Ma contribution à l'étude de la littérature basque
Gaxuxa Kakoliren obraz (II)
Itxaro Borda
Hitzeman nizuen bezala, hona Gaxuxa Kakoliren beste obra batzu. «Maiatz»en hirugarren zenbakian jadanik haren bizitzaren harat honaratak agertu nizkizuen. Oragarreko Sortekobordan sortu zela Frantses Iraultza ospetsua hasi zen urtean, eta nola ehun eta bi urtetan bere azken hats oparoa Jabeari itzuti zion.
Duen arra-alabatxiak prestatu kaier zahar horitu hura eskuetan daukat, errautsez betea, eta saguxarrek erdikal janak dituzten orrialdeekin. Egun batez zueri erakutsi beharrean aurkituko naiteke. Euskal Erakustokikoeri emanen diotet, dokumendu bakun hortaz arta har dezaten. Uste dut harripeko mamua atzeman dutala, eta gure literatura izigarri aberasten ere, gai hori aipatzen duten liburu guziak Gaxuxa Kakoliren arabera berriz moldatuko baitira.
Ixtoria ttiki bat kondatuko dizuet gure Gaxuxa (hala deitzen ahal dugu orain) nolakoa zen errateko: aste bat hil baino lehen Justina Eiherarekin mezara joaten zen, xendrazka oteloreen artetik iraganez, arrosarioa errezatuz eta bospasei pater marmarikatuz ondotik gloria batekin. Bazoatzin beraz, bi bizkar konkortuak beltzez besti xori ororen zorionerako. Gaxuxa eta Justina abiatzen ikustean kartierreko jendeek bazakiten mezako tenorea hurbiltzen ari zela, eta apailatzen hasi behar zutela. Gaur egungo ordulariak bezain zuzenak baitziren gure bi atso kartsuak. Hona poema bat heriotzaz:
hil behar badut hil nadila
nere azken ohaidearen beso
indartsuen erdian,
hil behar badut hilen naiz.
eta lurrean zurezko kutxan
zizare gorriak izan bekizkit
maitale
xurgatzale
iresle.
Baina hil aintzin herriko gizon fresko ainitz lasterka arazi zituen. Gehienetan ez luzarako, ez baitzen sekulan eskondu, nahiz alaba bat ukan zuen Ximun garaztar buhamearen gandik. Non zuen bere usaiako gal lekua zati honetan erakusten digu. Oragarreko sasian ur bat badago Uhane izena duena, eta ibaia pollit horren hegia zuen maitasunerako ohe gozoa:
ur bazterreko belar lerdenek
nere gorputza freskatzen dute,
sabelak eta bularrak kilikatzen.
eta zure brankako ur berdinak
nere barnea betetzen du,
euri kantaria bezala.
uretik eman didazun bizitza
negarretan begietarik
mateletan jausten zait.
Tabu guzien atzetik dabil gure Gaxuxa, lau haizetara Donostiatik Oragarrera Arresoko Mikel Arregi poeta kaxkarrak dion bezala. Baina ez gara hortan geldituko. Gaxuxa Kakolik ikasi zuen bizitzearen bortxaz gauza gehiegi erabiliak aurdiki behar zirela usteldu aintzin. Bazuen Petri izeneko ohaide fidel bat kartierrean. Petri hori giltzagilea zen, eta kasik auzo-auzoan bizi. Halatan harremanak errezagoak ziren. Poema hunkigarri honetan erakasten digu nola repudiatu zuen Petri gaizo delakoa:
zure gorputzeko ile beltzak
sabel behereko oihanak
kixkaildu zaizkitzu,
biloak kaskotik erori,
haragia zimurtu
espainak tenteldu
mihia moteldu.
edaten duzu, ostatuetan zabiltza
batzutan lan egiten ere.
zure xoria ez da gehiago
kaiolatik ateratzen,
nere xoxoa tristerik dago.
Hona egintza on bat azkenean: Petri despeditua. Baina Gaxuxa ezin egon maitalerik gabe. Bazuen, bere idazkien arabera emazte bat bere galanteetan galdua. Maritxuk hogoi urte zituen, Gaxuxak berrogoi zituelarik. Erranen duzue gaitzeko adin diferentzia badagola, maitasuna urteak baino azkarrago dela diot nik. Izkirio batetan esplikatzen zuen bere jokaera(!) berezia: «ez dakit zergatik jendeak horrenbeste mintzatzen diren nitaz. Jakin bezate gizon batentzako maitasunak emazte batentzakoa balio duela, amodioa zintzoa den ber. Eta nik Maritxu maite badut haieri zer?». Hona aipatzen dugun lana:
zurekin Maritxu
putzu ondoetan
eta
lohi ixtiletan
ibili nintzen
eskuz-esku, bekoz-beko
haragi gurietan galdua.
zurekin Maritxu
ahalgerik gabe
eta
hunkitasunean
ibili nintzen
munoz-muno, ziloz-zilo
izerdi hezeetan hustua.
zurekin Maritxu...
Ikusten dugu bere maitasunean omore on asko zuela, eta batzutan poema hontan bezala ironia puska bat ere. Bere gorputzeko zati guziak aipatzen eta erabiltzen zituen, atseginerako. Denek badute beren berezko balioa. Segidan poema bitxi bat datorkizue, interesgarria baina nik ez dakit zertako hitz hauek esku ezkerreko erhiari zuzendu dizkion. Heian abil batek ihardespen bat emanen didan...
ezkerreko bigarren erhiaz
xoxoaren moko horia
bustiarazi nuen
kanta zezan
oraino
eta
bere hegaletan azken zeruraino
airean eraman nindezan.
Gaxuxak hegaztinak asko maite dituela iduri luke, bere ondokoen araberan xori guzien izenak ezagutzen zituen xixtukatzeko maneratik. Erraten ahal zaizun, omen lurreko lore ororen deitura usainetik beretik, haiek batere ikusi gabe. Miresgarria zen gure emaztea!
Atzeman dutan azken zati honetan erakusten digu Gaxuxak bizitzako egintza eta eginbide xeheenak goraipatzen bazakiela. Dirudienez goizeko lehen pixaldia biziki preziatzen zuen:
eguzkiari begira
kukurbilaturik
espainetan irri berria
zoin den eder eta bero
goizeko lehen xirripa gardena
azpi artetik jarintzen delarik
lurra bustitzen duelarik
goizeko lehen xirripak.
Gaxuxa Kakoliren poemagintzaren zutabeak baserrian oinarrituak dira. Ez du sekula hiria azaltzen, ez baitzen nehoiz bere herritik Baionara joan. Batzuek erranen dukete arkaiko bat baizik ez zela, nik ordea arrazoin osoa emanen diotet, bakoitzak bizitzen duen egoera erakusten duela erantsiz.
Ondarrean, aldi batentzat bederen uste dut euskal literaturan dabiltzanak zordun geldituko zaizkidala, Gaxuxa Kakoli baten obra atzeman baitut. Gomendatzen dut gure idazleen lanak aztertzen ari diren jakintsuneri, nik nihaurek ez dezaket gauza handirik egin texto hauen esplikatzeko. Orain beraz zueri esku euskaltzale lagunak...
|