L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 4 (1983-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Di Maccio bisionalaria

 

        Paris-en, Râ galerian, ekainetik uztaila arte, ikus zitezkeen Di Maccio margolari gaztearen obra ezaugarrienak.

        1948an sortua, aita italiar eta ama espainol batzuengandik, hamasei urtetan sartzen da Paris-ko Ederti Akademian; baina laster erabakitzen du erakasle izatea eta prestatzen Arte Plastikoetan sartzeko konkurtsoa.

        Morfo-psikologiaz tesis bat presentatzen du eta azkenean 1978an erakaslegoa uzten du pinturari emateko bere denbora guztia.

        Di Maccio-k Europako Berpizkundeko artistek ideki zituzten bideak segi eta zabaltzen ditu, hurbilago erromantikoek, surrealistek (Dali batek adibidez) segitu zituzten bezala; maisu dauzka Vinei, Bosch, Dürer, Dali, e.a., gaurko zientzia-fikzionezko marrazkilari handiak ahaztu gabe.

 

        Mundu arrotz eta ezagun baten kreatzaile:

        Râ galeriako buruzagia den Hervé Sérane-k dio, Di Maccio-ren obra ez daitekela zientzia-fikzionezkoetan sar (halere bere lehenbiziko obretan ikus dezakegu influentzi hortarik zerbait); beretzat Di Maccio-ren obra bisionalari batena da, geroko mundu baten deskribapen soiletik baino hurrunago joan nahi duelako: «entseatzen naiz», esaten du margolariak berak, «asmatzen ditudan pertsonaiak ez kokatzea denbora edo espazio ezaugarri batzuetan, garai berezi baten barrenean muga ditzaketen eguneroko errealitateko elemendu batzuk ez daitezen sar»

        Helburu hori lortzeko bere pertsonaiei ez die arroparik ezartzen, eta ainitzetan, airean dabiltzala erakusten ditu; halaber, ikus daitezkeen arkitekturazko elemenduak ez dira denbora batekoak, garai askotako sintesi batzuk baizik. Beste aldetik, gizaki guztiak ilerik, begirik gabe, iduriz robotizatuak daude. Di Maccio berak argi gaitzake hitz hauekin «bizia eta hiltzearen mugetan daude, harriz bihurtuak balira bezala eta beren begiradek gure oroimenari so egiten diote» begiak, iluntasunez, hutstasunez beteak dituzte, baina halere, eta segur horregatik, izugarrizko expresio sakona daukate, margolariak dioen bezala «begirada baten expresioa ez baitago bakarrik begi borobilean baizik eta gehiago betazal, bekain eta zimurren formetan»

        Bisionalarien obretan ohi den bezala, Di Maccio-k asmatzen dituen pertsonaiak, ezagutzen ditugun denboretatik kanpo dabiltza; berak nahi lituzke denborarik gabe, bizkitartean, aitortzen du «zibilizazio eta nortasun bat ematea behartua naiz ».

        Ikusi dugu, zibilizazio imaginario horren lekua ez dagoela bakarrik gero urrun batean. Bixtan da, batek irakurtzen du margo bakoitza bere psikologiarekin, baina, dudarik gabe, hemen, margolariak ez du nahi izan arrunt gero urrun eta ezezagun batera bakarrik eraman ikuslea. Alde batetik hor ditugu, keinu batzuk bezala, han hemenka ateratzen diren larru zimur eta zartatuzko pertsonai zahar-zaharrak eta beste aldetik, bere azken margoetan ikus daitezkeen elemendu berriak. Azken margo hauetan, indar gehiago, originaltasun eta ere atsekabe gehiago suma dezakegu; pertsonaiak, batzuetan, espazio iluneko indar ezezagun batzuen aztaparretatik ezin libratuz ikusten ditugu.

        Nahi ta ez, halako hatsekabe bat sortarazten dute. Iduri baitu batzuetan formaz aldatzen ari direla, kosmosak jaten, itotzen dituela, pintoreak, margoan diren toki libre guztiak bete baititu ere, bere imaginariotik ateratzen zaizkion forma bitxiekin. Forma hauk oso bereziak dira eta denbora berean halako ahidetasun bat atxematen diegu, nonbait ikusiak bagenitu bezala xuxen non jakin gabe... Gizaki edo abereen gorputzen barrenean? Gure itzulian lurrean edo airean dabiltzan mamutzetan? Landareetan? Harrietan?

        Dirudienez margolariak sekulako nahasketa egin du mundu guzti horien artean gure imaginarioa, gure subkonzientzia hobekiago jotzeko. Ez baitakigu xuxen, gizaki bitxi horiek eta mundu ilun horiek gero ezezagun, orain beldurgarri edo lehen urrun batzuetatik keinu egiten diguten...

 

        Teknika miragarri bat:

        Teknikaren aldetik, Di Maccio-ren margoak ikusgarriak dira. Ezin hobeki ezagutzen ditu perpesktiba eta anatomia. Hor ere gaurko pintore bisionalari gazteek bezala. Berpizkundeko maisu handien tekniketara itzultzen da: «uste dut» dio «berriz guregana ditzakegula Berpizkundeko maisu zaharren teknikak gaurko gogoetak adierazteko».

        Beste puntu biziki interesantea: noiztenka margo zolan edo aintzin-aintzinean, airean dabiltzan puska xuriak. Puska horiek inpresio berezi bat sortarazten dute, ilusio optiko bat; badirudi ukitu behar direla, koadrotik ateraiak direla eta esku bete har daitezkela. Di Maccio-ren iritziz puska zuri horiek funtzio frango badauzkate: alde batetik margoa bukatua delarik ekilibrio bat, mugimendu bat ematea, gero, erakustea pisugabeko mundu batean gaudela eta bereziki margoari sakontasun bat ematea hirugarren dimensio bat ekarriz.

        «Libération» egunkariko berriketari batek zioen bezala (Liberation 1983-ko ekainaren 17an): «(Di Maccio-ren teknika) ez da funtskabekoa baizik eta imaginarioa pitzarazteko tresna izugarri bat».

        Di Maccio, izen bat, segur, berriz entzunen dena...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.