L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-1 (1991) —Hurrengo artikulua




 

 

«Basarri»-rekin buruz buru

 

Patziku Perurena

 

        Enkarguz jo nuen Eizmendigana. Interesgarria izan omen zitekela eta, ni bezalako napar kaxkar batek gizatasunaren eta euskaltasunaren eredu deneko gipuzkoar bati galdera xixtrinen batzuk egitea. Harrera ona egin zidan. Bere txokirik kuttunean, liburu trinko eta mardulez ingurutuak, han eseri gara biak aurrez aurre. Bere gaitzaren berri ematen dit aurrena, gero aipatzen dizkit Azken Portuko tabernako oroitzapenak:

        — Nere arreta dana han egoten zan: lehengo zaharrai kontu zaharrak entzun, hemengo euskal jokuak, bertsolari kontuak eta... Ikaragarrizko afizioa ekarri nuen nerez hortako...

        — Oroitzen al zera zere buruz aurrena osatu zenun bertsoaz?

        — Zaila da hori hainbeste urtean. Hemen hamaika sagardotegi baziran orduan. Gaur bat bakarrik ez dago. Oso aldatu da gauza. Ordun goardazibilen semek eta karabineroenak ere euskaraz egiten zuten...

        — Zein izandu zenituen laguntzaile jende aurrean hasi aurretik?

        — 1935.eko txapelketa famatu haren aurretik apenas ibili nitzan bertsotan. Baina, laguntzaileak banitun Donostian: Txomin Olano, Joxe Zubimendi. Haiek beti eztenka izaten nituen atzetik: hik honetan dek abildadea eta etzak laga... Behin gazte talde bat jun ginan Donostira, 35eko txapelketa baino zerbait lehentxeago. Eusko Gaztedin sartu ginan da, Mariano Lazkano pilotaria sartu zan. Haiek baztarretik zirika: merezi likek ba horretxek, horretxek merezi likek ba!... Hiru edo lau bota nitun, serioak, eta joe, ikaragarri gustatu Txomin Olano eta Zubimendi eta horiei. Gero, bertsolari txapelketa bat antolatu behar litzakela eta han aritu ginen. Orduan dena itzalia baitzegon bertso kontua. Handik gutxi barru antolatu zan txapelketa hori. Metro erdiko daldarra eraman nuan, bildurrez eta kezkaz. Hogeitabat bertsolari ginela uste det, eta merezi banun ez banun, neri eman zidaten. Egun batzuk aurretik, Zumayan izana nitzan San Isidro egun batez. Orduan ezagutu nun Uztapide, eta biok egin gendun saioa. Lehenbizi elizan, badakizu, San Isidro nekazarien zaindaria dala, eta hari kantatu genizkion bertso ale batzuk. Gero bazkalondoan egin gendun beste saio gogorra. Gure hasiera hura izandu zen. Geroztik, 26 urtetan senar emazteak bezela ibili gera. Jairik ez gendun izaten libre. Nola iparraldean, hala hegoaldean.

        — Txapelketa hartako giroa ongi azal dezazun naiko nuke. Neretzako berebiziko garrantzia baitu. Badira bi bertso oso ezagunak, zurea eta Txirritarena. Bertsoa bukatzen ari zela Aitzol sinalatzen omen zun behatzakin Txirritak? Ain zuzen ere, Euskaltzale taldeko buru zena, bertsolaritzari beste maila bat eman nahi zion taldeko buru zena, alegia. Bertso hark zioenarekin, eta Aitzol beatzakin sinalatzekin, ez al zuen Txirritak, berari egiten ari zitzaion burlaren salaketa nabarmena egiten? Umorez, baina, hor ez al zuen bere mina azaltzen Txirritak?

        — Hori nik ezin jakin. Nik dakidana esango dizut. Txapelketa ondore hartan Zarautza etorri zan Txirrita, eta Euskalduna deitzen genion taberna batean jarri zan ostatuz. Ni orain bezala, ederki kostata etorriko zan gizajoa, baina hiru egun eta hiru gau pasa zitun hemen. Berehala zabaldu zan herrian, Txirnta hemen zala, eta bi aldiz edo bialdu zitun mandatariak gure aitagana, Azken Portura, esanaz ni hara joatea nahiko lukela. Eta gure aitan erantzuna hau izan zan: «esaiok Txirritari, nik ere etxean ostatua badakatela, eta gure mutilak hemendik hara ainaxe bide daukala berak handik hona; etorri nahi badu pozik hartuko degula». Hirugarren egunean, garrafoi batzuk hartuta estaziora nijoan, haiek faturatzera, eta Akarregi esaten dioten taberna batetik deitu nindun: «Aizak hi, etorri hadi hona pixkat». Barrura sartu nitzan, eta han harrapatu naute katean! Txirrita han zegoan nere zai. Hasi ginan bertsotan, hark bota eta nik erantzun, hark bota eta nik erantzun... Halako batean negarrez hasi zitzaidan, eta esan zidan: «Oraintxe gurtora hilko naiz; enun sekula sinistuko holako gazterik zetorrenik. Oraintxe gustora hilko naiz». Hura gustora eta nire bai. Halaxe bukatu zan gare arteko zera.

        — Bere bizi guzia euskaraz eta bertsotan eman zuen gizona, ez euskaraz ez erderaz etzekiela esanez bezela, azken orduan negargarriro zokoratua uzten zenutela ikustean, ez ote zen gizona zeharo sentitua gelditu?

        — Haren barruan zer ibiliko zan nik eztakit. Neri gertatutakoa bai, baina, hortik aurrerakoa... Gero beste behin, Errenteriko Batzokian egin zioten omenaldia, eta biok tokatu ginen aurrez aurre. Oso pozik egondu zan nerekin...

        — Txapelketa hartaz geroztik zu izandu zinen bertsolaritzari beste maila bat eman zeniona, baina, hori etzen gizon bakar baten lana izango? Izango zenuen laguntzailerik ezta?

        — Bai bai, pixkat bazegon. Baina, ez behar bezela osatua. Hortako bertsolari bat behar zan, eta ni ikusten ninduten, nonbait, hortarako aproposena.

        — Gai jartzen ere aritu omen zinen bolada batez. Nik aitak kontatua dakit, behin Zepairi jarri zenion puntea:

                Zein da bertsolaik onena

                gure probintzian?

        eta Zepaik onela osatu omen zizun bertsoa:

                Manuel Uztapide

                nere iritzian.

                Ala juzkatzen dute

                Gipuzko guztian,

                naiz Basarrik premiua

                atera Fraintzian.

        — Ba, ba,... lagunak ginan eta hor eztago... Bertsolaritzan, pilotaritan bezela da. Batzuri gai arintxeagoak gustatzen zaizkie; besteri sakanogoak; beste batzuri berriz alkarren arteko pikia eta milla gauza... Orain, ni ez nintzan sekulan bertsotan hasiko lengo galgan egin behar balitz; eta pena horrek ematen zidan neri, hain buru argiko gizonak, berez ezeren errurik etzutenak, inguruko jendeak ondatzen zitun: hau kantatuiok eta,... hori esaioak eta,... itsuski asko; eta gertatu zan kulturako jendea, bertsolaririk ikusi nahi etzuala; pixka bat munduko berri zekiana eta errespetoko jendea, atzendu egin zuten bertsolariak. Eta horri pixkat buelta eman beharra zegolata, asmorik onenakin hasi nintzan ni behintzat. Nere helburua hori izan zan. Baina, jatortasunik eta euskal senarik egundo galdu gabe; ahal dan modurik errezenean, euskara errikoia eta danak entenditzeko modukoa erabiliaz. Hemen asko dira, ez bertsolari eta ez olerkari geratu diranak. Bertsolaritza gutxi uste, eta olerkaritzara ailegatzen ez.

        — Dena dela, garai hartan Iparraldean ateratako premioren bat edo beste bazenituen ezta?

        — Bat baiño gehiago ere bai. Urruñan ere, hiru urtez segidan irabazi nun. Gero, Doniane Lohitzunen, han Agirrek eraman zuan lehenego saria; Hazparnen,... beno toki askotan. Baita Parisen ere izan ginen, Hernandorenan bitartez. Horrek lan asko egin zun han. Hari esker plazaratuak dira Xalbador, Mattin eta horiek danak. Orain Hondarrabian bizi da; horrek gauza asko kontatuko lizuke.

        — Xalbador eta Mattin aipatu dituzu. Biak zurekin arituak ziranez, deus esatekorik bai?

        — Xalbador hasiera hartan, nik uste bertsolari baino olerkari gehiago zala. Paperean egiteko askoz gehiago balio zula, bapatean baino. Ni askotan egon naiz Xalbadorren ondoan lotsatuta. Gero jarri zan pixkat, baina, ez: paperean gehiago zan hura beti. Besteak berriz, Mattinek, entzuteko zerbait ematen zun, baina, gero irakurtzen hasita, batzuk luze bestek motx, neurririk etzun.

        — Bertsolaritzari buruz ere baduzu eritzi franko idatziz eman? Baina, orain maiz ematen diren bezala, jendeaurreko hitzaldirik eman izan al duzu sekulan?

        — Behin eman nuen bai Donostian, oraintxe dela zazpi-zortzi bat urte, eta badakit jendea oso gustora geratu zala... Baina, horretan ez naiz jardun. Idatzi bai. Horretaz aita Zabalak argitaratua badet liburu bat. Hemen ere izango da aleren bat...

        Han hasten zait gizona bazter guziak miatzen. Atzenean bi liburuxka atera eta, tori horiek zuretzako. Nik bat aski dudala. Ezetz, ezetz, hartzeko biak. Auspoaren 178. zkia. osatzen du liburuak. Biblia ere askotan irakurria duela esaten zidan, baina beti erdaraz. Gaurko jendeak dirua baduela erruz, baina, ilusio gutxi. Garai batean bai, orain, berriz...

        Betiko kontuak berrituz, lagundu zidan kanpoko ateraino. Elkarri eskua eman, eta han utzi nuen gizona, hirugarren hankaren arrimoan, berriz ere nahi nuenean joateko esanez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.