Añarrosa-IV
Mikel Dupak
Handik zortzian goizean egin zuen nere bizian agerpen berri bat. Oihanaren gain berri sortutako Eguzkik ibai azalean ez zituzten sulama luze batzu baizik sortarazten. Oraindik hotza zegoen ihintza: doi-doi ke egiten hasten zen zuhaitzen baten burua, zeinek urre-ingurua hartzen baitzuen. Haur artatzera joaten zela banekien: Mura etxolen ingurutan nenbilen eta berehala, azken etxolatik hurbil, ur hegian, niri so egitean ikusi nuen.
Trankoka hurrantzen nintzela ikusi zueneko, ihesari emateko olde motza izan zuen eta gelditu zen. Haren atxikitzeko keinua egin izan nuen, eta presaka nenbilen, bainan neure barnean, atrebitu gutiagoa nengoen. Dudarik bat ere gabe, herabetzen ninduen neskak. Beldur, bai, beldur nintzen; hura ere bai. Bainan elkarrengandik hurbil-hurbil izan ginenean, niri begiak altxatu zizkidan.
Ez nituen gehiago ikusten ez haren gorputz hunkigarria, ez haren aurpegia, haren begi zabalegiak baizik; bai betespal buter hezeak, bai nini beltz-beltzak, bai begi-xuri ubel-urdinxkak. Ez ziren betetzen ninduen argi ilun baizik.
Ez nuen hitzik egin behar izan
«Nahi ahal duzu,... Senhor Elixondo,... nahi baduzu..., hemendik hurbil dagoen aintzira batetaraino elkarrekin joan bagintez zoriontsua ninteke...»
Atso mokorren bat bezain ofentsatu eta haren ausartziaz samurturik, ondotik ibili nintzaion!
Soinekotzat ez zituen erpil haundi gorputza bihurtzen zioten igandeko gona zabala ez eta meatilla xuria ere. Liranjatan mokoka hegal gorridun ara urdin batzu ari ziren kotoin inprimatuzko gona aztal erdietaraino jausten zitzaion. Oihal xurizko mantar motz lepo hutsak soina tinkatzen zion. Agerian zituen beso-axiroinak.
AMETS HARKOR ETA ETSIMENDU BUHADA BATZU IZAN EZIK DEUSIK EZ NEKIEN MARGAITA EUSKAL HERRI URRUN HARTAN EGONDAKO NIRE GOGO AMETSETAN HAMAIKA URTE HONETAN ATXIKIA NUEN HAURKIDEAREN ITXURA ZITZAIDAN HAREN ORRAZEA IKUSTEAN HARRITUA IZAN NINTZEN
ALAITASUN HONI GAITZETSIKO OTE DIOKE?
EZKONT-NAHIA GOGORA HELDUKO AHAL ZAIO?
MAITEKO AHAL NAU!
EZKONDUKO AHAL NAU!
Noiz behinka ibiltzeak hanka marratzen eta gerrian, gona-mantarren arteko larru beltzaran legun poxi bat erakutsarazten zizkion.
Añarrosa xoragarri hura! Irriño egin eta zuri ederretsi beharrean, hara nun fidagaitz eta bekaizti nengoen!
Aintzira ez zen zabala, bainan oihanez hertsiki inguraturik, ur eremu beltz, gogor, argi izpirik gabeko bat iduritzen zuen. Erdian, zankaluz bakarti batek hatz bakar baten gainean lo egiten zuen.
Xinaurriek mirakuiluz etxetzat hautu ez zuten goroldi une bat aurkitu nuen: betiko jakinen nukeen guretzat xarmatuak zirela bazter haik.
Jauntzi arina kentzen ziolarik, ez nuen Añarrosaren aurpegia ikusi, bizkarrez argira baitzegoen. Bainan goroldi ohean etzanik, dirdiratzen zuen argitan. Papo xumeak zituen argitsu, tontorren inguruan. Sabeleko eremu eztia distirant zitzaion xoko doi-doi itzaltsuraino, izter gainean argiak urka arma marrezten zion...
Añarrosarengana makurtu nintzen eta haren gorputza itzaldu zen. Ordainez neure eskuaren pean pixka bat firfira egiten zuen larru samurrezko bide luzean sartzen ari nintzen. Hosto usain hau zeukan. Neure lepo-gibelean haren besoaren tinkatzea eta haren hats aldizka bahitua ala baketua ere neuzkan. Luzaz begizpalek atxikia eta azkenean bildua, neukan ere haren begietako argi iluna.
«Besteak bezala ez hengoela eta beste oihaneko Indianoak argitzera joan gintezen eskeiniko hidala baniekian.
Bai, Manex maitea, lehen bait lehen joan gaitezen:
Mesaiek Mathiasi amor emanerazten ahalko agian zioate!»
Erdizkatzen ninduen egoera larri honetan, aspaldiko zapalduen eta gu Euskaldunon aldea azkenean hautatua nuen:
Arindua sentitzen nuen neure burua eta Zumalakarregik irripar egiten zidala iduritzen zitzaidan.
Mesaia herriak ez zuen ohi ez bezalakorik deus, zabaltasuna izan ezik: berrogei bat etxola, karratuak nire ustez, beti bezala palmaz estaliak, belar gorribelzko soropil baten eta oihanaren artean. Uhaldeak ibaia ezpondaren berditzean ekarri izan zuen.
Ohart gabetarik leihorreratu ginen. Atso zenbait, kokorika jarriak, kotoin xuritzen ari ziren. Neska batek, buluz-gorririk, haur baten ileetan miatzen ari zela, noizean behin ahora behatzak ekartzen zituen.
Añarrosa eta biok aintzina jo genuela, kopetadunena eta lasaiena egiten genituen. Kasik emazteen erdian etorriak ginelarik, orro-hurrubi egiten hasi ziren. Denak batean xutitu ziren, matrailak estiratu.
Ihizin ziratekeen gudari gehienak: lauzpabost gizon baizik ez ziren etxoletatik jauzi, burumakilak eskutan.
JAUNTZI ARINA KENDUKO NION
GOROLDI UNE HARTAN ETZANEN
PAPO XUMEAK TONTOR ARGITSU
SABEL EREMU ITZAL EZTIA
AÑARROSARENGANA MAKURTU
LARRU SAMURRA FIRFIRATUKO
BIDE LUZEAN NI NAIZ SARTUKO
HOSTO USAINA HAREN BESOA
BELARRIETAN HATS BAHITUA
HAIZE MARRUMA PLAZER AUHENA
JAUNTZI ARINAK KENDU NIZKION
PAPO XUMEA PEREKA NION
SABEL EZTIAN SARTU SAMURKI
GORRITUKO ZAIT TIRRIA ETA
BIDE LUZEAN IRAUNEN DUT
BERO USAINA HAREN BESOAK
HAREN BESOAK HAREN IZTERRAK
TORRADURA
PEREKA
EZTIA
PIPERRA
SUA
NI
NI
ETA
IRRRRINNNTZINNNA!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!
BARKATU JEAN GEROAZ BELDUR NAIZELA
PERUTAR JESUISTAK EHUN ALDIZ AMAZONAN
BEHEITI JOAN DIRELA GURE HERRIAK BAHITZEKO
BAITA BRASILGO KARMELDARRAK
ESKLABORIK GABE IZANIK GORA UCAYALI
IBAIRAINO HAUR EMAZTE LAPURKETOK
BETIKO GELDITU OMEN DIRELA BAINAN
MESAIAK IPARRALDERA BILDU DIRELA
JAPURA AHUATI JUNTATIK HIRU EGUNETARA
HAN HERRI HETSI BASA BATZU OSATZEN
DITUZTELA BETI KASU EMAN BETI BURRUKATZEKO
ALA OIHANERA ALDE EGITEKO PREST EGONIK
Ixiltasun tipus-tapas ezarrian, Añarrosa mintzo abiatu zen. Hitzetan behaztopatzen zen bakoitzean hasperen batez presaka hatsa hartzen zuen.
Fitsik ulertzen ez nuekalo, Indianoen ezpainetatik errara harrotzen ziren belar kilika elorriei zozoki so egiten nien. Jauntziaren landutako ontasunaz ustegabetarik harrizen nintzen: Tukan hegatz berde, gorri eta urdinez artoski azpatutako lauki kotoin beltz luze bat aurrean jasaten zuten ezpartzu bilotsu multzo bat erreinen inguru.
Neure eskuina, fusileko hedean tink, xuri-xuria bilakatu zela ohartu nintzen.
Gero eta geldi egonago, ezin jasanago... Indianoek laxatzen zirela iduri zuten; haietatik batek keinu galanta egin zuen. Etxola batetan sartu ginen; lau gudari jarri ziren atondoan eta oihalezko atea erori zen.
Gurekin batean sartu izan zen agure xahar bati Añarrosak bere salatzea berriz egin zuen Murak, haien anaiak, Brasildarrek preso hartu zituztela, deusik ez eginen bazuten laister beren aldia izanen zela etabar...
Agurea lurrean jarririk zegoen. Seskazko hodidun furnego lodi belxkaradun pipa bat gelditu gabe eskuztatzen ari zen. Gero jakin dut furnego haik Indianoek kahetxu deritzoten arbolaren suaz gogortutako izerdiz egiten direla. Behatz mehatuek xingola luze tabako beltzez betetzen zuten. Gudari batek itxindi bat ekarri eta, pipa mamatzeari itoka lotu zitzaion agurea. Haren aurpegi zilatuak, sugeldoaren argitan, hil buru bat iduritzen zuen. Usain karats karmina etxolan hedatzen zen. Añarrosak eztul egin zuen.
Azkenean jakin genuen buruzagiak han ez izanik biharamun arte igurikatu beharko genuela. Besterik gabe atera zen agurea, bakarrik geundela,... gudariak atondoan.
Alde batetatik bederen (niretzat garrantzizkoenetatikoa), segurtatua sentitzen nuen neure burua: emaztekiek eta gudariek behako fidegaitz edo kontrakoak botatuak bazizkiguten ere, ez zitzaidan iduritzen mehatxu mota bat ere Añarrosari zegokionik.
Azpil alimale bat arrain egosi laister erakarri zitzaigun.
Gau hartan, lur hutsa gogor-gogorra izanagatik ere, loak aise errexki hartu gintuen, geroari buruzko fede osoan.
Oihal ateaz bestaldean erranaldi berbera berriz eta berriz errepikatzen zutela iduritzen zuten Indiano bi ahok lokunbatik atera ninduten. Nire besoetatik emeki libratu zen Añarrosa.
«Zer dun, Añarrosa?»
«Ez zitzaidan konpreni-errex... Sorgin nagusiak buruzagi xuria ikusi nahi duela uste diat...»
Añarrosak estaltzen zuen oihalari zimurrak kendu zizkion eta hankak gordetzeko azpiko bazterra beheratu zion. Irriño gozo batekin, musu ixila ezpainez igorri zidan eta atea altxatu zuen.
BOZ MEHEZ APEZAK SALMOAK KANTATZEN
ZITUELARIK, EZKERREAN, KOROA MUGATZEN
ZUEN ZUR GORRIZKO ZERRAILUAREN
KONTRA FINKATUZ, ATORRA ZIKIN ETA GALTZ
MORROSKOZ ESTALITAKO INDIANO BATEK
INARROSKA ORGANO BATEN BIRADERA
ITZULIKATZEN ZUEN.
«SENIDEOK, ASKI DUKEGU
JAUNGOIKOAK KAUSITZEA
EMAN DIEZAGUN OTOITZ
EGITEA. HAREK MANATU
ZIGUNA EGINGO DUGU
GUK. EZ DUGU GEURE
HARROTASUNARI HAREN
NAHIKUNDEARI BAINO
JARRAIKI NAHIAGO.
AMEN».
GOSTUAN, DEBOTKI, IZIGARRIKI,
AÑARROSARENTZAKO ADORAZIONEA
ARTATU AHALKO NUEN.
HUTS BAT BIZKITARTEAN EGINEN NUEN.
KONTUZ, IRAKURLE!
AÑARROSA GALTZEN ZAIDAZU,
AMODIOA ORDEA GORDEKO
ZIOZUT BETIKO
Gaixo Añarrosa! Hainbat nire maitatzeak aztigo dena egiazki galerazia zion; ni aldiz, ez nintzen Europatar zozo bat besterik, arrazoinamenduz eta logikaz kukuldua. Ez dut uste dei hura tranpa izan zenik; bi indiano haiek ez zihoazen mezu bat ekartzeko baizik. Beren manatzaileen erranetik ari ziren. Orain dakidan bezala ni neu bizi nendin erabaki zutenez geroz, zergatik eta zertako Añarrosa hil? Bi gudariek neskaren mintzatzeko moldean beste leinu etsai baten alaba ezagutu ahal zuten? Ala, orroitmenaren azpitik jalgirik, goizean goiz miranha preso bat etxola atean agertzen deneko ohartgabeko jestua izan ahal zen? Buru-muina odolez betetzen eta ginarrak oldartzen zituen bulta beharbada?
Atera egin zen Añarrosa. Oihala erori zen. Ez nuen auhen labur bat baizik entzun. Berehala zutiturik, itsutuki atetik iragan nintzen: Eguzkik azotatu eta, soropiletik zehar bitxiki klankatzen ziren bi gorputz gorri ihesari emanak besterik ez nuen lehenik ikusi, eta gero bat-batean, haien atzetik, Añarrosaren burua lurrean punpaka, belar zimurtuzko ildo luze baten muturrean.
Dena orroaz ari, lauhazka lotzen neure hankak sentitu nituen. Eta bat-batean, kosk izigarria garondoan... Begi ondoan belar lasto haundi nahasi... Niregandik berexiak bezala eskuak, armi-amo gisa lurraren gainean ibilki... Buruan gora, ponpoil lanbro-burrunba... Ximist kosk berriz... Deus ez...
Etxolaren barru-barruan, hertsiki estekaturik eta ahotapaturik iratzarri nintzen. Axolarik ez. Mugitu beharrik ez. Dena akabo eta kito. Galtzera utzia nuen Añarrosa. Añarrosarik ez. Nihoiz ere.
Begiak hertsirik, han etzanik luzaz gelditu nintzen. Ez nuen neure gorputza gehiago sentitzen, neuri lotutako herstura ezin kenduzko hori baizik. Nere arimako zilo zabal ilunean gaindi ibiltzen ziren arrazoinamendu xirtxika batzu, ia aspaldikoak, birpizkorrak. Tranparik ez... Mentura hutsa... Hura aintzin atera banintz... Atxiki banu... Ni nauk hobendun... zozoa... Añarrosarik ez... Nihoiz...
Ez nintzen gehiago etsimenduzko gau zati bat baizik.
Ah! Ez dut ipuilari atseginik gehiago sentitzen. Neure baitan Añarrosa berriz eskuratzeko, duela hogei urteko itxura haik gaztetzeko, kondatze honi lotu nintzaion. Pixkanaka banazka itzaltzen etsituki ikusten nituela, azken indar batez nahi izan ditut baliosenak lotu, bai eta liburu bat ni baino sendoagoa osatu ere, azken hatseraino atxikitzen ahalko dizkidana; Añarrosari gordetzen diodan amodio hau, zonbaitetan hain hauskor dagoena niregan, gostaia gosta piztarazten dudana, bortxaz salbatu behar dudana, beste norbaiti egun batez jakinarazten ahalko diona.
Burura dezadan:
Argibide hitz bat ere gabe (nola ulert alabainan?), Indianoek Añarrosaren gorputza erakutsi eta gero, arta-jaki eman eta, berriz ere egaritean Japura ibaian bidaia luzea, Amazonara eraman ninduten: han hegian utzi ninduten Belen-erako pyroscafo delakoa pasatu gabe!
OIHAL XURI MEATILLA GERRIA MEHATXA
ESKU BELTZ HORI LUZE MIRANHA NESKA
ORRAZE BELTZARAN TRIXTEKI BEGIRA
BEGIAK IHES EGIN HIPAKA HIPAKA HIPAKA
AHULENA AINTZINEAN BULTZATU
AHULENA AINTZINEAN BULTZATU
AHULENA AINTZINEAN BULTZATU
ZU JEAN ELIXONDO HAURREN ARTATU BEHAR
ZUMALAKARREGI JESU KRISTO SALTZEN DUK
BELDUR BEGI ZABALEGIAK NINI BELTZAK
BEGI XURI UBEL URDINXKAK
NAHI AHAL DUK MANEX NAHI BADUK
HEMENDIK HURBIL DAGOEN AINTZIRA BATETARA
ELKARREKIN JOAN BAGINTEZ HIL HIL HIL
LIRANJATAN MOKOKA HEGAL GORRIDUN ARAK
GONA MANTARREN ARTEKO LARRUA PEREKA
BULUZ GORRIRIK AÑARROSA EDERRA
PAPO XUMEAK SABEL EZTIA BURUA
LURREAN PUNPAKA NIRE LEPO GIBELEAN
HAREN BESOA ILDO LUZE BATEN MUTURREAN
LARRU SAMURREZKO BIDE LUZEAN SARTU
AZTAPARKA
|