Monzonen makila
Daniel Landart
Igande arratsalde bat zen, bezperetarik landa. Barne hau [Heletako «patronage»-ko sala] bera mukurru betea. Haurrak, aitzintto honetan, jostetan ari... emazteak kalaka gorrian, eta gizonak, gizonak beti bezala, berena gogoan... Eta kasik ez irudika, denak aiduru, zain, besta noiz hasiko zen ote... Zeren, antzerkia, guretzat eta hemen ziren guztientzat, besta bat bait zen, besta bat gaitza.
Taula gainean, ahantz batzu entzuten dira, bai eta, jokolarien urrats pizuak. Pizuak eta zaintsuak. Hiruzpalau aldiz oihala igitzen dute... Zuloño batetatik, begi haundi bat ikus daiteke, so eta so. Haren ondotik beste bat... eta segur naiz zuloño horrek, lagunak ba dituzkeela...
Bat batean, zura makilaz jotzen dute, baina arrabots haundi horrek ez ditu jendeak berehala ixilaraziko, nahiz emazte zenbat segidan basten diren: «Xo, ixo, xo... orai hasiko baitira»... ondoxean daukadan neskato punpulina batek aldiz, bere irri kokorozka ezin dezakelarik inondik ere trenka.. Beste panpako batzu beharko dira beraz, ikusliarren eztiarazteko, eta azkenean, denak kasik jume-jumea jarri direnean, oihala berriz ere igi tzen da, eta erdi-erditik, brixt, jaun bat agertzen zaigu.
Jaun bat, adin batetako jaun bat nik oiduan 16-17 urte nituzkeen eta horra jaun hori, eleketa eta eleketa, apez bat bezain ongi mintzo, edo berdin hobeki. Funtsean, aitortu behar dut, ordu arte, ez nuela inoiz, apezez eta misiolariez beste, norbait, horrela mintzatzen ikusi... Heldu zitzaion elea, heldu, iturritik ur garbia bezala, eta bestalde, esku eskuinean zeukan makila, goiti eta beheiti bait zerabilen, hitz dizuet, tanpez lilluratua gelditu nintzela.
Nor zen delako jauna, laster jakin nuen, ezker aldean neukan andre batek bere alabari erran bait zion: «Hori uxu, Monsieur de Monzon... komediaren egilea....».
MONZIEUR DE MONZON
Monsieur de Monzon, ikusi banuen ikusi, eta aditu banuen aditu, parabolaka mintzo..., zin dizuet, haren baitatik jalgitzen zen garrak, gorputz guztia inarrosiz, bihotza kaldan ezarri zidala, kaldan, su hartzerainokoan!
Eta ez otoi eni galda, egun hartan, Heletako antzerkilariek zein obra eman zuten, ez eta nola ari izan ziren; antzerki denbora guztian ez bainezakeen de Monzon Jaunaren itxura gogotik ken. Ez, haren itxura, ez eta haren makila...
Zergatik hainbeste jo ninduen, xixtez, ez nuen konprenitu. Baina geroztik, geroztik bai, nihauren gostuz zilatu dut, ordu arte, ni baitan, gorde-gorderik neukan teatrorako gutizia, tirria de Monzon Jaunari esker, bat-batean iratzartu zela. Bat batean eta behin betikoz!
Eta biharamunean ez bada, ondoko egunetan hasi nintzen ni ere antzerki idazten... edo bederen antzerki bat idatzi nahiz. Ez bait da batere berdin...
Bain xuxen, ondoko urtean, Heletako taldeak, antzerki zeingehiagoka bat muntatu zuen. Parte hartu nuen. Bigarren saria irabazi. Epaile edo jujeetan, de Monzon Jauna barne zen. Beraz, ene lana irakurri zuen.
Handik laster, uda hastean, «Euskararen Eguna» ospatu genuen. Igande goiz batez, hogei ta hamar lagun Donibane Lohitzunera joan ginen, eta karriketan eskea egin. Jendeak, brauki eman zigun, eta sos kontatzen ari ginela, de Monzon Jauna ere, gutartera etorri zen.
Diru kontuak beregisa utzirik, alegia deusez, ondora joan nitzaion, eta ez baita herabea bezalakorik batzutan ausart agertzeko, nolabait solasean hasi ginen. Hasian hasi, eta teatroa biziki maite nuela aitortu niolarik, halako so amultsu batekin begiratu zidan, izena galdatu, sorbalda jo, eta haren etxeko atea zabalik nuela erranik, urrats haundiz abiatu zen beste norbait agurtzera...
ATEA ZABALIK
Atea zabalik... Jakin nuelarik xuxen, de Monzon nor izana zen 28 urtetako deputatu eta ondotik Euskal Gobernuko minixtro minixtro ohi batekin luzaz solastatzen ahalko nintzela pentsatzeak berak, burua doi bat burzora arazi ziola nintzen loborari seme, inprimeriako aprendiz gazteñoari, ez dut errate beharrik. Eta horra duda-mudak haste: «Joan behauta, ez duta»... Eta azkenean, ni joan. Eta «Mende Berri» de Monzon egoitzako atea jo. Atea ireki orduko, ongi etorria bero, hitza leun, eder eta ugari, gogo-bihotzen altxagarri, zoragarri...
Hamar, dotzena bat aldiz, egonen naiz horrelaxe de Monzonekin buruz-buru, arratsalde osoak, gure kezkak, buru hausteak, griñak, penak bai eta esperantza edo itxaropenak, xeheki erabiliko ditugula eta aldi oroz, ikaragarriko kemen eta lanerako gutizia haundiarekin jalgiko naiz de Monzonen etxetik.
Eta segur naiz, ezagutu duten guztiek gauza bera erranen dutela: ba zekien de Monzonek, beste iñork baino hobeki kuraia ematen, kuraia eta Euskadi berreuskaldundu baten alde bermatzeko nahikaria zortarazten. Profeta bat zirudien. Profeta bat zen.
Baina ez zuen, ororen buru, beste munduko gauzarik aipatzen, ez eta, mirakuilurik hitzematen, ez; bere makila ferratua altxatuz, erraten zuen gauza bakarra, hauxe zen: Euskadi eraiki behar genuela!
EUSKADI ERAIKI
Euskadi eraiki. Bi hitz horiek, hamar, ehun, mila aldiz errepikatu dizkit, azkenekotz, nintzen gaztearentzat, kasik nardagarri izaterainokoan... Zeren nik, gaixo inoxentea, uste bait nuen, Euskal Herria egun batetik bestera eginen zela, horrelaxe, sobera pairatu eta higatu gabe, zerutik eror liratekeen opari baten pare...
De Monzonek haatik, bestela zioen. Eta ba zekien zer zerasan. Hark, esperientzia ba zuen. Hark, eta haren gudari lagunek, zerbait-zerbait ikusirik eta jasanik ba zuten. Nik, deus.
Baina, Donibane-Lohitzuneko bere jauregian, erdi-gorderik, penaz eta dolorez, iragan denborak gogoan egoteko partez; Ipar Euskal Herrian sortzera zihoan abertzaletasunaren lehen hazien eraile izan da: hala-nola, Itsasuko Aberri Egunetara etorriz, Enbata Oldea sustatuz, bertsulari eta euskaltzale guztien adiskide bilakatuz, eta bereziki, teatro sailean bere ildoa irekiz.
Eta gure artean genuen, Heletan,1966-eko Ekainaren 5-ean, Trinitatez, iparraldeko antzerkilariak lehen aldikoz elkarretaratu ginelarik, batasun berri bat egin nahiz. Gure artean zen. ere, Baigorrin, «Antzerkilarien Biltzarra» sortu zen egunean, 1967-eko maiatzaren 27-an.
Bestalde, errefuxiatuen laguntzeko «Anai artea»ren bidez ibili dituen urrats guztien aipatzea luzeegi litzateke; eta nola ahantz, Baionako Katedralean, bere lagunekin, egin zuen gose greba dorpea?
Bai zinez, guretartua zen errotik. Ipar Euskal Herriko arazoa ongi ulertua zen. Beste edozeinek baino hobeki, de Monzonek, hegoak eta iparrak osatzen duten Euskal Herria, Euskadi, bere osotasunean ikusi du, sentitu, eta sei probintzia zaharrak ezin batetaratuz, zazpi ahalak egin ditu.
MAKILAREN BI PUNTAK
Eta Telesforo de Monzonez oroitzean, begien bixtara datorkit ere haren makila... Beti berekin zuen makila... bi buruetatik atxiki duen makila... Oh, badakit, badakit segurki, ateraldi hau gaizki hartua izan daitekeela, baina berehala argituko dut xuxen zer erran gogo dudan.
Mizpiraz egin makila, Xuberotarrek makila gorria deitzen duten euskal makila, benetan ongi asmatua da. Mendiz-mendi edo alorrez-alor zabiltzalarik, zure lagun segurrena, sustengu hoberena: makila duzu.
Bermatzeko. Nekaduraren haizatzeko. Bai naski, goxoa da esku ahurrean makilaren buru leuna. Eta inoiz harriskuan bazaude, ez duzu beldurtzekorik: punta hor duzu, bere ezten burdinazkoarekin. Zaintzeko. Etsaien urruntzeko...
Horra beraz zergatik de Monzon Jauna bere makilaz behar bezala baliatu den. Berez, gizon ona zen, baina ona izateak ez du erran nahi denak onartu behar direnik. Eta Monzonek ez du onartu euskal populua, gure populua, zapaldua, zatitua, ukatua, umiliatua, trufatua izan dadin! Makila baten pare, ona agertu da baina ber-denboran bortitza!
De Monzonek, makila bi buruetatik edo bi puntetatik fermu atxiki duela erraten dudalarik hauxe adierazi nahi dut: bere makila Euskal Herriari konparatzen zuela.
Punta batetan: hegoa, bere Nafarroarekin. Beste puntan iparra. Gu: Hemengoak.
Punta batetan: atzoko gudariak. Espainiaren aurka, guduka bat galdu duten abertzale zintzoak, bai eta... geroztik etorriak. Beste puntan: gaurkoak. Harmen bidez segitzen duten burrukalari bipilak.
Punta batetan: egunero euskaraz mintzatzen direnak, euskara biziarazten dutenak, baina horretaz ez dutenak axolarik, are gutiago kontzientziarik. Beste puntan: eusko direla ba dakitenak, kontzientziatuak, eta «je suis Basque» edo «Soy Vasco», aho beteka derasatenak, baina euskara ikasten hasteko momentuan aitzakia merke dutenak.
Punta batetan: nazional arazoa baizik ikusten ez dutenak. Beste puntan: denak, sozial arazo bakarrera biltzen dituztenak..
Puntatik puntara, ez dut zerrenda hau luzatuko. Alabaina, ez dugula, zorigaitzez, denek ezagutzen? Eta hori ikusirik, uste dut, gaurko euskal politikaz erran dezakegula, de Monzonek, frantsesez, antzerki entsaioetan maiz errepikatzen ziguna zinez, «ça ne passe pas la rampe», «ça ne passe pas la rampe!!!»
Bizkitartean, elkarretarik hain urrun direla irudi duten bi punta horiek, ororen buru, elkarretarik biziki hurbil dira. Makila beraren bi puntak bait dira. Makila berarenak! Nahi ala ez...
Eta Monzonek, bi puntak elkarri lotu nahi izan ditu... Batasuna egin. Herri Batasuna...
POLITIKA ETA ARTEA
Baina, ez nuke ahaztu nahi, gaur, Heletan, Monzon, antzerki gizonari egiten diogula omenaldia, ez eta politika gizonari.
Makila beraren bi puntak hor ere...
Monzon, politika gizona bat zen, ba zuen ere, eta nola! artearen maitasun izugarria. Errotik edertizalea zen. Bestalde mintzatzen zelarik, begiratzen zuelarik, kurri zabilalarik, ba zuen halako artista aire bat... Ez bakarrik... airea. Artista bat zen...
Maite zuen, oroz gainetik, lan ongi egina. Lantua. Olerkiak edo antzerki bat idazteko, egunak, hilabeteak, urteak pasatzen zituen. Hitzekin jostetan. Hitzekin jostetan edo idazkiari soinu berezi bat ematen dion hitz egoki hura ezin aukeratuz. Eta behin baino gehiagotan, berak aitortu dit, idaztea asko gostatzen zitzaiola. Funtsean, nori ez?
Lan ongi egina maite zuela..., berarekin antzerkilaritzan ari izan garenok, hori, denek ba dakigu. Zenbat, zenbat aldiz ez ditugu, lerro berak, jestu berak, urrats berak berriz hasi behar izan? Guk uste ongi zela eta harentzat sekulan ez aski. Beti ikasten, beti trebatzen, beti hobetzen aritzen, horra zer den alabaina, artea...
Ikusliarrak ez dezake inondik ere asma zer lanak ibili behar diren, obra bat, doi bat bederen, plantan agert dadin....
Eta arte mailan, guk Euskaldunok, ba dugu non zer ikas, non zer treba... Maiz, lan luze eta neke bat egiteko partez, gure ekintzak ez bait dira tarrapata lan arrunt batzu baizik...
Ah, Monzon bezalakoak bagina...
LEPOAN HARTU ETA SEGI AURRERA...
Nahiz ez dugun, hau edo hura bezalakoak izate beharrik. Izan behar dugu, guhaur! Garen bezala... Bakoitzak, bere saila eraman behar bait du, berak senditzen duen eta ahalik hobekiena.
Eta mintzaldi laudoriogarri honetan, goraipatzen badut ere Monzon; ez dut ahantziko, gu biak ere, alta, makilaren, makila beraren bi puntak ginela.
Hura, aristokrata, bere bizi guztian egundaino lanean ari izan ez dena, eta ni, xumea, hamalau urtetako aprendiz sartua, eta oraindik beti inprimerian lanean ari... desberdintasun haundiagorik izan daitekea?
Bizkitartean, beste erresuma bateko semeak izan bagina, inoiz elkartuko ez ginenak, Euskaldunak ginelakoz abertzaletasunak bildu gaitu eta. Fede berarekin bermatu gara antzerkiaren eta gure Euskadiren alde.
Ez ginen segur beti ados, eta ez dut inoiz Monzonez mito bat eginen; baina atsegin minez parte hartzen dut antzerki gizonari egina zaion omenaldi honetan. Horrelako bat zor genion, gutienez.
Baina, Monzon Jaunari eginen diogun omenaldirik hoberena-ederrena, egiazko omenaldia, Euskal Herriarentzat eten gabe burrukatzea izanen da. Burruka hori izan bait da haren bizi guztiko oinarria.
Eta beraz, bakoitzak bere makila hartu eta segi aurrera!
Martxoaren 14ean, Heletan, Telesforo de Monzon-en oroimenez, Antzerkilarien Biltzarrak egun bat ospatu zuen. Karia hortara, Daniel Landart-ek hitz hauk erran zituen.
|