Serenada
Jean-louis Davant
Emakumea maite dukan gizonkia,
Utzirik Minotauroren bortxakeria,
Kortesian har ezak Occitaniako
Trubadurren bidea,ez zaik doluturen,
Kantoreak bederen baitituk onduko.
Behin bazen Parisen
dama gazte eder bat.
Senar ona bazuen,
aberatsa gainera.
Kortea egiten zion
kantari pobre batek.
Gau batez etorri zen
ilargi betean
damaren leiho pera
eta gitarragaz
berriz kantatu zion
ezti ta kartsuki.
Azkenean senarrak
asperturik handik
ohildu nahi zuen
amorante gaixoa
bezain hastiroa.
Baina damak erran zion:
adiskide ona,
otoi bego bakean,
serenada urririk
kantatu baitigu
eta horri eskerrak
gozatu baititut
ohore ederrenak
zeronek eskainiak.
Horrela poesia
eta emaztekia
bi bider aberastu
zituen kortesiak.
Behin ukan ez zuen
entzuleen ohorea
gau hartan hartu zuen
olerkari pobreak
Eta senarrak bete
usu ahazten bide
zituen eginbide
Gozoak. Serenada
ez omen da galdua
oraino Erriberan.
Emaztedun garenok
aberats izan gabe
gure fortuna dugun
estima eta lagunt
serenada etxean
kanta baitezakegu
pixuntzia burutik
behera ukan gabe.
|