Hiltzearen hitzak: hil ezkilaz
Auxtin Zamora
SENPERE HERRIAN.
HIL-HERRI BIDEAN.
HILTZEAREN HITZAK
DIRA HIL-EZKILAK
«ni nauzu hiltzea zure suntsizale,
zaren guziaren lur bilakatzale.
Ez krizkola neri kaien kurrinkarik,
ez huia zakurrik neure gibeletik.
Zabiltza oraino lurraren gainean
xixtuz eta irriz, omore onean,
eginen dautzut «hau» ohart gabe batez,
goiz huntan ez bada sarri aratsaldez.
Zaitezen «pelele» edo jauregidun,
zaitezen bakarrik xinaurri bizidun,
ezarriko zaitut luze bezain gogor,
etzanik, hobendun, odol hatsez agor!
Zapartatzen dira zeruko izarrak,
desegiten ere amodio herrak,
inguratu duzu zure eremua
gate xixtadunez, gaixo muñuñua!
Senpere herrian, hotz, ixilik daude
harri azpikoak, denak buztinkide,
Zu, lur gainekoa, ez zare ixiltzen
«zer den berpiztea» duzula galdetzen.
Hazia hila da berriz sortu arte,
sortu, haunditu, hil... ta berriz haste.
Zoaz, ahoz gora lur bizi barnera,
noizbait haur bezala sortuberritzera.
Bi portalet haundi soroen erdian,
berritz etortzeko bidexka ondoan,
lau murruxka xuri, zerua teilatu
hor dut atxikitzen zuretzat SORLEKU»
|