Jon Mirande Aiphasoro
Txomin Peillen
1925/11/12: Parisen sortu; burasoak zuberotarrak.
1942: Filosofiazko bachelier bezala, ikasketak Pariseko Lycée Arago delakoan burutu. Spengier ta Nietsche orduan irakurri.
1943: Bretoina ikasten.
1944: Finatzetakoo Ministerioan sartzen.
1944: Euskara ikasten.
1946: Frantsesez olerki batzu idazten, lehen eta azken idazkiak hizkuntza hortan.
1947: Eukal Ikerketen Biltzarrean idazkari.
1948: Euskararen ganako lehen beroaldia. Amerikar kantu batzuen itzulpenak egiten eta zuberoeraz abertzale kantuak.
1949: Pariseko idazle taldetxoa sortzen, Ibiñagabeitia bizkaitarraren inguruan, Jon Mirande ta Peillen anaiak.
1949-52: «Gernika» aldizkarian idazten prosaz abertzaletasunari buruz eta kehenbiziko kritika EAJri eginaz. Olerkiak.
1949-62: «Eusko Gogoan» idazten, prosa, ipuiñak, saioak. (Parapsikologiaz)
1949-62: «Egan»en idazten, ipuiñak, eta keltiar herriez saioak (Irlandera, Bretoina...);
1950-61: Garai horren azkenean eta denboran euskal gizartearen kritika gogorra abiatzen du (Euskaldun zintzoen balada) eta euskaldungoaz etsitzen hasten.
1956-57: Bigarren Beroaldia. bereziki Arantzazuko Euskalzaleen biltzarraren ondotik. Baina 1959. urte inguruan amaren eriotzetik landa, psikasteniaren eraginaz lehen gogogaltze gaitzaldia pairatu du.
1960: beti eri, beti gaixo eta etsitua.
1962-64: «Igela»ren ateratzearekin azken beroaldia.
1965: Euskaraz ez du idazten, bretoinez jarraitzen du.
1968: Aita hiltzen zaio eta bigarren gaitzaldia pairatzen du, hamabost eguneetako loaldiak gaizkiago uzten du. Ez du gehiago ezer idazten.
1968-70: Jon Etxaide adiskide handiarekin batean Etxahunen bertsoak gipuzkeraz, egiten dute, zuberoerari buruzko linguistika oharrak Miranderen askutik. Bizi zeno, haren nobelatxoa Haur Besoetakoa agertzen da Lur argitalpenak emanik, Gabriel Aresti haren adiskide minaren ardurapean.
1972: Hirugarren gaitzaldia, bost hilabetez. Bretañian egoten da. Handik itzultzean eta hobeki iduri duelarik bere burua hiltzen du 1972-eko Abenduaren 25-ean. Urtarrilaren 9an hilik arkitzen da. Haren olerki bilduma Orhoituz 1974.urtean agertzen da, Lur argitaletxean, Andolin Eguzkitzaren ardurapean.
Bizi zagoeno, artikulu ainitz, ipuin gehienak, eta bere nobela Haur Besoetakoa argitaratu ziren, baina ikusi dugunez haren olerkiak hil ondoren baizik, zentsura apur bat arindu zenean; berdin uste nuen Jon Miranderen Lan hautatuak, liburua idaztean eta biltzean ez zela gure idazlearen obra «orraztua» izanen, baina Gero argitaldariak bere ber-zentsuraz Jonen politika idazkiak kendurik, 1976. urtean, argitara eman zuen delako liburua. Geroztik Andolin Eguzkitzak, argitara gabe duen bere tesina Jon Mirandetaz idatzi zuen, baita Saioak aldizkarian haren testu ezezagun gehiago eman ere. Joxe Azurmendi-k saioa eman zigun Mirande eta kristautasuna, Saio sari bat irabazi zuena ta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa 1979.urtean agertua. Neronek Haur Besoetakoa-ren hiztegia ikertuz, gure idazlearen mitoak zein ziren azaldu nuen Deustun eman hitzaldi batean, Hor Dago etxeak negu hontan argitara behar du.
Aldizkarien gandik omenaldiak izan ditu, Elgar-en, Argia-n, baita Anaitasuna-ren zenbaki berezi bat duela urte batzu. Bretoinek ere ohoratu dute Al Liamma, Bretagne réelle, ta la Bretagne à Paris kasetetan. Euskal gobernuak Jon Mirande literatura saria sortu du eta Pariseko gau eskolak Jon Mirande izena hartu.
Aurten hamar urte izanen dira Jon Mirande hil zela, urteburu horren ospatzeko Maiatz-ek zenbaki berezi hau eskaintzen dizue. Denbora berean abenduaren 17tik 24eraino Eibarko hiriak, Gipuzkoako Aldundiak eta Euskadiko Jaurlaritzak, arratseko zazpitan astebete ta eguneroko omenaldia eginen diote. Berek esan didaten gisa «euskararen promozioa egiteko denbora guzietako euskal idazle handienetarik bat ez ahaztutzea komeni zaigulako». Zuberoan ere duela lau urte Atarratzeko euskal astearen karietan Jon Miranderen ohoretan, zuberoerazko artikulu bat idatzi zen. Horiek guztiak ez dira gaizki, baina idazlearen obrak hain zailak dira arkitzen non uste dudan gure aurrengo urrats ta pausoa, olerkien eta nobela laburraren berriz argitaratzea dela, gure gaurko literaturaren hastapenak izanki ez baitira zahartu.
Oharra: Argitaratu gabeko olerkiak eta sentzuratutak politika testu bat «Hor Dago»-k ateratzen duen Xaguxarra aldizkariaren bigarren alean argitaratu ziren.
Jon Miranden gelako irudi grabatua
Albrecht Dürer-en «Melenconia»
Txomin Peillen
Parisen, bere sorlekuan, gure idazle handiak luzaro, etxe merke batean izan du egoitza. Haren etxebizitzan sartzean ezkerretik zegoen burasoen lo-gela, erditan paristar sukalde txipia, eskuinean Jonen lan ta lo-gela, nonbait zortzi metrotakoa; pareta gehienetan liburuak, baina hutsune batean, gelako edergaiilu bakarra Albrecht Dürer-en «Melencolia»z berregintza.
Estanpa ospetsu hori gure olerkariaren nortasun mirailla izanki, haren oroiz irudia gaindi ibiltzea, eskaintzen dizuet; hola denbora berean, 1514. urtean eginikako grabatu horri, ulerkuntza berria ematera saiatuko naiz. Alegoria horren entelegatzeko, ulertzeko, egileak berak idatziaz baliatu behar dugu:
Andere bat da, zeiñen begien bitartez saturno munduari beha eta adi dagoen.
Jon Mirande-k, agian, jakinaren gaiñean edergaillu hori beretzat hautatu zuen, alde batetik XVI. mendeko gizabidezaleentzat Jainko hori artisten sinbolua zela baitzekien, bestaldetik malenkoniatsuena baita. Gure olerkaria bietatik zelakotz, ezin egokiago zitzaion alegoria hori ta gure Olerkariaren obra ez ote da Saturnoren ikuspegia munduaz?
Irudi horren erditan, aingeru hegaldun bat harri mailla batean jarria marrazkitua dago, baina kristau adierazpenik eman ez dezaiogun Dürer-ek, aingeru hori lurtar egin du, gerrikoan giltz eskuta, gonaren hatzean diru moltsa: etxekanderea, bere karguaren ikurrekin, gaiñera itxuraz desbidetu ez gaitezen, aingeruari androgino aurpegiera ta esku lodiak eman dizkio, giristino aingeruetan ohi ez direnak. Aingeru han nor den jakiteko alkimiari ta kabbalari eskatu behar zaiote; hain zuzen unibertsuaren ta giza ohitura guztien batasuna egitekotan kabbalak, planeta, aingeru ta gogoaren emankizunen artean kidetasunak egin ditu eta hauen artean, kristautasunak ukatzen dituenen artean: Saturno=Orificiel aingerua=zaintzea. Ikusten denetz Düren ondo iniziatua izan zen eta urteei kasu eginaz, ageri da Venezia-n eman zituen bi urteen ondotik, sinbolikazko hirur estanpak grabatu zituela.
Ea zer egiten duen aingeru horrek, nere ustez Orifiel dena? Andere-gizon horrek asper batean balitz irudi, begiak nonbait galdurik, buru nekatua ezkerreko eskuaz arrimatua, eskuinekotik konpasa irekita agertzen zaigu. Konpas horrek bereala alkimiaren sinbolikan sartzen gaitu, zeren Saturnoren ikurra baita, denbora berean malenkoniarena, saturno zangomotza pentsalari ta tristea baita. Bestalde Unibertsua zirkuluz egiña baita konpasa inguru horien gaindi dabilan pentsamenduaren sinbolua bihurtu da.
Grabatuaren ezker ta goikaldetik, Saturno, gau-eguzki hotzaren irudipean lañoen artetik sortzen da, leiñuruak zeruan barreiatuz. Hutsik egin ez dezagun, izar argi horren inguruan iparralde-alba batek, gauaz gaudela segurtatzen digu, eta denbora berean heriotzetik haratago beste bizitza bat badagoela sinbolisatzen eta aitortzen digu; beste bizitza hori argiz eta misteriooz beterik izanen delarik.
Gau zeru horren aurrean saguxar (gau ainhara) batek hegoetako atzaparretan loturik banderola, MELENCOLIA hitzekin hedatua atxikitzen du, lehenik marrazkia nola eta nondik hasiz, irakurria behar den erakutsiaz, bigarrenik alkimia ohitura horietan parrategin duen ispiritu baten sinbolua. (Euskal sinbolika hortatik oso urrun dabila, zeren Txinan ta Ekialde Urruneko herrialde askotan bezala, gurean Zorionaren ezaugarria baita, saguxarra).
Saturno zeru horren pean, ur zabala (itsasoa ala aintzira?). Ur horrek malenkonia zeruko bildurgarriak iretsiko ditu, ur eta lur artean iparralde alba (ostadarra dirudi) lokarri gisa dago, ura alkimiaren mintzairan miraila izanki.
Goiko aldean eta erditan, hiri bat ur ondoan ageri da eta Düren-en grabatu askotan lurtar bizitzaren sinbolu izan diteke, nahiz «Zalduna, Herioa ta Diabrua» delakoan zeruko Jerusaleme den. Hurbilago zurubi bat, zubiak zutik; beren zazpi mailekin Anabathmon izeneko mistika iragaitzaren sinbolua, Mithraren misteriotik, Jakoben zubia gaindik, Platonekin eta Kristauekin, gizona bizi lurkoi batetik mistika goihenera igaiten da; mail batetik bestera oztopo handienak garaitu behar dira eta mail bakoitzean nahiz bakea, nahiz edertasuna une apur batean gozatu. Origenes-ek Salomonen kantu ederrenaz idatzi homelietan dio, arimak Verbu-arekin izanen dituen ezteiak ospatzeko igan behar dituen etapak direla.
Goiko aldetik eta eskuinean etxano bat ikusten da ta etxola horren paretean beste gauza-sinboluak dilindan. Lehenik balantza bat. Balantza horrek, denek dioten justiziaren ikurrarekin eztu ezer ikusteko nere ustez, zeren irudiegileak bidean jarri gaituen, Saturno aipatuz: balantza, Saturno-Kronosen sinbolua baita; hain zuzen sinbolikak dion legez, orratza erditan izan behar du, Saturno gau ta egunaren oreka agintzen baitu: halaxe udazkeneko Gauberdintze hori gertatzen denean, Balantzaren Zadiaka ikurpean gaude.
Kantoin berean eskuinago ondar-ordua ikusten da bai berinezko anpulatxo doblea ondarrez beterik; harea, ondarra ixurtzeko ateka hertsiak, gogoratzen digu denboraren joaitea, eta gure hersturak eta larrialdiak beti izanen ditugula. Anpula batetik bestera pasatze hori zerutarretik lurtarrerakoa eta alderantzizkoa sinbolisatzen ditu.
Eskuinetik eta beste biak bezala etxanoaren horman zintzilikaturik ezkila, kanpaia ikusten da, bere zeihar haga ta erraztun bereziarekin kosmosaren sinbolu ezaguna da, holako zeinua zazpi metalez egina baita, ta inguruan zazpi planeten ispirituak baitabiltza: Saturno, Jupiter-Zeus, Mars-Ares, Eguzki, Artizar, Merkurio-Hermes ta Ilargi. Azkenik ezkilaren azpian magia-laukia, adur-laukia ikusten da lauki hartan lerrro guztiak ta diagonalak batu egiten badira, beti hogei ta hamalau irakurtzen da. Lauki horrek hamasei gelatxo izanik, Jupiter-en sinbolua da, hots Saturno Kronos-ek jaten zituen bere haurretaz salbatu zen bakarra, ta hemen alaitasunaren aipamen bakarra. Egia esan malenkoniatsuen medikuntzan ezaugarri da, alai eta beroaldiak, ezineria ta tristurekin aldizkatzen direla, ta halaxe zen Jon Mirande adiskideen artean, baita bere obran ere (ikus Behiak).
Erdiraino jaits gaiten; ezkerretik sutontzia ikusten da, gaiñean alkimisten kazpela berotzen ari. Dudarik gabe, Saturnoren alorrean gaudelarik, untzi hartan hurtzen ari dena, beruna, plomua da, jainko ta planeta horren sinbolua. Sugintza horren harri mail berdinean, martillua, maillua nabarmentzen da, Herioarena izan ditekena, Sukellos kelten jainkoarena, Mantus latinen jainkoaren izan dena eta Jon Mirande-k idatzi duen gisa:
Heure mailuaz jo ezak etsai oro.
(«Harrizko jainko bati»
in Orhoituz Kriselu,
Bilbao, 1976 69. orrialdean).
Harrizko poliedro handia badago mailluaren ondoan; bi dodekaedro alde erakutsiz, hots bi pentagono; delako irudia sectio aurea edo proportio divina-ren, ikurra lizateke, baina pentagono desberdinek beharbada estetika osorik legeetan ezin ezar ditekela adierazi nahi digu Dürer-ek. Goiko pentagonoan giza burhezur bat hil burhezurra nabaritzen da. Erditan eskuiñago gurpil bat, hormari arrimuz zutik, erditan zulatua askorentzat errota-harria, eihera-harria, nire ustez kosmosaren erroda, jaiotze-sortze, bizitze hileen ingurua sinbolisa lezakeena, baita sekulako aldakortasuna, gizarteen gorabehara ere bai. Asturu on eta gaitzen gurpilari aintzinatean, fortunaren gurpila zioten.
Gurpil, erroda horren gainean ikusten den aingerutxoa Andere handiaren bikoitza da, hura bezala pentsati, jarria, liburu bat belaunetan, egiteko gabeko Eros-a, Afrodite-n mezularia.
Beheko aldean eta ezkerretik, zakurra, etzana dago. Hezurrak ageri ditu; lo dago, baina Saturnorekin zerbait ikusteko du mailluarekin, ondar-orduarekin ikusi dugun bezala Herioaren sinbolua baino gehiago da; nere ustez arima-ekarle, psikoponpa dugu, gizona herio ilunpean laguntzen duena eta batzutan hilekin harremanetan jartzen duena. Zakurrak norbait hiltzen denean egiten duen orroaren gatik, beharbada, halaxe sinesten zen: Egiptarrek Anubis, Grekoek Zerbero infernuetan ta beste munduan giza gidari zituzten, baita Hekate infernuko jainkoa zakur baten itxurapean aldatzen omen zen ere. Dürer-en grabatu ospetsuen artean «Zalduna, herioa ta diabrua» deritzaionean bildurrik gabe hiltzera doan zaldunaren ondotik zakurra korrika dabil.
Gehiago dena «San Geronimo bere gelan» beste bi grabatuekin aideratzen bada, hirurak 1513-1514. urteetan eginak, egitura berdina arkitzen da traingulu batean, hirur erpinetan sinbolu berdinekin: goiko-aldean ordar-ordua, denboraren joaitea gogoratzen duena, beheko aldeen ezkerretik burhezurra, eta erditsutan zakurra, denek herioa gogora ekartzen dutena, malenkonia gaitzaren azkena bere burua hiltzea baita, gure grabatuan ere egoki dago. Jon Mirande-k urte askotan irudi hori ikusita beharbada haren olerki batean, horren oiarzuna inakur genezake:
zaldun gazte bat, ezpata
zorrotik erdi-irtenda
il dala inork ez zakik
zakurrak t'andreak baizik
(Bi beleak, IV,
Orhoituz, Kriseilu,
Bilbao, 1976, 21.orria)
Beste olerki batean ere zakurra agertzen da:
Zakhur zahar bat errekan
Nehork ez jakin nondik jinik
zakhur bat zoan errekan
Uretan gaindi, arhin, hilik
Nik soilik, arima baithan
usnatu nizun hil-usaina
Nik soilik nire Ekklesian
dut ohoratzen hil anaia
Zakurra errespetu handitan zen Kelta paganoen artean, baina kristautasunak deabruaren eta paganuaren sinbolua egin zuen, ta gure Mirande bretoinzaleak bazekien zer esan nahi zuen Ki-Koz esaerak horien hizkuntzan, alegia «zakur-zar».
Beheko aldean ezkerretik zakurraren alboan, tinta-ontzi erabilkorra ikus diteke, denek etsipenaren sinbolutzat hartua, andereak hor baztertua; nere ustez tresna horrek Albrecht Dürer-en egunerozko kezkekin zerbait ikusteko du, garai hartan arkitektura saio bat idazten hasia zen, baita nola estetika, geometria legeetan sartu ere ikertzen; berak aitortuko du askotan etsitu egin duen arren lan hartan, zerbait idatzi duela, baina bere biziko tristura eduki duela (Orifiel aingerua, libura bat belaunetan hitsita ageri da). Holako etsialdiak ezagutu zituen Jon Mirande-k:
Jai eder neure jauregian
libura denak hertsi eta
zuhur izanak gutietsiz.
(Nil igitur Mors est,
Orhoituz, Kriseilu,
Bilbao, 1976, 64 orr.)
Baita melankoniaren sakonean amilduz:
Negar dagit asko,
gorphutz-, bihotz-minez,
gauzetako minez
(Zergatik, ibidem, 45 orr.)
Irudiaren behean, zolan, esfera bat, arraultza borobila gizonak munduari ematen dion itxura, kosmosaren arraultza; harriz ala zurrez? Ondoan dauden zurgin tresnek zurrezkoa dela, adieraz lezakete, bestelan zertarako daude lurrean utzitako arrabota ta esku-zerra? Lurrean daude gauzen artean halere batzu elkarrekin jan genitzazke, pagantasun sinbolika hortan kristau lizatekeanak: alegia, kurrikak edo trukesak eta lau iltzeak, beharbada gorago harri mailan ikusi dugun maillua, Pasioko nekaldien tresnak. Hain zuzen handik hamar urte gure artistak grabatuko duen gurutzifikapenean, Jesu Kristo lau iltzez gurutzifikatua da. Halere, ez dut Dürer-en obran tresna horien beste aipamenik hatzeman, eta ezin dezakegu esan ziurki erditan dagoen zurubia Jesu Kristoren gorpua jaisteko erabilia izan zena, denik.
Beste tresnez berdin esan dezakegu. Dürer-en eguneroko kezkak dituztela salatzen, esate baterako konpasa ta erregela. Badakigu 1525. urtean Konpasa ta erregelarekin neurtzen jakiteko ikasbidea argitaratu zuela; beraz irudiak batzuetan bi irakurketa eduki detzazke. Hargin ofiziozko tresnak, langile sinbolu dira oraindik aleman artistaren garaian, baina handik berrehun urte konpasa, erregela, esfera, poliedroa, Filosofia-harginen, hargin-beltzen sinbolikan sartuko dira, alkimiako ikur ainitzekin batean.
Grabatu hortan ikusten ditugun gauzek hierarkia bat erakusten digute, goikaldean astronomiazkoak, erditan geometriazka batzu eta benetan, zolan, beheko aldean langile tresnak, heriotzarena tartekatzen direlarik; han ere ezta ustegabean zurubiaren sinbolua gogoratzen bazaigu, lurtarretik, abstraktura eta hortik kosmologiara. Ikusten dugunetz grabatzaileak kristau ta pagan sinbolika ederki ezagutzen zituen. Italian 1505. urtean bi urtetarako joanik, garaian italiarrek birasmatu autore zaharretan, baliman, zuzenki ikasia. Irudiak ematen digun zirrara orokorra: etsipena, Jon Mirande-k idatzi zuen legean
Zergatik ikasi
ahaztutzekoz gero
ikasiak oro?
Zergatik ikhusi
hainbeste lurralde
hainbat, hainbat jende?
(«Zergatik», Orhoituz,
Kriselu arg. Bilbao, 1976, 45.orr.)
Orifiel aingeru arranguratsuaren gogamenei irazkin hoberik ote? Gauzen jarrenak, tresna utziena jakitatearen ezineria erakusten digu eta bi aingeruen jarrerak berriz tristura sakonak ez duela erremediorik; bestalde irudian han daude Saturnoren alde txar eta erorgarriak: behaztopo ta elbarritasuna (gurpila), denbora joana (ondar-ordua), baita bereziki ere malenkoniaren azken burua; heriotza (zakurraren, burhezurraren, ondar-orduaren itxurapean). Saturnoren alde hoberena, beharbada, zurubiaren eskaintza lizateke: zoritxarrei, lurtar buruhausteak batzertuta, mistika bideetan goiti joaitea eskaintzen delarik. Munduaren ukapen hori ez ote zen Aintzinaldietako zuhurren erakaspen handiena, kristautasunak Erdi-Haroan zabalduko duena.
Jon Miranderen euskaldun malenkonia
Gaitz hunek, eritasun honek oinharri gisa psikastenia dauka eta Jon Mirande-k eskutitz batean honela adierazi zidan:
...osasunez ez nengoelako ondo, baina zan-eritasun gaitz bat jasan dut eta jasaiten dut oraindik («psykhastenia» dauka izentzat jakintsuen mordoilloan)
(1959.8.28. J. Miranderen idazlan hautatuak, Bilbao, 1976)
Malenkonia, gogo ta gonputz jaltsaldia da; hogeitahamar urteren inguruan hasten dena; hain zuzen gure idazlea adin hartan, 1955. urtean hartua izan zen. Halako gaitzetan bezala beroaldi ta baikortasun uneak bazituen hala nola 1962-1963. urteetan. Igela atera genuenean, baina 1967. urtean berriz bere buruaz beste egiteraino heldurik lo sendakuntza bat egin zioten, gaizkiago utzi zuenak.
Eritasunaren urrats gordeak, beharbada, goizago hasi ziren baina hastapenean Jonek bere gorabeherak humore onarekin hartzen jakin zuen eta hori bereziki Behiak izeneko ipuiñean agertzen da. Ipuin hori, lehenik Zuberoan eta zuberotarrez idatzi zuen, gero Euzko-gogoan.
Berak dion bezala:
«Euria ari zen; hegalez zebiltzen beleak ortzean, min zahar ahaz-gaitzen aranak ene gogoan kuatuz».
Gero behiekin hasten da hizketan eta laburtzeko huna esaldi batzu:
...Mindun eta apal bait nator, ez asarre izan;
...Ni, ordea, gizakume bat baizik ez naiz: nekatu naiz: lanetan, min dut ene buruan, ene haragian...
...maitatu dut, min eduki dut bihotzean...
...herriminez bizi nintzen hemendik urrun, eta ikus! herri hau dela ta dut orian min...
Behiek, sen ta zintzotasunarekin erantzuten diote, baina gero Olerkariak dionean behiak jainkosatu behar direla, beren baretasuna galdu gabe, behiek irri egiten dute.
Eta heien begietan nabaitzen nuen... farre algara handi isil bat... Orduan nik ere farre egin nuen behiekin batera. Belar gainean etzan nintzen haien artean, goizeko ekiak, bere euri-odei ohetik jautsirik, argitzen gintuela belardiak, behiak eta ni.
(«Behiak» in Miranderen idazlan hautatuak, Gero, Bilbao, 1976, 126-130 orrialdeetan.)
Idazlearen azken bizitza urteetan, elkar ikusten genuenean sekulako irri partidak genituen, garaian, politika guztietzaz frufatzen baitzen Jon Mirande; ez genekien trufa horrek zeukan samintasunak noraiño eramanen zuen. Esteta nintzela esaten zidan eta ihardesten nion Arteak behintzat ez duela sogilearengan dezepziorik sortzen; orduan, margolari, eskulturgile, erakusketara joaiten hasi zen, Jupiteren eragipen alai horri Saturnoren etsipena buruzagituz joan zitzaion, ordea.
Aitaren hiltzeak eta hainbeste urteez ezagututako etxe bizitzaren utzi beharrak 1967. urtean beste inarrosaldia eman zioten eta geroztik ez zen sekulan sendatu; malenkoniaren azken muturrera irixtean askok beren burua hil nahi dute ta Jonek 1970. urtean saiatu zuen egitea eta huna 1972. urtean zer idazten zidan, zuberoeraz (euskaraz idaztea utzia zeukan):
Adiskide maitiak. Pharka, othoi, ez bainintzan erran delako ostiralean, zien etxera jin eta ez balin badeiziet geroztik berririk eman.
Eri izan nüzü; lehenik ospitale batetan egon nüzü, pertsonalki ezagutzen dudan zain sendakin baten klinikarat. Uste dit lüzaxko heben nizatekela. (1972-7-26).
Ez zen sendatu zeren beste eskutitz batean:
Agur bat Maule-rik. Huna ethorri nintzan Chateaulin-ko klinika utzi ondoren. Bainan asperturik nago zinez aldi huntan, Euskal Herriaz. Ez dakit noiz sarthuko naizenez eta norat. Jean Mirande (1972-2-6)
Handik hilebete t'erdiren buruan bere burua hiltzea kausitzen eta lortzen zuen.
Bere gaitzari ihes egiteko bide bakarra euskara ta abertzaletasuna izan zituen, eta hortan holako gaixoen kasuan bezala, oso beteginzalea, perfekziozalea zen; hori dela bide olerki ezinago ederrak eman dizkigu baina berak, «daimonak» deitzen zituenak berriro itzultzen baziren malenkoniatsuen gehiegikerietan erortzen zen, gorrotoa ta guduka predikatuz eta alderdi batetik bestera erregetiarretatik fazistetara, haiengandik bretoin abertzaletara, garai batean euskal abertzaleekin ere. Denborarekin irudimena, oroimena, oharpena galdurik ezin zen lanera joan, baina txarrean medikuai esan zion bezala: «ezin zuen idatzi».
Naaski Euskal Herrian Europako suizidio kopuru handienetatik bat da, iñork sekulan gehiegi ikertu gabe dago; eta guti ala asko ez al gara euskaldun guztiak, malenkoniatsuak. Guretzat ordea irudi horrek Dürer-enak eta Miranderen eskutitzek gure olerkari handiaren obra obeki ulertzera eramanen gaituzte.
|