Oraino mila solas inutil
Itxaro Borda
Ez dut nehor triste ikusi nahi
nere inguruan: ni naiz mundu zirkotu
hontako jostari soberakina,
sudurgorri borrobilaz eta
arpegi orlegiz koloratuaz
pista ondartsuaren itzulia dagit,
zuen gogoen bide dorpeetan
ez dezazuen penarik haz.
Mila solas inutil behar ditut
bospasei hitzen errankor pizuegia
itotzeko,
irriaren karkarak behar ditut
negar saminen gazitasun handiegia
moteltzeko,
debaldearen arintasuna bebar dut
hul
hurbilegitik hunkitzen nauen
bizitzaren latza ahanzteko.
Mila eta bi solas inutil oraino.
Ixiltzen ba naiz
hutsaren leizeak
iretsiko nauke,
eta
nere hezur herbailak
erreko ditu uztailak.
Ni, haur naizen bezala, agertzen naiz
euri uharren xorta iheslariak
esku ahurretan atxikitzeko,
haize hotz azkarregien bufadak
mokanes brodatuetan kartzelatzeko,
edo doan denboraren hatz zimurtuak
kopetetarik kentzeko,
bilo xuriak belzteko.
Baina ez dut astirik aski
nihaur naizen bezala agertzeko...
Iraganen dira lertsunak zeru grisetan
neguko izotz nagiak hegaletan ekarriz,
pasatuko dira blintxak
guk ez baitugu askatasunetik pasatuko,
gu ez baigara tabernan zorionaz afalduko,
zuzen ez baitakigu zer den askatasuna
zer den zoriona.
Nihaur naizen bezala agertzen saiatzeko
behar bada ez du balio,
kateak haustea kario
baita, hona beraz
mila eta zazpi solas inutil.
Oraino...
|