Beti nengoen ikasten eta irakurtzen. Horregatik nire aitamek pentsatzen zuten zer edo zer aterako zutela ene buru jakintsutik, ez dakit. Abokatu izatea alegia. Baina nik sakonki gorrotatzen nituen eta batez ere ikasten nuena zen beraiek etxetik nik neuk botatzeko modua.

        Aitortu behar dut okertu nintzela. Zergatik aitak pozoindu zuen txakurtxo gizajoa? Honek ongi betetzen bait zuen ostikadajasotzailearen funtzioa, baina, nire laguna izanik, ezin zuen jasan basati harek laguntasun hori eta gainera ohartu zen nik alferrarena egiten bizi nahi nuela. Horregatik erabakia zuen ene ipurdian ostikadak jotzen hastea.

        Hortaz pentsatzen nuen bitartean hiriskako etxe apaindu eta dotore baten aurrean gelditu nintzen. Hura zen egoitza! Nire motxila lurrean utzi eta izerdia idortu nuen besoaz. Kontenplatzen nuen nola gizon batek erregatzen zuen egoitzako lorategia. Solas egin nuen berarekin hiriska, lanpostu eta bere lanaz. Agureak eduki bazuen gogoa norbaitekin mintzatzeko.

        Erran zidan jubilatzeko zorian zegoela eta ea interesatzen zitzaidan bere lanpostua, zera, etxeko morroi eta jabe izatea. Nola ba hori? Adierazi zidan etxea hutsa zegoela eta bere etxazaina zela. Benetako jabeak ez zirela ohi agertu eta pagatzen omen zioten bankuetxeko kontu korronte baten bitartez. Agureak adierazi zidan guztia laster atsegin zitzaidan eta berarekin geratu nintzen bizitzen jubilatu arte. Hau izanen zela hilabete buruan erran zidan.

        Agureak bazituen bizitza eta herioari buruzko ideia bitxiak. Bere bizimodua atsegin zitzaidan hasieratik. Ohantzetik jeiki ohi ginen martxa militar batek bultz eginik, hots, ordu egokian berak erlojudun asmaturiko tramankulu baten bitartez diskojogailua martxan jartzen zen. Berdin izan zitekeen goizaldeko seirak edo eguerdiko hamabiak, gaua iragan genuenaren antzera, infernuko soinu hura aditzen zen ehun metrotara eta auzokoen protestak batzutan oihuak bihurtu ohi ziren. Musika harek animatuak egin ohi genuen korrika lorategian zehar diskoa bukatu arte, LP baten alde baten bitartean alegia.

        Udako lana zen batez ere neurrigabeko lorategia erregatzea behin eta berriz. Lantzen genuen piska bat eta gero egun osoa zen guretzat nolabait errateko. Xake jokuan jokatzen genuen eta agurea zen fenomeno bat edo ni nahiko okerra, ez dakit. Maiz nik irakurtzen nizkion poema eta narrazioak; gehien gustatzen zitzaizkionak amodiozko eta beldurrezkoak ziren hain zuzen. Eta berak niri irakurtzea ez bazitzaion ere atsegin noizbehinka komikiak leitzen zizkidan marrazkien eskenak antzezten. Zeuk uler dezakezu nola maite nituen nire egoera berria, etxe hau eta agurea, ezta?

        Bainatzen ginen erabat biluzik etxeko atzekaldean dagoen oso igeritoki ponpoxoan. Agurearen gorputza atleta zahar baten eredua zen. Zimurtsua, noski, baina bere zimurrak zeuden ongi banatu eta kontrolatuak gorputzean zehar. Ematen zuen hirurogeitabost urteko gizon heldu kiroltzale eta sano bat. Burusoil beltzarana eta betaurrekoak irakurtzeko bakarrik. Airosa egonen zatekeen spot publizitario batean, hots, jubilazio ederra nola lortzekotan bankuetxe batean zure dirua sartu behar duzun edo ez dakit zer. Ene gorputzean, berriz, tripa nabaritzen zen, geldikorraren tripa nazkagarria. Baina uda honetan egin ditut aparteko ariketak hori kentzekotan, zera, uretan sarturik eskuz bibradurak tripan sortzen, baina ikusten duzunez arrakastarik gabe. Ordu ugari iragaten genituen igeritokian.

        Hondarrean konturatu nintzen agertu zirela begirazale asko, bai emakumezkoak bai gizonezkoak, mutikoak nahiz neskak etxearen atzekaldean dagoen basotxo horretan hain zuzen. Egoitzak honako gertaeren kontrako babes ederra badu ere badakizu beti agertzen direla ikusmiratzeko zirrikituak.

        Eguneroko postarik gehien hartzen genuena egoitza erosteko aldaezinetarako entrepresen iragarkiak ziren. Mila eskaera, mila eskaintza, proposamendu, zein eta udaletxearen partetik, pentsa. Eta agureak bere aldetik bidaltzen omen zizkien denak jabeei hiriburura. Lehenago berak egiten zuen honelako zentsura batzutan agertu bait ziren oso anonimo ezatseginak ezkutitz komertzialetan sartuak. Uda hartan —ni helduz geroztik, agureak erran zidanez— gehitu ziren biok eramaten genuen bizimoduari buruzko anonimo estrainioak.

        Egunero pasatzen genituen aldi ugari txantxetan eta irritan anonimo haien kontura. Nire udarik hoberenetarikoa izan da hau. Gure elkar konfidantza haunditzerakoan desegin zituen asmatu zituen gezurrak edo bromak. Beti adarra jotzen agureak adierazi zidan berak bidali zituela iragarkiak hiriburuko komunikabideetara egoitza salgai paratzeko asmotan. Horregatik jasotzen zituen eguneroko eskaera eta eskaintza haiek. Egoitza saltzeko asmotan ez zegoen, noski. Ongi pasatzeko zen bakarrik. Hura zen jokua eta.

        Galdetu nion harriturik ea zergatik hartu zuen iniziatiba jabeen ezagumendurik gabe eta lehenbiziko momentuan irriño batez eta isiltasunez erantzun zidan. Baina egun batzu iragan ondoren ihardun nuen eta aitortu zidan egoitzaren jabeak ez zirela esistitzen eta berak berriz bidaltzen zituela eskutitz komertzialak hiriburuko postapartatu batera eta beterik zegoenean edo hara joaten zela hustera eta denak erretzera. Eta horrela jarraitzen zuen jokua egoitzaren salmentari baldintza berriak jartzen. Bera zela egiazko jabea eta errentaz bizi izaten zela aitortu zidan hondarrean.

        Aitorpen hauek ez ninduten adoregabetu aski dibertitu ninduten baizik. Beste aldetik kezkatsu samarra nengoen ea zertaz izanen zen bere jubilazioarena. Beste komeria itxoiteko izan ote liteke hainbeste ikusi ondoren eta grina baneukan jakiteko zer agituko zen hilabetearen buruan niri pasatzeko bere lanpostua zela eta.

        Egun asperki eguzkitsua agertu zen Abuztuaren 31a. Lehenengo orduetatik nabaritzen zen eguzki neketsua, egun askotako zitara ez faltatzekoa. Martxa militarraren bitartez iratzarri nintzenean bera zegoen ene ohantzearen alboan. Triste samarra eta unatua ikusten zen baina bere begietan distira pikaroa gehitu zitzaion ohi baino hagitz gehiago. Seguraski ez zuen loak hartu baina ongi moztua zuen bizarra eta bere burusoila erluzetsua zegoen eguzkipean hainbeste egoteagatik.

        Adore eman zidan piska bat presaz egiteko eraman behar bait nuen paper eta dokumentu batzu notal-bulego batera eguerdiko hamabietan baino lehen. Bere ohizko arinkeria aski gutxitua zuen eta ohartu nintzen ahotsean dardarakada hunkibera batez. Karpeta marroi batean zeuden ederki ordenatuak dokumentu haiek. Irriño herabe batez iragarri zidan hura zela benetan bere urtebetetzeko eguna, bere 72. urtebetetzearena hain zuzen ere. Zertarako jubilazioa?, pentsatzen nuen bitartean, galdetzen ausartu gabe, azaldu zidan zer baldintzetan geratuko nintzen etxean. Zehazgabeki mintzatu zen ordutik bidai bat egin behar zuela asperturik bait zegoen hain bizitza monotonoaz.

        Horrelaxe zen, hots, baldintza haien bitartez bihurtzen nintzen etxazain eta morroi, etxearen jabetzarekin batera. Ordutik ni benetako jabea izanen nintzen baina nire jarrerak izan behar zuen bera beti edo egun batean agertzeko zorian izanen zen bezala. Bera itzuli egin liteke bere bidaiatik eta horrelako nik prestatu behar nituen bere logelako gauzak, ohantzea beti konpondua, ni hartan etzan arren. Jarraitu behar nuen aldaezinetarako entrepresi egoitza eskaintzen baina inoiz ez saldu.

        Piska bat gogogabe ematen zizkidan azalpenak eta momentuz ez zuen nahi nire zalantzei erantzun notal-bulegoan dokumentoak entregatzeko presa emanez. Bera arduratuko zela bazkariaz, despedida bazkari oparoa alegia, hiriskako jatetxerik hoberenak zerbitzaturik eguerdiko bietan. Zirudien dirua zuela eta paper eta gutunazal haietan gordetzen zituela bere testamentu eta holako gauzak.

        Egun hartan begirazale ugariak igeritokian gure gorputzen ikuskizunarik gabe geratu ziren. Mandatu bete ondoren itzuli nintzenean mahaia ederki apaindua zegoen eta ordu bietan puntu puntuan bazkaldu genuen oparoki. Arratsaldeko 3,30rako arrunt mozkortuak ginen txisteak eta txerrikeriak kontatuz udako izerditan. Bere logelara joan zen zanbuluka mozkorraldia lo egitekotan eta ni geratu nintzen jangelan bertan piska bat biltzen logaleak gainditu ninduen arte eta etzan sofa batean.

        Iratzarri nintzenean arratsaldeko seirak ziren eta izerditan nengoen zerriaren antzera. Freskatu nintzen dutxan eta irakurri nuen piska bat. Zortzietarako oraindik gizona jeitsi ez zenez gero bere bila joan nintzen. Ohantzean etzanda, jantzirik, hotza, lau ordutako gorpu bat zen gizona. Zianuroa izan zen bidai luzerako txartela. Egia errateko ez nintzen harritu sobera. Garbi zegoen afera. Berehala dei egin nion notariari eta bera arduratu zen denaz.

        Beste gauza batzuen artea gutunazal egokia notariak ireki zuen —"nire heriotza ondoren irekitzeko bakarrik"— eta nire aurrean irakurri zuen lehizezulo ahots batez, solemneki: "Mutilak eta inork ez du zer ikusirik nire borondatezko heriotzarekin. Neuk neronek hartu dut zianurozko kapsula. Horrela atseden eginen dut eta ordua zen erroilu hau bukatzeko. Ez dut nahi izan petrikilo odolki batentzako indietako untxitxoa eta nire minbiziaren sekretua nirekin daramat, arrunt nirea bait zen. Eta, zer? Hirurogeitamabi urterekin aski da, ezta?".

        Geroago notariak irakurri zuen testamentu bitxia. Bertan azaltzen zen modu solemneagoz nire etxearen jabetza eta morroitasuna eta zer baldintzetan, gizonak gutxi gora behera erran zidanez. Baita egoitza salgai jarraitzekotan komunikabideetarako iragarki motakoak zehazki jartzeaz ere kezkatu zen. Arrunt komeria hutsak zirela banekien. Haien artean udaletxerako eskaintza bat zegoen, irrigarria. Notariari erran nion nire oztopoa honako gauza bidaltzeko baina aholkatu zidan egin nezala bestela berak botako ninduela etxetik arrunt legalki.

        "Nire heriotza ondoren irekitzeko bakarrik" delakoa komunikabideetan agertu ez zenez gero, poliziarekiko ohizko eragozpenak ez eduki arren, anitz zabaldu zen hiriskan zehar zurrumurrua, zera, nik garbitu nuela agurea etxearen jabea izateko. Betiko leloa badakizu, baina ergelkeria horri kasurik egin gabe murgildu naiz ene bakartasunean lau hilabete hauetan zehar.

        Eta orain sute hau, komisari jauna, nola izan ninteke ni sutearen kitzikaria egoitza dotore eta magnifiko hau lortuz gero eta, kontatu dizudanez, nire gurasoen etxetik ihes egin behar ondoren? Ez nago eroa horretaraino, jauna, ez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.