L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 4 (1983-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Hamar urte...

 

Itxaro Borda

 

Hamar urte zergatik? «J'ai dix ans, je sais que c'est pas vrai, mais j'ai dix ans, laissez-moi rêver que j'ai dix ans» zion modan zen kantu frantses batek. Egia, badu hamar urte déjà euskaraz idazten ari naisela, hiru ehun libera berritan erosi nuen makina herdoildu honen gainean. Nork sinetsiko nau? Nehork. Alta hamar une badu...

        Gainera batzuek «zorigaitzez!» erantsiko didate. Eta nik arrazoi ematen diotet, osoki. Bestela egitea ez da posible, gehienek horrela pentsatzen dutetarik. Utz nezazue nihaurek nere burua eta nere idazketak aipa ditzadan, auzokoek ez baitute lan hori nere ordez beteko... Hau dudan estakurua da!

        Beraz hasi behar naiz, interes handirik gabeko zaharkeriak inharrosten. Nere xedea da «Maiatz» aldizkari zoragarriaren orrialdeetarik nere izena desager ez dadin. Hortakotz bakarrik artikulu luze eta nazkagarri bat kaleratzen dut. Hamar urte badu euskaraz idazten ari naizela. Gaztetan, kasik zaharrenetarik bat naiz. Atera diren gazteak abiatzen ikusi ditut, batzu kontseilatu. Ez dut urgulu izpirik, nahiago baitut haiek bil ditzaten euskal literaturak banatzen dituen urrezko koroiak, burua aski azkar baitute pizu horren karreatzeko.

        Alta ederki hasi nintzen, «Herria» kasetan sainduki eta krixtauki euskal fedea hedatzen. Ez dakit zerk edo nork geldiarazi nauen paradisurako bide gozo hortarik. Banaki ere, ez nezake sala. Ai, egon banintz orduko muga eta zedarri zintzoetan! Nostalgia daukat denbora bero haieri gogoa itzulikatzen dutalarik...

        Arras gaizki ematen dut «gure» euskara. Horrek ere asko penatzen nau. Noiz ikasiko dut mila aldiz entzun dudan perpaus honen erranahia: «idazten ez dakizularik, hobe ixilik egotea!». Eta ni ezin ixil... Zoritxarrez. Entseatu naiz ez idaztea, baina ez dut sekulan erreusitu. Ez da orduan ez salatuaren faltaz. Beste zerbait baduket buruan. Bai: idazteak eritasun zoro batean duelarik bere erroa nolaz geldi araz? Itsasoa hustu edo ibaiari ura kendu nahi izatea bezala da. Debaldezkoa... Funtsean euskal herri maite honetan, ez da frantsesez dioten eran gertatzen: «plus on est de fous, plus on rigole!». Rigolatzen dugu, ordea ez zoroen artean...

        Bati espero ukan dut hogoi urtetan euskaraz idaztetik geldituko nintzela. Beha, nihaurek ez ditut erabaki ditudanak errespetatzen: nola bizi horrela? Es que, noski, esin da! Pentsatu dut ere, scoop erreklamagarri bat obratzeko munduko itzulia bukatu behar nuela, labanaz zain bat moztuz edo pistola kolpe batez buruhuna zartaraziz. Entseatu naizen bakoitzetan uzkurtu naiz, sufrituko nuela, azantza eta odolaren kolorea soportatuko ez nituela asmatuz. Egiaz, gaitzeko minablea naiz. Ah la la...

        Geroztik atzeman dut idaztetik gelditzeko beste medio bat, baina ez dakit kuraierik aski ukanen dutanez honen betetzeko. Hau da: euskal herri maite honetarik lekua hustuko dut, lur borrobileko edozein herrialdeetara partitzeko. Zuentzat bakea, eta neretzat bi sos irabazi beharra! Bat begiztatua dut jadanik, Arnoa nasai dagon hiri zahar huna. Joatekoa naiz, funtsik gabe atakatu eta laidostatu ditudan guzieri umilki barkamendu eskatu ondoan, negar hipaka haien belaun zuzenetan «handizki damu dut zu ofentsaturik» oihukatu eta. Zaila izango da, nik uste. Lehenik erregretetan sartzea, bigarrenik nihaurek idatzi artikuluak herriko kasetetan gehiago ez irakurtzea (zuentzat mintzo naiz); ni naiz nere lanen admiratzale eta irakurle hoberena!

        Ororen buru erremediorik hoberena litake, kaseta eta aldizkari euskaldunen arduradunek nere idazkiak atera ez ditzaten. Badakizue nola eta zenbat errespetatzen ditudan besteek erabaki dituztenak. Autoritatea duenaren aintzinean beti apaltzen naiz. Zinez...

        Azkenean utz nezazue nihaurek nere burua arta dezadan; hamar urtez ez naiz hasi nintzanean baino aurreratuagoa, Ai (berriz) ez banintz sekula menturatu luma eskuratzera, ez nuke horrelako finitzeko prolemarik. Asko idazleek hola degite, ez dute nehoiz idazten, eta beraz ez dute erreproxarik jasaiten. Ai (ter) banintz abila. Sare guzietara erori naiz ondarrean.

        Hamar urte duela hasi nintzen, euskaraz, nik euskara deitzen dutanaz behintzat, idazten. Ez naiz txartu, ez naiz hobetu: beti berdin ahul geratu naiz. Nola jalgiko naiz ateka garatz honetarik? Ez dakit...

        Hamar urte: neretzat ez aski, zuentzat sobera!

 

1983ko apirilaren 1ean

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.