L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<maza0200>— Mazantini-2 (1992) —Hurrengo artikulua




 

 

Dudaren ondokoa

Eñaut Etxamendirekin solasean

 

E. Gil Bera

 

Bitriñeko Harandokian, otsailaren 4eko ilunabarra

 

        ...euskaratzen Giono-ren Que ma joie demeure, ...batere lan errexa; baina hor geldituko da: euskarak behar du hori ere... Eta beti, ontsalaz, pentsatzen ohi dut: hau aitak nola erranen zukeen... eta hola idazten dut... Ahezkoari dedikatzeko gogoa dut.

        ...ikaragarrizko kakeriak kontatzen dituzte euskal filologian... Konparazione, erraiten dutelarik ardantza latinetik heldu dela; ez dakit nola arribatzen den Mitxelena hortarat... batzuk diote ardaua, beste batzuk ardoa, arnoa, guk anua... horren arabera ard- da erroa eta anua izanen litzateke deribazione bat. Orduan, nola esplika oinos grekoz eta uinum latinez? Deribatuak dira ere... ez da dudarik. Ardaua baldin bada arkaikoa, arnoa ondorengoa, anoa modernoa, oinos, uinum, vin, vino... zer dira? Eta beste asko eta asko hitz badira halakoak; hor dira, konparazione, oro eta all... Nik ez dut erraiten denak euskaratik heldu direnik; baina, euskara da zaharrena, hori ez da ahantzi behar... eta izaiten ahal da beste erro bat aintzinagokoa... Posibilitate hori ikertu behar da... Lan egin nahi nuke horri buruz... Azkenean, helburua da munduko linguistei euskararen ikertzeko beharra erakustea...

        ...63an sortu ginuen Enbata. Hegoaldeko berri handirik ez ginuen, doi bagindakien bazela zerbait... Lehenbizikoak etorri zirenak izan ziren Txillardegi eta Madariaga... Beti ere, hori baino lehen, enetako, Bretainatik etorri 63ko buruilean, eta lehenbiziko dolda izan zen Un Village en vente: Lizaso... mahai gainean harrapatu nuen lanetik etorri eta inprimatua, ez nuen irakurri, titulua bakarrik ikusi nuen... Gau hartan egin nuen Otxagabiko kantua... Lizaso bere azken biztanleek saltzen... eguerdian aditua nuen profesoren mahaian eskola: —Bai, bai Ultzamako herri bat... eta ari ziren. Hori izan zen lehendabiziko dolda, ordukotz bizi nuen herriaren zauria jadanik, «Aurora»n aipatutako hori... Badakizu? Nik nahi nuen euskaraz irri egiten ikustea, eta euskaraz bizitzen ikustea, neskak eta mutilak elgarri lotuak karriketan barrena eta euskaraz, eta hori ikusi dut: kupleak egin dira, haurrak sortu dira, berpizte bat izan da... Honat etorri nintzelarik, aro iluna zen; nik ikusi ditut Garazin xaharrek erraiten: Joan bitez! Joan bitez gazteak! Joan bitez! Nik salduko zioat paristar bati etxaldea...! Hori ikaragarria zen... Nik ere, hasieran, ez nuen ikastoletan eta gauza horietan sinesten; Larraldek erraiten zautan: —Kantatu behar diagu ikastolen alde... eta nik: —Ez. Ez diat hortan sinesten... Baina hori pasatu da. Biziaren aldi bat zen... beste belaunaldi bat etorri da... eskuara ez da erabat hondatu... hola dira gauzak...

        ...orduan, horiek honat jin ziren eta handik laster, uste dut 64ean edo hola izanen zen, kanporat igorri zituzten. Hazparnen ari ziren eskola emaiten eta obispuak igorri zuen bere manua.. Joan ziren eta egin nuen abesti bat «Haurren kantu»... Gero, honat etorri nintzen 67an, eta 68an Eskubi eta bi lagunekin etorri ziren, nik lagundu nituen baserri huts baten harrapatzen eta han lanean asi ziren. Hiru-lau asteren buruan Eskubi igorri zuten espultsatua Belgikarat. Hura joan eta, 69an uste dut, hemen agertu zen beste talde bat, Iparraldeko bat bazen ere, hori zen neri mintzatu zena; Etxabe eta horiek ziren eta hor ziren gazte-gazte batzu: Txomin Iturbe, Peixoto, Mamarru... gehienik ezagutu nituenak horiek ziren. Gero beste batzu pasatu dira... baina ez zuten nere etxean bertan lo egin, nere berotokietan beren lantokia egin zuten, hor sahetsean... Lehendabiziko zerak ziren, fase berri baterat pasatzen ari zen Hegoaldeko mugimendu hori... Haien agerpena ez zen enetako estonatzeko gauza. Halako zerbaiten beha nindagon; «Elurra zikindurik» amaitzean agertzen baita erran eta guziz: Martin pago-ondoari kontra bizkarraz zagon, harma kanoia eskuz pereka eta pereka... hori han dago eta hori gero dut ikusi nik ere, egiten zuena... hori bera... Idazten delarik nik uste dut badela parte bat kontziente, uste dugu kontziente dena, eta gero ohartzen zira beste gauzak badirela, ez direla denak kontzienteak...

        ...guretako bazen prolema bat, heriotzarekin enfrentamendua, gogozko borroka, hori ez da parregarria izan. Hori izan da, eta, da, beti, tragikoa. Ezertarako ez du balio erraten: —Bai, hola eta hala da, ez dut biolentzia nahi, edo biolentzia nahi dut besteek egiten dutelako edo... Ez, ez; ez dago konponbiderik. Hori da ezinjasanezko eta ezinbizizko prolema...

        ...gauza handi bat izan zen Elosegik egin zuena. Egin nuen kantu bat, ez musika, musika herrikoa da, lehendabiziko kantu txapelketan bota nuen.. Gero, Manzanas horren berri bagindakien eta harekin gertatutakoa. Orduko nere emozioak holakoak izan ziren. Geroztik baditut duda handiak Manzanasen hori nondik eta nola kudeatua zegoen, baina hor da beste kapitulu bat gau ilunezkoa... Gero Etxebarrieta hil zuten. Ikusten? Zen trantsizio bat emeki emeki egin ginuena sikologi aldetik... Beti ere; hori izanen da, beti, prolema haundia. Izan eta ere, konparazione, Francoren polizia baten hiltzea ez da ni bezalako bati eta beste jende bati plazerrik ematen dion gauza... Ni ez naiz militarra eta ez dakit nola behar duten jokatu. Baina nik badakit, ontsa ere, emozionalki eta afektiboki, enetako sakratuena euskaldun gudarien biziak direla. Bakidalakoz, aski ongi, zer jasaiten dugun eta norat garamatzaten: heriotzerat eta asimilaziorat. Eta badakidalakoz, gainera, 25 urteak artio estudioan aritu naizelakoz eta beti segitu ere, munduan zehar zonbat eta zonbat populu desaparezitu diren horrela eta desaparezitzen ari, gaur egun... Badakit, denetan da ageri: hil edo bizi, hori da... Enetako prolema izan da ni bakarrik aita familiako naizela umeekin, eta estakuru asko nuela bidearen erakusteko eta arrisku haien hartzeko, estakuru onak ezta? emazte bat, ume ttikiak eta errespontsabilitate batzu eta... Ezin errana da intelektualki pozik hartzen dudala odola... Eta, bizkitartean, ez dut ikusten bestela egiten ahal denik.. Eta hori erraiten duenak behar du jakin berari gertatzen ahal zaiola... edo semeak... alabak... Orduan salto bat egiten da odolaren mundurat... eta odolaren mundua eta biziaren mundua elkarrekin dautza. Hala markatuak gira sortzetik haste...

        ...Carrerorena, gezurra erranen nuke erranen banu ez nuela pozik hartu, hori aitortu egin behar dut. Hostia horrek, gerla amaitu ondoren firmatu zuen hamarnazka milako gizon fusilatu ahal izaiteko; gerla irabazita miloi bat hil izan da, batzuk irabazia, besteak galdua: hezurretaraino, pipatik sarturik, eta horiek bengantzaz hiltzera eramanak, milaka... Nik, ba, hortan, kantatuko dut; dudarik ez da. Hortan ez nuen dudarik. Manzanasekin ere ez; baitakit ustela zela, baina horrekin oraindik gutiago... Hori izan zen asteazken batekin edo hola, hurrengo larunbat arratsean kantatu behar ginuen Maulen, Xuberoan. Eta Xuberoa da La Mecque: kantu berriak eta kantari berriak... xuberotarrak biziki finak dira... Orduan, Carrero hori goiti joan eta hurrengo egunean edo hola, joan nintzen adixkide fraile baten ikusterat, baserri batean bizi zen. Hor afaltzen, pozik, salda jan eta... —Joan da... —Bai, joan da. —Ezin jin... —Bai. Amaitu zuen, eta bazituen esku luze-luze batzu, eta hala egin zuen: Ite misa est... Eta gero Xuberorat, Barkoxerat, eta han lagun bat nahi nuen ikusi; andrea atera zen leihorat eta —Zer? erran nion —Hor direa gizonak? —Ez, ez, biltzarrez joanak dira. —Zer berri? —Mementuz salto gorenak perfomantzak denak hautsi dituela... Ez ginuen izendatu ere egiten nor zen. Ikusten duzu aroa nola zen... Maulen abestu behar zen igande arratsean. Igandean, beraz, ez nuen oraindik ezer eginik. Banuen hemen disko bat, country, eta batez egiten zuen aire hori... eta nik: —Alu honek fandango bat dik lapurtua. Nik ez dakit teknika handirik baina kantatzen dut eta ikusten nuen hori fandango bat zela. Eta estonatzen nintzen nola harek hainbeste exito izanik abesti horrekin, gainera hura zen bakarra berak eginikoa, beste guziak folklorikoak eta hura berak eginikoa, eta besterik ez, berak egiten eta miloi bat disko saltzen... Hor bada gauza trublea. Eta ene iduriz da fandango bat, hemengo behenafartar batek Ducassek egina. Beti ere, banuen gogoa, laostia, hori behar duk berriz herrira sartu, doinu hori gurea duk... Hori, berak pixkat ia maquillage emanik; beti ere, ingura eta ingura, eta polita zen. Egun hartan, beraz, joan ginen otoan, mendiz, ene arrebaren etxerat eta otoan ari ginen fandango aire hori trai larai lararai... umeekin, eta ziloka batean otoak kulunk egin zuen eta nik iuupp la-la egin nuen eta umeak oihu... Arratsaldean egin ginuen arrebaren etxean atsalaskaria eta a'tsean jin, zortzit'erditako edo hola behar ginuen Maulen eta zazpi t'erdiak izanen ziren: andreak zertzen salda hemen ere suarekin, eta hasi nintzen... Kantu zahar bat baita, Xiberokoa, apez bati eginikoa: In nomine patri et fili, gora nintzenetik behera erori... Hori zen apeza neskaka ibiltzen zena, zurubiekin, badakizu? eta mutil batek tiratu zurubia eta erori... orduan egin nuen: In nomine patri et fili, gora jauzi eta düzü erori... iuuup lala ...eta ite misa est...

        ...idazten dutalarik, sartu behar dut moxkor baterat bezala eta ez du nihork kendu behar hortatik. Orduan, hartan idazten dut hola... eta hola egin nuen behin bost egun eta bost gau; hori ez da idazteko manera... Eta, artetik, bazkari baterat joan behar nuen eta bazkari erditan atera nintzen, ez nintzen sartu bazkariko giroan eta atera nintzen handik eta jin etxerat; arratsalde guzia pasatu nuen ezin idatziz, berriz sartu artio liburuaren munduan. Behin hartan incandescent... orduan, behin liburuaren munduan sarturik, orduan ikusten duzu mundu bat sortzen, bere usainekin, bere negarrekin... arbolak... argi hasteak...

        ...zinezko euskaldunek mintzatzeko manera eliptikoa dute. Steinbeckek edo Hemingwayk, edo ez dakit zeinek erraten zuen: —Ez sobera erran! Hilen duk hire zera... Eta hola funtzionatzen dira jendeak. Konparazione, ene aitak kondaturikoa. Hemeretzi urte zituen eta gerlarat eraman zuten; gainera, permisionerik ez zuten ukaiten. Telegrama bat izan zuen: —Ba, telegrama ukan n'ixin ama biziki gaizki zela (pentsa bere estreza, lehendabizian atera zela bere herritik, han gerlan... etxaldean zortzi haurride baziren, bi ttipi baziren biritxiak...) —Ukan n'ixin ba, papera ama eri zela bizikigaizki eta joan behar etxerat eta eman ziaxin permisionea... Donianen, a'tseko treinatik jautsi eta oinez heldu ninduxun etxerat. Ehialarren emazte batek: —O, etxerat permisionez, hi? Ba. Ez haut ezagutzen, duda'ike esteenzuitar haiz hi. —Ba. —Bai, gazo, ze gertatia den Esteenzuin: zortzi haurren ama ehortzia diau... (hemen, komentario hau egiten zuen:) Istaño batez e'nixin urratsik in ahal ukan bidian... Iluna zuxun bi begiak hetsi bezain ilun. Bidian heldu-heldu, etxea pare alde (digresioa nola egiten zuen bere emozioagatik...) goiti so iten nixin eta arbolen artetik zelia ikusten bidian egoiteko (goiti oihana hertsatzen da eta zangoz, orkatxen bidian...). Zangoz, astobidia zautzen nixin. Etxeatu ta aita zena lehioratu zuxun ta: —Hi hiza Joannes? —Ba, ba. Heldu nuk ba bortain idekitzeat... Borta ideki zixin ba, eta, nere besarkatzeko partez, samatsan gorde zuxun... Aitak uste zuen ez zekiela zer zen gertatu, hila zela ama; hori ez zekien, eta aitak ezin zuen, sobera zen gordez... Hara gertakaria nola kondatzen duten. Hala egiten dute... ikaragarrizko... kontraktaturik... oso gogor...

        ...biktimak haboroxenetan bere burregoa miresten du... Bai, azkenekoan, menperatzailearen lagunik onena menperatua da: suizidatu egiten da. Fisikoki suizidatu aintzinetik, sikologikoki eta intelektualki suizidatzen da... Euskaldun apezek erraiten zutelarik: begira, euskaldunek ez dute sakrerik erraiten euskaraz; sakreak dira biarnesez edo espainolez: Hostia! Mekaguen Dios! Dieu vivant! eta hola... Ene interpretazioa arrunt triste da: erranen nuke tragikoa dela euskaldunek euskaraz ez probokatzea jainkoa. Erran nahi du heiendako hizkuntza eta kultura efikaza Prometeo egiteko, menperatzailearen mintzaira dela. Hor baita entsegu baten egitekoa, sakrearen gainean; kondatzea nork, non, nola, zer erraiten duen, zer nolako sakrea, zein doinutan, zein entonazionetan, zein kondiziotan; eta sakreen hizkuntza aldatzen hasiko denean, horrek erran nahiko du, termometro izanen da, desalienatzen ari direla gure umeak. Hor baitira interpretazio tristeak: menperatuak berak bere buruaz desgustu izaten du; ezi nagusi guziek, menperatzaile guziek, gutiesten dute menperatzen dutena... Gizon batek indarkatzen duelarik neska bat, munduko politena, mespretxatzen du... Bada nebrosi bat antropologikoa; gizona da abere bat, zoragarria eta nebrotikoa —bata besteagatik, edo biak elkarrekin doaz—; kausa guti aski du desbideratzeko eta nebrosiak hartzeko: izan dadin menperatzailea edo menperatua. Bi nebrotiko dira, burrego eta biktima; eta gizartea hala funtzionatzen ahal da. Seguru aski ehun eta ehun mila urtez hala funtzionatu da... Bolanteak, joaldunak, kloskekin egiten dituzularik... begira, bestorduz horiek ziren apezak: garbitu plaza eta gibeletik heldu zen kondenatua, gero erretzen zuten biktima inguruan dantzatuz... Eta hori zen katarsi kolektibo bat, egiten zuten la pasión del Cristo... Hori unibertsal zela ez du aspaldi... Gu gira lupuak bezala, izenburu hori zuen ene lehen artikuluak; ematen diozu sua inguruan, eta so egiten du, eta ttaka...

        ...hamabi urteak artio Esterenzubin egon nintzen, han bazen eskolatto bat, nekazariek behaurek eginikoa eta behar zen frantses puxkat ikasi. Baina gure artean, mutiko eta neskatilen artean, hitz batere ez genuen erdaraz egin elgarrekin. Hamabi urtetan ipini ninduten frailetxean; ailegatuta, erdaraz ez nekien batere. Hor zen hausdura, lehen aldikoz doldatu egin nintzen: dena zen erdaraz. Hitz batere, ene herriko lagunekin bai, baina hitz batere ez nuen konprenitzen. Enetako zen ezinkonprenituzko gauza bat... Frantzian nauk... Hori zen tristezia kolpe bat, izigarrizkoa: hiltzen bazina bezala, uretan itotzen bazina bezala: ez duk egia, ez duk posible hau... Gero pentsatzen duzu: han, etxekoak, han dago herria, hostiaa... hango gaztandoiak, eta baserriak, eta... hori, hori, hori da mundua... Da sumendi bat bezala barnean. Gero, etxeratu, eta dena euskaraz. Oroitzen naiz irakurri nituen lehenbiziko nobelak: ziren Ameriketako indioen gainean. Eta han, aitak hitz egiten, hori eta hura, eskuaraz eta; azkeneko hiru hilabetetan autoritateekin dena erdaraz eta, gero, etxeko autoritatea aita zen eta harekin eskuaraz: eta han izan nuen dislexi bat bezala... Gero banakien gerra egin zutela euskaldunek, abioiak eta izan zituztela, eta gerra kanoiekin eta guzi egin zutela: gauza horiei lot egiten nintzen, amets horrekin egon nintzen geroztikan beti, beti, beti... Gure herrian zazpi hilabetez egon zen bizkaitar apez bat, kondenatua zen hiltzera, ulertzen ginuen puxkat haren eskuara, badakizu, Bizkaiakoa, bortxaz... eta abertzalea zen, ...Eskualerria, hori eta hura... Gero politika ikasten plantatu nintzen: han, laostia, ikasi behar duk, ikasi behar duk, guzia... edaten bezala egiten nuen. Baduzu kontranebrosi bat bezala lotzen zautzuna eta sinesten duzu ezinsinetsizkoa: ezgaituk izorratzerat utziko, libratuko gaituk...

        ...oixtin erraten ginuen alienatuak, heriotzerako bidea hartzen duena, berak bere burregoa miratzen du, liluratzen da, eta bere burua hastiatzen du... Badakizu zer den erremedioa? ....etsaiaren odola: ikusten duzularik bestea beldurtzen, laostia puta... Nik hori bizi izan dut. Eta ikusten dituzularik Manzanas eta Carrero... Eta Carreroren kanta horrekin jendeak, ematekiek, zapatak eta dena goiti botatzen zituztela; hortan izan da katarsi kolektibo bat, zazpi-zortzi urtez iraun du, ikaragarrizkoa; ez kantu nerea zelakotz, baina jendeek zelebratzen zuten, ez zen nihon festibalik egiten hori kantatu gabe. Hori izan da orgasmo... horren eragina zer den gure artean ia ahantzia bezala dago. Baina, ari da lanean; eragin horrek ekimena badauka, ekiten du gutan. Zelan? nolan? ez dakigu... Orduan, sartu gira mundu berri batean. "Salbatuko gira-ez gira" duda hori joan da. Salbatuko gira. Orain; noiz? zenbat sofrituz?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.