L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-2 (1992) —Hurrengo artikulua




 

 

Burua burukoaren azpitik

 

Aingeru Epaltza

 

Billiek arratsaldeko hirugarren zigarroa atera du ohatze gainetik mugitu gabe. Ezpainetara eraman du. Aldean surik ez, ordea.

        Aste bete lehenago erosi zuen peketea Joxefelixenean, Juanitoren bila hara joan zen batez. Egun horretan inork ez zion ipurdian zimokorik egin, baina trufaka aritu ziren denak haren lepotik.

        —Ikusi duzue inoiz zimino beltzik pipatzen? —aditu zuen bere gibelera Juanito besotik zeramala ostatutik ateratzean. Eta denak irriz gero, urratuak.

        Alabaina, deus inportik ez Billieri. Tabakoa beharrezko zuen Josebarekin batean Plazara agertzeko.

        Plazara agertzekoa gogoan erabiltzen hasi zen une berean, garbiki azaldu zitzaion pinpirintzeak nolakoa behar zuen: gona-jauntzia eta zapatotakoinak, zaku ponpoxo bat besotik dilindan eta zigarro bat —Josebak pipatzen dituen zigarro gorri horietako bat, ez Joxefelixen parrokianoek ohi dutenetarik— eri artean, oro Herriko neskak bekaiztoz lehertzeko maneran. Behar zuen guzia eskuratu zuen: sabaiko kutxa zaharretik gona-jauntzia eta zapatotakoinak, baita zaku ponpoxoa ere, eta Joxefelixenean erosi zigarroak barnean... soil-soilik Josebak egin zion huts. Harako Josune harekin eskapo egin zion bere muturren parean.

        Orain, etxeko ganbaran, ez diola barkatzen ahal, ez diola barkatuko behin eta berriz errepikatzen ari zaifo Billie bere buruari, ohe inguruan sua bilatzen duen bizkitartean. Hondarrean, aitzineko bietan bezalaxe, berriz jeki eta sukalderaino joan behax du poxpolo eske.

        Oraingoan ere, sutu eta lehen xurgadan ez du ekea iretsi, ezta bigarrenean ere. Baina deus berezirik gertatu ez zaionez, adoreturik, hirugarrenean menturatu da. Arestiko bi zigarroekin bezala, birikak sutan, lehertzeko menean paratu zaizkio eztulak eman aitzin. Errabiaturik, zigarroa hautsontzi lana betetzen ari den oporrean desegin du. Billieren gogo Joseba gorrotatzeari lotu zaio, eztulaldiak sortarazi itomenaren ondoan horretarako arrazoin bat gehiago atzeman duenaren tinkotasunaz. Joseba alua. Joseba astopitoa. Joseba kabrona. Istant bat iraganda, eginahalak akitu du: neke da Joseba gorrotatzea, ongi mereziagatik ere.

        Etsimenduaren bortxaz, burukoaren azpian gorde du bilo zizur beltza. Ttiki-ttikitatik honelaxe egiten du, burua burukoaren azpian kukutuz, gogoa oroimenaren munduan punpalarazi nahi duen aldioro. Konparazione, Mammyren iduria —bisai azal iluna, irri-abar argia hortz zuri-zuriek biziagotua, gaztain mamiaren koloreko esku-ahurrak, ahots urdina—, gisa horretan baizik ez zaio present egiten.

        Hastapenean, bortz-sei urtetan, itsasoz bertzaldekoa utzirik Herrira eta «Iketzatea»-ra, etxera, ailegatu berritan Mammy mintzatu eta mintzatzen zitzaion honelakoetan Billieri. Pausatua zela ikasia zuen, baina harek ele goxorik erraten zion baita biziera berriaz galdegin ere. Álabainan, denbora iragan eta itsasoz bertzaldean utzitakoen oroitzapenak uhertuz joan arauz, Mammyren solasa ere konprenigaitz bilakatzen hasi zitzaion piskana. Itxuraz, Mammy bera ohartu zen noizbait, duela jadanik urte puska, agertzen zaiolarik —beti burua burukoaren azpian kukututa— irriño baizik ez baitio egiten, irriño eztia, egundaino ikusi hortzik zurienek biziagotua. Noizetik noizerat ahots urdin horrek kantatu ere kantatzen ziola iduritzen zaio: «Help me to live this day, hear my call I pray...» Beti ere, hori guttitan gertatzen da, eta horrelakoetan ere, ahotsa Juanitok Joxefelixenera edo Ziudadera abiatu aitzin, sukaldeko aparailu zaharrean paratzen zituen disketatik ateratzen zen bera ez ote den, ustea hartzen hasia da Billie. Horren segurtamenik ezin izan, ordea; Juanitok diska guziak eta are aparailua ere ukamilka xehatu zituen duela hiru-lau urte, Karrikatik goizaldean itzuli zen batez.

        Mammyren iduria ezabatzen delarik, eta Juanito etxean ez izanez gero, Billiek burua burukopetik jalgi eta lasterka egiten ohi du etxeko sabaira. Han bazterreko kutxa zahar pipituaren barnean, argazki zaharra dago, kobrezko marko herdoil batez inguratua eta inoiz ikusi ez bezalako soineko eta sonbreilu koloredunen eta Billiek berak sartu kanfor piloten artean. Argazkia, kutxa zaharrean altxatzen den album azal berdearen partaide izan bide zen lehenago: marko herdoila kenduta, kola hondarrak ezagun zaizkio oraino girbinean. Han, Mammy beti bezain irri-zabal eta Juanito gazte baten bisaiak elkarri itsasirik ageri dira, amoros. Bien erdian, begiak haundi-haundi eginik, soineko zurixkak eta bilo azal belxkak erakusten dituen nini txupeteduna. Nehork erran behar izan gabe badaki Billiek bera dela erdiko nini hura.

        Argazkia zazpizortzi urte lehenago kausitu zuen ezuste batean, amatxi Joxefina hil ondoxean. Juanitok ez zuen deskubrimenduaren berri izan. Juanitori itsusi zaio Mammyz mintzatze hutsa. Lehenagoko denboretan, abila zen arras gaiaz ganbiatzen Billie galdeontzi bilakatzen zelarik. Izan zen, berrikiago, galderek, ihardespentako, animaleko muturraldiak biltzen zituzten aldirik. Orain, etxean bederen, isiltasuna ohi da Juanitoren arma, baina ez jadanik Mammyrentzat elekatzerakoan bakarrik, gizonak gainerako guzia ere sobera baitu bere ezpainetan. Bai-ezetatik atea ezinik, Juanito etxeko eskailerak bezain mutu eta huts bilakatua de «Iketzatea»-n. Erran gabe doa Billiek antzarrak ferratzera igorria duela aspaldi.

        Ohatze gainetik, etxe osoan batbatean somatu duen hustasunak dardaria eragin dio Billieri. Manta bildu eta barnean zizurkatu da, baina hori ere ez da aski. Bero nahi, neskak Juanito bere pentsamenduetatik hastandu eta burua burukoarekin estali du, oroimena itsasoz bertzaldean pausatu zen Mammyrengana bidali beharrez. Kaskezurrean mina hartu arte entseiatu da. Eta ezin. Mammyren partez Joseba ageri. Joseba alua. Joseba astopitoa. Joseba kabrona. Kaxkarki, Joseba du gaurko arratsaldean bere gogoaren jabe bakarra. Unaturik dago amore eman eta burua burukopetik atera duelarik. Joseba...

        Hainbat hilabete lehenago Billie Joxefelixenera joan zen Juanito etxeratu asmoz. Hala egiten du astean behin-bitan harek larunbat gau baten karrikatik itzultzean kotxea arbola baten kontra purruskatu zuenetik. Errainetako indar osoaz gorrotatzen du Joxefelixena, baina Juanitorendako beti hondarrekoa den tragua ahitu artean, begian telebisionean zenbait minutuz paratzeko egokiera izaten du han delarik. Telebisione aitzineko minutu horien truk, Joxefelixen parrokianorik mingain-gaizto, esku-luze eta lekedazuena jasateko prest egoten da Billie. Nolanahi den, egun hartan ez zitzaion gisakorik egokitu.

        «Kulunka»? —hala erraten diote Herrian Juanitori, Nam-en morterokada batek ezker zangoan utzi zion maingueriak eragin mugimendua dela bide— Hemendik martxa egin din lagun berri batekin. Pollita! Putzura erori ez bada, hor barna atzemanen dun.

        Ohar emaileak eskuaz atxiki zuen sudurra eta ezker aldera jiratu bertze parrokianoei irri-karkailak sortaraziz. Keinu ezagun hori soberan zegoen. Billie ez zuen dudarik Juanito, nornahi ere zen haren lagun berria, mozkor arraila egonen zela.

        Martiñenean behatu zuen, neke bazen ere Juanito han gertatzea, jabeak ez aspaldi «faxista» erran baitzion. Baita Palazioan ere gero, balekabale. Ez batean ez bertzean izan.

        Etsita, Karrikatik Martttinttobordara dauden bi-hiru kilometroak egitea pentsatzen hasia zen, noiz eta ere, berriz Plazako bidean, Juanitoren ahotsa —gorria eta beti marrantatua— ailegatu baitzitzaion belarrietara, bertze soinu klaserekin nahasia. Zubiburuko posadatik heldu zen, Billierendako harrigarri. Ziudadedo belarritakodun pare batek hartu, goitik beheiti ganbiatu eta musika karrankaria egozten zuen trastetzar bat paratu ziotenetik, Juanitok sekula ere agertzen ez zen ostatua zen Zubiburuko posada. Eta hala ere, entzumenak ez zion hutsik egin: han zen, betiko baso ardoa eskuan, bere aho ozena musikari gaintzen zitzaiola, gizon gazte batekin solasean.

        Ohiz kanpoko lekuaz landa, ohiz kanpoko konpainia ere zen hura. Gizon gazteak bizar mehea, kalpar harrotua, larruzko zamarra beltza eta antioju ttiki biribilak. Billie hura ikusia zen Seroretxe Zaharraren inguruan. Eta hori ez zen, izan, Juanitorendako gomendiorik hoberena. Seroretxe Zaharrean izaten diren gehienak Ziudadekoak edo haratagokoak dira eta Herrian bezalatsu mintzatzen ikasi gogoz hartzen omen dute han ostatu. Joxefelixenean aditu zenez, peligrosoak ziren mamiz eta azalez, gaztetan Juanitok Nam-en ta-ta-ta-ta garbitzen zituen «Charly» horien pare noski.

        Erranak erran, hor zebilen Juanito, jendaila horietarik batekin hainbat hilabete lehenagoko gau horretan. Ez bata ez bertzea ohartu ziren neskaren sarreraz. Bai gainerako kliente gehienak, gizonezkoak bereziki. Ohi gisa behatu zion zenbaitek, betiko so bertzelakatu lerdezuaz, eta ohi gisa ihardetsi ere Billiek, karantza horiei ez axola eginez. Jendearen artean iraganda, Juanitoren ondoan eman zen haren atentzioa bereganatu beharrez. Eleketariek, gizon gazteak ezker eskuan atxikitzen zuen zigarro haundi-ludi-urrintzua zuten, noski, solas.

        —Horiek marikonadak dituk, aditu? —zigarroa erdeinuz seinalatuz, ametrailadora baten gisa ari zitzaion Juanito gizon gazteari— Moruek asmatu marikonadak, aditu? Eta kristo guziak bazakik moruak marikonak direla eta ohartu orduko gibeltziloa tapazen diatela...

        Gizon gazte antiojodunak baietz eta ezetz baizik ez zuen noizbehinka egiten buruarekin, ez beti behar zen aldian. Billiek mutilaren begietan irakurri hutsez bazekien ja ere ez zela konprenitzen ari. Oraino ez bide zuen Herrian bezalatsu mintzatzen gisaz ikasia. Haren begi berdeek dirdir egiten zuten, printz bitxi batek harturik bezala.

        —Egiazkoak probatu nitian nihaurrek, Saigonen, egiazko gizasemeek hartzen dituztenak: opium, marijuana, heroine... Lehertu arte, gehiago, gehiago... A zer fliping ordukoak! Hauek, berriz... —zigarroa berriz ere seinalatuz—, hauek marikonadak dituk, aditu? Marikonadak!!!

        Juanitok, ahotsa arrontik goratuz, karrasi egin zuen hondarrean, ostatuko jende guziaren soa erakarriz. Aski kontent, bistan zen, bere mintzoa erdiesten ari zen arrakastaz, hariari berriz lotzekotan zegoen noski, baina solaskidea bertze alde batera ari zen begira. Harek ere burua itzuli eta mokoz moko egin zuen Billieren begitarte koleratuarekin.

        —Etxeratzeko tenorea duk —Billiek, agurrako, antiojodunari so zeharka egiten zion bizkitartean.

        Juanitok baino hamar bat urte guttiago izanen zuen, gazteagoa doike. Posadako jabeari bezala, belarritako ttiki-ttiki batek ornatzen zion eskuin belarria. Zamarra beltza txapaz ihaurri zuen.

        Juanitok atsekabe keinu bat egin zuen.

        —Gauerdi ere ez dun oraino...

        Larunbateroko istorioa. Bilhek ez zuen inoiz ere erlojurik izan, baina bazekien, ederki jakin ere, gezur zikinetan ari zela.

        —Airez aire kanpora! Ez nauk hire esperoan luzaz egonen.

        Gehiagorik gaineratu gabe, sarreraraino abiatu zen gizon gaztearen antioju ttiki biribilak beregan tinko somatzen zituela. Billiek bazekien zer etorriko zen orain, ez zuen ezpairik: isilune motz bat eta gero arrotzek Juanito eta biekin batean suertatzean luzatzen zuten usadiozko galdera:

        —Nor da neska beltxista hori?

        Edota, makurrago:

        —Zer duk gaztain-zopa hori, hire lagunttoa?

        Eta juanitoren arraposta nahasia, herabetia, gero.

        Aitzitik, gauzek bertzelako bidea hartu zuten hainbat hilabete lehenagoko gau horretan. Musika burrunbaren artetik, gizon gazte antiojodunaren eta Juanitoren arteko eleketaren hondarra ailagatu zitzaion:

        Ho-ri nes-ka su-re sen-dia al da? —astiki-astiki, silaba bakoitzean indar eginez.

        Miretsirik, Billiek burua itzuli zuen.

        —Sendi...?

        Burrunba bakarrik. Neskak bere gogara aztertu zuen ezagutu berria. Ez zen hagitz itsusia.

        —Pariente....

        —Jendakia? Bai segurki... Alaba diat... alaba bakarra, aditu?

        Juanito basoa hustu eta kanporatu zen. Kotxean, Billiek giltzak poltsikotik kendu eta aita ondoko jarlekuan apailatzearekin galdegin zion solaskidearen izena.

        —«Jjoxibi», edo zerbait halako —begiak arront galduak kotxeko parabrisean, Ikatzetea-ra baino lehen lokartuko zelako marka—. Badakin «basko» horiek nolakoak asmatzen dituzten...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.