L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 3 (1982-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Artoak

 

Eñaut Etxamendi

 

                «Batzutan jeuts hadi Hire errege-alkitik

                Eta haugi kidekatzerat gure atsegin eta oñazetan;

                Gorda hadi itxura orotan, gozo orotan, maitasunean eta

                Ene ariman — eta hor, kanta zan! oi ene Maitaria,

                Ene Maitea, ene Maiteena!

                Lerraka zohaz itzalez itzal, oi Iheslari

                Zure gorputzgabeko hemenkia dohala bere ondotik utziz

                Argi-zirrista bat».

                                Rabin Dranat Tagore («Iheslari»)

 

«Basa-Sagharre» ezagutuko lukeenak askiko luke bere bizian munduan maita ditaizken ederti guzien asmatzeko eta maitatzeko.

        Bainan bere edergarrietan lehena du: guttik dutela ezagutzen... edo nehork. Baizik berak. Birjina andere bakuna, Mari Gauekoaren egongia. Gakoturik dago bethiereko, hango potxa ñabar beroen bihotza bezala. Zorigaitz zuri bethiko, irakurle, gau-gako hori harrapatu beharrez abiatzen balinbazira! Zure barneko bakea sekulakotz galduko zinduke eta erromes nigar-egile higatuko zintezke, zure urteak herrestan... Jasta zazu bada «ikusgarri» bekan bezala eskaintzen dautzuten oiharzuna, usaina... Aztiak ezin diro eman hitz-mugatuek eman dirotena baino haratago. Bestela, zaldizko ilhunak bere lana egin lirioke larrazkena den bezala.

        Agian zuri ere ager bekizu «Iheslaria»ren Suzko igitaria zure gau ñabar ortzikarazkoetan...

        «Aita emadak arto

        »Emadak GAKO emanen dauiat arto

        »Zer GAKO

        »Erregeren gako

        »Errege emadak gako

        »Emadak luma izanen duk gako

        »Zer luma

        »BELE luma

        »BELEA emadak luma

        »Emadak hertze izanen duk luma

        »Zer hertze

        »Aratxe-hertze,

        »Aratxe emadak hertze

        »Emadak esne izanen duk hertze

        »Zer esne

        »Behi-esne

        »Behia emadak esne

        »Emadak belhar izanen duk esne

        »Zer belhar

        »Mendi-belhar

        »Mendia emadak belhar

        »Emadak euri izanen duk belhar

        »Zer euri

        »ODEI-euri

        »ODEI emadak euri...»

                        (Basa-Sagharre.)

 

        Hango larre izkinetan eta oihan-hegaletan basa sagartzeak baziren. Toki bakotxean bat bakarrik, tente. Berdin legardoi baten erdian, iratze-malda patarrean. Larrazkenetan han, hemen, toki bitxietan gertatzen zen sagar bat edo beste lurrean... «Sorginek botaia!». Sagartzetarik nahiko urrun... Ez ginituen sekulan jaten. Etziren hunki behar! Sagar jaten-artzekotz behar zen jan sagarra sagartzearen pean. Besterik ez!

        Mendiz inguraturik da dena. Urkulu ganga gorena Orbaizetan; Erruzate bigarren ganga Ahezkoako zedarritan; Darte, Iturranburu, Zuhañeta, Muñhoño, Zirritu. Zazpi ziren haundiak. Gero bazituzten «umeak» beherago: oro matela, kopeta, lepo, lepondo, besape eta besondo, bai ta ere azpi, ixter eta belaun koxkor.

 

 

Zonbat erreka? Zorroztharriko erreka, Ixtaakako Erreka, Ote-Xarreko erreka, Behobiko erreka, Lasturreko erreka... eta Xixkainekoa, Ugarrekoa, Eskolakoa...

        Iturriak? Ezin konda: Lakoko iturria, Jastein-Turria, Xamorroko iturria, Olaberriko iturria, Muundaizeko iturria, Matxardeineko iturria, Lisketako iturriak, Xirrixtako iturria...

        Bazter orotarik ur-kantu eta ur-nigar, ur-elhots eta ur-othoitz. Iruzkia berantzen zen arrastiritan: beste munduetan ilundu ondoan, iruzkia ezin lehiatuz etzaterat Basa-Sagharren egoiten zen bere «begitarteari» begira gure erreka eta iturrietan. Egunak mugarik etzuen, eta gaua halaber hasiz geroz bizi batentzat abiatzen zen amentsetan. Aireak han ezin neurtuzko barnatasuna bazuen, eta behakoa itsas urdin muga-gabean ibil zitaikeen. Itsas-haraindiko mendiak ezin baitziren hunki, begiez bakarrik ziren asmatzen eta beren mantelinen gibelean aurpegi urrunak zauzkaten, andere birjinak!

 

 

Negu minean, egun urdinetan, karroiñ eta izotzek pentze oihanak geldi zauzkatelarik, eta zeruan apalatza sabela hutsik eta begia zorrotz inguruka zabilenean iphar-aire gorrian, arto-alorretarat lur-aldan artzen ginen: larre-lur berri ekartzen landarat. Auzorateko biderditan gune bat bazen lur harrigabe gozoz zaukana pezoiñ gora bat, arribe lurrezko bat. Han lurra aitzurtu eta katau ttipiez tira alorrerat. Lehen mehats eta malkarretarat, lerraka handik beheiti johan lurraren ordaintzeko. Belatzak karankaz Harri-Kotorretan, mirua huxtuz heremu hormatuen gaiñetik...

        Landako «lur-ustel» botagietan, asunak «berbullatzen» hastean: Apirila. Saukari ostatxak abiatzean eta sahatsak lore-pelusak galtzean, harribixi loreek pentzeak elurtzean, muga-altxatzen hasten ginen. Alor-zolan aitak bi-hiru ildo urratzen zituen. Urteko lehen ildoak. Lur erabiliaren eta abereen izer dien usainak nahasten ziren airean: lan-urrina! Pentzetik axurien marrakak eta ardi joareak. Bi behi pare, bi katau ttipi. Palatraka lurra katauetarat altxa eta tira goiti alor goihenerat. Urte orozko lana. Udalan eta lur-apaintzen ariz beheiti eraman lurra berriz goiti ekar. Mendian lurra, zuhaurekin begiratu behar duzu, jauntziak bezala edo xahakoa bezala. Higikor da ardi-saldoa bezala. Artzainkatu behar duzu. Bestela otsoak... Odola behar zako ere ahal bezain usu larre-lur berriz. Artaldean marroak bezala. (Aitak Sunbilla-tik jin arazten zituen marro berriak). Auzoko larretik lur ar berria.

        Kozkotaria-enbor joiten, tar-tarra-tar-tara... haritzteitik...

        Alor bazterrean sasuak soiñeko berriz jauzten hasten ziren. Oihanak mendi beheretik goiti adelatzen. Gehezteian gerezitzeak espos-jauntzitan. Behibetako andere xuria heldu zen Basa-Sagharreko zerurat eta Indart-aldeko maldan amulak loratzen... Elhorri xuriak lili Gañeko-Bordaitako bide bazterrean, eta Orremaldan haize-lili ainitz koloretakoak usainka elhorri pean. Oihu, dei, xixtu, kantu, joare eta marraka: Basa-Sagharreko errepublika guzia kanpoetan ari zen. Xori-xoxo xaramelak bazter guzietarik. Kukuak loria pikatuz, ollarrak orenak joz. Odeiak argal goiti johaki eta heien itzalak lasterka alorretan. Arranoak inguruka Iturranburuko parrean. Urkulu-gañen elurrak dirdiraka.

        Alor-zolan sagardoi. Har ñiñika gorratxak abiatzen sagartzeari, Maiatza. Alorrak hungarrikatzen ziren: abelohi (iteiak) eta neguko Samatsak «puloka» hedatzen. Gero bat alor beheretik hasten zen hungarri barreiatzen eta beste hiru lagun bi behi parez iraulden. «Hetzgaitzak» ondoan, anaia zaharrena itots-emaile. Behi zaharrak laukan aintzineko, haur ttipi lanean hasi berria itots-emaile. Aita golde-zain.

        Ollo, ollasko eta ollanda, ollar eta zita ildo berrian lasterka iztazain kakolak makurtuz zizarika, hegalak xaflatuz zizarien ihestean. Zerriak musurka luhuntz erroka — «Be! bee!! ots. Hea, denek batean. Tira! au, guazen batian...»

        Bestaldeko mendian beste etxetako alorretan berdin. Otar-maldatik astoak putarrostiko eta arramantziaka. Maiatza! Behingoan etzela makil eta akulu heiendako.

        Arhe eta basa arhe igaran eta igaran. Behiak izerdi «mihiak kanpuan». Miga gazteen hezteko lana zen. Mutiko azkarrak behar ginen hortako. Zer kalapitak! Arhe hortzetan lur tarruka gorri, migen aho hegitan hagun xuri.

        Noizbait zurezko arto-ereitekoa atheratzen zen. Art bihi ederra ixurtzen ereituntzirat, ilar pikor behexekin, berdin ere kuia azi zonbait. Behi zaharrak hortarako. Alor goihenetik beheiti lerroak xuxen! Malda gotorra zen gunetan, gibelerat goiti jiteko alor bazterretik ibiltzen ginen ereitekoa eskuz airean atxikiz (azirik ez galtzeko).

        Horiek oro nahiko ederki zohatzen aroa lagun balinbaginduen. Bainan euria sartzen bazen artetik? Atx!, Egun batzu han egon behar beha etsietsi. Eta gero lur apaitzen berriz haste. Tirrit! Uliak kexu orduan.

        Bethiree, noizbait maiatz erditsutako artoak ereinak ziren ahalaz. Ganerra trixte zen hutsik, azken artoak saski haundi-haundi batean —edo zuhanan hobe— saguek ez hunkitzeko. Arto hori beiratzen zen artzaiñari borturat talo-gaia eremaiteko. Olloek beharrik kanpoan harrapatzen hazkurri. Zerriak sorho berritan alhan. Amodio sasoinean kantu ainitz eta gari guti! Hola da moda bethi: otsailean otsoek hurubi eta gerri-betegailu haize gorri. Maiatzean botzen pinpirin intzaurtze eta sagar-ondoeri, etxekoek esperantxa janari eta matel hezurrak xorrotx ageri. Gerriak mehe ta begiak haundi nexka mutil oro ziren aments maitari. Gure mundua olerkari, oi haize bilaka banadi!

 

 

«Euria behar gindikexi uai!»

        Euriaren beha... Ortzondoak xuhail, heguaire! Alorretan lurra xuri, mendiak berde. Iratze-maldak «ahoz-jateko» koloretan. Pagoak «Haran-Ederreko» nabaraino ostaturik. Elurrak hurturik bortuetan, bainan eluhosoak oraino Minasaron eta Irupilen distiran iruskirat.

        «Iruski-sartzia 'odei-morroketan' euria'ixiu iluna gabe!!!»

        Arrastiri beroa. Ortzantza! ximixtak! Aitari arpegia jabaltzen zitzakon. Ama lasterka hedagiarat oihalen biltzerat. Lehen zorta beroak zirt-zart herrautsean birikatzean, zerriak kurrink eta troxt.

        Gehezi-petan behera. Olloak orgen perat, latsa-harri perat atherbeka burua gora, buztana beheiti, hegalak tinki, bazauden, jauntxkila frantsesak zeremonietan iduri.

        Euria «pekoaz-gainka» zurrustan. Bortaañetik alta so zakua bizkarrean. Iñharak erauntsipean inguruka korralean «ttuitt, ttuitt, ttuitt...» aitaren arpegia kasik hunkiz. Aita bazohan euri turrustaren pean arteiko borta-añekoaren idekitzerat: iñharek arteiko zoladuran baitzituzten kabiak... Mari Gauekoa ortzaldetan zabilan bizi emaiten. Euria amilka zerutik behera. Bashurak xurrutan uhel-uhela korralean gaindi begi haundi batzu kliskatuz. Lurra erakitan, Zaldizko zuritan uharrak Xixkaineko errekaren parrez haran luxeari gora zoin-lehenka elgar bultzatuz. Zuhaitzak dena dena jestu ta elhe iduri jendeak ostatuan. Ihurzuri ta karraskak:

        «Zeruko ganerrian arto-joiten ari'txu!»

 

 

Etxe ta bordaren artean zaldizkoak eslaika elgar joz, horma-harriak Zorionezko nigarrez. Ortzantza punpeka Basa-Sagharreko erreka-menditan, jendeak etxean bestairi, mintzo goraki, aizkora atalartzean ahoz ortziari, zaindari. Ganda pizturik ama leihotik leihorriaren benedikatzen eskuz elheak marratuz ortz haitzari...

        Bazohan erauntsia Xuberoarat: euria eztitzen hasten. Baigorri aldeko zerua argitzen zen eta Orreagako xokotik arrastiriko argi urdina atheratzen.

        Athertu-eta egoiten ginen beha ortzadarrak nungo iturrian edaten zuen: «Ixtaakako errekan!» Batzutan Olaberriko iturrian. Askotan Ote-Xarreko errekan.. «Biga badiela!» Zonbeit aldiz izaiten ziren lau!

        Ortzadarra iruzkiak jaten hasten zuelarik ilhuna hurran zen. Xoxoek, abotsak ikuz-berri, arrastiriko othoitzak emaiten zituzten eta Arrosagaraiko aldetik hasten zen klerona (dei-adarra). Udan euria egiten duen guziez deiadarra arrastirian... Gero Pagaltzetarik beste bat: tronpeta (adarra) airea: «Zazpi urte baditu uraren gañian girela...»

        Gaur oraino Mikele menditik neure idatztokirat euri xorten-artetik heldu zautalarik adar dolamena... amel-harri bat egiten zaut zintzurrean: Ortzadarraren notak...»

        Lanbro arinak altxatzen ziren Zirritu zolatik eta Dartemaldako aldetik, beste batzu heien gibelean Behobiko zokotik... mendi-oihan ñabarren aurpegiak doi-doia itzaliz bazohatzen goiti zirri-farrasta legunetan urratuz. Adarraren doñua orai Bidartaldetik: nota luze meheak Zuhañetako gau urdinez gaindi. Ilunpean Ana-Mari nigarrez ixilik. Otteek dardarikarazten zuten leihorri guzia, apoak huxtuz eztiki apirileko leizar-xirulak iduri, errekak hasperenka haran xola orotarik. Basa-Sagharre heremu-organa mila doñu-joile jartzen zen gau barna sekulako baten... (Geroztik Hego-Europa zoragarrian ikusi eta entzunak, ala Magrebeko bortu gorriak, edo ta Sahel-eko zotal-zelai eta brosta izigarriak, berdin Eskandinabeko itsaso eta ugarte goiz-ortzondozkoak, nola Kalifornia Nevada ta Arizonako leihorri ospetsuak... oro zaizkit espantuak eta orhoitzapen juankorrak. Basa-Sagharren, gure beharriek orduan entzun musika notak berriz ezin atzemanez badohazkit biziko gau bustienak. Mari Gaueko! Hire karkalla berdeek nola zaukuten egiten gure amentsen ohako!).

        Goizalderat mendi hegiak aixtuaren aho-aitza bezain xorrotx, Otxabagi aldetik iruzkiaren leiñurua. Aita, ama arto-alorrean soka lurrerat. Xori xaramelan eta ollar-kukurukuen artetik «artua sortu dela!!!»

        Lehen behakoan lur beltxarana huts-hutsik baizik etzen ikusten, bainan untsa finkatu-eta begia: doi-doia lerroen marrak nabartzen ziren. Osto-hatz ñimiñiñoak!

        Behibetako Andere Xuria zeruan...

        Aitzurrak arotz-teitik jin berriak xorrotxirik apailatzen gintuen. Gider xahar eta berri marruxketaz polliki xintxuketaturik ezartzen. Kontra-xiri eta uztailarruz tinkaturik. Bakotxak bere gostukoa oxkarratzen ezagutzeko.

        Goiz batez aitzurrak dantzan hasten ziren: jorraketak! Oro herrunkan, lerro-motxetarik alor hegitik hasten jorran. Gizon, emazte, mutiko eta nexka, ilar pikorrak sakelan huts-gunetan ereiteko. Aitzurrak harrizkoletan kantuz, jendeak elhaka. Bestaldeko menditik irrintzinak. Mutilak mutileri eskarnioka: «besoik ez anketan!»

        Bepazterraz auzokoak gelditurik (hats-hartzeko) ikusten zirelarik «ahuntzak azetan!» eta besteek: «indarrik ez gal uzkerretan!» Atxikak «hodi» to! tritzo unts'emana.

        Aitzurraren azta eguerdiko? eta ahurrak? eta ukaraiak? eta erraiñak? Zenbat harri kozkorren punpeak bildurik gogor besoetan! Zenbat ugurtze arto ondoko belarren kentzeko. Arto gehixe zen gunetan bekantzen ginduen. Haurrek egiten heietaz «zaldi-buztan».

        Ekaina han harat zohala artoa haunditzen ari zen. Orai asto gaizoaren aldi berotzeko. Adio Maiatza... Lepokoa ezar eta tira behin «karrakaria». Gero «palotea», ondostatzekoa. Zer hatsangak eta izerdi hagunak besagibeletan. Besta orok beren lanak. Haatik lan orok beren bestak!

 

        Artoa goiti, ilarra berari inguruka amodiotan lore xuri-gorriak idekiz ihintz malkotan. Erle, erlastin eta bizardun lore kilikan. Laster leka xehe legunak agertzen ziren dilindan. Arto pean ere heldu tarrapatan zaingorri, egur-belar, haran, xahatx, ollozango eta basabiper karraskan... Bare, baretza, karakol eta har leka jaterat...

        Primadera zohienean zen orduan, Bas'ihiziak bestan sasu, oihan, hesi, brosta, geheztei eta sagardoietarik.

 

        Euri burrustila gizenak orezantzetan. Mendian ez da idorterik! Bainan ostoak ezpatatzen hastean artoari uztaill ondarrean, gukulu eztia zangarra barnean gora heldu denean, hegoa hor mendier behera heldu balinbazen...?! Ai ei! Ama saindua! Maizenik euri gozo baten ondotik ateratzen da bero bat, gaitza, bazter busti eta aire hezeak itoan datxizkana egun guzian. Olloak hegalak laxaturik eta mokoa idekirik hats-bahiturik daude gehezi-petan. Baratzean tomate biperrak ostoak trenputxarturik, ahagoak berak dira agurka ari lurrari.

        Arhantzaldeko hegian iruzkiak urrezko ohantze. Aita boneta belaunean alartzean izerdi idortzen arratstirian. Hegoa far far abiatzen da pereka ezti batzu eskainiz han-hemenka dena iratze usain eta mendi-hats. Berekilan zernahi soñu: behi-menditik kulunka gorriak, «Gañeko-Larretik» bildotx xintxila xuriak, eta batzutan aments baten ixkina juankorra bezala ardien joare urdinak bortutik...

        «Hegua! fal-fal! pizten dixi gizonain bihotza!» Aitak. Zeruan «izar-marrak». Orbaizetako mendiek dituzte sukarrak. Ottiak dai-dai ttirrittan, eta bestaldeko mendian norbait basatik kantan. Gau mentsa! Ama heldu da ezkaratzerat, eta «oi ei! hegua hunek artua elikexi 'deboillikatu' behar!» Aita ixilik. Haurrak kalapitan (ez da marka huna!).

        Goizalderat etxea inharrosten zuen hegoaren burrunbak. Leihoak zirt zart, barrukiko atheak zabalik.

        Haizea urrikirik gabe lasterka iratze maldan naika-naikatuz mendia, belarra pentzetan barratxoa barratxoari uhainka eskapi ihes-iheska oihana nahiz atzeman... Sasu brostak moxkor, zuhaitzak edanak kantuak nahasiz, hildi-maldoka elgarren soiñu hegietarat eroriz beso arnotsuak... Inguru minguru, harat uzkal hunat bihurdi artoari; eskuak amoretsu dauzka hegoak dantzaz murtxerotu-ta, alorrari zaiak altxaka eta ixter-biluzten!!!

 

        Eguna bazohan hola. Mentsa: kanpo guzia ihautkerian, jendeak ixilik. Biharamunean «best'ondo»: arto altxatzen oro. Etzen astirik galdu behar Arto eroria pollikiño eskuz goiti eta aztalaz'ondoan lurra tinka. Etsitzeko lana. Ilarrez kargatu arto «ernariak» lurrean... Gehixe makurtuak etzirenak uzten gintuen berak xutitzen baitziren. Zangarrak xanka bat egiten ziotela. Egun batzu iragan behar ikuspegi trixtearekin alorrean. Bainan gero, emeki-emeki pollitzen zen artadia. Gukulak atheratzen. Leihorri guzia horailtzen zenean gukulu liliz, eta ezti-urrinez betetzen Basa-Sagharre oro (gukuluek ezti-urrina baitute!); bizarra gorritzen hasten zitzakolarik artamari, gukulu mozten hasten ginen... Raxk, raxk eta «xaldi». Lau ostoz friu-frau gerria ingura xaldiari eta brixt buru zangar artean. Jestu «lakrikunak»! Etziren hobeki «xildratzen» dantzarako espartinak!

        Askal-ondo, sukaldea gurbildurik, gasna gorriturik, ama tauller-aintzinekoa aztindurik bazohan artoperat leka biltzerat, eguerdiko saldagaika. Batzutan arto ilardun zonbaiten pean ollo-kafia... altzotra lekaren gaiñian primaderako ollanden arrultze berriak sukalderat. Izerdia gir-gir foltsutan eta zaia bustirik besapetan ama bazabilan kantuz etxe barne eta ukulutan.

 

        Uda bazohan hola. Artotik pentzerat eta berdin ogitarat. Mutu-arotan mahastirat edo lutsagarrerat. Arrastiri oroz, bat mendirat. Gauak labur, iruzki luze. Euri-ondo batez «gukulu-bideak» egiten gintuen. Hogoi bat lerroko zafla utz eta lerro-arte bat zabal artoa bultza bazter, zangoz lurrean erroak lagunduz.

        «Abendoan elur, agorrilean bero, hola da urte-oro». Bai, bainan euri ere!

        Euri eta euri. «Noiz behar tun gukula horiek sartu?»

        Noizbait, berdin igande batez, berdin ere buruilleko bestetan, hego-aire batez, gukulu sartzen hasten ginen. Xaldiak bil besatraka, eta gukula bidetarat. Leratxunak han beta eta aiba! sabairat. Auzoko zonbait jiten zen holakotan berdin. Gu ere juaiten auzoetarat.

        Artoak duen usain horrek oro elgarretarat bilarazten baigintuen. Leratxuntra gukuluak frangotan azta axkarra bazuen (ez untsa idortia...). Keba! «heguak ahinduko tik ba sabai gaiñian!» Alainan belar-metaren gaiñerat altxatzen gintuen sokez «xirrikaz» lagunduz. Han iruzkiak tellak berotuz eta haize hegoak lana bururatzekotan.

        A! hegoa! ezin maita eta ezin hastia. Buruilleko egun arrosetan pizten zelarik «hego-xuria» Iratitik behera! Sabaiko ate-leihoak idekirik ezar-eta zer loria! Emak emak hegoa erhoa! gukulak idortzen zituen, belhar-sorhoak arintzen. Landan ilarrak zohi-arazten, artoari bihia larriarazten. Arbi matel gorriak inharrosten, gaztaiña sokalak idek-arazten, iratzeak gorrailtarazten.

        Artoari burua ia loditurik, bizarra gorribeltxen zitzakolarik, sagardoiek sagarrak horailtzen ziren, biligarroak mahasti ingurutarat hurrantzen, eta uzkinazoak ahan xuritan kasallan ziren ibiltzen. Azkona errekondotik artolandan sartzen gauaz eta baratzeka arto zangoak hauts krask hortzez eta burutza gurdoak jaukaturik zituen ezartzen. Sua arratsetan egiten ginduen, ihizi ziztriñ horren ohoiltzeko, alor bazterrean. Halere helexak egiten zituen bethi. Orduan ziren gure herriko bestak. Oi arto alorren kolorea! nolako soñua egiten zuten ostoek hegoan!

        Zerriak ezkurrean asetzen zirelarik eta urtzoak abiatzen, Urria zen. Iratze-maldarat gizonak, ilar-biltzerat emazte eta nexkak. Oriuneko oihanetik ihizlarien tiroak. Goiz-alderat artadia ahapetik elhaka hegoan hasten zelarik, salako leihoak xixtu ezti bat xiritan egitean, aita jeikitzen zen goizik ihizirat juaiteko. Haren mendiko oskien azantza ezkaratzetik hautemaiten ginduen oherat... Xoraturik gu, arratsean zonbat urtzo atherako ote zuen mahainerat...

        Alor ixkina bat «barrastatzen» ginduen aratxendako: artoari ostoak kentzen. Han artoa laster zohitzen zen. Olloendako. Eta talo berrien egiteko! oro baiginen talo bero gurdoen ahoratzeaz nahituak. Lehen saskitra artaburuen pollita!

        Bainan etzen aisekixe hortaratzen. Hain ziren zinak eta minak arto zaitzen. Etxiaitarik olloak piko-miko «kilimiskaka» jauzika artaburuetarat... «markisten» baitzuten alorra. Beste burutik bele, uzkinazo eta pikak, arto buruak haskaturik eta matel-beltzaturik ezartzen baitzituzten. «Kukuak» ezartzen gintuen oihan-hegalean. Bai, berdin zen apoari buztana bilatu! Eta urdeak? hoiek debruak. Hesia zila eta jasta arto berria. «Palak» ezartzen gindezkeien. Uste duzu hortan geldi zela? Zebaa! Behiak? Alta «urri-bazka» gizenetan ziren... bainan artoaren usaina! «Napurra» bat aski zen: adarrak sar hesian eta bultza! Horiek horiek xehakitzen zutela alorra. Behi-zain egon behar. Gaztaiña ostoz egiten ginduen «hostail-aterbea» behi-zain egoiteko. Atekaren ondoan... eta jo harmonika. Oi nota ortzadarrizko hek... nun dira?

        Kuia buru haundiak agertzen ziren alorrean artoari ostoak «garrigaiten» zitzazkolarik. Lehen izotzak...

        Noizbait heldu zen delako azaroko arratsalde iruzki hegozkoa: orgeri katau-sahetsak ezar eta «orgetxe»kilan alorreratzen ginena. Auzoetarik ere norbait izaiten zen jinik. Krisk krask arto buruak saskirat: «erreguko» saskiak beta eta orgetxerat huts. Orgetxa betexe zelarik «marharak» artoz betetzen ziren: «sakak». Sakak orgetxearen gaiñerat eta jo etxerat.

        Irrintzina, kantu, xixtu, garima ta oihu. Hegoa irriz denen mentsgarri. Behiak kopetakoen lits-hegitarik begi zorrotzak erakutsiz: «muturrekoz» ahoak estekaturik baitzituzten eta arto-urrin eta musika hortan pikorrik ezin jan! hauk lastima!

        Orgetxeak arteian husten gintuen. Oi larrazken hetako goizalde gorriak! Hego-xuria intzireka hegatzetan, huntzak oraino hurubiaka ari zirelarik gehezteian. Behi xilintxak korralean, Sause (auzoa) jadanik jina artobiltzerat. Gizonen mintzoak hegoan nahasten ziren, eta gatua sabaiko aldetik ñar-ñauka amodio eskale... enakien sekulan amentsa ala egun-argizkoa zen.

        Ostoak farrastan haizeak ukulu xokorat bultzatzen zituen, eta zerrimakiñan azken euriak utzi tilistan arto-bizar eta iratze porroskak inguruka.. Askako turrusta ere fandagotan hegoan. Bortutik joare dolamenak noiztenka nabari amodio trixteen orhoitzapena iduri.

 

        Antxuak ilea harro-harroa inguruka larrean, eta migak putiuka ilda-xorien artean pentzetan. Hegoarekin emazteek biloak nahasiak izaiten zituzten eta gizonek boneta kasko gibelerat igortzen zuten edan-eta bezala... Behien buztar-estalgiak eta oro bestan izaiten ziren. Oi arto-biltzeak!

        Mizpirak huntzen diren aroan eta azkonak harpe-zokoan xahoz ohantze ozena biltzean, anarrainak ertzaroan goiti heldu direlarik eta uraderak umeak egitean, mendiak zotaltzen dira. Basa-Sagharre guzian. Iratzeak arbaturik ezarri direlarik irasailletan eta elur berriak Urkulu xuritu duelarik, aitak atzarra hiltzen zuen artoxuritzeko!

        Jendeen galditerat auzoetarat igortzen gintuzten artoxuritzetako. Oi bihotz-pilpirak! Etxe batean eztia egiten zuten... Bestean aldiz nexkatxak baziren... oraino orhoit niz nolako urtzo-liliak baziren xendra bazterrean eta ilarrearen lili urdinez... Mendi hartako potxa ñabarrak zoin pollitak! Eta hango jendeen irria? Geroztik nihun nehoiz ez dut halako irri pollitik jastatu. Hau bizia! Hitz hauk idaztean galtzen zaut bihotza. Berdin litzaket hiltzea ez banu behar jarraiki gudua. (Gutarteko Judas hoieri hemen diotet grazia, Homero zaharrak ziona: «heriotzearen beldurrik ez duenaz beldur zaite denaz».). «Hiltzearen axolarik ez duenaz, beldur izan zaite denaz».

        Azkenean, horra hor delako gaua. Azaroan goizik ilhuntzen du. Mahain luzea altxaturik astotan zagon ezkaratzean. Sukaldean ama eta izeba eltze haundi batzuen inguruan su-bazkatzen. Sua gar-gar lorietan eta tripakiak «dupiña lurrezkoan» kalapitan. Eskaler eta saletan sagar lerindúen hatsa ezko-urrinarekin mahas: zoladurak ezkoz argitu-berri baitzituzten nexkek.

        Borda-kantoneko seheillan lehen jendeak saskiak buruan. Zakurra dai dai. Jendeak mintzo ukuluan alaigin eta irriz. Nexka mintzoak nabari... Sabai, ganer eta barruki dardarikatzen ziren bozkariz. Korralean samats lodi ote freskoz eginik, ezkaratz xokoko sotoan arno berri, barrikak oraino hagunka ari.

        Lerroan jartzen ginen arteian arto-metari buruz, bakotxak bere tokia hautatuz, artanda gorria izanen zeneko! Saskiak arto-metaren gaiñean, jendeak zango-sagarretan jarririk. «Mutila» aitzurrotx zain arto idekitzeko, aita sagar-arno emaile.

        Horra GAU-ANDREA.

        Aitzurrotx eta kakoa baitezpadakoa zen... Gau hartako tresna bakarra.

        Sagar-arnoz aldiz, aitak lehenik baso laurden erdi bat xilipixtatu eta lurrerat botatzen zuen: arto-metarat. Gero dener emaiten edaterat. Lehenik Sauseri.

 

        Jendea elhaka eta deika geroago eta gorago. Noizbait hasten zen bat kantuz. Gero bestea. Bi abots, hiru, lau... Airearen hurratsak, xaramelaren daldarak, amodiozko pertsuek... larruan latztura bat egiten zaukuten abotsak bustitzen ziren, nexken betespal ederrek matel-koskoetan itzal arin, eta mutikoen bekaiñ xorrotxak argi-kontrarat ikaratzen...

        Ezpelezko xiri legunak larruzko eraztunekin erhitan dantzan artama idekitzen. Arto-buruak airez-aire tipi-tapa saskietarat. Xurikinak guhaun gibelerat. Emeki emeki xurikinak metatuz jar-alki beroak egiten gintuen. Gaua johanago eta hotza saminago, xurikinez baginduen bizkarrari gora ohantze eta solasak ere zabiltzan beroago, bat besteari ere hurranago.

        Kantuaren eta gorputzen beroak, artama-bizarren usainak eta artaburuen koloreak HURTZEN gintuen oro batean, eta bakotxari orduan bihotzeko «gaueka»-begiak zabaltzen hasten zitzaion. (Gauekak gauaz ikusten baitu...).

        Bakotxa besten larruan sartzen zen eta oro bakotxean. Begiz eta egunaz ezin ikusizko izaki guzia IKUSTEN ginduen: Arpegi bakotxaren, izen bakotxaren, gorputz bakotxaren, abots bakotxaren gibelean beste orduz ageri ez diren izakiak. Eta moha diren mendi, hego, erreka, azkon, iratze, iruzki, ilargi, ortzantz, izar, ihizi, bele, marnuka eta diren guziak HURTZEN ortzadarrezko altzo zeruko athean. Andere GAU-BIRJINAK tinto hartan idekitzen baitzaukun gauza-gordeen gakoa, ortzadarrezkoa. Emaztekiak ziren gizonki, eta gizonak emazteki bezala. Notak kolore, eta gorputzak soiñu, koloreak sentsu eta sentsuak izar.

        Barneko begi uhargi haundiak geroago eta zabalago: ortzharitzaren hegal arinetaraino izaki BAT ginen Betiereko GAUEKO Anderearen altzoan. Gure etxelarrak dirdiraka ikusten gintuen dantzan ezpelxiritan eta gurekilan xaramelan.

        Andere Goihenaren urrezko gerrikoa denaren kako. Kako xoragarria, gure ortzi-begi urrunkaria idekitzen zaukuna.

        Aitzurrotxa arto-metan tiraka. Sagar-arnoa argirat basotan pindarka, eta jendeak elgar hunkitzeaz ez lotsa!

        Haritztezitik gauekak dei.

        «Arto gorri! potta kurri!»

        Artalde xurienean ere axuri beltx bakar zonbait sortzen baita, arto xurian ere gertatzen zen artanda beltx zonbait, «gorribeltxa» hots. Eskutik eskurat iragaiten ginduen potta emanez elgarri eta artanda beltxari. Irrintzinak. Nexkek garrasi: atx! hor izanen zen norbait «kilimiskalari»! Eta «Ze mentsa hizan!».

        «Saskiak altxa!» Mutikoek erreguko saskiak bizkarrerat, nexkek lagunduz goititzen. Itzalean zimikoak libro... nexken aldi orai!

 

        Ganerrean sagar-meta haundi bat izaiten zen bethi, tipula, baratxuribilurren pean, intzaur, lurtsagar eta ogi-meten aldean. Mutikoak sagar jaten gibelerakoan. «Errak hi to! baño eni ekartzen ahal haan ba naski!». Oi! ahalgea... Segur ondoko saski-altxan biga ere bazituela nexkak.

        Xurikinezko ohantzean denak berriz jarri-ta kanpoko hotza ahazten zen. Zaiñen eta erraiñen bihotzkaldiak jabali zirelarik, berriz lasai goxo batean elgarren bilo-usainak ezti-eztia usma zirela-eta, ezpel xiriz artama bipiltzen erhi eta ukarai oro bizar gorri ari ginela, bi gizon-abots hor hasten ziren gure goxozko itsas uhainetan arraunketa.

 

                «Airetun krikitun landaretan landaretan

                Apeetxeko Ellandek e-remain du Etxepar-ko Mai

                Astuain kakoletan kakoletan!»

 

        Bigarren lerro hori libroa, erran gabe doha.

        Eta jo beretik. Xuri-beltxak entzun behar bakotxak. Denek beren laka hartze zuten. Oaixtiko zimiko eta «kilimiskak» ere ez aski itzalkatuak... Debruak!

        Edo ere bazen beste hau:

 

                «Esku xuritan esku xuritan

                Zoin den eder arrosa

                Juanaño horrek Juanaño horrek

                Maite'omen du Migel baliosa...»

 

        Hango irriak. Gauak etzuen bururik, ez eta astiak neurririk.

        Arto-meta beheiti, xurikin-meta goiti. Erreguak konda. Holako etxean hoinbeste, gure etxean hunenbeste!

        Noizbait aitak erraiten zuen gelditzeko. Maizenik arto-meta etzen dena xuritua bainan ttipitua. «Auhaiteat juan gitxu. Uai guhauk gahaitzeko gisan dixiu».

        Bainan gaua etzen bururatua!

        Uzten ginduen barruki beroa: bakotxa ganik urruntzen erhi eder dantzariak, bilo zoragarri artama mantarrez girgilaturikakoak... Artoaren maitetasun hatsa!

        Ukuluan barna, samats gurian oiñak ohe zuritan baino pozago zabiltzan. Bat besteari artama-mantar kentzen.

        Ezkaratzean ardi-moxteko mahain luzea jauntzi xuritan, untziz mukurru, botoilak irriz argigorrikara, tripa-salda ketan! Alki luzetan jendea elhe, irri eta hortzak xuri. Mahats-arno berriaren garratxa! Sausek irrintzina, tripakiak etortzean sukaldetik. Jan, jan, eta jan. Edan ere bai!

        Foltsuak berotzen ziren eta oihu, karkalla, dei eta orkatx klixketen artetik harmonika bat. Gasna zuria erdi jan orduko mahain luzearen inguruan kalapita! Gazten artean zaharrak jauzika. Arnoa orai ta berriz.

        Koxek akordeona atera eta oi garrasiak! Mahaina bazter, funila ezkaratz erdian ezar eta Sause baso-dantzetan, berak ere airea kantatzen zuela. Piko artetik arno berritik xahako, ezpain hegaletan behera arno-haguna argi gorrirat dirdiratuz. Koxek harro musika, espalakoñaz hurratsak pikatuz, Sause gerriko luzearen muturrez besoa inguratuz punpeka funil-inguruan, lits beltxez argiaren inguruan sorginak haizatuz, orthutsik, erhiak klaskatuz. Azken jauzian zanka-motx samin bat eta xahako! Oro eskuzartaka eta bibaka. Edan arno, akordeona erho eta fandango. Kliskiti-klaskata erhiek xalaparta, besoek argia iresiz eta zangoek ezkaratza dangatuz, gorputzak zabiltzan. airean murtxerozko gauean ganertra arto pean...

        Jendea gelditzen zenean hatshanturik arno edateko, aitak amari «Graziana nola zen Oseba Gilentok eiherazaiñer eman kantu hua?» Eta ama alki luzearen erdian jarririk hasten zen:

 

                «Don Andres eta Xabadin

                Jaun-andre onak Garazin

                Senhar-emazte higatu ziren eihera batekin

                Gauak labur loa arin

                Harat juan eta hunat jin

                Herri guzian hedatu zuten zonbait zaku irin»

 

        Migel lotzen zen basatik amaren lagun. Zer xaramelak!

        Noizbait batek emaiten zuen:

 

                «Partitzeko tenoria huna nun den jina

                Urrikaltzeko baita kasu hortan dena

                Izar baten uztiak...»

 

        Sausek: «egia haundia Mari haundia!»

        Azken aho xafarrak basotik. Sausek hastean bezala bururatzeko baso xolako laurden erdi edaria atalartzerat botatzen zuen, eta oro bazohatzen. Gaua gauezkoena baita... argiak pizturik argi-untzi petrolazkoetan eta irrintzinak botaz etxearen bi eskualdetako bidez, multxotan juaiten ziren. Xixkaineko harripeko ireluak biderat ez ateratzeko... «Hu-u-u! Irelu-u-u!» Holakorik ez omen litaike oihugin behar gauaz, bainan arno berriaren hatsak...

 

        Etxeko xamindei gangan gaueka xuria begi eder uhargiak, ortzondo kolorez, so zagon gau izotz dirdiratsuari, eta Orreagako aldetik artizarra argitan klis-kaka gure erreinu ñabarrari.

        Guazen harren ene gogoa! ibildari, bortuen uspel-aldeko artzain-bidez gaindi, gure itzala darraikigula erroitzetako potxen kozkorrez haraindi. Ttirrako harpe-athekan, juanak zaizkigunen lanhoari agurketak dezaizkogun egin.

        Guazen ene gogoa! Orhoit hiza? heremu xuri hura? Zaldun beltzaren labrokarik nehoiz hautemaiten etzen hura... Oi! Amandre urre-orrazeduna! ugarrez ikuz ezadazkin begiak eta neraman itzalik gabeko gorputza nuen Herrialde xuri hartarat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.