L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 10 (1985-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Txinako poesiaz

 

Shu Liyen

Itxaro Borda

 

        Kublai Khan mongolaren aurrean Marco Polo makurtzen ikusi genuenean, bihotzean ximiko bat bezala senditu genuen: beti berak dira faborisatuak! Eta atzetik ez gelditzeko, hamalau urtetan, auzo «gorri» batzuek prestatu MAO TSE TOUNG'en Liburua irakurtu genuen, proletarioen poesia, ederra, hunkigarria. YANG TSE KIANG ibai horiaren ertzeetan 1949an gertatu zen iraultzaz amets egiten hasi ginen. Asiaren maitasun horrek ez gaitu utzi geroztik... Maitasuna? Bueno, ilusioa, edo utopia...

        Poesia, hasera haseran, edozein motetako elizetako otoitz kartsuak moldatzeko artea zen. Funtsean, zer da gaurko poesia, sobera teoriarik gabe egina baldin bada behintzat, otoitz bat. Ezer ez gehiago. Luzaz zuhurren esku egon da poesia hori. Konplaxentzia zozialez, zuhurrak zirelakoan, lanik ez zuten egiten... Geroxeago, poesia korteetako ongi ikasien menera joan zen: errege, buruzagi, tirano, diktatore etab... Garai hori XIX.mendean bukatu zen, demokraziaren etortzearekin jende frangok irakurtzen eta idazten ikusi zutenean.

        Txinan gauza bera gertatu da 1949 urtetik at: Errepublika Popularrak eskolak sortu zituen, eta guk gaur eskaintzen dizkizuegun poeta gehienak 1950aren inguruan jaioak dira. Manera hortan, gaiak eta idatz ohiturak aldatu dira, Txinako poesia ez da menturaz mandarinen arropen menpean izkribatzen zen hura. BAI JUYI, eta LI PO beren mendi urdinekin, beren loreekin eta itsasoekin aspalditik ahantziak dira. Txinako poeta gazteek bizitzen duten ingurumen bortitza deskribatzen digute: pobrezia, analfabetismoa, sortzen diren nesken hiltzeak, eta oroz gainetik iraultza kulturala (1965-66).

        Iduri luke, iraultza kultural horrek hausdura bat egin duela intelektualen buruetan: asko dira itzuli ditugun poetetan hiritik baserrietara lanera bortxaz igorriak izan direnak, bai eta ere gobernatzen zuen klaseko jendeen idealak partikatzen ez zituztelako kartzelatuak eta torturatuak izan direnak. Adibidez Zhou Jiadi, torturapean bista galdu eta «injustizia baten aurka» idazten ari da... Gainera, gehienak lan egiten duten poetak dira, ez Europan bezala idaztetik bizitzen direnak. Baina egoera hori aldaketa handi bat da Txinan, pentsatzen badugu, betidanik idazleak eta poetak gobernatzaleek hazten zituztela... Badira halere, gobernu popularrak hazten, dituenak, idazle ofizialak, «idazle ofizialen batasunean» bilduak: Bian Zhilin, Bai Jin (Pa Kin) etab... Gazteek, ofizialak ez diren idazleentzat, beste batasun bat kreatu dute «izarrak» izenarekin, eta Yan Liren zuzendaritzapean. Bestalde, Txinako probintzia bakoitzak estadoak finantziatu literatur aldizkariak baditu, eta bistan dena ofizialetaz aparte marginalizatuak diren batzu, hala nola beti Yan Lik kudeaturik «Gaur egun»...

        Literatura lekukotasun bat den heinean, gustatzen zaigu alde batetik itzuli ditugun poeten hitzetan idealizatzen eta amesten dugun Txina zabal eta jendetsu horren aurkitzea, eta bestetik jakitea gizarte asko bezala, Txinako gizartea gizarte gogorra, bortitza, koertziboa dela, komunismoa estadoko erlijionetzat eraikirik ere. Badakizue, gure aldizkarian, teorian bederen, begi onez ikusten dugu komunismoa (edo nik ikusten dut). Voila, mundu guzian mugimendu kulturalak berdinak dira, bi partetan banaturik dabiltza zaharrak/gazteak, ofizialak/marginalisatuak. Dena, idatzi edo itzulpen, miraila joko bat da. Ez dugu guk ere eredu horri ihes egiterik...

        Hala ere Txinako mendien eta ingurumenen berdetasuna jastatzen dugu, gure herrikoa jastatzen dukegun bezala; Txinako lainoak, lanbroak, elurrak, ibaiak, jendeak... Eta hori oro Marco Polok egin zuen ibilaldia noizbait eginen dugula amestuz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.