L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 5 (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal Herriko emazte, emakume...

 

Itxaro Borda

 

        Liburu askotan irakurri ohi dugu emazteek leku berezi bat zaukatela euskal gizartean. Nik badakit non, baina ixo!... Jainkosa Mari zela gizonezko jainko herbailen buruzagi; bere indarra ilargian oinarritzen zuela. Ordea, ilargiak nondik hartzen du argia, ez bada eguzki erregetik... Hasteko gure kosmogonia nork asmatu zuen behar dugu trenkatu eta finkatu. Ez dirudi hain zaharra denik, eta grekoen edo erromanoen moldean eraikia dela konturatzen gara ongi aztertzen badugu... Dudarik gabe, jakintza zahar batzuetarik abiatuz, XlXgarren mendeko ikerlariek sinesmen sistema bat sortu zuten, ikurriña, Euskadi hitza eta Aberri Egunak pentsatu zituztelarik. Bixtan dena, ez da hortan deus ahalgetzekorik, guk ere, euskaldunek Krixtau erlidioa baino lehen beste erlidio bat ukan dugulakoz...

        Diote gainera, emazteek zituztela gizonen ordez, bizitzaren harat-honaratak gidatzen. Orduan, zergatik hain sakratuak iduritzen zaizkigun Biltzarretan, Lapurdin, Nafarroan edo Zuberoan, etziren etxeko jaunak baizik aurkitzen? Etxeko jaunen (l'echeco jaune) indarra handia zela badakigu bestalde. Ondarrean, Euskal Herrian nola auzo herrietan, emazteen leku bakarra sukaldea zen, eta zerbait ohore ardiesten bazuten lanaren izerdiaren gostuz zaitekeen... Sorginak ugari kondatzeak ez duke erranahirik!

        Eliza bai, fedea bai... Iragan mende krixtauetan podorerik emendatuena apezek zuten. Haiek, noski kiki, ohartu ziren elizetan gizon baino emazte gehiago bazabilala, eta oihukatu zuten beren interesak zaintzeko Herri hontan emazteek zutela manatzen. Egia, apezaren «azken hitza bere» hura emazteek zekarten etxera senar-haurreri hedatzeko. Neurri hortan baizik etzen emaztea buruzagi. Bazter solas guziak faltsuak dira/ditazke...

        Apezek mugatu zuten emazteak nolakoa izan behar zuen, predikuen eta kaseten bidez 1919eko maiatzaren 30eko «Eskualduna» astekarian emazteen eta hortik harat gizonen gogoak moldatu zituzten emakumeen bozka-dretxoaren kontra: «Dena denaren erraiteko, gisa zautzia emazte bat xatarren latsa artetik bozketa ibil dadin? Eta emazteak hola dabiltzalarik punpeka, barneko lanak gizonen gain? Emazte bihi batek ez du horrelakorik nahiko...» Oraino ere, 1983 urtean, emazteen botza premiatsua agertu arren, despreziatua da. Gehienek diote emazteek gizon kandidatuaren edertasunaren eta xarmearen arabera hautatzen dutela... Ez gara, beraz, Akinoko Tomasen teologiatik hain urrun: ez dugu arimarik, ez dugu ideia politikorik...

        Eta gure poeten poeta Mose Bernat DETXEPARE delakoa emazteen defenditzale hoberena dugu, bizpahiru kopla demagogikoren gatik. Besteak errezki ahanzten ditugu. Euskaldun gizonak, berenaz ez bazen matxista hutsa, frantses oilarren eta espainol zezenen artean etsenplu ona atzeman zuen. Ez dut aipatuko AXULAR maixua, ez eta haren sailetik datozen guziak... Iragan urtean, Euskalzaleen Biltzarrak banatu sariketarako egin ziren bertsuak errankorrak ziren, pentsamen orokor baten azaltzeko emaztea = ama, haurduna, goizeko ihintzaren goxotasuna! Emazte langileaz, borrokalariaz, neskametaz ezer ez. Emazte «askatua» haieri gizonerdi marimutiko bat zaiote, edo txarrenean puta bat... Herri honetan atera biderik ez da...

        Poloniak zein aldetara jo erakusten dauku egun. Han badute Lech Walesa, bere emazte Danuta zazpi haur girixtinoren ama eta aita saindu bat Erromatik goraki mintzo dena. Hauxe ohorea!... «HERRIA» astekarian, 1983ko hirugarren astean lau artikulu irakurtu ditut Danuta Walesa-ren kuraia laudatzeko eginak. Hori baizik ez balitz gure kontzientzien baketzeko, bueno pasa!... Baina bada gehiago: aita saindua mintzo da apezpikueri emazteek Jesusen atzetik ongi bizitzeko nola behar duten ibili erakusteko: ekintza haragizkoa haurrak edukitzeko, abortorik ez, eta ahalaz haur «sakratuen» ez ukaiteko mediorik ez segi... Ez da ohartzen mendeak emeki emeki pasatzen direla!

        Ni ez naiz emazte «askatua» baina gizarte honek manera berean badarraika kasu! Askatasun osotik kartzelara ez da mila urratsik. Ez dut ere erdi biderik... Nola konpondu?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.