L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<maia0700>— Maiatz 7 (1984-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Liburuak

 

Mari Manddolin

 

        EGUBERRIKARI OPARI...

        Eguberri egun saindua hurbiltzen ari zaigu landeroski. Landeroski diru gutxi baldinbadaukagu, landeroski ez badakigu oraino zer eskainiko dugun gure ingurumeneko adiskideei. Nik suertea badut, ezpaitut adiskide handirik... MAIATZ aldizkari ergel honek, anartean lagunduko zaituztete zuen liburu erosketen gidatzeko, koko!

 

        EUSKAL LIBURUAK

        Eufemisma bat lizateke erratea euskal liburu parrasta interesgarri bat kaleratu dela, euskal kalifikatiboarekin beti interesantea direlakoan (hum... hum). Nik kontseilu bat eman behar banu, nioke SUSA saileko bost edo sei liburuak eskuratzekoak direla lehen bait lehen: Xabier Montoiaren «Anfetaminak», «Zergatik ez?... Sigrid?», Josu Landaren «Ipurtargi beltza», Pablo Sastren «Hotel magikoa», Fernandez de Larrionaren «Gauerakoan» eta Mikel Antzaren ipuin liburu berria... Bai eta ere laster aterako den Itxaro Bordaren «Basilika», argitaletxe berdinean. Denak obra aberatsak dira, begientzat ederrak, etab.

        Bestalde ELKAR-en jalgi Joseba Sarrionaindiaren «Narrazioak» irakur daitezke; ez bakarrik Joseba kartzelan dugulakoan, baina ipuin horiek zinezko balio literario bat daukatelakoan. Euskaraz idazten diren textorik ederrenak. Sail berean aipa dezagun Jon Miranderen ixtorioen ekisgarren argitarapena «Gauaz parke batean» titulupean. Eta bukatzeko zergatik ez eskaini, ideia eskasean, Pierre Charriton ospetsuaren obra: «Etxepare medikuaren idazlan hautuak». Ez gara atseginez zartatzen horiek irakutzean, baina ordea senditzen dugu gure kulturkeria aberasten dela.

        Ensuite: Arantxa Urretabizkaia, emazte idazletan ezagutuena dugu naski. EREIN etxeak berriz argitara eman du ipuin hunkigarri bilduma, bat «aspaldian espero zaitudalakoan ez nago sekutan bakarrik» izen luzearekin. Hemen jarriko dut hau: Itxaro BORDA-k TXERTOA argitaldarian XX-garren mendeko emazte izkiriatzaleetaz saio bat aterako du laster, ez bada jadanik egina. Bueno, TXERTOA aipatzean erran dezagun BELTZAren «Zazpigarren alaba» kaleratu duela. Zazpigarren alaba Araba da, eta Beltzak Bitoriako bere haur eta gaztaroko karriketan zehar eramaten gaitu. Ibilaldi on bat egiten da, Arabara joateko gutizi ezin gaindituzko bat sortzen duela...

        Ez ditzagun bada ahantz Bertsutarien Elkarteak publikatu bi liburuak: bat «Zahar hitz, zuhur hitz» izeneko euskal erranzahar konpilazioa (Jainkoak beharrik ez daki ez direla bildu berriak!); bi, Mendiburu bertsolari erdi apezaren «Bertsutan ariz ikasten» delakoa. Mendibururen esposetako argazkia liburu hortako gauzarik politena zela iduritu zaigu. Agian, bertsua (zahar eta apez ixtorio) presentatua den manerak ez ditu gazteak bertsolaritzatik sobera baztertuko, edo desgustatuko.

        Behar bada hoberena ondarreko utzi dugu. MAIATZ batasunak liburuak argitaratzeko sail berri bat ireki du: UHARGI saila, eta bederen biga ateratu ditu agorrilean: bat, Marc Legassen «Concerto guerrilero pour un pays qui n'existe pas» poetiko eta sinboloz betea; bi, Itxaro Bordaren «Bizitza nola badoan» poema bilduma. Askok diote liburu hau iluna, trixtea, nihilista eta hutsa dela. Nik poema horiek irakurtu ditut, eta bizitza bere krudeltasunean borrobilkatzen ikusi dut, euskara xinple eta zuzen batean emana. Aurtengo liburu hunkigarriena nere ustez... Ordea, Maiatzen itzal beltzaz baliatuz Manex LANATUA garaztarrak «Hegatz urratuan» poemak agertu ditu. Obra lotzen duen korda ez da kotoinezkoa, baizik eta hari sintetikozkoa. Erran behar zen!

 

        ERDARAZKO LIBURUAK

        Euskaraz irakurtzeak nekatzen bazaituzte, posible da, erderaz ere agertzen dira liburuak. Bai frantsesez, bai kastelanoz. Leitzen ahal da, hasteko, Milan KUNDERA Txekoslobiarraren «L'insoutenable légèreté de l'être» obra. Maitasun historio harrigarri bat erraten digu, aspalditik idazten duen Kundera honek. Ez dakit, bakoitzak bizi dezakeen mendeari lotu maitasun ipuina. Gero, Agustin Gomez-Arcosen «Maria Republika» Espainia frankistako puta-gorri batetaz idatzi liburua har daiteke. Putaetxeak hertsi zituztenean, langile horiek familiek, edo eskontarazten zituzten aberatseri, edo komentuetan serora sar arazten. Berdin baita ondarrekn... Erosten ahal duzue ere Goncourt taldeak saristatu duen Margita DURASen «L'amant» lan ikaragarria. Indoxinan gertatzen da, Txines batekilako maitasun ezinezko ixtorio bat bada, eta ororen gainetik idazlearen orroitzapenak dira lerro krudeletan biluzirik ezarriak... Borgesen nobela labur bilduma bat ateratu da Folio liburutegietan «Le rapport de Brodie» titulupean. Buenos-Airesko izkribante itsua egiazko maixu agertzen zaigu obra hortan... Polizia nobelak gustatzen bazaizkitzue har zkitzue Scerbanenco Italiar idazlearen lanak: adibidez «Milanesek larrubatetan hiltzen dute», «Odola elizatarrian» eta «Masakrearen semeak». Ezagutzen da, Scerbanenco horrek Milaneko krimaren mundua aztertu duela, bere Duca Lambert personaia famatuaren bidez... Italiaren beste puntan Leonardo Sciascia delakoak mafiaren erraiak mugitzen ditu bizpahiru liburu ederren idazteko:«Bakoitzari berea» eta «Candido» adibidez. Italian beti Dino Buzzatiren «Memento honetan preseski» orroitzapen desabusatu bilduma bat eskaini digu. Dina Buzzatiren «Tartaroen mortua» irakurtua dukezue aspalditik...

        Goazen Italiatik Japoniara: hor ere liburu pila bat aurkez genezake, baina bi idazle bakarrik ditugu hautatuko: bat 1968eko Nobel saria eduki zuen KAWABATA hiru obrekin: «Izuko dantzaria», «Elur herria» eta «Loak hartu politak». Hiru lan hunkigarri, Japonia zintzo baten itxurarekin. Bestea MISHIMA izango dugu frantsesez eta espainolez agertua den «Maskora baten aitormenak» izeneko obra. Homosexual baten ixtorio tradikoa... Ez ahantz ere FUKAZAWAren «Narayama»...

 

        OBRA MUNDIALAK

        Hemen bi liburu eternal presentatuko ditugu. Lehena euskaraz ere irakur daitekeen Biblia. Obra hau idazle askoren artean egina da, eta parte batean Jainkoaren semearen zain dauden jende batzuren historioa kondatzen da, bigarren zatian Jainkoaren seme horri lurrean gertatzen zaizkion zoritxarrak erakusten direla. Pentsamazue, gizagaixo hori kurutzefikatu zutela Erromanoek. Ederki eta xinpleki idatzia da, roman bat bezala irets daiteke. Bigarrena Dante ALLIGHIERI Italiar erdi aroko poetaren «Komedia» dugu. 1310garren urtearen inguruan, Dantek infernuan, purgatorioan eta paradisuan zehar ibilaldi iniziatiko bat egiten du hain maite duen Beatriza Folco neskaren bila. Bonifazio VIII aita saindua infernuaren azken zoletan ikusten delarik, bada zenbait gogoetaren egiteko estakurua. Toskaniako bertsuetan sortua da Danteren obra...

        Bon. Bueno. Ontsa.

        Bada beraz, munduko eta euskal herriko luburuetan eguberritan opari emateko gai frango. Buxet guzientzat formatu dugu hautu hau, eta ere ahal genuenean gustu gehienen asetzeko. Agian ez zarete sobera galduko, zeren eta heldu den urtean, aurten bezala, zuen beharra ukanen baitugu. Aren eguberri eta urtats on... Irakurtzea ez da aski, bizi behar da denbora berean. Bota txanpaina, antzera gibelak eta kabiarra! Agur...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.