Bernat Dechepare Eihalarreko erretorra
Xipri Arbelbide
Bernat (hola idazten zuen bere izena ordu haietan ohi zen bezala), Bernat Dechepare beraz, Sarrasketa Etxeparean sortua daiteke. Etxe hori hor dago beti, bainan 14-garren mendekotzat ezagutua zen «Casamaior» izenarekin. Noiz sortu zen ez dakigu xuxen, bainan 1500 baino lehenago, hain segur 1480-ekotzat. Bere liburua, «Linguae Vasconum Primitiae», 1545-an argitaratu zuen Bordeleko inprimategi batean, ordu haietan ez baitzen inprimategirik hurbilago.
Diruz lagundu zukeen, Bordeleko Parlamentuan abokat zen Sara leheteko Bernatek: honi eskaintzen dio bere liburutxoa (52 orrialde).
GARAZI ETA BAXE NABARRE
Zertan ziren Garazi eta Baxe Nabarre denbora haietan? Beren ixtorioko urte inportanteeenetarik eta trixteenetarik bizi izan dituzte. Baxe Nabarre, Nafarroko erresumaren 6-garren merindade edo probintzia zen; Nafarroa berriz Europako erresuma zaharrenetarik bat.
Bainan Frantzia eta Espainia azkartu zirelarik, hor zagon, xingar xafla bat bi ogi xerraren artean bezala, zoinek zion lehenik ausiki eginen, biek beretu nahi baitzuten. Hain xuxen, Bernat Detxeparen denboran zenafera trenkatu.
1512-an, Pernando katolikoa, Espainiako erregea, Nafarra guziaz jabetu zen uztailean. Jean d'Albret, errege zuzena Biarnora bota zuen; azken honek, Louis XII Frantziako erregearekin akordio bat sinatzen zuela, ustez eta honek lagunduko zuen bere erresumaz arrajabetzen! Urruñan, Urtubiko jauregian sinatua izan zen akordio hori.
Ordu haietakoak dira ere, katoliko eta Protextanten arteko kataskak. Frantzia eta Nafarro-Biarnoko erregeek ez zuten aski bertute erakusten protextanten kontra. Jules II aita Seinduak, Jean d'Albret eskumikatu zuen. Espainiako erregea ordukotzat sartua baitzen Nafarroko lurretan, eskumikatze hortaz baliatu zen bere buruaren xuritzeko: ez zena elizaren xerbitxuko ari? Elizaren etsai baten kontra?
Jean d'Albret entseatu zen bai, bere lurretaz jabetzera; Batean haren peko, bertzean Espainiako erregearen peko ginauden. Guhaur bi partetan ginauden: Batzu Lukuzeko jaunarekin (Beaumontesa) Españolen alde bertzeak, Bidaxuneko Agarramontesekin Frantziaren alde. Ordukoa da Amayur-ko gudua, San Frantsesen bi anaia preso eginak izan baitziren hor (1521-an). 1521-an frantsesekin, gero Español, 1522-an frantsesekin, 1524-an berriz ere Español; 1530 frantsesekin, eta hor, ixtapatentzat, zeren eta Charles Quint Espainiako errege sartu zelarik, ohartu zen, sobera gostako zitzaiola mendiz honaindiko lurren zaintzea eta amor eman zuen. Ordukoa dugu Baxe Nabarreko erresuma.
DONIBANE, EIHALARREKO ERRETOR
Giro hortan bizi izan da Bernat Etxepare; Arte hortan zuten izendatu Eihalarreko erretor, Baionako Bikario Jeneral, Baxe Nabarrekotzat, eta Donibane Garaziko apez nagusi, azken bi karguak elgarrekin baitzoatzin. Nolaz zen Eihalarren biziz, Donibaneko erretor, hori mixterio bat da. Izendatze hori 1518 baino lehenagokoa dugu, bainan ez dakigu xuxen noizkoa. Bertrand de Lehet, Saratar apezpikuak izendatu zuen, Espainiako erregearen baimenarekin, eta izendatze hori salatzen daukun paperrari esker dakigu Detchepare erregearen gizona zela: errege jaunaren zerbitzari hauta dela dio paperrak. Plazer haundi bat eginen diola erregeri izendatze horrek eta gainerat, erregek dio, ez duela bertze norbait onartuko kargu horrentzat.
Ez zuten uste gabetarik ordaindu Donibaneko erretorra; Aintzinean Don Pedro de Mendicoaga zen apez nagusia. Zer pasatu zen honekin ez dakigu xuxen. Dakiguna, nonbait bazela zerbait johan ez zena eta ordaindu izan behar izan zutela. Apez on eta saindu eta eskolatu bat behar zuten hortarako, eta Dechepare arras egokia hatxeman zuten, haiek behar bezalakoa.
Izendatze honek Detcheparen biziko bertze gune ilun bat argitzen dauku.
APEZA PRESO
Mosen Bernat Etcheparen kantuan, 102 lerrotan kondatzen dauku nola preso zagon Biarnoan. Jaun erregek deiturik joan zen, arrangura poxi batekin naski, bainan ez halere preso emanen zuelakorik gogoan. Faltsu testimonioak aipatzen dizkigu, hobenik ez zuela ere erraiten. Zer gatik zuten ba preso ezarri?
Zonbaitek uste izan dute emaztekaria zelakotz. Egia erran, 10 amodiozko kantu badira Detcheparen liburuan, eta bertsu batzu arras gordinak. Hona zer irakurtzen dugun «Emazteen fabore» deitu kantuan.
Munduak ez du gauzarik hain eder ez plazentik
Nola emaztia gizonaren petik buluz gorririk
Beso biak zabaldurik dago errendaturik
Gizon horrek dagiela hartaz nahi duenik.
Bainan emaztekaria izan balitz ez zuten erranen Donibanekotzat behar zuten apez «on eta saindu», hura zela.
Haren bizia hurbiletik ikertu dutenek diote berantean apeztu zela, emaztetaz desgustaturik. Esperientzia bazuela emaztekin ezin uka. Kantuetarik bat «Amore gogorraren despita deitzen da» Berari gertatuaz mintzo ote zaiku hor? Iduri luke apez «saindu» batentzat bertze nonbait xekatu behar dela arrazoina.
Gorago aipatu dautzuet denbora nahasiak zirela Nafarroko ixtorioan.
Batean Espainiako erregeren meneko ginela, bestean Nafarrokoaren meneko; Baxe Nabarren batzu Espainiako erregeren aldekoak zirela, bertzeak Pauen zagon erregeren aldekoak. Eta hain xuxen Detchepare Espainiako erregeren adixkidea zen, Donibanerat izendatzea aipatzean erran dugun bezala. Ez ote zen aski Paueko erregearentzat, gure apeza itzalean ezartzeko zonbait denboraz bederen? Bere biziaren kantuan erraiten daukau «Erregeri ez dizit falatatu». Ez ote, hor zekalotz gai minbera? Politika arrazoin batentzat zuelakotz Pauera jin arazi? 1521 baino lehenagoa ez daiteke izan afera hori, ordu arte ez baitzen Español erregerik Nafarroan.
Zer gatik zuen hautua alde hortara egin Decheparek? Katolikoa zelakotz eta Jean D'Albret ez zuelakotz aski segurra hatxemaiten alde hortarik. Eta ondoko urtek erakutsiko dute ontsa ikusia zuela, Paueko errege erreginak protextant bilakatuko baitira.
1533-an libro zen. «Statutos sinodalis» lege liburu batetan agertzen da haren izena «Bertranduqs de Chaparre, rector Sancti Michaelis Veteris».
1559-an izen bera badugu auzi paper batean, bainan ez da gehiago Eihalarreko apez ekarria. Orriako fraileen auzi bat zen. Orriara erretiratu ote zen zahartzearekin? Ez laiteke harritzeko, zeren eta Eihalarreko parropia, Orriako fraileena zen: ordu haietan bi eliza baziren, bat oraiko hil herrien erdian, bertzea ondoan, Ospitale bat Arbelainian eta honen kapera oraiko Arotzainean. Zaro ere Orriakoa zen eta ordukotzat Eihalarreri lotuaz elizaz. Konpostelako beilak martxa ziren, eta Eihalarre, Orriako fraileek sortua zuten, mendiari gora abiatu aintzin, pausu lekutzat.
KANTUAK
Jadanik erran dut 10 kantu badituela amodioaz edo emazteetaz. Bainan amodioaz kanpo zer dio emaztetaz? Gaurko egunean badira oraino, hura, duela 450 urte zen lekutik urrun baitaude alde hortarik. Hona zonbait neurtitz:
Andren gaitz erraile orok behar luke pentsatu
Bera eta bertze oro nontik ginaden sortu
Ama emazte luien ala ez nahi nuke galdatu
Emazteak ez dut entzun, lehen gizona jaukirik
Bana gizonak emaztea, bethi ere lehenik
Mila gizon gaixtorik da, emazte batendako.
Gizon baten, mila andre bere fedean dago
Ez uste izan emazteak baizik ez dituela aipatu, 450 neurtitz baditu erlisioneaz. Lehenak apeztu ondoan idatziak, hauk berriz gero? Hori ezin erran. Hiru kantu beraz erlisioneaz: Dotrina kristiana, hamar manamenduiak eta judizio jenerala.
Duela 450 urte jadanik, arrangura zen gure mintzaire gutietsia zela: «estimatze gutitan». «Bertze ororen gradora» nahi zuen igan zedien, ixkiriatuz. Ez zuen hatxemaiten mintzairerik, «ez Frantsesik ez bertzerik» euskararen parerik, nahiz euskaldunen mintzaireaz «oro burlatzen ziren». Bi kantu, azken biak, euskera gure mintzairaz.
BERTZEAK
Liburu bat argitaratu duen lehena izan bada ere ez uste izan neguko bortuan galdurik legokeen ardi galdu bat zelakorik. Baziren bertzeak ere euskal kultur alorrean ari zirenak. Bertsulariak orai bezala, haien bertsuak galdu baitira ez «inprimiturik». Bainan ere jende eskolatuak idazten zekitenak.
Oihenart Xiberotarrari esker badakigu, Jean Etxegarai apez batek idatzi zuela «Artzain Gorria» pastoala. Garazin, behin baino gehiagotan emana izan zena. Harri batez bi xori, erran zaharrak dion bezala, denbora berean ikasten dugu ordu haietan pastoalak emaiten zirela Garazin, Xiberun bezala.
Oihenart horrek berak erraiten dauku Utziateko priorea zela Lograseko Eñaut, hau ere olerkaria; eta izenak erakusten daukun bezala, Garaztarra. Etxepare, Logras, Etxegarai, hiru idazle, ehun urteren buruan oraino ahantziak ez zituztenak, bazen jadanik idatzizko Euskal kultura bat Garazin 16garren mendean.
Dechepare izan da euskarazko lehen liburua idatzi zuena. 450 urte berantago ez ginuke azkenak izan behar.
KANTUAK
Hona non entzun dezazkezuen Detcheparen kantuak.
Kontrapas (euskara jalgi hadi plazara): Oskorri, Maite Idirin, Xabier Saldias, Xabier Lete
Eskaintza: Oskorri
Sautrela:Oskorri
Dotrina Kristiana: Oskorri
Pottaren galdatzea: Oskorri
Amoros sekretuki dena: Oskorri
Mosen Bernaten kantua: Oskorri, Maite Idirin
Amorosen disputa: Oskorri
Andreen fabore: Oskorri, Malte Idirin
Judizio Jenerala: Oskorri, Maite Idirin
|