Urtzoak
Eñaut Etxamendi
«Zazpi urtzo duhatze
Hamalau hegalez airian...»
(kantu zahar).
«Zer dela pentsa: xurixko, latxko, pentsatzeko gaixtoxko?».
Hori erran nakon Erramuni, eta etzuen pentsatu zer zen. Erramunek hamasei urte zituen eta nik sei: Gure etxean egoiten zen mutil eta biziki gixakoa zen, irri pollit bat bazuen. Bere aita trantsesa zen eta ihila. Ama gure herrikoa. Erramunek «Zerdela-pentsaka» etzakien. Arratsetan gaztaina erre jatean zerdela pentsaka artzen ginen karka-llaka, eta ere «ikuxi-mikuxika».
«Ikuxi mikuxi, nik ikusi Xo!
Xoxua
Ez!
Xotina
Ez
Xotxa
Ez etaree
Xoferra!
Eez
Xotila!
Ezetz
Aaa... xokoleta!
Ez, ez, ez
Xoria!
Baaa! Bai, bai, bai xoria!».
Erramun ahoa puxka bat idekirik guri so egoiten zen, eta gero irri pollit hura egiten zuen.
Behin landan lur arhatzen ari ginen biak hura arhe-zain eta ni itotsemaile. Erran zautan:
«Xurixko, latxko, pentsatzeko gaixtoxko, zer den erten badaaxu... xori kafiaño bat eman dauxut.
Egia?
Ba egia
Arrunt egia'uxu hee?
Baietz arrunt egia. Horra kurutzia!
Ez takixia zer den zerdelapentsa hori?
Ez
Hori'uxu GATZA!
Aaa!
Uai xori-kafia behar daaxu eman gio!
Bai, bai, bai...»
Eta ereman ninduen berekilan oihanerat Orhe-Malda alderat. Bazen han lurta bat: lur larrutu pezoin handi bat zuhamuen pean argi ilun batean. Pezoinaren zohizko ezpainen pean, erro xeheen artean xori-kafia. Xilo ttipi pollit bat goholdiz eginik. Hartan bi erhi sartu eta arrultze ñimiño gorraxta bat athera zuen Erramunek. Oixe! Zer kuxkula xorragarria! Pollikiño, nik ere erhia sartu nuen eta kafiaren zarpa zolan arrultzeak hunki, hautsi gabe! Zer loria!
«Zoin xoriin kafia da?
Pettit erregiaina. Izena dixi ere Kikixoria.
Xori guzietan ttipiena'uxu».
Ondoko egunetan toki hartarat jaiten nintzan bethi, arrultzeak hunkitzen, kondatzen eta han egoiten luzaz. Gerezitze bat bazen han haizeak edo lur larrutzeak aurtikirik, bainan erro batzu lurrean baitzituen, bizi zen gotor. Enborretik sorturik laia xuxen batzu xut-xutak bazauzkan, eta heietan Erramunek ganitaz piko pollit batzu oxkarran eginik.
Itxura ezpaindun batzu egiten baitziren laiak loditzean. Zer makilagai pollitak! Han zen bada Erramunen josta-lekua. Inguran zuhamu mota guzietarik: Haritz haundiak, leiza lerdenak, gaztigar xuxenak eta orotarik. Bakartasun tokia zen.
Kikixoriak han gaindi zabiltzan kantuz ene inguruan. Erreka bat turruxtan ari zen ondoan eta urrunago oihanean mila ta mila xori kantuz. Gerhezi pinpirinak baziren lurrerat eroririk eta ihintz xortak erortzen ziren hostoetarik. Primaderak zituen oro trixte... Jaz Kattalin gerhezitzetik erori zelarik bezala. Zer irigarrikeria! hila zen... eta gero berriz hatsa jin zitzakon. Kurrulla egiten zuen hatsa hartzean bildotxak egiten duen bezala lepotik ganita aitak sartzen zakolarik.
Kikixorian kafian umeak sortu ziren. Begiak hetsirik zituzten lehen egunetan bainan laster iratzartu ziren eta tarrotu. Egun batez kafia barnetik eskuetan ateratzen ari nuelarik bat hegaldaka eskapatu zitzautan. Beste batek berdin egin zautan. Eta horrela denak inguruetako sasuetarat juan ziren. Xori aitamak harat eta hunat zabiltzan zirurika eta ttiunttaka firrindan hosto artetan uste baitzuten umeak galtzen ari zitzezkeiela.
Gero berriz jin nintzan biharramunean pezoin hartarat, bainan kafia hutsik zagon, ahoa xabalik, luma xahar batzu ezpainetan. Oihana deika ari zen kukuaren kantuz, iduri baitzuen Kattalinen ahotsa ohetik deitzen zuelarik Ama, ama!
Ondoko urtean bi kikixori hatzeman nituen nihaurek. Bat erakutsi nakon Migeli, gure etxetik Migelen etxerat biderditan zen.
Etzakoxula nehori eakuts gio!
Ez, ez, ez, ez!
Bi arrultze baziren kafia hartan. Eta kikixori amak egun oroz bat geihiago erruten du. Bi egunen buruan juan nintzan sogiterat: lau arrultze izanen ziren! Bainan... xori kafia-gunea hutsik zen, lurrean goholdi puskak, arrultze hautskinak... Miguel adixkide nauken ordu artean.
Geroztik berrogoi urte iragan zauzkigu, ez dakot sekulan sekreturik erran, eta behin (duela hogoitabost urte) paso bat eman-ahalakoa eman izan dakot moskoaren gainean.
Ikasi nuen xoxo kafia harrapatzen. Uzkinazo kafiak ere harrapatu nituen. Belekafiak, eta behin buzoka kafia ume batekin. Sekulan ez dut kafia bat berreiatu.
Oseba Peiok eta Mañexek xederak ezarri zituzten mahastian bai eta mahasti bazterreko sasuan ere urte batez. Han xoriak, xoxoak eta biligarroak sartzen ziren. Zer gauza xoragarriak! Argitu baino lehen iratzartzen nintzan eta mahasti bazterreri gogoetan egoiten geihiago ezin lokartuz. Amentsetarik xoriekin kantuz galtzen nintzan sagardoiko hesibrostetan.
Xederan xoria hegalak xabalik ithoa ikustean bihotza pil pil hasten zitzautan. Eskuak ikaran haren hartzerakoan, xuandor eta ollakaranen burdats artetarik behatzen neien haratagoko xedereri: hantxet beste xori bat! urrunago xoxoa zalapartaka oraino bizirik!
Etxerateko bidean xorieri lumak berriz leguntzen nezkeien, mokotik dilindan zoin pollitak ziren behatzen... mahain gainean ezarri eta, barnean lanbro bat banuela ohartzen nintzan, zintzurrean pilota bat. Bozkarioak nigar gustu bat bazuen. Eznakien nundik eta nola kordoka hori idek.
«Xori hok nola kantatzen zuketen barda arratsian... Juan den primaderan nun eginak othe zituzten kafiak?»
Buruila jin zen. Urtzo liliak gaztaina petan agertu ziren goholdi artetik. Iratzeak gorrailtzen ari ziren. Larrazkenaren usain gogor eztia hartzen ginduen sudur hegalak ikaratuz goiz gorrietan. Aztalez ipurdia joz irrintzina ta kantutan gaztaina biltzerat johaiten ginen. Aitak harma berekin ekartzen zuen, «urtzo zonbait jiten balitzee Jee Olaarriko haizteirat...» Aitaren aurpegi garratza arraitzen zen orduan, irria ere eskapatzen zitzakon mintzo zelarik urtzuez larrerateko bidean.
Iratzetan hasi ginen goizik, behar ginituela haboroxak bildu ta arbatu urtzoak abiatu gabe. Gero urrian aitak juan gogo baitzuen ihizirat Oriuneko oihanerat. Goiz batez ni eninduten bestekin batean jeikarazi. Iratzartu nintzalarik gizonak irasailerat johanak ziren. Amak erran zautan «askaria behau'xu iasalleat eeman, Kattalin egun dendari eskolarat juanik baita».
Juan nintzan bai. Oi zein gogotik! hego dolamena ahapetik kantuz ari zen oihanetik eta artadian artondoek ostoak zerabiltzaten bolant-jantzarien xingolak iduri. Erraietan jantza jauzien soiñua pikoka ari zitzautan eta papoa hant ahala hantzen nuen sudur mizpirak zabalduz. Mendien leihorri guzia irhesten nuen begiez eta hatsez. Pagadoiak urrunean. Xendra-hegiko potxa beroa eskuz perekatzen nuen: harriak duen gogo iraunkorra! Otar-Bizkarreratu nintzalarik aitak iratze maldatik «heldu xirea Koxke Karabillante! askari beruaikin?
Ba, ba, heldu!
So'ixu hortxetako haitz hortarik hirritun ari zauzkun horier.
Zee?
Hortxet hortxet! etxia kusten?
Oo! ze? urtzuak!
Baa! guri hirritun...»
Bi urtzo ziren haritz adarretik dilindan! Bi urtzo!
«Nik hilak tiro'atez! Olaariko ziluan!
Tiro'atez biak!
Baietz! tiro'atez biak».
Zer gauza pollitak! Urdin eta xuriak. Zein xori haundi ederrak. Pereka ta pereka ari nintzakoten. Aita hegoz moxkor zen; elhe ta elhe ari zen, iruzki leiñuru bat begitartean.
Urtzo hibi haundiak beste astean abiatuko ziren. Orduan alta Zalveterat johanen zen ihizirat. Etxe guzia hegoak harturik gindauden. Amak xingar puxka finena beiratzen zuen aitari jatekoen ezartzeko zarpan ihizirako. Gu zoin geihiagoka iratzetan lanen aintzinatzeko urriko.
Urrian, eskolak hasi ziren. Haritzpe batean, hiru harri potxa aldean, eta iratze malda baten azpian zagon gure eskolatxoa. Tiroak pin-pan Oriunetik. Errientak etzuen gogo haundirik. Gu josteta ihiztarika. Nexkak ziren urtxoak eskuak erabiliz hegalak bezala lasterka eskapi zohatzen eta guk (gizonek) «tau! tau! xu hila xira Kattin!».
Bai bainan Kattin aintzina eskapi. Behar ginduen «untza hiltzeko» harma muturraz «urtxoa» hunki, orduan lurrerat errortzenzen «ihizia». Zer kalapitak! Harmatako makila bat xedera moldean bihurturik.
Urtxoka eneatu eta, basurdeka artzen ginen. «Basurdeak» mutiko batzu, ihiz-horrak beste mutiko batzu eta tiariak ere mutikoak: hauk «buruzagiak». Gu jauzi ta putinka othatzeen gainetik, sasu-brosta zokotarik zirripistaka eskapiz «baf! baf!» eginez, peña kaskoetarat jauzinez, punpe ta firurika. «Ago hor xoxan! hi hantik! nik heentik tiratuko diakoat!»
«Tau! tau! tau»... tiroak. «Basurdia kolpatia!» (berak zuen erraiten hori basurdiak) eta «basurdia» herremelka, itzulipurdika, «baf, baf!» mainguka eskapi... «untsa hiltzeko» triparat behar zitzakon harma muturraz hiru tiro tiratu. La, orduan hila zen. Ihiztariek irrintzinak egiten zituzten, zerurat tiroak tiratzen. «Basurdia» bizkarrean eskolarat ekartzen ginduen. Nexkatuak inguruan jantzan berek kantatuz... Zer loria! Gero artzen ginen denak kantuz eskuz-esku elgarri loturik inguruka: mutiko bat eta nexkato bat ukuluaren erdian. Hauk ahapetik batek bestearen beharrirat hautatzen zituzten ondoko inguruko erdirat beharko ziren nexka eta mutikoa. Bertsoa gelditzen zelarik erdiko nexkak ingurukarietan mutiko bat besotik hartzen zuen, halaber egiten zuen haren lagunak nexkato batekin, eta pare berria erdiratu zeneko, bertso berria kantuz inguraka berriz.
Oriunetik bethi tiroak. Eta hegoa ororen ergelgarri bethi zuhamu, artadi eta iratze maldetan josteta. Etxerateko bidean ur-erreka. Han ertzaroz amarrainak nabari ziren. (Hegoarekin arrainak «kanpoan» dabiitza). Gure eskualdeko bidetik baginen hamabiko bat elgarrekin bidean, arrainka ere artzen ginen, orthutsik urean, nexkatoek zaiak goititzen zituzten gerriraino. Zifli zafia arrainka. Hori besta! Tipitoak bazterretik gure puzken zain.
Gero oihanari gora aztaparka pendoitz zizturrari gora hurrankako bidez. Ordokiño ttipi bat bazen oihan buruan eta han ondoan bi sagartze eder urrian sagarrak erortzen zitzezkeienak. Sorhopilan jar eta sagar jaten, eskolako zarpak belaunen gainean, «oo! xori huni! zer da hau?
ilda xoria'uxu oo!»
Nuntik edo nola gertatu zen oraino ez dakit. Edo untsa baino hobeki dakitalakotz menturaz dut ezin idatz zer gertatu zen. Bethiree, amak «bildu» ninduen. «Bai» erran nakon. Bai, eskola haundi baterat johaiteko. Aphez eskola baterat johaiteko... bai!
Sekulan orhoituko niz: lo-aiditik jeik eta gertatu zen delako «bala». Gero, atsaldaskariaren gizoneri eremaiterat igorri ninduen potta haundi bat emanik. Kanporatu eta hurrats egitean lurra oinez ez nuen seinditzen. Gizonak eskolarateko bidean hesi egiten ari ziren. «Hor xirea Koxke Karabillante atsaldaskariaikin?!» egin zuen aitak gogoan lanho nuen. Etzen hegorik. Sorhatxa heze zen, eta harri kotorretako peñak doluan ziren. Oihan artetik eskolatxoa ageri zen, ixilik. Buruila zen berriz ere. Beherean erreka nigarrez. «Eztuk behar geihiago emazte-gairik...» egin nuen. Jendeak ogi ta gasna jatean elhaka ari omen ziren, ez nituen aditzen. Amatxi-zenaren ehortzketako elizkizunak gogoan zerabilzkitan. Beldurra sartu zitzaudan hezurretan. Eliz eta hileeri etziren geihiago josta-leku, eta hango musikak inguma bilakatu zitzaizkitan gogoan. Zer iruzki sartze iluna!
Buruileko azken goiz hura... Aitak baliza haundia bizkarrean, ni gibeletik. Gaztaiña-haundiaitan behera juan ginen. Gohonetxeko Errekako zubian iragan. Eskola parrean hango usainak heldu zitzaizkitan beste mundu batetarik, leize baten harainditik. Hango jantza-kantuak hileerrietako musikekin nahasten zitzaizkitan orai. Oriuneko pagadoia ixilik, etzen tirorik. Biziari adio sekutakotz.
Herrian automobil bat gure beha zagon. Baziren ene beste bi lagun beren amekilan... heiek ere urte hartan xederetan kokaturik. Autoak kalte egiten zautan. Bidean tripak bota nituen kanporat. Leku batean gelditu ginen eni kafea emaiteko. Emazte eder bat zen kafe-emaile. «Hemen Luhuso da...» entzunik orhoit niz bakarrik. Erran izan balute geria zela eta Rusoak Donibaneratuak zirela ere berdin izanen zitzautan. Berdin? ez! Pozik izanen nintzan: «Izorra ziizte hor! zien aphez-eskola ta botigekilan, nik emaztegairik ez tuanaz behar gioz!».
Goiti bottakinak sudur mizpiretan banituen, erradura bat mustardak bezalakoa egiten ere baitzautaten.
Zintzurrean biper saporea nuen, eta ostatuko leihotik mendlen potxa ñabarrak ikusten nituen.
Otoan berriz sartu eta burdinbidea ikusi ginduen: marra xorrotx horiek halako zirrista beltz bat bihotzean egin zautaten eta matela autoko athe gogorrari aurka danga danga ari zitzautan. Tripak nahasiak nituen eta kokoiza gogor. Barnean peña bat opiltzen ari zitzautan. «Bakotxak bere opilaz axola!» zion Pekotxeko izebak. Ni ere orduantxe hasi nintzan neure opilaz axolatzen.
Eskolaratu ginen, delako apheztegiratu. Ez nuen ezbairik han oro zirela euskaldun. Apheza gure herrian euskarazale hutsa zen, errientak ziren bezeinbat. Ze ba! etzen ez eta hitzik euskaraz! Dena frantsesez delako apheztegian. Arratsean othoitzak frantsesez!!!
«Zer duk hau?» Oixe! ene opila kantuz hasi zen.
«Ez tiakiat noiz edo nola, bana nik astotei huni adio errain diakoat».
* * *
HAMABI URTE. Nun zen lehengo bizia? Juana? Bizia bururatua. Ravel-en soiñua dolamenki heldu zitzautan gogorat, inguru-inguru, minbera ta minbera, berriz eta berriz beretik, danga-danga ingura eta ingura: tirurite heriotzea. Amaren sabel beroa ta beroa, galdua ta galdua, eta, soiñua ingura eta ingura, goizalde trixte atherbe gabeak, beroa, ai! bero galdua. Sabel-buba, sabel-bubak airatuak. Izotza samatsean, aita baizik ez etxean. Ttitti-liliak baratzean... noiz ziren? noiz! Ah! ba... delako amaren ixterreri eskuz loturikakoak... Lehen baratzea, primadera zitekeen, ttitti-lili urdin beltxaranak suzko bihotzekilan... baratzean primaderan oi!!!
«Kusten duxia elurra han Urkulun? han han, iruzkiain giilian, Urkulun elurra...?»
Morroiña mertxikondoaren pean... eta nolako ezpaiñ urdinak karrikako harrusuan otxaliliek! Zirritan su zen, otsalleko errakinak. Ihautlariak etxean, gerrenean xingar puxkekilan, ihautlariak samatsean kantuz:
«etxe huntan lau ardi
lauek zortzi beharri
egundaiño ez naiz ez izan
egun bezain egarri...»
Pentzeberriko erreka itzalean zein hotz! Zuhamu-enborra zurhibi. Sorhoan urak girgir iruzkirat. Leizor-liliak baziren. Indarteko eskolarateko xendrak... Pentze hartako sagarrek nolako gostua! Behi adarkaria bazen Kattalinen beldurra zaia gorria zuelakotz! Eta leizorrak loretan ibilki!... ene nigar errekak sorhoa nola bustitzen! Juana zen delako iruzkia. Bukatu zen bizia. Hantik ageri zen denbora hartan gure etxea. Bizi nintzan denbora hartako gure etxea. Han zen beste mendian, gure etxea. Zein etxalde zabal oihantsua!!! eta gohoragoko mendi heiek oro? Baziren, baziren zuhamuak han! eta gora, biziki gora, nunbait han nunbait artzaiñak... elurra den leku izigarri heietan. Han baziren urrun, oh! zein urrun jendeak! Abarkak ere erabiltzen zituzten basurde-ihizlari heiek. Eta, neguan orrazeak zangotan elurrez-elur ibiltzeko!!!
Huntzostodun bordaren ondotik jende abarkadunen munduaren hegala ikusten zen lehen. Elurdun bortuen haraindian. Nolako euskara zerratua zuten! Zer gizonak! Galtzamotz zurpailak larrzuz estekaturik... Zurtalepoko elurliliak.... Hantik jiten ziren batzu. Oi! bainan, hori zukan ni bizi nintzalarik. Itsasotra urez dauzkat matel eta burdikoak. Zein polliki leiran ibilki ziren hegoan Bonein-pentzeko leizar luzeak! erreka hartan nolako arraiñ pollitak... beharrirat komisione segeretuzkoak han eni erranik lehen, gure bizian.
Gauak zirrista urdinak oraino goizaldeari eta mendi gorribeltzak jeikitzen lotarik. Zuhamuak beren baitaraturik kopeta higika beren amentsez ezin untsa orhoituz... Eta nik galdu nuen haize-lilien baratze xuria. Orai zendako bizi? Errakinen usainak hegotu daut barnea, bide goretan espartinek oiñetan barri xurizko ibilgietan, haize idor goxoa Ahezkoako zerutan.
Ai! ereman naute leku beheretarat... denetan heze ta lohi den heremuetarat. Argi bustia den tokietarat. Bi zilo huts eni begira ilunaren, harrusu hortarik. Halgan lerratu nintzan eta leizerat nindohan... nola bereganatzen buen bethiko horrek! Adio lipular ederra... leize hegian zendako hindagon hegoan irriz? Adio negulili berdea, adio gohorako elurrak, adio pago oihanak, adio otsoen jauregiak...
* * *
Geihegi minartuko nuke gaur araino toki hartako lehen egunak idatzi behar banitu. Hitz batez erraiteko: bi bizi hasi ziren berhala enetzat: bat zen hango harat-hunat eta antzerkia, bestea ene gogoan naukena. Hango bizi hotz kiretsa, eta gogoko oihan hegodun, nexkatx bilo usaindun, erreken amentsa. Hango leiho burdindun, othoitz erdaldun eta gizon emagabedunen bizi traketsa, eta gure Behobiko goizalde, dohudun, oihan urtzodun eta irasail bestadunen irrintzin elhotsa.
Egun batez jin zitzauztan amaren eskuthitza eta zama bat xarmanta. Bazterren xahutzen ari ginen: batzuk izuzkiak, besteek ura, beste batzuk alki ta ofeak lekuz aldera. Herrauts hartan eskuthitza irakurri nuen zintzurrean pilota batekin. Juan behartu ere nintzan hantik beldurrez eta lagunek ene nigarrak ikus.
Zama ideki nuelarik! usain bat moxkorgarria aitak hil urtzo bat han bazen amak erra arazirik. Geroztik urtzokiak badauka enetzat Jinkozkotasun bat osoa. Zalveteko urtzoa...
Urtzoki hura jatean, jaten nituen gure sorlekuko mendi hegi gora eta pagadoi beltzak. Aldiz leihoko burdin geheta artetik ageri ziren apheztoki hartako mendixka txar hitsak... Urtzoki harekin Behobiko hegoa heldu zitzautan erraien barnerat. Aldiz, eskola hartako herrauts pizu artztik nabari zen hango zeru heze apala.
Bazen ere ukan nuen zama xarmant hartan untzi ttipi batean ezti beltxa: Anaia Attinek Antsoloko oihanean harrapatu bas-erlearen eztia! Attin etxeko artalde zain egoiten baitzen artzain-saroan Antsolon. Ezti haren eztia! Agerre Saroko hegia hartan ikusten nuen, bai eta Attonddoko potxak, Irupile, Darteko oihan hegaleta, Antsoloko borda eta... Ezti haren eztia! hola izaiten ziren ezti nexkatxen ahurrak eskuz-esku ingurukako jantza egitean peña arteko eskolan «basurdia» hil eta.
Nigar eta irri, etsi eta itxaropen, ifernu eta zeru, zer feria ene baitan! Bainan papo xiloan banuen bethi harri bat, potxa bat, gogor eta beroa gau egun. «Ehute berenduko! heentik eskapiko nuk».
Urte beltzak luze dira. Mila aldiz egina nuen gogoan hantik jalitzeko lehiabidea. Erran behar balira oro zer elheberria! Behin jatea utzi nuen. «Jan gabe egonez erituko nuk eta etxeat igorriko nie». Eman zautaten sendatzeko eri nintzala bainauken gatzpurga bat urdanda zaharreri bezalakoa. Atxikak hor. Biharamunean jatekoa ekarri zautaten khetan eta ofe aldeko mahainean ezarri. Ez nuen hunki. Ondoko egunean berdin. Eta hola zortzi egunez... Etziren kantitzen ere. Medikurik ez besterik ez. Jatekoa eta jatekoa. Azeri zahar heiek zepoen berri jakinki. Goseak pozkario egiten zautan, eginen zautan oraino luzaz... bainan ofe gibeleko hormako tegian banuen bortu gasna bat gaitza. Antsoloko usaina! Burutziarik ez niron egin. Hortarik jaten hasi. Oi atheka! Aldi hartako borrokan garhaitua nintzan bainan gogoan bethi kantuz ari zitzautan Ur-Sorgi aldeko pago oihanen hegoa: «Zaite, zaite, enuzie ez oono peat bildia!»
Noizbait hemezortzi urteko gizona egin nintzan eta gorri-gorria jokatu: egun banoha etxerat. Hanartean hango jabeek erraiten zautaten aphezgoago bidetik baztertzen banintzan ainitz eta ainitz arima nere faltaz ifernurat eroriko zirela...
Egun hartan, goiz hartan, batek aditzerat eman zautan hantik johanez bizia huseginen nuela. «Ezagutzen zaitut, pasionedun mutikoa zira. Nexka bat maiteko duzularik, galduko baituzu berdin, etzazula zure burua hil. Horixe dautzut erranen azken hitz». Milesker erran nakon bere biatikoaz eta adio.
Etxean alta alargun zen haurride ttipienekilan. Amak begiak hetsi zituen aintzineko urtean. Haurride zaharragoak hegaldatuak ziren etxetik urrun. Zonbait egun iragan nituen kusi baten etxean, hori, aitari aintzinetik jakinaraz teko heldu nintzalako berria.
Buruila zen etxerateko bidean, eta Gaztaiñ-Maldako bidean gaztaiña pikorrak baziren. Hegoa. Bozkarioa trixte nuen etxekoen penaz. Bidean Juana xaharra buruztatu nuen: «Koxke! eta arropa? nun duxu arropa?
Eniza beztitia Juana!
Ba ba... Na,
Juana, xu zendako etxinen seroratu?
Na... nik enixin bokazioneik!
Aa, Nik/ee ez.
Bana Koxke xu holako mutiko intelisenta, apheztu, behar xindien!
Intelisenta baniz hobe. Na, intelisentak oro apheztuz, ze behar duu harren Herrian? Asto-saldo'at?
Alo Koxke, etxitela kexa!».
Adar ondoa berotua nuela ohartu zen eta utzi ninduen hortan. (Gaixo Juana, juan zauku kasik ehun urtetan, ez aspaldi. Hak etzituena malte Behobiko mendiak?).
Etxerat hurrantzen ari nintzan. Borturako bide-juntatik, zuhamuen hutsgunetik etxea agertu zitzautan bere pentze eta artadien erdian, iratze-metak aldean, borda han gibelean.
Etxagibeleko alorreko seheilan Aita, han zagon. Boneta buruan, seheila hagaren gainerat gorputz-gaina pausaturik, besoak kurutzaturik, esku haundi dorpeak ukondoetan. Alta beha. Bethi hola egoiten zen. Baitzakien ni etxeratzen nitzaneko tenorea. Han zagon etxerat heldu nintzan oroz. Bainan ere etxeko beste norbait kanpoan ibilirik sartu beharra balinbazen etxerat, Aita bethi Etxiaitako seheilatik beha egoiten zen. Hango mendiak bezala, beha.
«Jin xirea Koxke!
Ba ba. Untsa xirea aita?
Ba. ba. Berotia xira. Xauri xauri.
Nola xira, Aita?
Baa, zahartzen ari giela. Ze errain duu?
Behar txu edan Xade, xade...»
Eta haurridekin besarkatzen ari ginela, ekarri zuen arnoa. Bere arnoa. Xedera tokiko mahasti hartarikako arnoa. Goporrean ekartzen zuen, beretik basoa betetzen eta emaiten. So egiten zeien untsa ene jestu guzieri. Arnoaren usaina usnatzen nuen lehenik. Aitaren arpegia jabaltzen zen. Gero jastatzen nuen «Ze anua! erreusitu'uxu aurten/ee.
Baha, etxu ez gaixtua... (irri apal batek elhea bahitzen zakon)
Ze ano goxua!
Emakozie salda. Gosetia/ree xira engoitjk!».
Kasik ahalge zen bere plazerraz...
Etzuen Aitak HITZ-ik aipatu aphezgaigoaz ez garaitikoz. Etxeko berriak eman zauzkitan xeheki, polliki, gostuan. Arratsaldean denak sorhotarat juan ginen Gañeko-Landa bazterrerat. Aitak herriko berriak kurritu zauzkitan ziren bezala edo zazkien bezala. Etzuen sekulan nehor beltzatzen.
Erran nakon ikasketa luzeak egin gogo nituela eta harek: etzuela ez dirurik bainan uste balinbanuen neurez neur ixtudioak egin nitirola, harek bere aldetik eginen zuela ahal zuena. Beste hiru tipiak ere han ziren eta...
* * *
Iragan ziren ikasketak. Tituluak bildu nituen. Ezkondu, Afrikarat juan. Saheleko heremuetan ilda-xoriak Land Rover-aren aintzinean jantzan ikusten nituelarik gogorat heldu zitzautan: «hi, xina xori pollita, menturaz gure Aita zaharraren Arhanaitako pentzian ibilia hiz juan den urrian...» Eta hondar porroskak hortzen artean karruskatzen nituen ortzondo gorrieri buruz herrautsean johaitean. Zintzurrean erre bat banuen kanzerak egiten lukeen bezalakoa. Iruzkiaren suari begira begiak gogortzen nituen.
Afrikarat jin zitzautan berria larrazken hartan: Aita bera gelditu zela sortetxean bakarrik: Denak johaki; Ameriketarat, Afrikarat. Mauritaniako ur-mahel ondoetan urtzoak ikusten nituen ere... «Koxke Karabillante, so'ixu nola hirritatzen giuztenl»
Aitaren eskuthitza ere ukan nuen.
«Haur maitiak'
Zien letrak mila plazer in diaxu. Ziek untsa zireztela jakitiak nihauri osaarria maiten diaxu. Untsa nuxu Jinkuari eskerrak. Ardiak saldu diazkotxut Indarteko Beñati. Behiak parte bat saldiak txit. Bestiak urribazketan txu. Patin soldado'uxu Rochefort-en, etxi Algeriako gerlarat juaiteik ukan. Patin! debruillatu, debruillatu gizona! Batita Algerian kolpatia izan zela ta...
Aurten urtzo gutti zuxun. Alta paatxa bazelaik. Etxii heen nehok fortuna haundiik in. Ni Zalveten izan nuxu behin eta lau ekarri txit. Bego bethi Oriune zaharra nausi! Enuxu aurten geihio biziki iiltzen ahalko, belaun tzar huntaik arrunt maingutzen ari nuxu. Zahartu, hara.
Atsetan Sauseat juaiten nuxu lo iteat. Egunak oono paasten txit ba nunbaitan, bana gaua luze'uxu etxe hutsian bakarrik.
Holako'uxu Koxke heen gaindi. Izan ziizte untsa eta Jinkuak launt zitzaztela. Mila gohaintzi.
Zien Aita».
Jin ginen Afrikatik, Bi urte juan ziren Euskal Herritik urrun oraino.
Noizbait lana aurkitu nuen hemen. Aita jiten zen gure etxean egoiterat. Zahartzen ari zen eta maingu zen. Gure haurreri irakurtzen erakusten zeien, eta ere euskaraz mintzatzen. Andrea nik Herri Beheretarra baitut.
Arrats batez, ni etxean ez nintzan batez, andreak erran omen zuen; «ongi; orai janen dugu.
Ba, Koxkeren beha gauden ixtaño bat».
Denbora johaki. Andreak berriz
«Auhalduko gira orai Aita!
Koxke ez da oraino etorri.
Begira Aita, nahi baduzu zu egon Koxkeren beha, nik ezgutzen dut: hamarrak edo gauherdi dateke etorriko deneko».
Aitak burua apaldu omen zuen, ixil ixila.
Ni etorri hamarrak ondoan. Biharamunean andrea mila penetan horrela hitzeginik aitarekilan. Bainan Aita jeus ez balitz bezala goxoki mintzo, begirat behatuz.
Egun batez solasak ekarri zuen: Aitak etzuela itsasoa sekulan ikusi. «Hola'uxu, Alemanian gaindi soldado iili nuxu ta itsasua oono etxit ikusia».
Biharamunean Donibane Lohitzunerat juan ginen. Aita loriaturik itsasoari begira. Ziburun, Bidarten, Hendaien gaindi ibili ginen. Hantik erakutsi Ondarhobiko leihorriak. Itsashegiko potxa-ondo batean jan ginduen zarean ekarri janaria. Eta gero Aitak erran zuen: Doniane Lohizunen nik paatuik botilla goxo bat edan beha'ixiu».
Erran bezala egin ginduen. Itsas untzi arbatoki ondo bateko ostatuan edaten ari ginen.
Aitak galdegin zakon saria zonbat zen arnoa ekarri zaukun gizonari, eta hunek eskatua Aitak eman zakon xuxen. Gizonak erran zakon: «Dis donc? tu ne veux pas que je te rende aussi la monnaie?»
Burdin bidearen zirrista bikotea iragan zitzautan aurpegian. Utzi nuen denbora puxka bat johaiterat. Eta gero Paristarren azentuaz erdaraz hitzeginez eskatu nuen ostatuan delako gizonaren izena. Erran zautaten: DETHROUG.
Untsa behatu nakon ez bainiz aurpegizale ona, orhoitzeko nolakoa zen delako gizon itxurako hori. Haren supegia gogoan idatzirik ezarri nuen.
Urte batzu iragan ziren. Aitak begiak zerratu zituen. Gaua iragan nuen bere gorputzaren ondoan, othoitz kartsuenetan. Esku zabal beroak hotzak ziren orai, Aitaren eskuak!
* * *
Iphar Euskal Herrirat urtzo ihizirat kanpotiarrak jiten hasi ziren ehunka. Gure jendeak etziren batere ados. Tiragietko lepoan berrogoi gizonek Bordeles ihiztariak atakatu zituzten: Harmak hautsi eta zaflako zonbait eman. Poliziak eta guardak etorri ziren: berrogoiek harma kargaturik puntaz horieri ezarri. Hortan egon zen behin.
Gero talde batzu azaldu ziren urtzoen zaindari Burdingurutzetan Irati aldean eta biltzar egiten hasi Maulen, Donibane Garazin, Senperen eta garaitiko. Enintzan jarraiki. Axolatua banintzan asko lanez. Bainan opil bat barnean banaukan.
Egun batez juan ginen ene sortherrirat, Behobirat, auhariz, andrea ta ni bai eta uda har-hartan gure etxean lanean arituak ziren auzoko mutil neska batzu. Urtzoak jan gintuen. Solastatzerat jin zitzautan etxeko nausia, lehengo Behobiko eskotako «basurdekari» laguna. Elhe ta elhe. Aita-zenak hitzegin ginduen.
«Zalveten iiltzen zuxun gaizua ihizin.
Ba, ba, ta Gohosaron/ee!
Ba ta Ttirrako xoxa, baakixu nun den Koxke? hari «Menddiburu-in» posta erten diakoxie oono/ree.
So'ixu!
Ba heen ba'ixiu Doniane Lohizuneko bat zien Aitain xoxan artzen dena ihizin Zalveten.
Aa ba?
Ba, ba. Kontent duxu, posta huna dela. Atzo/ree lau urtzo hil tiila.
Aha! ta nor da, edo zer du izena?
DETHROUG.
So'ixu! Ba, gustu hak/ee urtzo ihizin.
- Baa, ba hori bera...»
Biharamunean berean andreari erranik sortetxerat nindohala, Zalveterat juan nintzan. Lekuak etzagutzen bainituen. Pollikiño hurrandu nintzan. Han ziren bai zazpi zortzi gizon. erdaldun ihiztari. Brosta batean gorderik egon nintzakoten goiz guzia barrandun. Kalakan frantsesez dena espantu ari ziren aho haundi heiek. Urtzo zonbait heldu bazen, barranban tiroak.
Arratsaldean juan nintzan Intzagarairat. Aita-zenak han utzia zuen bere harma. Atsaldaskari egin ginduen (enetako baskari). Harma neurekilan jin nintzan sortetxerat. Orduan etxea hutsik zagon. Lo egin nuen Aita-zenaren eta Ama-zenaren ofean, ezarririk neure ondoan Aitaren harma. Lo egin... erraiteko zer bat da. Ez nuen ez lo egin, aments sobera banuen buruan.
Argitu baino lehenago abiatu nintzan bidez-bide Behobirat. Hegoa zen eta iratze usaina bazen.
Argizari xuritarat Sauseko-Bixkarretik nabari zen gure lehengo eskolatxo xuria, orai etzena idekitzen geihiago.
Banindohan juan-ahala juan, harmaren burdiña bero-beroa naukela eskuan. Haritzetan Otxabagitik jin haizea ari zen elhotska gauekaren hurubiak hedatuz ibar luzean behera. Ur-Sorgitan gora ezpel putxuketan aztaparka lotuz igaran nintzan Karrika Zaharreko galtzaraino. Haran-Ederreko naba haundia eskuin aldean nuen eta urrunago Orreagako aldetik Goiztiri Izarrak leiñuruak dirdiratzen zituen. Esku, besanga eta belaunetan odola banuen nun-nahi. Banindohan aintzina larru puskak harri kozkorretan utziz. «Gorputzik aski balinba'uk Zalveten tiruain tiratzeko, nahikua ba'uk». Hegoak gorago eta geihiago kantu egiten zuen pagoetan. Erraiak mila sortze berriz betetzen zitzauzkitan. Alaitasun batek egiten ninduen mendien senhar, eta gorputza pizten zitzautan lurra besarkatzean. Izarrek benedikatzen nindutela banakien eta Oriune guzia ene laguntzaile hatsangan hegoan amodio lanetan ari zela.
Argi xirrintean Zalveten nintzen. Zerutik sugar zirrista bat sartu zen Haran-Ederreko nabarat urrezko distiran. Urtzolili eder bat ezarri nakon harmaren kanoieko erhaztunari, eta jarri nintzan gorderik delako brostan.
Etorri ziren ihiztari arrotzak. Urtzo pasaia hasia zen, eta berhala tiroka hasi ziren. Untsa begiratu nakon sortetxe hustuari: han zagon xuri-xuria, bera, goizaldeko argi urdin-gorraxtan, pentze berdeen erdian, norbaiten beha...
Arrotzak ari ziren «Attention! attention! voilà un vol!», DETHROUG erdi erdian zagon bere tripa haundiarekin. Poker bat egin zuen urtzoak finkatzean. Kanoiak goititu zituzten: «Un, deux!» egin zuten eta tiratu nuen. DETHROUG mustupilka lurrerat erori zen, eta gainbehera laster egin nuen punpeka, besteak han heigoraka ari zirela.
P.S.
1983-ko Urriaren ondarrean Gaskoiniako erdal egunkari batek berri hau agertu zuen:
«Un accident de chasse peu banal.
Un chasseur bordelais, résidant à Saint-Jean de Luz, Monsieur DETHROUG, a été hospitalisé à la clinique d'ISPOURE, en Pays Basque, atteint d'une balle à... la partie la plus large de sa personnalité... etc...»
Bainan geroxago, Baionako astekari ttipi batek ekarri zuen:
«Un coup de téléphone adressé à notre agence de Garazi ce 2 Novembre nous apprend que la balle dans le cul de Monsieur DEUXTROUS est revendiquée par une mystérieuse organisation inconnue jusqu'à ce jour et dénommée «BESTALDIAN GOHORAGO»
Gauza horiek irakurri eta ipui hau asmatu nuen eta idatzi 1983-ko Azaroaren azken gauean.
Hau guzia amentsa othe zen? egun-argizkoa othe da? Ezin diot erran.
KOXKE
HITZ ZERRENDA BAT (idatziaren erronkan)
arhatu: herser (arhea: herse)
itots emaile: gidatzaile (behier «ots» egile)
zuhamu: arbol mota, essence
pezoin: talus
zohi: souche
goholdi: goroldio
zarpa: sakela
pettitt erregia: kikixori, larre pittitta, roitelet
oxkarra: dentelure, dentelle
mosko: moko
xuandor: cornouiller (arbol bat)
ollakarana: bourdaine (arbol bat)
arbatu: ancrer (arbada: ancre)
irasaila: fougeraie (iraztorraren lankia)
leinuru: halo, rayonnement
potxa: rocher
ihiz horra: ihizi zakurra («hor mehia oro kukuso»)
sasu-brosta: entre taillis et buisson
xara: chablis
herremelka: en titubant beaucou
ukulua: korralia, basse-cour (enclos rond)
ertzaroz: frayage (erditzeko aroa)
pendoitz, ziztur, erroitz: pente raide, ravin
ilda xori: bergeronnette
bethiree: toujours est-il que
tirurite: tourbillon
samatsa: paillage (othezkoa)
ttitti lili: primevere
morroiña: bourrache (lili bat, jaten ere dena, erremedioz)
harrusu: harresi
otxalili: pervenche
zurhibi: zurubi, zubi
leizor lili: lamier pourpre
zango-orraze: raquette (elurretan ibiltzeko, Ahezkoatarrek baliatzen zituzten, ustei gazteinezkoak, xiri batzuekin)
elur lili: crocus, perce-neige
burdiko: oreiller
leizar: lizar
haize lili: anémone
halga: brachipode (belar bat, «halga-larre»tik diteke «akelarre»)
lipular: hélébore («negu lili»)
gebeta: barriere (sella, langa, jela)
urdanda: zerrama
barren: beraz, donc
ilda xori: xina xori, bergeronnette
gaueka: chouette, glocopix
hurubia: hurlement
naba: vallon
hatsanga: essoufflement
urtzo lili: urri lore, colchique
heigoraka: en lamentations
|