L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 6. Garazi (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gaztain-xiloa

 

Michel Berhocoirigoin

 

«Gaztain-xiloa» izena duzu... Garazi, Baigorry edo Xuberoko baserri ttipixka bat zinen... Zinela diot, ezen orain, ez baizira. Ez zira gehiago deus... Izaite ekonomikorik ez duzunaz geroz, EZ ZIRA!.... eta kitto!

        Alta mendez mende, sortu, hazi eta biziarazi ditutzu familiak: zortzi, hamar haurrekoak... Mendiari kontra, atera zira beti: behi, zerri eta ardi kotsia... egiten zen hura kasik dena garbi, eta ez zen despendiorik behar! Uros bizi izana gatik, xuhurki itzulikatu behar, eta laneko orenak ez kondatu...

        Bainan, atzo hein batean itzulikatzen zena, egun kasik ezin da; Gaztain-Xiloko eskualde guzia, zonbeit urte hotan jada husten ari da, eta, badakizue desertuak desertua dakarrela. Gaztek ere bizi nahi dute, eta: Bizia ez da lanean mugatzen...

        Dena den, Gaztain-Xiloko nausi etxekandereak hirutan hogoi ta zonbeit urtetan dira eta, beren partea egina baitute, erretrata altxatzen hasiak dira; zorigaitzez segidarik ez dute etxaldean... Bi semeak behere hoitarat joanak: bat polizan sartua eta bestea PTT-tan lanean ari; alaba bat mediku baten etxean «nexkato» eta bestea eskola libroko errientsa... Hala, «denak beren zituazionearekin!...»

        Horra beraz, beste etxalde bat gutiago... ez da gure herria, hortan ere, beste oska batez ahantzatu; «Bo! diote auzoek... hamabi ektara oraiko egunean ez da aski! Aise hobe da laborari gutiago eta, diren hek hobeki bizitzea!...» Horiek hola, Gaztain-Xiloko lurrak amikanoak arrandatzekoak omen ditu... Omen!... Ikusiko hori gero!

        Ze memento txarrean hustu den etxalde hori: orai, hoinbeste jendek zerbeit egingo zutelarik! Lehengo gobernuak ere, laborantxa nekea laguntzeko ideia zuen mementoan, justu justua orduan (!), ez baita izigarri, bozetan kanporat joan behartu zitzakon... Eta, gobernu berria jin zen: ha! hunek ba zerbeit eginen zuen... alainan, ez dutea hitz emana? eta, hitz eman badute, doaika... Ez baitira denak batian egiten ahal... Zer nahi duzue, ez dakigu xuxen kanbiotik landa zonbatgarren egunean den denbora aldatzen... eta batzuetan, tirrit, ez da aldatzen ere!...

        Ba zinez, memento txarrean hustu da Gaztain-Xiloa, hoinbeste eskual seme alaba ari zauzkigularik oihuka: «Herriak bizi behar du...»... «Lurra Laborarier»... « Diruduna erosle»... Alta, norbeit etor baledi zure lurretarat, ados zintake ez? Norbeit planta baledi Gaztain-Xiloan... Ho! ibiakoitz igande guti libra zindezake, eta zure alokairuak ttikiegi litezke Greziarat edo Albaniarat bakantzetan joaiteko... Bainan, zer nahi duzu...

        Ixo... Ixo... Ikusten dut norbeit heldu, argazki hartzeko tresna bat eskuan... egia da, baduzu itxura berezi bat... «Etxe ttipitto aintzin xuri bat, lau haitz ondoren erdian, itturriño bat aldean...» «Klik», hartu du argazkia eta fier da gure gizona!

        Esplikatu daut: «Gaztain-Xiloaren itxura, heldu den udatik goiti, Garaziko karriketan hatxemanen duzue milaka eta milaka, delako Xinan eginak diren «Souvenirs du Pays Basque» horion gainean, label «gisa lotua»...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.