L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<korr0900>— Korrok-9 (1987) —Hurrengo artikulua




 

 

Korrokata

 

        Laurogeitalauko neguan sortu eta urte pare batez aritu ginen geure "Korrok"ak barreiatzen lau haizetara, zenbakitik zenbakira indar haundiagoa egiten genuela, halako batean hustu egin ginela ohartu arte.

        Ahoa zabaldu eta eginahalak eginagatik ez zen deus ateratzen. Arrazoi izkutuek eragozten zuten gure jarduna, eta berrindartu bitartean esperatzea erabaki genuen. Aldeko haizearen zai gelditu ginen.

        Azkenik, honatx hemen beniro. Lehen ere eragin gintuen dardara berberak bulkaturik: geure izkribuak botila honen barrenean sar eta euskal letren itsasora bota; Nafarroa izeneko uharte ezezagunetik beste munduetara.

        Gutako batzu kokodriloek irentsi dituzte. Beste zenbait sikomoroen beso luzeen sareetan preso daude. Baina gure lurreko landare oparoek kide berriak erditzen dizkigute udaberriro.

        Lau txoro gara, paper xuriak zikintzeko mania izugarria dugunak. Zuhur aunitzen "elkartasunak indarra dakar" izeneko esaldiaren aldekoak ez bagara ere, gure gisako desorekatu guztioi egin nahi dizuegu bertatik dei, zeuen mezuak bidal diezazkiguzuen. Txoroak izateaz aparte bihozperak bait gara oso, eta pena ematen baitigu zu begirada erori horrekin horrela ikusteak, inork kasorik egiten ez dizulako. Lasai, guk argitaratuko ditugu zure gezurrak, zure ametsak, zure...

        Eta bukatu beharko dugu hemengoa, orrialdea betetzeko agindua eman digute-ta. Zer moduz? Nonbait hor, ez? Akabatu bait zaizkigu esan gogo genituenak, eta, bestela, hasi beharko bait dugu "hemen gaude, euskararen alde" eta antzekoekin, eta hori ez, hori gehiegi litzateke guretzat. Guri, halabeharrean, amaren tititik hala zurrupatu genuelako, beste hori ateratzen zaigu: "gu, nafarrok, korrok!, siempre p'alante".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.